R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

LEOPOLD ERREGEAREN BAKARRIZKETA
BELGIAR KONGOAN
[25]

 

      [Irakurtzen aritu foiletoak lurrera bota ditu. Asaldaturik patilen ile xerlo hegalaria orraztu du hatzez; mahaia ukabilez kolpatu du; hitz lohizko zartada biziak jaurtitzen ditu aldizka, bapatean burua makurtuz eta, zartaden artean, lepotik zintzilik duen Louis XI.aren gurutzea musukatuz, xuxurlaturiko estakuruez lagunduz musuak; bapatean altxatu egiten da, gorrituta eta izerditan, eta aretoan batera bestera dabil, imintzioka].

 

      ...!! ...!! Lepotik harrapa banitza!! [Urduri gurutzea musukatu, eta xuxurlatzen du]. Hogei urteotan milioika bota dut dirua bi hemisferioetako prentsa isilik mantentzearren, eta filtrazioak ematen dira oraindik. Beste milioikada gastatu dut erlijioan eta artean, eta zer lortu dut horrekin? Deus ez. Goresmenik ere ez. Emankortasun horiek nahita dituzte prentsan enoratzen. Prentsan ez dut kalumniak baino neureganatzen, kalumniak berriz, kalumniak berriro eta kalumniak kalumnien gainean! Demagun egia direla, eta zer? Ezelan ere kalumniak dira, errege baten kontra botatzen direnean.

      Fedegabeok! Dena esaten ari dira! Oh, den-dena: joan etorri negartietan potentziaz potentzia ibili nintzela, ahoa Bibliaz beterik eta larru azalari poro guztietarik urrikia zeriola, hain zabala, aberatsa eta jendetsua den Kongo Estatu Librea euren agente gisa hire eskupean jarri zezaten, esklabutza erauzteko, esklabu-ehiza geldiarazi eta hogeitamabost milioi beltz baketsu eta ezdeusok atera nitzan ilunpetik argitara, gure Salbatzaile dohatsuaren argitara, bere zorioneko Hitzari doakion argitara, gure zibilizazio prestua loriatzen duen argitara —haiek jaso nitzan, beren negar malkoak lehortu eta beren bihotz urratuak bozkarioz eta eskerronez bete; haiek jaso nitzan, eta ulertarazi ez zirela jadanik utziak ez zokoratuak izango, baizik eta gure anai osoak Kristoren baitan; Amerika eta Europako hamairu estatu handiek nitaz urrikaldurik negar egin zutela eta amore eman; haien ordezkariak Berlingo konbentzioan bildu eta Kongo Estatuaren Zaindari eta Arduradun Nagusia ni izendatu eta nire botereak eta mugak idatziz finkatu zituztela, kontu handiz natiboen ondasunak, libertateak eta pertsonak okerren eta kalteen kontra babestuz; whisky eta arma trafikoa galeraziz; justizia tribunalak sortaraziz; nazio guztietako merkatari eta tratularientzat eragozpenik gabeko merkatu librea ezarriz; eta etorri guztietako misiolari orori harrera on eta babesa emanez. Neure aparatua marraztu eta gertatu nuela esan dute, aukeratu nuela nire ofizialetako horda —nire “putaner” eta “txuloak”, denak “belgiar doilorrak”—, altxatu nuela neure bandera, Estatu Batuetako presidentea “engainatu” eta lortu nuela bandera hura onesten eta agurtzen lehena izan zedin. Oh, bai, beltz eta kalumnia nazaten gura badute; arras pozgarri zait bere burua oso bizitzat duen nazioaren ondoan biziegi suertatu nintzela oroitzea. Bai, benetan, ederra sakatu nien yankeei —jende horrek dioen legez. Bandera pirata? Dei dezaten horrela —baliteke, bestalde. Dena den, hura agurtzen lehenak beraiek izan ziren.

      Amerikar misiolari sudurluzeok! Britainiar kontsul egiatiok! Belgiar ofizial traidore berbatsuok! Loro nekagarriok beti dira berriketan, beti berriketan. Esaten dute Kongo Estatua hogei urtetan gobernatu dudala ez potentzien arduradun, agente, meneko, ordezkari gisa, baizik eta subirano —Alemaniar inperioaren lau aldiko erresuma oparo bateko subirano—, lege guztien gainetiko subirano arduragabe eta absoluto gisa; Berlinen sinaturiko Kongoko ituna zapalduz; atzerritar merkatari guztien sarrera, neurea izan ezik, galeraziz; merkatalgoa neure baitara urrituz, neure umeak eta eskukoak ditudan kontzesionarien bidez; Estatua neure jabego gisa hartu eta erabiliz, neurgaitzezko etekinak oro neure “harrapakin” pribatu gisa —neurea, neurea bakarrik—, milioietako populazioa neure jabego pribatu, neure morroi, neure esklabu gisa aldarrikatuz eta erabiliz; horien lana neurea, soldataz nahiz soldatarik gabe; biltzen dituzten jakiak beraienak ez, neronenak ditut; kautxoa, marfila eta lurraren gainontzeko ondasunak neureak ditut —neureak bakarrik—, eta gizonek, emakumeek eta haurtxoek zigorra eta bala, sua, gosea, mutilazio eta urkamendiaren eraginpean neuretzako bilduak.

      Izurriteok! Nik esan bezala da, ez dute ezer utzi! Eman egin dituzte xehetasunok eta beste horrelako batzuk, zeinak lotsak isilik gordetzea eskatzen bait zien, errege bati buruzko azalpenak ziren eta, Jainkoak berak zeregin handi honetarako berezi eta izendatua izatearen eskubideaz destainez askea eta pertsonaia sakratua bait da; erregearen eginak ezin bait daitezke blasfemiarik gabe kritika, Jainkoak hasieratik haiek begiratu eta ez bait du ez desatseginik erakutsi, ez gaitzespenik agertu, ez eragotzi, ez geldiarazi inolaz ere. Zeinu horrezaz ezagutzen dut bere onespena nire eginetan, bere onespen adeitsu eta alaiaz seguru nagoela esan dezaket.

      Sari handi, urre gorrizko sari, adieraezinezko sari preziatu horrezaz bedeinkatua, koroatua, beatifikatua, zergatik kezkatu behar gizonek nitaz egin birao eta destainengatik? [Bapateko sentimenduzko oldar batez]. Kiskal daitezela milioi bat mendetan...

 

      [Arnasa hartu eta biziro musukatu du gurutzea; atsekabeturik, “hitz jarioaren indiskrezio hauekin neure burua kondenatuko dut oraindik”, xuxurlatu du].

