Poema antologia
Poema antologia
Vladimir Maiakovski
itzulpena: Koldo Izagirre
1993, poesia
282 orrialde
84-86766-51-6
Vladimir Maiakovski
1893-1930
 
 

Entzun!

Izarrek argi ematen badute

inork behar dituelako da?

Inork hala nahi duela esan nahi du?

Inork tustatu dituela perla horiek?

Inork eguneroko hauts hodeietan barrena

bide egiten du ahaleginean

lasterka doa Jainkoagana

berandu beldurrez

eta negar egiten du

muin dagio esku hezurtsuan

otoi

-izar bat behar du!-

zin

egiten du ezin duela laztura hau eraman

izarrik gabe.

Gero

urduri dator

lasai plantan.

Inori:

«Orain hobeki?

Beldurrik ez?

Esan».

Entzun!

Izarrek argi ematen badute

inork behar dituelako da?

Inork behar duelako

gauero

teilatu gainetan

izar batek bederenik argi eman dezan?