Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Uste zabala da dantzaren arteak dibagazio estetiko hutsetan jarduten duela beti, baina batzuetan kontu politiko eta sozial gogorretan sartzen da, eta horrekin batera, haiek jende arruntarengan sortzen dituzten sufrimenduetan. Horrelako kasuetan ondo iltzatuta geratzen da gure baitan, eta emanaldi hartan, gainera, bazirudien Miarritzeko kaleetan jotzen zuen enbatak bat egiten zuela taula gainean gertatzen ari zenarekin.
Tiro hotsak Kolonbian
2006ko irailaren 17a
—DANTZA—
LA MIRADA DEL AVESTRUZ
Konpainia: L’Explose. Koreografia eta zuzendaritza: Tino Fernandez. Dramaturgia: Juiana Reyes. Eszenografia: Victor Sanchez. Argiak: Humberto Hernandez. Jantziak: Eunice Garcia. Lekua: Miarritzeko Kasinoa. Data: Irailak 15.
Agertokiko barrualdetik gugana datorren emakumeak tiro egiten du eskuan daraman pistolarekin. Eta tiroarekin batera, iluna dator. Argia itzultzean hamar aulki ikusten ditugu eszenako atzealdean lerrokatuta, eta aulkietatik bost emakume eta bost gizon hurbiltzen dira gugana, pausatuki, bakoitzak lehen lerroan bere zapatak utzi arte. Lur geruza lodi batek estaltzen du behegaina eta kanpotik jotzen duen enbataren haize bortitza osagarri perfektua da aretoan nagusi den isiltasunerako.
Tino Fernandez asturiar-frantziar koreografoa errotuta dago Kolonbian eta La mirada del avestruz honekin herri hartan bizi den biolentzia egoera aurkeztu digu, jendearen ahots isilaraziak erakutsiz, gizonen jarrera bortitzak eta emakumeen min isila aztertuz, jendearen une gozoek zein gutxi irauten duten irudikatuz. Nik esango nuke Tinoren gogoeta honekin oso argi geratzen zaigula biolentziaren nagusitasunak lagun bakoitzaren alderik sakonenak ere hunkitzen dituela eta haren eraginetik ihes egiteko saio orok porrot egiten duela ezinbestean, horrek dakarren sufrimendu izugarriarekin.
Esandako xedea lortze aldera, lurrarekin eta jende apalarekin lotutako elementu xume-xumeak baliatu ditu koreografoak: behegaineko lur geruza, nekazari giroko janzkera eta aulkiak, dantzariak oinutsik joatea… Soinu-bandak, bestetik, ahalmen handiko pasarte bizkorrak, afrikar kulturako oihartzunak eta kanta ederren bat hartzen ditu bere baitan, baina zirrara gehien sortzen duena emakume baten negar-zotinak eta intziriak batzen dituena da.
Mugimenduaren diseinuak pertsonen bizipen gogorrak eta gizabanakoen baitako suntsipena irudikatzen ditu, bizirik irauteko gogoa eta bizitzaren aldeko borroka ahantzi gabe hala ere. Horrela izanik, ugariak dira koreografian zehar aulkietan eta nork bere sabelean emandako kolpe erritmikoak, eta behin eta berriro ikusten dugu nola dantzari batzuek besteen gorputzak astintzen dituzten, nola lurrera botatzen dituzten, nola batzuk besteengandik ihes egiten saiatu eta berriz ere harrapatuak izaten diren.
Eta koreografiaren jite dramatikoarekin batera konpainia osoak oparitzen digun energia erakustaldi itzela jasotzen dugu, bete-betean jaso ere, dantzari guztien erabateko inplikazioak gaiaren engaiamenduak bezainbesteko zirrara sortzen digulako. Zenbat gauza dute mundu honetako hegoaldekoek esateko eta zein gauza azalekoak esan ohi ditugu Lehen Mundukook!