R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

ZIBILIZAZIOA AUSTRALIARA HELDU:
edo arseniko puddinga basatientzat
[29]

 

      Australia bisitatu aurretik ez nuen sekula “weet-weet” delakoari buruz ezer entzuna. Jaurtitzen ikusi duten oso gizon gutxi topatu dut —edo jaurtitzen ikusi dutela esaten duten oso gizon gutxi topatu dut bederen. Gainetik deskribatuta, zurezko zigarro puru lodi baten antzekoa da, muturretan ihi malgu bat lotuta duela. Orotara artefaktuak soilik metro erdia baino apur bat gehiago hartzen du luzeeran, eta hirurogei gramo baino gutxiago pisuan. Luma hau —nolabait izendatzearren— ez da aidetara jaurtitzen, baizik eta esku beherazko joaldiaz botatzen, jaurtilearengandik aurrekaldera tarte labur bat eginez lurrean jo dezan; orduan bote egin eta jauzi luze bat ematen du; bote berriz, jauzi berriro, eta berriz eta berriro, mutikoak botatako harri zaplak ur gainean zopak egiten dituen legez. Ur gaina laua da, eta harria egin onean aurkitzen da; horrela gizon indartsu batek berrogeitamar edo hirurogeitamar metrotara bidaltzen ahal du; baina weet-weetak ez du horrelako egin onik aurkitzen, bere ibilbidean lurrarekin, harearekin eta belarrarekin topo egiten bait du. Eta hala ere, natibo trebe batek berrehun metrotan neurtutako urrunera bidali zuen. Urrunago bidal zezakeen, baina bere iraganbidean garo eta zuhaixka sailekin buru egin zuen eta abiada galerazi zioten. Berrehun metro hain jostailu arinaz —sagu bat burdin hari laburreko muturrean, alegia—; eta haize lagungarriaren alderako oihalik gabe, baizik eta jauzi bakoitzean belarrekin, harearekin eta besterekin buru eginez. Guztiz ezinezkoa dirudi, baina Mr. Brough Smyth-ek azaina ikusi, neurtu eta xehetasunak jaulki zituen Gobernu Victorianoaren aginduz bertakoen bizitzaren gainean idatzi liburuan.

      Zein da azainaren sekretoa? Inork ez du asmatzen. Ezin daiteke indar fisikoa izan, horrezaz ezin bait da holako pisu-arinekoa inolaz urrunera bidali. Artea izan behar du. Baina inork ez du asmatzen arte hori zertan den; ez eta hirurogei gramutako ezer ez aidean zehar, ez lurrean gaindi, jauzika berrehun metrotara bidaltzerik ez dagoela finkatzen duen legea zelan azpiratzen duen. J.G. Wood reberendoa mintzo da:

 

      Weet-weet edo kanguro-arratoiak har dezaken urrunera harrigarria da benetan. Australiar bat ikusi dut Kennington Oval-en gaindi jaurtitzen eta kanguro-arratoiak osorik zeharkatu zuen. [Ez da Kennington Ovalen zabalera aipatzen]. Fusil balaren ziztu zorrotz eta zemaitsuaz murgiltzen da aidean, altuerarik gorena lurretik bi bat metro hartuz... Era egokian jaurtiz gero, luzetara jauzika doan animale bizi bat dirudi hain zuzen ere... Bere mugimenduak izuturiko kanguru-arratoiaren jauzi luzeen antza miresgarria dute, atzetik buztan luzea arrastaka daramala.

 

      Aintzinako kolonoek esaten zuten hastapeneko egunetan, weet-weetak hartzen zuen urrunera ikusirik, boomeranga bezain aparteko tresna miresgarria zelakoan zeharo sinistuta zeudela.

      Trebetasunen zabalkunde oparo bat egon bide da bertako bizilagun biluts eta iharren artean, edo bestela ezin zitekeen horrelako aztarnen usmatzaile finik eta boomerang eta weet-weet jaurtitzaile jaiorik egon. Arrazakeria izan bide da, hein handi batean, aspaldion munduak haietaz izan duen eta duen intelektual maila bajuko ospearen egozlea.

      Alferrak ziren, alfer alferrak. Beharbada horixe zuten arazoa. Akats fatala da. Etxe egoki bat asmatu eta eraiki ahal zuten seguraski, baina ez zuten egin. Eta laborantzaren moldeak asmatu eta garatu ahal zituzten, baina ez zuten egin. Bilutsik eta etxe gabe ziharduten arrain, zomorro, har eta basa-fruitoez biziz, eta ozta-ozta basati hutsak ziren, beren argitasuna eta guztiz.

