Aurkibidea
1913
1914
1915
1916
1922
1923
Honetaz
...ri zuzenduriko eskaera mesedez, alkimista tobaritxa, bete ezazu zeuk!
1925
1926
Poesiari buruzko solasa zerga-inspektorearekin
1929
Bertso berriak igarobide sobietikoari
1930
Ahotsa betean
Bigarren sarrera (lirikoa) - Amaitugabeko zatiak (1928 - 1930)
Aurkibidea
1913
1914
1915
1916
1922
1923
Honetaz
...ri zuzenduriko eskaera mesedez, alkimista tobaritxa, bete ezazu zeuk!
1925
1926
Poesiari buruzko solasa zerga-inspektorearekin
1929
Bertso berriak igarobide sobietikoari
1930
Ahotsa betean
Bigarren sarrera (lirikoa) - Amaitugabeko zatiak (1928 - 1930)
HALA IZAN OHI DA
Jaioari zor zaio maitasuna-
baina laneko arazoek
diruak
eta gainerakoek
egunez egun,
laztu egiten dute bihotzaren zola.
Bihotzaren gainean gorputza jazten da
gorputzaren gainean atorra.
Eta ergelen batek
berriz
eskumutur ordekoak erantsi
eta bularraldea almidoitu.
Damutuko zaie zahartutakoan.
Emakumezkoak apaindu egiten dira
Muller metodoaren errota-ariketak
egiten dituzte gizonezkoek.
Baina beranduegi da.
Larruazala tolesduratan zimurtzen da.
Maitasuna sortu
ozta lilitu
eta hona berriz ihartua.
MUTIKO
Dohatsua nintzen amodioan.
Baina umetarik
jendea
aberetu egiten du lanak.
Artean ni
Rioniren bazterretara ihes
eta
harat hunat egiten nuen
kolperik jo gabe.
Ama haserretu egiten zen:
«Zikin alaena!»
Aitak gerrikoaz egiten zidan mehatxu.
Baina ni
gezurrezko hiru errubloren jabe
«hiru papertxoetara» aritzen nintzen
soldaduekin hesiostean.
Atorraz arindua
oinetakoez arindua
eguzkiari ematen nion aldiz lepoa
aldiz sabela
itotzeraino.
Eguzkia harritu egiten zen:
«Lurrean ageri ez eta
badik bere bihotz puxka!
Eta baliatu egin nahi dik bere hartaz!
Nola
sartuko ote gaituk
metro baten kuadroan
ni
ibaia
eta ehun verstako arkaitzak?»
GAZTETXO
Gaztediak badauka nahikoa zeregin.
Gramatika irakasten zaie
ni bezalako neska-mutil ergelei.
Ni
bosgarrenetik bota ninduten
eta Moskuko presondegietan barrena igorri.
Zuen
oilolur
mundutxoan
sortzen ohi dira logeletarako liriko kirruak.
Ni
Butirkin
ikasia naiz
maitatzen.
Asko ajola niri Boulogne basoaren urrunmina
eta itsasoaren aitzineko hasperenak!
Ni
hiletagintzako bulego batez
zoratu nintzen
103. ziegako mirilatik.
Eguzkia egunero ikustez
ergeldu egin liteke.
«Zenbat balio dute izpi horiek?»
Nik, orduan,
mundu osoa emanen nukeen
eguzki printza hori batengatik paretan.
NIRE UNIBERTSITATEAK
Badakizu frantsesa.
Badakizu zatitzen.
Biderkatzen.
Zoragarri deklinatzen.
Tira, deklina ezazu!
Baina esaidazu,
badakizu kantatzen
etxe batekin adosean?
Tranbien hizkuntza, ulertzen duzu?
Giza txitoa,
arraultzatik irten orduko,
liburutan murgiltzen da
ehundaka kuadernotan.
Nik borrokako txarteletan ikasi dut alfabeta
burdinazko orrialdeak ikuskatuz.
Hartzen dute lurra,
zuritzen dute
soiltzen dute
aztertzeko,
eta puxika ñimiño bat gelditzen zaie.
Ni ordea
saihetsok irakatsia naiz geografia,
lurrean
lokatz artean
lo eginez.
Arazo latzak aztertzen ditu Klovaiskik:
«Gorria ote zen Bizargorriren bizarra?»
Utikan!
Nik ez dut miatzen zozokeria lizunduetan
baina Moskuko gertakaririk xumeena ezagutzen dut.
Har ezazue Dobroliubov (gaizkia gorrotatzeko),
oinordekotzan duen izen horrek alderantzizkoa dio.
Barre dagio bere genealogiak.
Nik
txipitarik daukat
gizenak gorrotatzeko ohitura,
otordu truke
saldu ohi naizen honek.
Ongi ikasitakoan,
jezarri egiten da bat,
damaren bati atsegin ematearren
soinu eragiten zaie
zenbait ideiaren txakurtxikiei kopetaren kontra.
Nik ordea
etxeei besterik
ez diet hitz egin.
Ur ponpak nituen solaskide bakarrak.
Beren argi-leihoetan erne,
teilatuek barrendatu egiten zuten
belarrira bota behar niena.
Eta ondoren,
gauaz
honetaz, hartaz
maxiaketan aritzen ziren
denak
beren haize-oilar mihina dantzatuz.
ADINEKO
Adinekoek lanak dauzkate.
Eta errubloak sakeletan.
Maitatu?
