Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

KRITIKARI HASI NINTZENEAN

 

      Kritikari hasi nintzenean uste nuen pagotxa bat izango zela: antzerki-emanaldietara gonbidatuta joango nintzen eta hurbiletik ezagutuko nuen hainbeste liluratzen ninduen arte eszenikoen mundua. Egia borobilak biak ala biak.

      Hala ere, hasieratik bertatik izan nuen oso argi nire testuak, nire estiloa, oso urrun ibiliko zirela ordura arte gaztelaniaz irakurriak nituen antigoaleko kritika zaharmindu haietatik. Esatera nindoan “garai haietan argitaratzen ziren” kritika haietatik, baina zoritxarrez badakit gaur egun ere publikatzen direla horrelako testu arranditsuak gaztelaniazko hedabideetan, bai antzerkian bai dantzaren arloan. Eredu horren arabera, kritikariak bere gabeziak estaltzen ditu hitz potolo ugarirekin; gustuko izaten ditu muntaia guztiz konbentzionalak eta atzerakoiak, eta hitzik gabe edo desorientazio handiz tratatzen ditu benetako lan aurrerakoiak. Aurrerakoiak alde estetikoetan eta aurrerakoiak gizakien arima eta gatazkak koherentziaz eta sakontasunez aztertzeagatik. Aurrerakoiak, azkenik, alde formalak eta sakoneko ideia era esanguratsuan txirikordatuta plazaratzeagatik.

      Gazte izateak ematen dizun atrebentzia horretaz armatuta ekin nion, beraz, nire testutxoak idazteari. Dena zen posible Euskaldunon Egunkariaren hasierako garai haietan, hain zen apala arte eszenikoen kritikaren maila non ni bezalako don inorrez bat ere onartu zuten zeregin horretarako. Oso eskertuta nagokie oraindik ere, haiei eta nire izena proposatu zien Mikel Martinezi.

      Euskaraz aritzea, gainera, bat zetorren nire buruari markatutako diseinuarekin, soiltasuna eta artifiziorik eza bilatzen zituena, arreta gauza funtsezkoetan zentratzeko eta sitsek jandako gaztelaniazko ereduaren kontra borrokatzeko. Tira!, azken finean ez da nire estiloa ezeren kontra aurrez aurre borrokatzea, seguruenik koldarkeria ere badelako nire izaeraren parte. Nahiago izan dut betidanik eredu berriak sortu eta eraiki, poliki-poliki baina determinazio osoz, eredu zaharkituak berez eroriko direlako esperantzan. Bizitzak esan dit, ordea, ez Aste Santuko terrore-prozesioak ez krudelkeriaren paradigma diren zezenketak ez direla berez desagertuko, patetiko geratu arte ahitu bai, baina zeharo desagertu ez: azken bultzadatxo bat behar dute historiaren zabortegira joateko, eta hori berori beharko lukete xix. mendeko ereduari oraindik jarraitzen dioten testuek.

      Zoritxarrez, euskaraz ere existitzen dira horrelako produktuak baina ahalegin bat eginez gero, ez zara ia konturatu ere egiten haien existentziaz. Hala ere, gai toxikoek hor jarraitzen dute, nahiz eta zuk —guk— produktu guztiz biologiko, solidario eta antimatxistak etengabe sortu eta haietaz elikatu.

      Gogoz baztertzen dudan eredu zaharkitu horren bidetik, kritikariak zutabe joniko baten gainean kokatzen du bere burua, ikusleengandik oso urrun, altuera nahikoan haien eta errealitate sozialen eraginetatik salbu egoteko. Hain zuzen ere, eredu horren kontra jardun ahal izatea izan zen nire motibaziorik handiena kritikari hasteko. Izan ere, nik uste dut muturreko posizioak beharrezkoak direla, baina utopia moduan, haietarantz etengabe hurbiltzeko. Latinoamerikako kanta batean —Eduardo Galeanoren hitzak— entzuten zen bezala: “Zertarako balio du utopiak? Horretarako balio du, ibiltzen jarraitzeko”.

      Hala ere, kritikaria ezin da itsasargi iritsi ezinarenaren rolean gotortu, horrela segurua baita galdu egingo duela ikusleekin behar duen harremana. Hor tentsio etengabea egon behar da —tentsio osasungarriaz ari naiz—, bai kritikaria bai irakurlea beren konfort eremutik zertxobait aterako dituena, baina betiere ikusle-irakurleekin etengabeko kontaktua mantenduz, hau da, haiengandik urrunegi ez joanez ustezko jakinduriaren edo loria merkearen izenean.

      Horiexek izan dira nire jarduna gidatu duten printzipioak. Ez dakit noraino lortu dudan haiek betetzea, noraino izan naizen argigarri publiko zabalerako eta noraino gogaikarri benetako adituentzat.