R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

ARRAZA ETA INPERIALISMOA:
Mr. Cecil Rhodes
[35]

 

      Uztaila erdi aurrean Cape Hirira eta gure Afrikako egunen azkenera heldu ginen. Oso pozik gainera, zeren gure Table Mountain altxatzen bait zen, oroitgarri bat ezen Hegoafrikako ezaugarri nagusi oro eta bakoitza jadanik ikusirik genuen —oro, Mr. Cecil Rhodes salbu. Oso salbuespen garrantzitsua dela konturatzen naiz. Oso ongi bait dakit Mr. Rhodes, hala jendetzak uste legez abertzale eta estatista goratsu eta ohoragarria izan, nola munduko enparauek eritzi legez berritzulitako Satan izan, dena dela oraindik bera dela Ingalaterratik kanpoko britainiar inperioko figurarik itzelezkoena. Esperantza Oneko Muturrean zutik jartzen denean haren itzala Zambesi-raino da luzatzen. Britainiar domeinuetan bera da kolono bakarra zeinaren joan-etorriez globoaren meridiano guztietan iharduten eta eztabaidatzen den, eta zeinaren diskurtsoak, osorik, lurraren azkeneteraino igortzen diren kable bidez; eta bera da erregediaz aparte Londresa iristean atentzioa dela eta eklipse batekin lehia dezakeen bakarra.

      Gizon berezia dela, eta ez zoriaren asturu, ez dute ukatuko bere Hegoafrikako etsairik minenek ere, berei aitortzen entzun diedan legez. Hegoafrikan mundu guztiak, bai lagun eta bai etsai, herio moduko ikara ziola zirudien. Ematen zuen alde batetik Jainkoaren ordezkoa zela, eta bestetik Satanen ordezkoa, jendearen jabea, arnasaz haiek goratu edo haiek azpiratzeko gauza; askok jauretsia, askok gorrotatua, baina xuhurren artean inork ez blasfematua, eta indiskretuek ere ahopeko zuzmurretan soilik.

      Zein da bere egundoko garaimenaren sekretua? Batek dio bere aberastasun miresgarria dela —zeinaren apurrez, soldata bidez eta bestela, jendalde anitz mantenduz bere morroi interesatu eta leial bihurtzen dituen; beste batek dio berezko erakargarritasuna eta bere mihi eraginkorra direla, zeinez bere eragimeneko esparruan mugitzen den oro hipnotizatu eta esklabu zoriontsu bilakatzen duen; beste batek dio bere ideia maiestatikoak direla, Ingalaterraren lurraldetasuna hedatzeko dituen neurgaitzeko egitasmoak, Afrikako lurralde paganotara koroaren babespen ongarria eta gobernu zuzena zabaltzearen eta haren izenaren loriaz Afrikako ilunpeak argitzeko duen irrika abertzale eta desinteresatua; eta beste batek dio lur osoa nahi duela berarentzat, eta lortuko duelakoan eta bere lagunak ondarretan parte hartzen utziko duelako ustea dela hainbeste begi beragana eraztearen eta guztien begi gaineko zenitean mantentzearen sekretua.

      Nork bere gustokoena hauta dezake. Balio berekoak dira denak. Gauza bat da seguru: egiten duena egiten duela ere, bere nagusitasuna eta makina jarratzaile mantentzen dituela. Fife-ko Dukea “engainatu” du —Dukearen hitzetan—, baina horrek ez du Dukearen leialtasuna deusezten. Bere erasoaldiez erreformatzaileak arazo larri baten aurrean atzipetzen ditu, baina haietariko gehienek asmo onekoa dela sinisten diote. Johannesburgoko zerga zorrotzen pairatzaileekin negar egiten du, beren lagun bilakatuz, eta aldiberean ehuneko berrogeitamarreko zerga ezartzen die bere Itunaren menpeko kolonoei, Itunaren ezeztapenaz diren zurrumurru guztien aurrean haien onespena eta etsipenez xurgatzen zaieneko fidantza irabaziz. Matabeleak eraso, lapurtu, hil eta esklabizatu egiten ditu, eta hitz xalogarriak jasotzen ditu Itun-Kristauaren aldetik. Ingalaterra atzipetu du bere Itunaren paper bustia Ingalaterrako Bankuaren biletetan eros dezan, tona tonaren truke, eta lazatuek oraindik intsentsua erretzen diote ahalezko Oparotasunaren Jainkoa bailitzan. Pentsatu ahal izan duen guztia egin du bere burua Iurrera botatzeko; hamasei gizon arrunt handi lurreratzeko behar dena baino gehiago egin du, eta hala ere hortxe dago, egundaino zutik zeruko sapaiaren azpiko bere gailur zorabiagarrian, itxurazko iraupen batean, denboraren miraria, aroaren misterioa, arkaingeru hegaduna mundu erdiarentzat eta Satan buztanduna beste erdiarentzat.

      Miresten dut, zinez aitortzen dut, eta bere ordua iritsi dakionean urka-lokarriaren zati bat erosiko dut oroitgarri.

 

 

 

35. Following the Equator.