R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

BOERRAK ETA BELTZAK
HEGOAFRIKAN
[34]

 

      Urre-bilaketaria izan nintzen ni ere, nire sasoian, eta funtsean banekien asuntoaz jende horrek dakien guztia, horretan dirua nola egiten den izan ezik. Baina nahikoa samar ikasi nuen han boerrei buruz, eta hori berria nuen. Harrez gero Hegoafrikako beste tokietan errepikatu didate han entzundakoa. Laburbilduz —jasotako informazio horren arabera— boerra hauxe da:

      Biziro da erlijiosoa, sakonki ezjakina, motza, setatia, fanatikoa, zikina ohituretan, abegikorra, hitzekoa zuriekiko tratuetan, nagusi gogorra bere zerbitzari beltzekin, alferra, tirokari ona, zaldizko ona, ehizera emana, independentzia politikoaren zalea, senar eta aita onbera, ez hirietan bilduta pilatzearen aldekoa, baizik eta bakardade, urruntasun, bazter, zabalgune huts, eta sabanako isiltasunaren zalea; gizon gose ase ezina eta betetzeko hartzen duenarekin ez oso milikia —txerrikiaz, Indiako artoaz eta zezinaz bapo jartzen da, kantitatea mugagabea izan dadila soilik eskatuz. Alaitasun gordineko eta jan-edan sendoekin zartaturiko gau-pasako dantzaldi zakarrean esku bat heltzearren zamalkada luze bat emateko prest, baina horren urrunera bi aldikoa zamalkatzeko prest ere otoitz bilera batean parte hartzearren; harro da bere holandar eta hugonotear etorriaz eta bere historia militar eta erlijioaz; harro bere arrazak Hegoafrikan egindakoaz, ausardiak bultzaturik eremu gaitz eta ezezagunetan ingeles izurrikoi eta gorrotagarriek zanpatu gabeko bakardade libreen xerka, bai eta natiboen eta britainiarren gainetiko garaipenaz ere, eta harro batez ere bere arazoetan Goikoak beti izan duen berezko ardura zuzen eta zabalagatik. Ez daki irakurtzen, ez daki idazten; badu egunkari bat edo bi, baina dirudienez ez da horretaz konturatu; orain gutxi arte ez zuen eskolarik, eta ez zien haurrei ezer irakasten; notizia hitzak ez du berarentzat zentzurik, batere axola ez dion gauza bait da. Bi mende eta erditan egon Hegoafrikan geldirik eta denboraren azkeneraino horrela egotea gustatuko litzaioke, ez bait die sinpatiarik progresoari buruzko Uitlander nozioei. Aberatsa izateaz egarri da, gizakia delako, baina bere irrika ganadutan aberastea da, ez jantzi leun, etxe dotore, urre eta diamanteetan. Urrea eta diamanteek arrotz fedegabea erakarri dute bere atarietaraino, bai eta kutsadura eta egonaldiaren haustura ere, eta ez zitezen inoiz aurkitu izanak du gogoetan.

 

 

 

34. Following the Equator.