Nola ez
hona hemen ehun errublo ziztrinengatik.
Nik ordea
txokorik gabe
esku erraldoi hauek
sakel zulatuetan
zorrotuak
harat hunat egiten nuen oro begi.
Gaua da.
Jantzirik ederrena jantziko duzu.
Arima lasaituko duzu emaztetan eta alargunetan.
Ni
ito egin behar ninduten Moskuren besarkadek
bere bulebar mugagabeen eraztunetan.
Bihotzeko
erloju txipietan
maiteminduek tik-tak.
Maitasunaren ohekideak esnetan dira.
Nik hirien bihotzaren taupada basatia
entzuten nuen
Strastnaia Plaza osoan etzanda.
Paparra agerian
bihotza ia irtenda,
eguzkiari eta putzuei ematen natzaie.
Barrura, irritsok!
Goraino, maitasunok!
Jadanik ez dut bihotz honi agintzeko larderiarik.
Ezagutzen dut besteon bihotzeko etxea.
Bularrean dago, argi dago guztientzat.
Baina nirean
anatomia zoratu egin da.
Bihotza baino ez naiz osorik
nonahi taupaka.
Oh, udaberrietarik bakarrik,
zenbat ez ote dira bildu 20 urteotan
goritasun honetara!
Erre gabeko zama eraman ezina zait guztiz.
Zama eraman ezina, baina ez horrela,
bertsoaren edertzeagatik,
baizik eta hitzez hitz.
BILAKAERA
Ahal dena baino gehiago
behar dena baino gehiago,
poesiaren eldarnioak sorturiko
ametsean bezala,
bihotzaren bola izugarria bilakatu da,
maitasun meta,
gorroto meta.
Zamapean
zangook
zabu egiten dute ibilian.
Ongi dakizu
gorpuzkera gaitza dudala
eta hala ere
herrestan noa, bihotzaren luzakin,
sazhenbeteko bizkarrak eroriak.
Basitua nago nire bertsoen esneaz.
- ezin du gainez egin -
ez daki non - berriro harrotzen da.
Munduaren titiama,
Maupassanten pertsonaiaren
hiperbolea,
aspertua naukazu, lirismoa!
DEI
Jasotzeko egin naiz atleta
eramateko egin naiz akrobata.
Hautesleak mitinera deitzen diren bezala
su ezkilak
herria biltzen duen bezala
egin dut dei
«Hona hemen!
Hona!
Har ezazue!»
Baina halako piztiak hasperen egin orduko,
atzera behatu gabe,
hautsetan,
lokatzetan,
elurretan,
damariak
ihes egiten zidan
suziri bat lehertzen den bezala.
«Txipiagoko zerbait behar genuke,
tangoaren antzeko zerbait...».
Nik ezin dut zama hau jaso
eta badaramat hala ere.
Bota eginen dut
baina badakit
ez dudala eginen.
Saihets uztaiek ez dute presioa eutsiko.
Torax kutxak zapart egin du indarka.
ZU
Heldu zinen
astiro
marruaren gibelean
kankailuaren gibelean,
behako batez
atzeman duzu mutikoa.
Hartu zenuen bihotz hau
eta eraman
eta besterik gabe
jolasean erabili duzu
nekatoak baloia bezala.
Eta denak,
andere eta andereño,
mirari baten aitzinean bezala
gelditu ziren bertan iltzatuak.
«Halakorik maitatzea?
Oldartzen bazaio!
piztietxeko
hezlaria izan behar du!».
Ni bozkariotan.
Apurtua
uztarria!
Pozak zoraturik
trostan egiten nuen,
jauzi egiten nuen indioak bezala bere ezteietan,
hainbesteraino nengoen alai eta arin.
EZIN
Nik ezin dut
piano bat jaso
(are gutiago
gotor-kutxa bat).
Baina bihotza,
ez piano
ez kutxa,
nola eramanen nuke ostera?
Bankariek badakite:
«Mugagabe gara aberatsak,
sakelak aski ez direnean
kutxan sartzen dugu».
Maitasuna
ezkutatu egin dut
zurean
aberatsek burdinan bezala
eta banoa
Kresus bezain zoriontsu.
Eta menturaz
gogo handia baldin badut
irri eginen dut
irrierdi bat
gutienik,
lagunekin gaupasa eginik
xahutuko ditut
berrogeita hamarren bat errublo lirika txanponetan.
NI ERE
Untziosteak portura biltzen dira
trenak berriz geltokira jotzen du.
Eta ni bortitzago nago zuregana
- maite zaitut! -
emana eta eramana.
Puxkinen zaldun doilorra jaitsi da
bere eskilarapean uxarka egitera.
Halaxe itzultzen naiz
zuregana, maitea.
Ni baino, bihotz hau da,
hauxe dut miresten.
Pozik zaudete etxeratutakoan.
Kraka kendu, bizarra egin, txukundu.
Halaxe ni
zuregana natorrenean,
ez al da bada
neurera noala?
Lurraren umeak lurraren altzoak biltzen ditu.
Geure azken burura itzultzen gara.
Halaxe ni
zuregana
ekarria naiz ezinetsian.
Aldendu orduko
ez ikusi orduko.
ONDORIOA
Ez liskarrek
ez verstek
dute maitasuna galduko.
Ausnartua,
alderatua,
frogatua.
Neure poema
eta bere atzamar bertso guztiak ponpeziaz jasoz
zin dagit
maite dudala
aldagaitz eta leialkiro.