Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

KRITIKA ON BAT IDAZTEKO

 

      Kritika on bat idazteko zer behar ote dugu? Galdera zaila, zinez, are gehiago ni bezalako autodidakta batentzat. Baina nik esango nuke kritika on batek osagai asko behar dituela.

      Printzipioz, kritikariak emanaldian ikusitakoa jaso eta irakurleei eman behar die, bere iritzi pertsonalarekin batera. Hots, ez du balio ikusitakoaren kronika hutsa egiteak, nahiz eta hori ere nahiko baliagarria izan daitekeen irakurleentzat, horrela aurretiaz jakingo luketelako emanaldi horretan gutxi gorabehera zer gertatuko den eta beren interesekoa ote den antzokirainoko bidaia egitea —bai, ikusle batzuek kilometroak egiten dituzte beren dantza edo antzezlan kuttuna ikusteko— eta sarrerak ordaintzea. Ulertu behar dugu jendeak ahalegin ekonomiko eta pertsonala egiten duela arte eszenikoak ikusteko, are gehiago umeak edo jende nagusia beren zaintzapean baldin badituzte, eta horrelako kasuetan kritika fidagarri bat garaiz irakurri izana lagungarria izan dakieke.

      Desengaina gaitezen, ordea. Hori izango litzateke egoerarik desiragarriena, baina gure herri malapartatu honetan antzezlanak edo dantza lanak egun bakarrerako programatzen dira leku gehienetan, telebistako aktoreak kartelean agertu ezean. Orduan bai, orduan egunetan eta asteetan egon daitezke programatuta, beren taula gainerako prestakuntza askotan ez bikaina lau haizeetara oihartzundua.

      Baina buelta gaitezen hasierako kontura. Nik aspaldi atera nuen konklusioa da kritikariak taula gainean ikusitakoa bere buruan gorde —buruan eta erraietan baldin bada, hobeto—, informazio intelektual eta sentsorial hori guztia deskodetu, desegin, aletu, bere buruan dauzkan datu, prestakuntza eta bizipenekin erkatu eta berriz ere eratu, berreraiki, testu bihurtu irakurlearengana helarazteko xedez.

      Kritika bat idazten dudan bakoitzean nire ezkutuko asmoa da —ezkutua, neure buruari ere ez diodalako aitortzen— irakurleak proposamen eszenikoaren muina eta izpiritua jaso ditzala, eta idazten amaitutakoan, nahi gabe izanik ere, neure buruari galdetzen diot ea produktu biak —emaitza eszenikoa eta kritikaren testua— konparagarriak ote diren. Hobeto esanda, ea maila berean ote dauden, ea jaso ote ditudan lanaren ezaugarri fisikoak eta haien atzean dena lotzen zegoen inpultsua, izpiritua, nahia, proiektua, élan delakoa frantsesez. Ea, azkenik, irakurleak testua irakurtzean emanaldia ikustean jaso zuen sentsazio konparagarri bat sentituko ote duen nire testua leitzean. Auzi hori funtsezkoa iruditzen zait kritika on baterako. Kontu horiek guztiak bereziki gertatzen zaizkit dantzaren alorrean.

      Eta gero, jakina, bi irakurle mota daude, gutxienez: emanaldian egon direnak eta hura inoiz ikusiko ez dutenak. Ikusi dutenei, nik uste dut kritika irakurtzeak kontraste moduko bat eman diezaiekeela: agian nirekin ados daude eta agian ez, agian kontu batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Horrek kontraste dialektiko osasungarria sortzen du, antzokitik irtendakoan eta lagunartean egin ohi ditugun forum horien antzekoa.

      Kritikak, gainera, beste osagarri bat eman behar dio irakurleari, plus bat (edo batzuk): normalean haren esku ez dagoen informazio osagarria eskaintzea, eta hor sartzen da kritikariaren beraren bagaje kulturala eta balizko barne-dentsitatea, dosifikatuta eman behar dena, jasotzailea ito nahi ez badugu behintzat. Onena da kritikariaren barnetik ateratzea bizipenei eta datu kulturalei lotutako informazio osagarri hori, baina askotan kritikaria ez da hain orojakilea —eskerrak!— eta konpainiek bidalitako txostenetan, haien web-orrietan, Wikipedian eta paperezko entziklopedia eta liburuetan bilatu ahal du. Gezurra badirudi ere, nik oraindik kontsultatzen dut paperezko entziklopedia on bat noizean behin, Wikipediako informazioa apur bat susmagarria (ideologikoki oso lerratua) edo oso unean unekoa iruditzen zaidanean. Baten batek pentsa lezake ez duela meritu handirik informazioa bide horietatik ateratzea, eta nik arrapostu emango nioke informazioa denon eskura dagoela, baina kontua dela erabiltzen jakitea eta era pertinentean txertatzea kritikaren testua osatu eta aberasteko.

      Kritika on baten ostean irakurleak sentitu behar du orain sistema baten barruan kokatu ahal dituela bere burutazioak eta sentipenak, edo behintzat baten batek sistema bat eskaini diola, gero berari komeni ez zaion arren. Hobeto horrela, egia esan. Eraiki dezala berak bere sistema, edo kontura dadila bere sistemak orain ez duela erabat funtzionatzen, gauza batzuk, elementu batzuk ezin dituela orain arteko tiraderetan sartu. Horrek esango luke proposamen eszenikoak zerbait irauli diola barrenean, eta kritikariaren lanak beste paradigma bat aurkitzen lagundu diola.