 

      Bai, hor barrena doaz dena kondatzen, mihi luze horiek! Natiboei sinistezinezko zerga tzarrak ezarri dizkiedala diote —lapurketa hutsak diren zergak, natiboek kautxoa geroz eta baldintza gogorragoetan batzen eta jakiak mordoska biltzen eta dohainik ematen ordaintzen dituztenak, eta guzti horren kariaz, goseaz, gaisotasunaz, etsipenaz eta etengabeko eta atsedenik gabeko lan nekagarriagatik beren zereginaren emaitza urritzen denean, eta zigorraz libratzearren etxeak utzi eta basora jotzen dutenean, nire soldadu beltzek, beste tribu etsaietarik aukeratuak, ofizial belgiarrek ziztatuak eta zuzenduak, etxeak erretzen, tiroz ehizatzen eta hiltzen dituztela —nesketariko batzuk gordeaz. Dena kondatzen dute: izaki zurtzen nazio bat ezabatzen dihardudala hilkera moeta ororen bidez, neure poltsiko pribatuaren onerako, eta biltzen dudan txelin bakoitzak, bortxaketa bat, mutilazio bat edo bizi baten ordaina duela. Baina jakin arren ez dute sekula esaten, aldiberean eta aldioro erlijioaren alde ihardun dudanik, eta misiolariak bidali dizkiedanik (“ezpal onekoak”, esaten duten bezala), euren bideen errakuntzak irakats diezaieten eta urrikal eta maitasun osoa den Harengana eraman ditzaten, zeina loak sekula hartzen ez duen jagolea eta sufritzen duen ororen laguna bait da. Nire kontrakoa soilik kondatzen dute, ez dute kondatuko nire alderakoa.

      Kondatzen dute Ingalaterrak Kongoko izugarrikerietarako Ikerpen Batzorde bat esijitu zidala, eta herri saltsari hori eta bere ‘Congo Reform Association’ zakarra, baroiez, gotzaiez, John Morleys, unibertsitateko handi uste eta beste harroputzez osaturik beraien arazoez baino besteenez interesatuagoak direla, horiek gelditzeagatik izendatu nuela batzordea. Beren ahoak geldiarazi ote zituen horrek? Ez, nire “Kongoko harakin”ez, “ikertu beharreko ekintzen egile berberez” beteriko batzorde bat zela esan zuten soilik. Artaldean eginiko hondamenak ikertzeko otso batzorde bat izendatzea bezala zela esan zuten. Deusek ezin du ingeles zital bat asetu![26].

      Eta gibel jaleok sinzeroak izan al ziren nire baitako izakeraz? Herritar xume bat, laborari bat, mekanikari bat banintz ez litezke sinzeroagoak. Munduari gogorazten diote nire etxea hastapeneko egunetatik izan zela burdel eta kapera aldiberean, industria biak goienera lan eginez; krudeltasunez ihardun nintzela ene erregina eta alabekin, eta haiei eguneroko laidoak eta umilazioak gainerazi nizkiela; erregina hilkutxaren zorioneko aterpean zetzanean, alabak bere amaren aurpegia azken aldikoz ikustea belauniko erregutu zidala eta ukatu egin niola; eta, duela hiru urte, arrotz herri oso bati ebatsiriko hondarrekin ezaseturik, neure semeari berari ondasunak ebatsi eta auzitegian prokuradoreaz aurkeztu nintzela —espektakulu bat mundu zibilizatuarentzat— egindakoa defendatu eta krimena osatzearren. Esan dudan bezala da: fedegabeak dira, injustoak; horien antzeko gauzak berpiztu eta haizatzen dituzte, edo nire kontrako bestelako edozein gauza, baina sekula ez dute nire alderako eginkizun bat ere aipatuko. Nire garaiko ezein erregek baino diru gehiago gastatu dut artearen alde, eta hori badakite. Hori aipatzen al dute? Horretaz hitzegiten al dute? Ez, noski ezetz. Gurago dute “estatistika makabroak” deritzatenak haurtzaindegiko ikas-eredu iraingarri bilakatzea, jende sentibera ikara eta nire kontra jar dadin. Komentatzen dutenez “Leopold erregeak Kongo estatuan iisuriarazitako odola galdaratan bildu eta galdaraok bata bestearen ondoan ipiniko balira, iladak 2.000 milia hartuko luke; asasinatuen eta gosez hildakoen hamar milioien hezurdurak altxa balitezke eta erronkan abiatuko balira, puntu zehatz batetik denak igarotzeko zazpi hilabete eta lau egun emango lukete; denak batera bilduko balira, St. Louis hiria, Mundu Azoka eta guzti baino eremu zabalagoa beteko lukete; beren hezur-eskuez denek batera txalo egingo balute, durrundara ikaragarria entzungo litzateke...” Alajainkoa, guzti horrek nazkatu egiten nau! Eta antzera samarreko mirariak egiten dituzte odol horretarik iragazi eta neure poltsikoan sartu dudan diruarekin. Diru meta horiek Egiptoko piramideen tamainakoak direla diote; horrezaz Sahara osoak estali ahal direla; zeruan gaindi hedatu eta bere gerizak Lurra ilunabartzen du. Eta eragin ditudan malkoak, urratu ditudan bihotzak —oh, horiek bakean utz ditzaten ezin ditu deusek konbentzitu!

      [Gogamenetako geldiunea] Bada... berdin dio, dena den yankeak meneratu nituen! Hura bai asegarri!

 

      [Trufa irriaz irakurtzen du Presidentearen Onespen Agiria, 1884ko apirilaren 22koa]

 

      ... Estatu Batuetako gobernuak iragartzen ditu haren (nire Kongorako egitasmoaren) gizatasun eta borondate oneko asmoekiko onespena eta oneritzia, eta Estatu Batuetako ofizialei aginduko die haren bandera, itsasoz zein lurrez, gobernu lagunaren banderatzat onar dezaten.

 

      Ziur asko orain yankeei hori kentzea gustatuko litzaieke, baina ohartuko dira nire ordezkariak Amerikan zerbaitetarako direla. Ez dago galbiderik; ez nazioak, ez gobernuak ezin dira krimen bat aitortzen ibili.

 

      [Poz irriaz, “W.M. Morrison Reberendoa, Kongo Estatu Libreko amerikar misiolariaren informea” irakurtzen hasi da].

 

      Ondoko honetan nik neuk ikusitako gertakizun gordin zenbait azaltzen dut; zorigaiztoko herri honetan Belgikako Leopold erregeak ezarri eta oraindik irauten duen esplotazio eta erdeinu sistema organizatua erakusten dute. Leopold erregea diot zeren bera eta bera bakarrik bait da erantzule orain, subirano absolutoa denez gero. Era horretan jokatzen du. Gure gobernuak deus gutxi zekien 1884. urtean haren bandera onetsiz Kongo Estatu Librearen sorrera finkatu zuenean, ezen afera fionetan, filantropia gisa maskaraturik, errealitatean Belgikako Leopold erregea zegoela, sekula tronuan jarritako mandatari maltzurren, bihotzgabeen, gaiztoen eta kontzientzia gabeenetako bat. Hori bere izena eta bere familia bi kontinentetan txit famatu egin dituen bere moral ustelaz aparte. Seguruenik, gure gobernuak ez zukeen bandera hura onetsiko jakin izan balu onespena Leopold erregeak berak eskatu zuena; jakin izan balu Afrikako bihotzean monarkia absoluto bat ezartzen ari zena; jakin izan balu geure herrian bertan eskjabutza odoluste eta dirutza tzarren ordainez ezeztatua izaki, Afrikan bertan esklabutza moeta okerrago bat ezartzen ari zena.

