Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

ARGIAK ETA MUSIKA

 

      Argiak eta musika dira emanaldi bat portu onera eramateko funtsezko osagaiak. Askotan ez diegu behar den besteko garrantzirik ematen, zuzendari batzuek ere ez, baina ezinbestekoak dira egoerak sortzeko eta emozioak bideratzeko.

      Esan berri dudana bereziki garrantzitsua da dantza eta zirku ikuskizunetan, batez ere musikaren arloan. Begira diezaiegun, bestela, Cirque du Soleilek urraturiko bidetik dabiltzan zirku-konpainia handien espektakuluei. Haietariko bakoitzean soinu-banda oso bat sortzen da, eta, ahal dela, zuzenean jotzen dute pistaren alboko musikariek eta abeslari solistek. Hain izaten dira landuak soinu-banda horiek non irteeran cda eta guzti eros dezakegun, etxean gutxienez musika hartaz noizean behin gozatu ahal izateko.

      Dantza emanaldietan ere oso rol intentsua jokatzen du musikak, eta niretzat misterio handia da zenbat ordu ematen duten koreografoek beren piezetarako musika-zatiak aukeratzen. Eta ez bakarrik zenbat ordu, baizik eta zenbat artxibo dituzten beren buruan gordeta, sortze prozesuko une batean edo bestean “hauxe nahi dut” edo “beste hura bahi dut” esan ahal izateko. Gurean, argi daukat Igor Calonge dela musika-hautaketa zorrotzena eta esanguratsuena egiten duena.

      Askotan musika-apailatzailea daukate alboan, eta hura arduratzen da lan horretaz, baina aldi berean, horrek koordinazio handia eskatzen du bi sortzaileen artean. Beste askotan beren-beregi konposatzen da soinu-banda dantza-sorkuntzarako, eta arlo horretan Arvo Pärt eta Henryk Gorecki dira nire konpositorerik kuttunenak, eta arlo sinfoniko formaletik kanpo, Portishead, Radiohead eta Jonsi/Sigur Ros. Horiek dira dantza sakoneko musika hobekien egiten dutenak, eta koreografoak beren musikak ondo erabiltzen baditu, segurua da emanaldiak aztarna sakona utziko duela ikusleengan.

      Antzerkian eta performanceetan ez da hain erraza musika-zatiak txertatzea. Badirudi ekintza eszenikoa eteten dutela, eta, solasaldiekin batera agertuz gero, antzezleen deklamazioa oztopatuko lukete. Ordea, sortzaile onek badakite musika era egokian erabiltzen, dela greziar erako korua abesten jartzeko dela pasarte dantzatu laburrak tartekatzeko, baina ohikoena da musika-zatiak eszenen arteko trantsizioetarako baliatzea. Haiekin lor daiteke emozioak bideratzea, baina askotan betegarri hutsak dira, besterik gabe. Performanceetan, ordea, askoz rol esanguratsuagoa jokatzen du musikaren erabilerak, askotan kaos itxura duten ekintza eszenikoekin batera. Izan ere, performanceetan ez dago argumentu linealik, interpreteak edo interpreteek beren barne-egiatik edo egietatik jarduten dute, eta musika izaten da egiazkotasun horren errotiko elementu bazterrezina.

      Argien diseinuak are misterio handiagoa dakar berarekin, eta orain arte esandako lau arlo eszenikoetan —antzerkia, dantza, zirkua, performancea— jokatzen du rol erabakigarria. Zaila da argiekin neurriz jokatzea, hain da subliminala eta emozionala haien eragina. Nire kasuan, behintzat, garbi daukat emanaldi bat zenbat eta aspergarriagoa izan, orduan eta foku gehiago erabiliko direla. Eskarmentuz diot, zeren eta horrelako emanaldi lo-eragileetan nire denbora-pasa faboritoa da fokuak zenbatzea. Batzuetan berrehunetik gora ere zenbatu ditut!