Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
MALETAK, EURITAKOAK, BIZIKLETAK
Banoa emanaldi batera, eta maletak dira nagusi. Taula gaineko jendea leku batetik bestera doa maletak gora eta maletak behera. Behegainean uzten ditu noizean behin. Beste batzuetan, eskuan hartu eta segi aurrera.
Banoa beste batera, eta euritakoak dira nagusi. Itxita daude batzuetan, baina noizean behin, inolako justifikazio logikorik gabe, antzezleek zabaldu eta ikusleei begira jartzen dituzte biraka, jolas ustez estetikoak, ustez politak eginez.
Banoa hirugarren emanaldi batera eta bizikletak dira nagusi. Aktoreren batek —neska ahal delarik— txirrindula gainean jarri eta buelta batzuk ematen ditu agertokiaren eremutik, eta ni urduri jartzen naiz ea neska eta bizikleta aho eszenikotik behera jausiko ote diren. Eskerrak hamargarren lerroan nagoela oraingo honetan. Eskerrak lehen lerroan esertzeko dudan mania hori behingoagatik alboratu dudan. Gainontzeko antzezleek, bitartean, oinez eta heldulekutik daramatzate beren bizikletak, paseo atseginean ibiliko balira bezala, eta beste batzuetan estatiko bihurtu dira berez ibiltzekoak diren gailuak, eta astun bihurtu berez arintasunaren ikur behar zirenak, libertatearen esentzia paregabea sinbolizatzen zutenak, mundu honetan ia musu-truk lor daitekeen askatasunik onenaren ikur zirenak. Lurrera lotuta egotera kondenatuta baleude bezala.
Maletak, euritakoak, bizikletak… Objektu metaforikoak beste ororen gainetik. Zein emankorrak izan daitezke neurrian baliatuta eta zein lurtar geratzen dira dramaturgo batzuen esku traketsen eskuetan!