 

      [Irri maltzurraz]. Bai, seguruenik apur bat bizitxoa suertatu nintzen yankeentzat. Min ematen die, eta gogaitu egiten dira. Ezin dute hori jasan! Eta lotsarazten ditu beste modu batez ere, modu are larriago batez, zeren eta bere burua Munduko Libertateen Eragile eta Nagusitzat jotzen duen Errepublika handiputz hori bait da monarkia absoluto baten ezarpenerako bere botere eta eragina gertatu duen historiako demokrazia bakarra, eta izate itsusgarri hori ez bait dute sekula artxiboetatik zuritzen ahalko.

      [Foileto pila handiari so; begirada gotorraz behatuz]. Izorra daitezela misiolari saltsariok! Toneladaka idazten dute gauza horietaz. Badirudi beti direla inguruan, beti espiatzen, beti gertakizunen ikusbegian; eta ikusi guztia paperetan aldatzen dute. Postuz postu ari dira beti itzulinguruka; natiboek beren lagun bakartzat hartzen dituzte eta eurengana jotzen dute nekeak kondatzen; nire polizia militarrak eragindako orbain eta zauriak erakusten dizkiete; beren besomotzak altxatu eta kexatu egiten dira eskuak trenkatu bait dizkiete, kautxo nahikoa ez ekartzearen zigor gisa, eta ezarritako zigorra ongi eta zinez bete zela gero nire ofizialen aurrean froga gisa erakustearren. Misiolari batek horrelako larogeitabat esku trenkatu ikusi zituen sugainean lehortzen jarrita, nire ofizialei emateko gero —eta noski, joan egin behar du, idatzi eta inprimatu. Batetik bestera dabiltza, espiatzen eta espiatzen! Eta deusi ez diote inprimatzeko arruntegi erizten.

 

      [Foileto bat hartu du. “A.E. Scrivener reberendoa, misiolari britainiarrak 1903ko uztaila, abuztu eta irailean egindako bidaia informearen ondoko pasartea irakurtzen du].

 

      ... Laster mintzatzen hasi ginen eta nik inolako oharpenik egin gabe natiboak ohizko bilakatu zaizkidan istoriak kondatzen hasi ziren. Bakean eta pozik bizi ziren gizon zuria lakutik heldu zenean hau eta hori egin zezaten moeta guztietako aginduekin, eta esklabutza zela pentsatu zuten. Horregatik saiatu ziren gizon zuria beren herrialdetik kanpo mantentzen, baina alferrik. Fusilak gehiegizkoak ziren haientzat. Horregatik makurtu eta situazio berezi horrenpean ahal zuten hobekiena egitera etsi ziren. Hasieran soldaduendako etxeak eraiki zitzaten manua jaso zuten, eta lana tutik esan gabe burutu zuten. Ondoren soldaduak eta beraiekin zihoazen gizon eta emakume guztiak —zurrupakariak— mantendu egin zituzten. Gero kautxoa ekar zezaten agindu zieten. Haientzat eginkizun hori guztiz berria zen. Bazegoen kautxoa oihanean, herritik zenbait egunetara, baina inolako balorerik zuenik guztiz berria zen eurentzat. Sari txiki bat eskaini zieten, eta arrapaladan jo zuten kautxoaren bila: “Gizon zuri harrigarriok! Jantziak eta kristal bihiak ematen dizkigute basa-mahastiaren sapagatik”. Pozik ziren beren zori ona iruditu zitzaien hartan. Baina saria laster murriztu zieten, azkenean kautxoa ordainik gabe ekar zezaten agindu arteraino. Honi aurre egin nahi izan zioten, baina beren sorpresarako soldaduek batzuk tirokatu eta, kolpe eta biraoen artean, kautxo bila berehala joateko agindua jaso zuten enparauek, edo bestela gehiago tirokatuko zituztela. Izuturik, kautxoaren bilketak herritik at eskatzen zituen bi astetarako jana gertatzen hasi ziren. Jarrita zeudela aurkitu zituzten soldaduek: “Zer, abiatu gabe oraindik?” Danba! Danba! Danba! eta bat eta beste erori ziren, hilik, emazte eta lagunen erdian. Urrumaka izugarria ematen da eta zenduak hiletarako prestatzeko ahalegina, baina ez zaie uzten. Berehala abiatu behar dutela oihanetara. Janaririk gabe? Bai, janaririk gabe. Eta horrela urten ziren erruki gizajoak sua pizteko beren ardai kutxarik ere gabe. Makina hil zen oihanean gosez eta babesaren faltaz, eta are gehiago postuaren kargua zuten soldadu basatien fusilenpean. Ahalegin oro egin arren urria zen bildutako kautxo kopurua eta gehiago hil zituzten. Herriaren inguruak bisitatu nituen eta ahaide nagusiak zeutzaneko tokiak erakutsi zizkidaten. Populazioaz eginiko kalkulu zuhur baten arabera, duela zazpi urte 2.000 lagun bizi zen postua eta milia laurden inguruko erradio barrenean. Guztira gaur ez dira 200 baino gehiago izango, eta halako tristura eta etsipena sartu zaie euren baitan, ezen abiada bizian gainbehera bait datoz.

      Astelehen osoa eman genuen han jendearekin franko hitzeginez. Igandean mutil batzuek ikusitako giza hezurrak aipatu zizkidaten eta astelehenean galdegin nien hezur haiek erakus ziezazkidaten. Belardian sakabanatuak, ni nengoen etxetik metro gutxitara, makina giza buru, hezur eta zenbaitetan hezurdura osoak zeutzan. Hogeitamasei burezur zenbatu nituen eta hezurdi anitzetik burua falta zela ohartu nintzen. Gizonetariko bat deitu eta haren zentzuaz galdetu nion. “Kautxoaren katramila hasi zenean”, esan zuen, “soldaduek tirokatzen zuten jendea lurperatzen akitzerainoko lana izaten genuen, eta gainera sarritan ez ziguten lurra ematen uzten; beraz, gorpuak ozta-ozta belardiraino arrastaka eramaten genituen han bertan uzteko. Ehundaka dautza inguru honetan, ikusterik nahi baduzu”. Behar baino gehiago ikusiak nituen ordea, eta gizonek eta emakumeek igaro zuten aldi ikaragarriaz kondatzen zizkidaten pasadizoek gaixo sentiarazten ninduten. Bulgariarren astakeriak huskeriatzat jo daitezke hemen gertatutakoarekin alderatuz gero. Ez dakit jendea nola uxkurtu zen, eta oraindik ere liluratzen nau beraien eroapenaz gomutatzeak. Haietariko batzuren ihesak pozteko motiboa izan behar du guretzat. Bi egun egin nuen han eta gehienik harritu ninduen gauza bat kautxoaren bilketa izan zen. Ikusi nuen gizonak ilada luzeetan sartzen, beren otar txikiak besapean, Bongon bezala; ikusi nuen beraien esne ontziak gatzaz bete eta buruzagiei bi metro perkal jaurtiz ordaintzen; beraien lotsa dardartia eta holako beste mila gauza ikusi nituen, arean dagoen terrorismo situazioa eta jendeak jasaten duen egiazko esklabutza nabarmen frogatzen dituztenak.

