Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

SUPERFLUOA OMEN DEN HORI

 

      Martxoaren 13a zen, nik uste; 2020koa, hori seguru. Orain denok dakigu zergatik gogoratzen garen urte zehatzaz. “Emaiozue gizon bati bizirauteko doi-doi behar duena, eta munduko izakirik miserableena bihurtuko duzue”, mintzo zen Lear erregea, eta esaldia iltzatuta geratu zitzaidan haren esangura sakonagatik. Beste bertsio batean honela nuen irakurria pasarte hori, baina funtsean biek diote gauza bera: “[Gizakiaren] naturari behar duena baino ez badiozue ematen, haren bizitzak abere batenak baino gutxiago balioko du”.

      Rey Lear ikusten geunden Eibarko Coliseo antzokian, eta konpainia Atalaya zen. Ricardo Iniestak Sevillatik zuzentzen duen talde ezkertiar militanteak —eta Euskal Herriaren lagun irmoa, bide batez esanda— aurreko urteko dFerian aurkeztu zuen gurean bere enegarren lana, urte luzez gure eszenatokietatik erabat baztertuta egon ostean, batek daki zergatik. Kalitate faltagatik ez, seguru, haien nazioarteko sari zerrenda amaigabea ikusi ostean.

      Izan ere, urte hartako dFerian geundela erabaki genuen Rey Lear berriro ikustea merezi zuela, eta Donostiako azken emanaldi gatzgabeari iskin eginez, autoa hartu eta Eibarrerako joan-etorriko bidaia egin genuen. Bueltako bidaian zer edo zer arraroa susmatzen zen giroan, oso zirkulazio urria agian errepidean, edo bai Donostian bai Eibarren gero eta hedatuagoak ziren konfinamendu aurreko zurrumurruak.

      Asteburu hartan bertan ezarri zen Espainian eta Hegoaldean etxealdi/itxialdia, hasiera batean hamabost egunetarako baino ez zena. Baionako antzokian oraindik izan zen posible asteburuan antzezlan bat ikustea —Andando. Lorca, 1936 izan zen, La Compagnie des Petits Champs-ek emana—, emanaldiari izaera pribatua emanda, eta harrezkeroztik hasi ginen bizitzen George Orwellen 1984 eleberriko distopia beltzean, non bakarrik zen posible lanera joan eta erosketak egitea, denok beldurrez, denok shock egoeran, elkarren zelatari, polizia ororen zaintzapean, edozein botere autoritariok ametsik likitsenetan desiratuko lukeen bezala.

      “Eskalerik pobreenak ere dauka soberako zerbait”, zioen Lear errege erbesteratuak beste une batean. Eta egun hits haietan, behin eta berriro zetorkidan burura Voltairek bere ironia paregabearekin sortutako epigrama, hilabete batzuk aurrerago ausaz trukatzeko gune bateko liburu baten aurkezpen orrian aurkitu nuena. Honela zioen: “Superfluoa, hain ezinbestekoa den hori”. Ezin hobea iruditu zitzaidan orduan irakurritakoa kulturarik gabeko, hau da, bizirauteko doi-doi behar genuenarekin kondenatuta egon ginen hilabeteetako egoera deskribatzeko.

      Kasualitatez —edo profetikoki, batek daki —aurreko hilabete edo asteetan ere berrirakurri nuen Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean eleberri gaindiezina, eta konfinamenduaren aroan bere esangura betea hartzen joan zen Danuta itzultzaile poloniarrak arrakada soil batzuei emandako garrantzia, geroan erabakigarria izango zena istorioaren garapenean eta protagonistaren korapiloaren azken deslotzean.

      Esandako kontuarekin lotuta, egileak ere behin baino gehiagotan hausnartzen du Neolito aroko gizakiek edertasun soila eskuratzeagatik izandako nekeez eta gorputza edertzeko hartutako beharrez. Eta hausnarketa horiek guztiek kontu berberera eramaten ninduten behin eta berriro. Nola espero dugu doi-doi bizirauteko behar denarekin bizirik irautea? Zer izango da gutaz? Kultura da gizatiar, hau da, animalia soilak baino gehiago egiten gaituena. Nola biziko gara hura gabe?

      Antzerkia, dantza, performanceak, zirkua —arte eszenikoak— gogoan.