Aurkibidea
1913
1914
1915
1916
1922
1923
Honetaz
...ri zuzenduriko eskaera mesedez, alkimista tobaritxa, bete ezazu zeuk!
1925
1926
Poesiari buruzko solasa zerga-inspektorearekin
1929
Bertso berriak igarobide sobietikoari
1930
Ahotsa betean
Bigarren sarrera (lirikoa) - Amaitugabeko zatiak (1928 - 1930)
Aurkibidea
1913
1914
1915
1916
1922
1923
Honetaz
...ri zuzenduriko eskaera mesedez, alkimista tobaritxa, bete ezazu zeuk!
1925
1926
Poesiari buruzko solasa zerga-inspektorearekin
1929
Bertso berriak igarobide sobietikoari
1930
Ahotsa betean
Bigarren sarrera (lirikoa) - Amaitugabeko zatiak (1928 - 1930)
LEHEN SARRERA
Etorkizuneko
tobaritx maiteok!
Egungo
k... mokortuan
miatzen duzuenean
gaurko egunotako ilunpeak aztertzeko,
menturaz
zuek ere galdetuko duzue
nor nintzen ni.
Eta menturaz zuen jakintsuek
esanen dizuete,
galdeen erlabioa
erudizioz estaliz
bizi zela orduan
ur irakinaren mezakantari bat
ur gordinaren etsai amorratua.
Irakasle,
ken itzazu zeure bizikleta-betaurrekoak!
Ni neu mintzatuko naiz
garaiaz
eta nitaz.
Ni, komun garbitzaile
eta urketaria,
iraultzak mobilizatua eta deitua,
frontera joana naiz
poesiaren,
emazteki kapritxoso horren
lilitegi nobleak utzita
«Lorategi poliño bat daukat
alabatxoa, etxetxoa,
neuk landatu ditudanak
neuk ditut errekaituko»
Batzuek errekailutik
ihintzatzen dituzte bertsoak
bestek lokaztatu egiten dute
ahoa betean
Mitreikis jostalaria
Kondrekis jauzikaria.
Arraioak ez badu!
Deabruak bereiziko ahal ditu!
Ez dago hori gelditzeko modurik,
zoko guztietarik arrabitatzen dute
«Tara tina, ta ta ta
ta...»
Lehertuko ote naiz bada ohorez
halako arrosen artean
nire estatuak altxako balira
tisikoak tu egiten duen
p...k, makroak eta sifiliak
zabu egiten duten
bulebarretan.
Ni ere
kokoteraino nago agitpropaz.
Nik ere
erruten ahal nizkizuen
zortzikoak
hobeki ordaindua dago
eta xarmagarriagoa da.
Baina nik
dut neure burua ito
zangoa
neure kantuaren
eztarriaren gainean emanik.
Entzun ezazue,
etorkizuneko tobaritxok,
ajitatzaile horrek,
aitzindari solas poetikoen itotzaile
deadarkari horrek.
Pauso batean pasako ditut
libreto lirikoak
poesia erauntsitan ahozenki
bizien bizi
mintzatzeko.
Zuengana helduko naiz
urruntasun komunistan
baina ez
koblakari Eseninzale jauregitar bat bezala.
Nire bertsoa helduko zaizue
mendeen gailurren gainetik
poeten eta gobernuen
buruen gainetik
Nire bertsoa helduko zaizue
baina ez
gezi bat bezala
amodioek lira eskuan ehizean dabiltzanean eroria
ez sos erabilia
numismatikoarengana heldu den bezala,
ez izar hilen argia bezala.
Nire bertsoak
bortxaz
urteen meta zulatuko du
eta gizendu eginen da
bere zamaz,
bere formaz,
gure egunotaraino heldu den bezala
Erromako katibuek
eginiko
akueduktoa.
Bertsoak ehortzen diren
liburuen hilobietan
ustekabean aurkituko duzue nire lerroon txatarra
eta begirunez
haztatuko dituzue
antzinako bai
baina ikaragarrizko
armak bezala.
Nire hitzek
ez dute
belarria laztantzeko ohiturarik
ez dute ezer lizunetik
kirruen artean hunkituriko
neskatilen belarriak
gorritzeko.
Zabaltzen ditut agerraldi batean
nire orrien armadak
eta errebista damaiet
bertsoen lerroei.
Han daude zutik,
berunezkoak bailiran astun
hiltzeko bezala prest
loria eternalerako.
Poemak geldirik daude
kapitulu sakabanatuen
kanoi noratuak
bata bestearen kontra estutuz.
Nire arma
hautuena
jolas basatien zalduneria
bere lekuan dago ezarria
irrintzika
jauzi egiteko prest
puntuaren muturrak zorroztuak
eta noratuak.
Eta
hortzetaraino armaturiko tropa guztiok
hogei urtez
garaile borrokatuak,
baita azken orritxoa ere,
zuri ematen dizkizut opari,
planetako proletaria.
Langilegoaren
etsaia
nire etsaia dut
deklaratua, betidanikoa.
Lan urteek
eta gose egunek
eraman gintuzten
bandera gorriaren kerizpera.
Zabaltzen genuen
Marxen liburu bakoitza
norberaren etxean
leihoak
zabaltzen diren antzera,
baina irakurri gabe ere
bagenekien ongi
zeren alde jo
noren alde borrokatu.
Ez dugu ikasi
dialektika
Hegel baitan.
Borroken arrabotsaz
sartu zen gure bertsoetan
balen pean
burgesek
ihes egiten zutenean gure aurrean
guk
lehendik
haien aurrean ihes eginak ginen bezala.
Uztazue
loria,
alarguntsa kontsolaezin hori,
doala jenioen atzetik
bere hileta martxak
herrestan daramatzala.
Hil hadi, bertso neurea,
hil hadi tropako bat bezala
anonimoki
gureak hiltzen ziren bezala jazarretan!
Futitzen naiz
brontzezko tona guztiez
futitzen naiz
marmore xuringaz
konponduko ditugu kontuak loriarekin
ezagunak gara.
Gure monumentu amankomuna
izan dadila
borroketan eginiko
sozialismoa.
Etorkizuneko jendea,
berifika ezazue hiztegien zipotza:
Leteo-tik
sortuko dira
berbakondoak nola
«prostituzioa»
«tuberkulosia»
«blokus».
Zuentzat,
gorputz sendo eta zauliak
izanen dituzuenontzat
poetak
milikatu zituen
tu tisikoak
afitxaren mihin latzarekin.
Nire urteen buztanak
zopernaurreko
narraztien
antzeko egiten nau.
Bizitza tobaritxa,
goazen,
ekin dezagun arinago
eman deizaiogun kinkenioari
gure egunen hondarra.
Nire bertsoei
ez diet nik
errublo bat zor
zurginak
ez du altzaririk ekarri nirera.
Eta apain garbituriko atorra bat
izan ezik,
benetan,
ez dut ezeren beharrik.
Etorkizuneko
urte argitsuen
Batzorde Zentralaren aurrean
poesiaren harraparien
eta amarrutien
samaldaren gainetik
jasoko ditut
alderdiaren karneta bezala
nire ehundaka liburu boltxebikeak.