 

      Horixe da haien jokabidea; espiatzen eta espiatzen, eta zozokeria ezdeus guztiak inprimatzen dituzte. Eta britainiar kontsul hori, Mr. Casement, berdin berdina da. Nire gobernuko ofizial batek idatziriko egunkaria inguratu du eta, egunkari pribatua eta egileaz aparte inork ez ikustekoa izan arren, Mr. Casement hain begiramen eta gizabide eskasekoa da, ezen haren pasarte batzuk argitaratzeraino iritsi bait da.

 

      [Egunkariaren pasarte bat irakurtzen du].

 

      Kaboa kartutxoz hornitzen da kautxoa jasotzera doan aldioro. Erabili gabeko guztiak itzuli behar ditu, eta erabilitako bakoitzaz eskuin esku bana aurkeztu behar du. M.P.-k esan zidan kartutxoak animalien ehizan erretzen dituztela batzutan, eta orduan gizon bizi bati mozten diotela eskua. Zertara iristen den kontu egin nezan, informatu zidan Mambogo Ibaia alderdian sei hilabetetan 6.000 kartutxo erabili zirela, hau da, 6.000 lagun hil edo trenkatu zituztela. Edo 6.000tik gora... zeren jendeak soldaduek haurrak fusilen kulatazoez hiltzen dituztela esan bait dit sarri.

 

      Kontsul sotil honek isilpena hitzak baino eragingarriagoa dela uste duenean hura erabiltzen du. Aditzera ematen du hilean mila bat hilketa eta mutilazio kopuru handia dela Mambogo Ibaia alderdia bezain eskualde txikirako, beronen neurriak informearekin batera doan Kongo Estatu miresgarriaren mapa batez isilki adieraziz, non ibai horren tamainako objektu txiki batentzat ez bait dago lekurik. Isilpenak zera nahi du esan: “Bazter txiki honetan hilean mila badira, irudika itzazu estatu zabal osoaren erresultatuak”. Zaldun bat ez litzateke horrelako maltzurkeriatan eroriko.

      Orain mutilazioei doakiena. Ezin da Kongoko kritikoak engainatu eta nahastuta egon daitezen erdietsi; itzuri egiten dute, eta beste bide batetik jotzen dute berriro. Azpikeriaren artean nagusiak dira. Mutilazioak (eskumotzak, gizon irenduak, etabarrak) Europa astintzen hasi zirenean, haiek zuritzearren ihardespen baten ideia izan genuen, guzti horrezaz betirako txunditurik eta ahoa bete hortz utziko genituela eritzirik; hau da, natiboen ohitura zela aldarrikatu genuen, ez genuela guk asmatu hori, baizik eta jarraitu egin genuela, besterik ez. Zalantzatan geratu al ziren horrekin? Beren ahoak estali al zituen horrek? Ezta ordu batez ere, Itzuri egin zuten eta berriro gu erasotzeari ekin zioten esanez: “Baldin errege kristau batek astakeria odoltsuak asmatzearen eta horretan basatiak imitatzearen artean inolako moral salbatzailerik berezi ahal badu, beraren aitorpenaz erdiets dezakeen erosotasuna gozatzen utzi behar zaio karitatez!”

      Guztiz harritzekoa da kontsul horrek daraman jokabidea, espia horrek, saltsa nahastari horrek.

 

      [Foileto bat hartu du: “Emakume eta haurrekiko gorabeherak Kongo Estatuan; Mr. Casement-ek 1903an ikusiak”].

 

      Duela bi urte apenas! Data hori publikoki azaltzea gaiztokeria zikin bat izan zen. Kongoko zorroztasunak amaitu —zeharo amaitu— zirela urteak eta urteak badirela nire prentsa bulegoaren esanetan publikoak duen sinismena ahuldu nahi du. Huskeriak gustatzen zaizkio gizon honi, horietan dostatzen du, atsegin zaizkio, lausentzen, laztantzen ditu eta idatzita jartzen. Ez dago bere informe monotonoan sorgortu beharrik guzti horrezaz jabetzeko; kapituluen azpitituluek berek frogatzen dute hori. [Irakurtzen du].

 

      Berrehun eta berrogei lagun, gizon, emakume eta haur, arretaz gertaturiko tonelada bat janariz gobernua asteoro hornitzera behartuak dira, ordainez guztira 15 txelin eta 10 penikeko dirutza maiestatikoa jasoz!.

 

      Ederki, oparoa izan zen. Ez zen astean beltz bakoitzeko penike bana baino askoz gutxiago. Kontsul horri horrelakoak gaitzestea atsegin zaio, janariak eta lanak deusen truke ingura nitzakeela ederki dakien arren. Mila adibiderekin froga dezaket hori. [Irakurtzen du].

 

      Herri baten aurkako espedizioa beraien (obligaziozko) ordainketa atzeratzeagatik; erresultatua, 16 lagun asasinatuak; horien artean hiru emakume eta bost urtetako haur bat. Hamar atxilotu zituzten ordaindu arte bahiturik izateko; horien artean haur bat, zeina ibilaldian hil bait zen.

 

      Baina kontuz ibili da ez azaltzeko jendeak ordaintzeko ezer ez duenean zorrak eskuratzearren erreskateaz baliatzera beharturik gaudena. Oihanetara ihes egindako familiek beretako batzuk esklabu saltzen dituzte eta erreskaterako adina ateratzen dute. Badaki honekin amaituko nukeela zorrak eskuratzeko beste modu egokiagorik aurkituko banu... Mmm, bada hemen kontsularen adeitasunaz zerbait gehiago! Natibo batzurekin izandako elkarrizketa bat transkribatzen du:

 

      G.— Nola dakizue zuriek berek agindu zutela gauza krudelok egin zekizkizuen? Gauza horiek gizon zuriek jakin gabean soldadu beltzek eginak izan zitezkeen.

      E.— Gizon zuri haiek soldaduei, esaten zieten, “emakumezkoak soilik hiltzen dituzue, ez zarete gizonezkoak hiltzeko gauza. Gizonezkoak hiltzen ahal dituzuela frogatu behar duzue”. Orduan, soldaduek gu hil (hemen geratu egin zen, zalantzan, bertakoak seinalatuz... eta segitu zuen:) orduan, eurek... eta gizon zuriengana eraman zituzten; eta hauek orduan zera esan zuten: “egia da, gizonezkoak hil dituzue”.

      G.— Hori egia dela diozue? Zuetako, hil eta gero zenbat erabili zuten horrela?

      Denek [oihuka].— Nkoto! Nkoto! (Asko! Asko!)

      Dudarik ez dago, jende hura ez zebilen asmaketan. Haien suharra, haien begi dirdirak, haien asaldurak ez ziren simulatuak.

 

      Noski, kritikoak hori ere zabaldu zuen. Ez du beraganako begiramenik. Bera bezalako guztiek horixe aurpegiratzen didate, nahiz eta ederki dakiten gizonak modu berezi horrezaz zigortzeak gustoko ez nuela, beste gaiztaginen eskarmenturako soilik egiten nuela. Zigor arruntek ez dute basati ezjakinekin balio; ez diete zirrarik ere eragiten.

 

      [Azpititulu gehiago irakurtzen du].

 

      Eskualdea erraustuta; populazioa 40.000tik 8.000raino murriztuta.

 

      Ez du nola gertatu zen esateko ardurarik izan. Oparoa da gauzak estaltzen. Bere irakurleek eta bere Kongoko erreformatzaileek, Lord-Aberdeen-Norbury-John-Morley-Sir-Gilbert-Parker-en aiurrikoak, denak asasinatuak izan zirela pentsa dezaten espero du. Eta ez zen horrelakorik. Gehiengo handienak ihes egin zuen. Kautxo jazarraldietatik ihesi oihanetara hanka egin zuten eta hantxe hil ziren gosez. Hura konpon al genezake?

      Nire kritiko atsekabe batek hauxe komentatzen du: “Beste mandatari kristauek zergak ezartzen dizkiote herriari, baina ordainez, eskolak, auzitegiak, errepideak, argia, ura eta bizitzaren eta gizartearen babesa ematen dizkiote. Leopold erregeak zergak ezartzen dizkio bere nazio larrutuari, baina ordainez gosea, terrorea, lazeria, lotsa, esklabutza, mutilazioa eta sarraskia baino ez dio deusik ematen”. Hori da euren jokabidea! Ez dut “deusik” ematen! Ebangelioa igortzen diet bizirik direnei. Zentsura tratalariok badakite hori, baina nahiago lukete mihia ebakitzea dakiten hori aipatzea baino. Nire meneko jazarleei sarritan esana diet hilurran direnei ikur santuari mun emateko aukera eskain diezaieten. Eta agindua bete badute, zalantzarik gabe arima askoren salbazioaren ararteko apala izan naiz. Nire jorratzailerik inork ez .du hori aipatzeko inpartzialtasunik izan; baina utz dezagun hori; badago Bat hura ahaztu ez zaiona, eta hori da nire poza, nire kontsolamentua.

 

      [Informea mahai gainean jarri du, foileto bat hartu eta erdi aldetik begiztatzen du].

 

      “Tranpa hilgarria” dakarrena da hau. W.H. Sheppard reberendoa, misiolari azpisapoa espiatzen. Jazarraldi baten ondoan nire soldadu beltz batekin hitzegiten du eta xehetasun batzuk eman arazi dizkio. Soldaduak zera aipatzen dio:

 

      “30 esklabu esijitu nituen errekaren bazter batean eta 30 bestean, marfilezko bi objektu, kautxozko 2.500 bola, 13 ahuntz, 10 hegazti, eta sei zakur, artoa, etabar”.

      “Nola eman zen burruka?”, galdetu nion.

      “Haien nagusi, nagusi ondo, gizon eta emakume guztiak deitu nituen esan egun batean etor zitezen, berriketa guztia amaitzera nihoala esanez. Ate estu horietatik sartu zirenean (hormak beste herrietatik ekarritako hesiez eginak ziren, natiboen altuerakoak), nire sari osoa eskatu nien, hilko nituzkeela bestela. Ordainketa onartu ez zutenez hesia ixteko agindua eman nuen inork alde egin ez zezan. Gero hementxe bertan hil genituen, esparru honetan. Hesi tarteak erori zirenez batzuek alde egin zuten”.

      “Zenbat hil zenuten?”, galdetu nion.

      “Nahikoak hil genituen; ikusi nahi dituzu haietako batzuk?”

      Horrexen bila nenbilen hain zuzen ere.

      “Larogei eta larogeitamar artean hil dugula uste dut”, esan zuen, “eta gainontzeko herrietan zenbat ez dakit, zeren ni joan beharrean nire jendea bidali bait nuen”.

      Lautadan zehar elkarrekin joan ginen ozta-ozta kanpamendu ondoraino. Hiru gorpu zeutzan gerritik behera haragi guztia erantzirik.

      “Zergatik larrutu dituzte horrela, hezurrak bakarrik utzita?”, galdetu nion.

      “Nire jendeak jan ditu”, erantzun zuen azkar. Segituan esplikatu zuen: “Seme gazteak dituen gizonak ez du giza jenderik jaten, baina gainontzeko guztiek jaten dute”.

      Ezker aldean gizon handi bat zetzan, bizkarrean tiro bat eta bururik gabe. (Gorpuak oro bilutsik zeuden).

      “Non dago gizonaren burua?”, galdetu nion.

      “Oh, buru hezurraz tabako eta dianba birrintzeko ontzi bat egin zuten”.

      Solasean eta begira segitu genuen arrastiria bitarte, eta berrogeitabat gorpu zenbatu genuen. Enparauak jendeak jan zituen.

      Kanpamendura itzultzean neska baten ondotik igaro ginen, garondoan tiro bat eta esku bat faltan zituela. Zergatiaz galdetu nion, eta Mulunba N’Cusa-k adierazi zidan eskuin eskua beti mozten zutela estatuaren saria jasotzeagatik.

      “Erakus al diezadakezu horrelako eskurik zenbait?”, galdetu nion.

      Makilezko karkasa batera gidatu gintuen; su motela zuen azpian piztuta, eta hantxe zeuden eskuin eskuak. Guztira larogeitabat zenbatu nituen.

      Gutxienez 60 emakume (Bena Pianga) zeuden preso. Ikusi egin nituen.

      Esan behar dugu destain osoa ahal heinean ikertu, eta ikusi dugula ahalik eta ondasun gehien hartzeko eta jende txiroa tranpa hilgarrian ehizatzeko eta hiltzeko aurretik prestaturiko egitasmo bat zela.

 

      Beste xehetasun bat, dakusagun bezala! Kanibalismoa. Oso maiztasun laidogarriaz informatzen dute horrelako kasuez. Iraintzaileok ez dira ni subirano absolutoa naizela komentatzeaz ahaztutzen, eta Kongon gerta dadin nahi ez dudan ezer neure hitzaz galeraz dezakedalarik, nire baimenaz eginiko dena nik egina dela, neronek egina; errealitatean nire agenteen eskuak neure eskuak ditudala, neure besoetara lotuta baileuden; eta estatu-jantziaz margotzen naute, koroa nire buruan, gizaki haragia janez, otoitz eginez eta gauza on guztiak dakarzkigun Hari eskerrak xuxurlatuz. Arren, arren, bihotz guriek misiolarien kontribuzioa bezalako gauza batez jabetzen direnean lasaitasuna galtzen dute zeharo. Narrioz hitzegiten dute eta horrelako gaiztagin bat bizitzen utz dezan aurpegiratzen diote Jainkoari. Nitaz ari dira. Arauz landakotzat jotzen naute. Hortik doaz, dardarrez, nire administraziopeko hogei urteetan Kongoko populazioa 25.000.000tik 15.000.000rainoko murrizketa gogoetan; bapatean oihuka hasten dira, “ariman hamar milioi hildako dituen erregea” naizela esanez. “Rekorra” deriztate. Gehienak ez dira 10.000.000ak nire gainera leporatzeaz asetzen. Ez, niregatik ez balitz, esaten dute, populazioa berezko gorakadaz orain 30.000.000koa litzateke; beraz beste 5.000.000 gehiago leporatzen didate, orotara nire hil-uzta 15.000.000tan finkatuz. Urrezko arraultzen oiloa hil zuena, bakean utziz gero ondotik jarriko zituzkeen arraultzengatik erantzule dela komentatzen dute. Oh, bai, “rekorra” deriztate. Gosete Gorriak, Indian balaunaldi orotan bi aldiz 320.000.000ko populaziotik 2.000.000 ezabatzen dituela aipatzen dute, eta mundu guztiak ikaraz eta horrorez eskuak altxatzen dituela; orduan beren buruari galdetzen diote ea munduak emozioetarako xokoren bat non topatuko lukeen nik hogei urtetarako Gosete Gorriaren tokia hartzeko aukera izango banu! Ideiak irudikapena pizten die hogei urteak pasa eta Gosetea nigana datorrela imajinatzeraino, nire aurrean burua makurtzen duela, niri esanez “irakats iezadazu, Jauna, konturatzen bait naiz ikasle huts naizela”. Eta ostean Herioa datorkidala imajinatzen dute, bere sega eta hare-erlojuaz, eta eskatzen didala bere alabarekin ezkon nadin, bere lantaldea birrantola dezadan eta negozioa neure esku har dezadan; mundu guztirako alegia! Dagoeneko lurrinez beterik dituzte beren buru gaixoak, eta liburuak argitaratzen eta obrak lantzen dituzte ni gai hartuta. Biografia oro miatzen dute nire parekoren bila; Atila, Torquemada, Ghengis Khan, Ivan Ikaragarria eta horrelako gizateri enparauak ikertzen dituzte, eta antzekorik aurkitu ezin izateak malizioski pozarazten ditu. Gero sekulako lurrikara, zikloi, elurte, kataklismo eta sumendi erupzioak ikertzen dituzte: erabakia, ez dago horrelako bat nirekin konparatzerik. Azkenean nire tamainako bat aurkitzen dute (euren usterako), eta lanak ixten dituzte historian pareko bat badudala —gogoz kontra— onartuz, bakar bat, ordea: Dilubioa. Hori demasa da.

      Baina beti horrelakoak dira, nitaz aritzen direnean. Nire izena aipatuz gero ezin dira hesteetan Seidlitz hautsekin hartutako ur basokada baino isilago geratu. Gauzarik harrigarriena irudika dezakete nitaz inspiratuz gero! Ingeles batek hiru baten kontrako aldea ematen dit, 20.000 ginea tope jarrita nik gura besteko postura egin dezagun, 2.000.000 urteetan infernuan ni arrotzik ospetsuena baietz. Gizona hain amorraturik dago bere senetik irtenda, ezen ez bait da konturatzen ideia hori zorakeria denik. Zorakeria eta negoziaezina: ez liteke irabazlerik, alegia; biak galtzaile irtengo ginateke derrigorrez; interesen ondarearen galera kontuan izanik, ehuneko lau edo bosteko interes erantsian, etekina izango litzateke... zehazki ez dakit zenbateraino, “baina denbora burutu eta ordaintzera orduko bildutakoaz lagun batek infernu bera ere eros lezake.

      Beste zoro batek 15.000.000en burezur eta hezurduraz oroitgarri bat eraiki nahi du nire izenaren iraupenerako, eta mendeku oldarrez beterik buru belarri ari da proiektu harrigarrian. Zeharo kalkulatuta dauka eta dena eskalaz egina. Burezurrez monumentu eta mausoleo aldiberean litzatekeen bat eraikiko luke, zehatz mehatz Keops piramide nagusiaren neurriak bikoiztuz, zeinaren oinarriak bost hektarea baino gehiago dituen eta erpina lurretik 150 metroko altueran dagoen. Ni disekatu eta mausoleoaren gailurrean zeruaren parean ezarri gura nau, jantzirik eta koroaturik, esku batean “bandera pirata” eta bestean harakin-ganibeta eta esposak zintzilik. Piramidea eremu baten erdian eraikiko luke, sasiez eta etxe kiskalien hondar eroriez beteriko bakardade gorrian, non goseaz hildakoen eta asasinatuen izpirituek beren betiereko aienetan deihadarka ihardungo lirateken haize erratuen zuzmurruen artean. Piramidetik irradiatuz, gurpilaren radioak legez, berrogei etorbide handi leudeke, bakoitza hogeitamabost milia luzerakoa, eta bakoitzaren hegi bietan burugabeko hezurduraz eginiko hesiak, batetik bestera metro t’erdiko aldeaz, eta denak kate laburreko sortaz eskuturrez eskutur sendo heldurik eta esposa zaharrez loturik, non nire merkatal marka pribatua estanpaturik legokeen: gurutzea eta harakin-haiztoa gurutzatuak esakuntza honekin: “Zeinu honezaz prosperatzen dugu”. Hezur hesiak 200.000 hezurdura ditu aldi batean, beraz 400.000 etorbide bakoitzak. Pozik komentatzen du luzaroan ematen duela 3.000 edo 4.000 milietako hezurdia (bateko iladan), guztira 15.000.000, eta Amerika zeharkatuko lukeela, New Yorketik San Franciscoraino. Gainera, errepidegileek beren kilometrajeetan luzatze ikusgarriak iragartzean erabiltzen duten doinu esperantzagarriaz komentatzen da nire lantokia jo ta ke aritzen denean urteko balantzea 500.000 gorputan dagoela, eta hamar urte gehiago ematen badidate, burezur berriak egongo liratekeela piramidea 55 metro inguru goratzeko beste, lurreko arkitektura eraikuntza garaiena eta gloriosoena diferentzia handiaz burutuz, eta Pazifikon barrena ilada transkontinental bat (pilatan) 1.000 miliatan luzatzeko beste hezurdura berriak gainera. Nire “guztiz hedaturiko eta kontaezinezko hilerri pribatu”en materialen bilketa, garraioa eta monumentutik irradiatzen diren etorbide handien eraikitzearen kontuak ongi kalkulatuta daude, milioika gineatako kantitatea ematen du, eta hau... baina hau... (...!! ...!!) dirua nik jar dezadan galdetzen dit lelo honek! [Gurutzea supituki eta biziki astinduz]. Kongon urtean jasotzen dudan ondarea milioika gineatakoa dela gogorarazten dit, eta eginkizun honetarako 5.000.000 soilik nahikoak liratekeela. Atentatu basatiak jasaten dituzte egunero nire ondasunek; ez zaizkit ardura, ordea, ez dut horietan gogorapen bat ere galtzen, baina honako honek, honexek kezkarazten nau, urduri jartzen nau; horrelako izaki xoriburu batek hurrengoan zer pentsa dezakeen asmaezina bait da... Carnegie-z pentsa baleza... Baina burutik aldendu behar dut gogorapen hori. Egunak larritzen dizkit. Loa asaldatzen dit. Zoratzera narama bide horretatik. [Geldiune baten ondoan]. Ez dago beste biderik... Carnegie erosi behar dut.

 

      [Kezkaturik eta xuxurlatzen, gela inguruan ibili da une batez; ondoren berriro hartzen ditu kontsularen kapitulu-tituluak. Irakurtzen du].

 

      Gobernuak emakume baten haurrak goseaz hiltzen ditu eta haien anaiak asasinatzen.

      Emakume eta haur sarraskia.

      Natiboa grinarik gabeko izaki bilakatu da esperantza kendu zaiolako.

      Emakumeak kautxo zaindariek lepotik kateatuak.

      Emakumeak erditzera ukatzen dira, haurra garraiatu beharrez arineketan eta soldaduetatik hanka egin ezin dutelako.

      Haur baten kondakizuna: “Nik, nire amak, amamak eta nire ahizpak oihanetara egin genuen ihes. Gutariko asko soldaduek hil zituzten... Gero, nire amaren buru zatitxo bat ikusi zuten eta soldaduek arineketan etorri ziren gu geunden tokira eta nire amama, nire ama, nire ahizpa eta beste bat, gu baino txikiago, harrapatu zituzten. Gure ama denok nahi zuten emazte, eta horretaz eztabaidatzen zutenez, bada, azkenean hiltzea erabaki zuten. Tripetan tiratu zioten fusilaz, eta jausi zen, eta hura ikusi nuenean negar franko egin nuen nire ama eta amama hil eta bakarrik geratu nintzelako. Dena ikusi nuen!”.

 

      Doinu hunkigarriren bat dario kondakizunari nahiz eta beltzak baino ez diren. Iraganeko oroimenetara murgildu arazi nau; nire haurrak oso txikiak ziren eta hegan egin nahi zuten —oihanetara, esatebaterako— ni hurbiltzen ikusten nindutenean...

 

      [Kontsularen informearen titularrak irakurtzeari ekiten dio berriro].

 

      Aldez alde zulatzen dute haur baten urdaila haizto batez.

      Eskuak trenkatu, C.D. (ofizial zuria)-ri eraman, eta lerro batean jarri dituzte hark ikus ditzan. Hantxe bertan utzi dituzte, gizon zuriak ikusiak bait ditu eta P-ri eraman beharrik ez dagoelako.

      Soldaduek haur katibuak oihanean heriotzera utziak.

      Neska katibua askatzeko erreskatea ordaintzera heldu dira lagunak baina zaindariak ez du onartu, esanez gizon zuriari atsegin zaiola, gaztea bait da.

      Neska baten aitorpena, laburbildua:

      “Bidean gindoazela soldaduek haur txiki bat ikusi zuten, eta hiltzera zihoazenean haurrak barre egin zuenez, soldaduek fusilaren kulata hartu eta horrezaz eman eta gero burua moztu zioten. Egun batean nire ahizpaordea hil zuten eta burua, eskuak eta hankak moztu zizkioten zirgiloak zituztelako. Ostean, beste ahizpa hartu zuten eta W.W.ren jendearengana eraman eta orain esklabu dago han”.

 

      Haur txikiak barre egin zuen! [Geldiune luzea. Xuxurlatuz]. Kreatura errugabea. Dena dela... nahiago nukeen barrerik egin izan ez balu.

 

      [Irakurtzen du].

 

      Haur mutilatuak.

      Gobernuak tribuen arteko esklabu trafikoaren bultzagile. Janariak ematera atzeratutako herriei ezarritako isun ikaragarriek natiboak behartzen dituzte familiarrak —eta semeak— beste tribuetara saltzera, isunak ordaindu ahal izateko.

      Gurasoak beren semea saltzera bortxatuak.

      Alarguna bere neskattoa saltzera bortxatua.

 

      [Hasarreturik]. Eskegi dezatela mainuntzi monotono hori! Zer nahi du nik egin dezadan: alarguna barka dezadan alarguna delako soilik? Badaki, ondo gainera, orain ez dela jende anitz geratzen, alargunak besterik. Ez daukat ezer alargunen aurka, klase gisa begiraturik, baina negozioa negozioa da, eta hemendik eta handik inori eragozpenak sortu arren, bizitzeko beharra dut, ez ala?

 

      [Irakurtzen du].

 

      Gizonak beldurtuak beren emazte eta alaben torturaz. (Gizonek kautxo eta janariaz horni ditzaten eta emazteak kateen eta atxilopenetik askatzearren ordain dezaten). Zaindariak adierazi zidan nagusiaren aginduagatik emakumeak atxilotu eta espetxera ekarri zituela (denak lepoz lepo kateaturik).

      Agente batek esplikatu zuen gizonak baino emakumeak atxilotzea hobetsi beharrean zela, horrela gizonek hornidura arinago inguratzen zutelako; baina ez zuen esplikatu haurrek gurasorik ezean beren janariak nola eskuratzen zituzten.

      Hamabost emakume (katibu) erronkan.

      Emakume eta haurrak gartzelan gosez hiltzen utziak.

 

      [Xuxurlatuz]. Gosez hiltzea. Miseria luzea eta geldoa izan behar du. Egunak eta egunak, eta egun eta egun gehiago, gorputzak indarrak tantaka galduz, geroz eta ahulago, piskanaka piskanaka... bai, hilkera gaitzena behar du izan. Eta janaria begi aurrean pasatzen ikusiz egunero, eta ez duzula deus eskuratzerik. Haurrek negar egiten dute, noski, eta horrexek urratzen du amaren bihotza...

      [Hasperen bat]. Ah, bada, ez dago ezer egiterik. Zirkunstantziek beharrezko egiten dute disziplina hori.

 

      [Irakurtzen du].

 

      Hirurogei emakumeren gurutzifikapena!

 

      Hau zorakeria! Hau astakeria! Berri horren horroreaz oilo larrua egingo zaio kristaudiari. “Ikur sakratuaren profanazioa”. Kristaudiak horixe oihukatuko du. Bai, kristaudiak burrunbatuko du. Hogei urtetan urteko milioi erdi hildako leporatzen zaidala entzun dezake itxuraldatu gabe, baina Sinboloaren profanazioa oso bestelako asuntoa da. Arazo larritzat joko du hori. Iratzarriko da eta nire eginak begiztatu gura izango ditu. Burrunba? Seguru baietz; honez gero burrunbada urrun bat sentitzen dut belarrietan... Emakumeak gurutzifikatzea errua izan zen, erru agiria, erru nabarmena. Orain ikusten ahal dut, nik neuk, eta damu naiz gertatuagatik, zinez damuturik. Larrutzea uste dut berdin zatekeela... [Hasperen batez]. Baina gutariko inori ez zitzaion hori bururatu; batek ezin dezake gauza guztietan egon; eta nolanahi ere, erratzea giza legezkoa da.

      Gorabeherak ekarriko dituzte, zalantzarik gabe, gurutzifikapen horiek...

 

      [Baretu egiten da zenbait kapitulu-titulu gehiagoz. Irakurtzen du].

 

      Haur mutilazio gehiago. (Esku moztuak).

      Amerikar misiolarien testigantza.

      Britainiar misiolarien lekukotasuna.

 

      Betiko gauzak dira, jazoera zaharkituen bikoizpen eta errepikapen aspergarriak; mutilazioak, hilkuntzak, sarraskiak etabar, etabar, logureak hartu arteraino. Mr. Morel-ek eskua sartzen du puntu honetan, iruzkin bat eginez, zeina bere baitarako gorde izan balu ere berdin liokeen, eta gainera kurtsibaz azpimarratzen du. Horrelako jendeak ezin dezake kurtsibarik gabe aurrerik egin:

 

      Giza miseriaren historia hunkigarri bat da hasieratik azkeneraino, eta guztiz egungoa gainera.

 

      1904 eta 1905 urteetaz ari da. Ez dut ulertzen pertsona batek nola egin dezaken horrelakorik. Morel hori erregearen meneko bat da eta erregearenganako begiramenak eragotzi beharko ziokeen hain nabarmen nire kontra ihardutea. Morel hori erreformatzailea da, Kongoko erreformatzailea. Horrexek definitzen du bere burua. The West African Mail izeneko orria argitaratzen du Liverpool-en txatxoen eta- epelen borondatezko emarien sostenguaz, eta asteoro urruma, kiratsa eta pozoina isurtzen ditu azken orduko “Kongoko izugarrikeriak” delakoaz, hemengo foileto mordo hauetan ematen direnen tankerako xehetasunekin. Galerazi egingo dut. Gai horixe zuen liburu bat ere galerazi nuen moldiztegian zegoeneko. Egunkari bat galeraztea ez zait oso zaila gertatuko.

 

      [Beltz mutilatuen argazki batzuk begiztatu eta mahai gainera botatzen ditu. Hasperen bat egiten du].

 

      Kodak kalamitate latza izan da guretzat. Gure etsai indartsuena, alegia. Aurreneko urteetan ez genuen arazorik izan prentsak mutilazioei buruzko istorioak amerikar misiolari sudurluzeen eta salerosketan hara xaloki joan eta Berlin-Kongo hitzarmeneko “ate irekia” eurentzat itxia aurkitu zuten arrotz suminduen asmakizun, gezur eta elegaizto gisa “azal” zitzan. Eta prentsaren bidez erdietsi genuen kristau nazio guztiak haserreturik eta sinistezinik, horrelako istorioei gibela eman eta haien kontalarien gainean hitz gogorrak egotzi zitzaten. Bai, egun eder haietan dena aise eta gozo zirauen, eta herri utzi eta ezindu baten ongiletzat hartzen ninduten! Orduan, guztiz bapatean zartakoa etorri zen. Hau da, Kodak makurrezina... eta infernura bakea! Nire eskarmentu luzean aurkitutako lekukoen artean busti ahal izan ez dudan bakarra. Misiolari yankee guztiek eta zokoratutako merkatari guztiek horrelako bana inguratu zuten eta, orain... oh, bada, argazkiak izkutuan edonora ailegatzen dira, nahiz eta eginahal guztiaz saiatu aurkitu eta deusezten. Hamar mila pulpitu eta hamar mila egunkari ari dira denbora osoan nitaz ongi mintzatzen, eta lasai eta uste osoaz ukatzen dituzte mutilazioak. Baina gero mutiko batek poltsikoan eraman dezakeen Kodak ezdeus txiki hori agertzen da, hitzik bat ere esan gabe, eta denak mutuarazten ditu!

      ... Zer ote da pasarte hau?

 

      [Irakurtzen du].

 

      Aski da baina, bere krimenak zenbatzen aritzeaz! Zerrenda amaiezina da eta ez ginateke amaieraraino sekula iritsiko. Kongo Estatu Librean gaindi datza bere itzal izugarria, eta horren azpian 15.000.000ko nazio errugabea desagertzen ari da, eta arin miserian azpiratzen. Hilobizko lurralde bat da; Hilobien lurraldea; Kongo Hilerri Librea. Irudi miresgarri bat: hots, giza historia osoan eman den episodiorik makabroena den hori gizon bakar baten lana da; gizon bakar batena; gizabanako soil batena hain zuzen ere; Leopoldo, Belgiarren erregearena. Bera da Kongo Estatuaren historia lohitu dituzten milaka krimen guztien erantzule pertsonal eta bakarra. Han bera bakarrik da nagusi; nagusi absolutoa da. Agindu huts batez krimenak eragotz zitzakeen; oraindik ere hitz bakar batez geldiaraz ditzake. Hitza gordea du baina. Bere poltsikoaren aldera.

      Harritzekoa dirudi errege bat diru egarri xuhur hutsagatik, eta horregatik soilik eta bakarrik, nazio bat errausten eta herri osoa ezabatzen ikustea. Konkistaren plazerra erreala da. Erregeek beti ihardun dute bizio bikain horretan. Ohituta gaude, eta ohitura zaharra delakoan barkatzen diegu duintasun izpiren bat nabari zaielako; baina diruaren irrika-txelinen irrika-errealaren irrika-diru xehe zikinaren irrika —eta ez nazioaren aberastasunerako, baizik eta erregearen onurarako—, hori berria zaigu. Bereziki nazkatzen gaitu, badirudi ezin dugula geure buruarekin baketu, minberatu egiten gara, arbuiatzen dugu eta zitala, erregetzarako desegokia eta duintasun gabea dela esaten dugu. Demokratak garen heinean orroaka eta saltoka ibili beharko ginateke, alaitu beharko ginateke purpura lokatzetan arrastaka ikustean, baina hala ere, bada —edozein aitzakia dela medio—, ez dugu horrelakorik egiten. Errege izugarri hori begiratzen dugu, odolez mozkorturiko errege errukigabe hori, giza arrazatik aparteko eta berdinezinezko krimenez zikindutako lur eremu batean ortzerantz altxatzen den diruak zoraturiko erregea, bere kasta osoan, aintzineko zein egungo, kristau zein paganuen artean aurki daiteken norberaren interesengatiko harakin bakarra, bajuenen eta altuenen erdeinuarentzat eta meneratzaileari eta koldarrari estima hotza dietenen gaitzespenarentzat legezko terraila. Eta, horrekin eta guzti —misterio bat da— ez dugu begiratzerik nahi; erregea bait da eta aitzinatiko eta etorrizko instintuengatik min ematen digu eta larriarazten gaitu, eta lastima sentitzen dugu errege bat halako itxuratan erorita ikusiz, eta hori nola gertatu den xehetasunak entzuteari uko egiten diogu. Ikaratu egiten gara eta gibela ematen diogu idatziz aurkitzen dugunean.

 

      Zeren, noski, HORIXE BAIT DA NIRE BABESA. Eta horretan segituko duzue. Giza arraza ezagutzen dut.

 

 

 

25. Foiletoa, 1905, Amerikar Liga Anti-Inperialistak argitaratua, ondoko berrargitalpen ugariz.

26. Aurretik pentsatzen zen baino ondorio hobea izan zuen bisita honek. Batzordearen partaide bat Kongoko ofizial nagusia zen, beste bat Belgikako gobernuaren ofiziala, eta hirugarrena jurista suizar bat. Pentsatzen zenez bertako ofizialek egindako betiko “ikerketa” kontaezinak baino zinezkoagoa ez zen izango, baina, agi denez, testimonio izugarriren olde handi baten aurrean aurkitu zen batzordea. Entzutegi publiko batean bertan egondako batek hauxe idazten du: “Harrizko gizonak ikaratuko lirateke kautxo bilketaren historia izugarrian batzordeak aztertu ahala agertzen ari diren kontakizunekin”. Nabari da batzordekideak ikara zirela. Ikerpenerako batzordeak zenbait erreforma agindu zuen ikustatutako alderdi batean, baina azken albisteen arabera, haiek joan eta gero situazioa euren etorriaren aurretik baino okerrago bilakatu zen laster. (M.T.)