      Bertan bizitzeko eta ugaltzeko Estatu Batuak bezain handiko lurraldearekin, bertan bizitzeko, ugaltzeko, eta gaixo epidemikorik gabe euren artean harik eta gizon zuria horiekin eta zibilizazioaren bestelako tresneriekin heldu zen arte, arraza hori seguraski ez zatekeen bere historian Australia osoan inoiz ehun mila lagun izatera iritsi. Populazioa arretaz eta arduraz neurtzen zuten haurriltzearen bidez —hein handi batez, baina beste zenbait metodoez ere. Gizon zuria heldu ondoren ez zuten artifizialitate horiek gehiago erabili beharrik izan. Gizon zuriak bazituen populazioa murrizteko haienak baino modu eragingarriagoak. Gizon zuriak bazituen hogei urtetan bertakoen populazioa ehuneko larogeian murrizteko erak. Ordurarte natiboak ez zuen sekula hura baino ezer bikainagorik ikusi.

      Esatebaterako, hortxe dugu orain Victoria deritzan lurraldearen kasua —Rhode Island larogei aldiko lurraldea, lehenago esan dudan bezala. Kalkulu ofizial zehatzenaren arabera, lau mila eta bostehun ziren bertako bizilagunak hogeitamarreko hamarkadaren erdialdera gizon zuria heldu zenean. Haietariko mila inguru Gippsland-en bizi ziren, Rhode Island hamabost edo hamasei aldiko lur eremuan: haiek ez ziren beste zenbait komunitatetan bezain azkar murriztu; izan ere, berrogei urteren buruan haietarik berrehun geratzen ziren. Gogarago murriztu zen Geelong tribua: ehun eta hirurogeitamahiru lagunetarik hogeitamalaura pasa ziren hogei urtetan; eta beste hogei urteren buruan tribuak orotara lagun bakar bat biltzen zuen. Melbourne-ko tribu biek hirurehun lagun inguru bil zezaketen gizon zuriaren etorrerako; hogei lagun bakarrik bil zezaketen hogeitamazazpi urte beranduago, 1875ean. Urte horretan Victoria kolonian barrena barreiaturik tribu hondarrak eta azkenak geratzen ziren, baina esan zidatenez, gauregun oso gutxi dira odol garbiko natiboak. Esaten denez, bertakoek indar samarrekin Queensland deritzan eremu erraldoian irauten dute.

      Aurreneko zuriak ez ziren basatietara ohituak. Ezin zezaketen uler basatiaren oinarrizko legea: gizon batek kalte egiten badizu, bere tribu osoa da erantzule —bere partaide bakoitza— eta zuk ordainekoa edozein partaidegan har dezakezu, kaltegile bakarra bilatzen ibili beharrik gabe. Zuri batek bertako bat hiltzen zuenean, tribuek, aintzinako legea aplikatuz, topatzen zuten lehen zuria hiltzen zuten. Hori izugarria zen zurientzat. Eta moeta horretako izakiendako sendabiderik egokiena suntsiketa zela iruditu zitzaien. Ez zituzten beltz guztiak hil, baina haietako nahikoak, euren buruak seguru egon zitezen beste hil zituzten agudo. Zibilizazioaren egunsentitik gaur arte, gizon zuriak neurri gorriok hartu ditu beti. Mrs. Campbell Praed-ek haurtzaroa Queensland-en eman zuen eta bere Sketches of Australian Life liburuan aurkitzen ditugu zuriek eta beltzek elkar eraldatzearren izandako lehen istiluei buruzko azalpen adierazgarriak.

      Queensland eremu ikaragarriko aitzin egunez mintzo dela, hauxe dio Mrs. Praed-ek:

 

      Hasieran zurien aurrean natiboek atzera egiten zuten eta, inoiz saldoetako animaliren bat lantzatzeaz salbu, kexatzeko motibu gutxi ematen zuten. Baina okupatzaileen kopurua gehitu eta bakoitzak milia zenbaitetako lursailak hartu eta berarekin beste bi edo hiru lagun eramaten zituenez, eta artzain bordak eta abeltzainen kanpamenduak tribu etsaien erdian babesik gabe oso urrun geratzen zirenez, beltzen jazarraldiak usuago eta hilketak gertaera arrunt bilakatu ziren.

      Australiako oihanaren bakardadea nekez da hitzez azaltzen. Hemen milia eta miliatan zabaltzen dira baso primitiboak, non gizon zuriak agian ez duen egundaino hankarik ipini; paisaia amaiezinak, non eukaliptoen gerri tantaiak altxatzen eta arrama luzexkak zabaltzen diren karmesi antzeko zintzilikario fantastikotan erretxina gorria dariela dindilizkako estalaktitak bailiran; haitzarteak, non alde bien luzeran hosto zabaleko belarrak gainezka hazten diren; egundaino landu gabeko lautadak eta belardi sail izurrak aldizka, haitz gailur, amildegi sakon edo erreka lehor batez hemendik eta handik urratuak. Guztiz basa, itzel eta goibel; dena kolore gris monotono berean, salbu eta sasiak loratzean erakusten dituzten urre arineko uneak edo ezpeldiek berdez tindatutako inguruak, Indiako jungla bezain lerden eta iragazkaitzak.

      Bakardadea areagotzen dela dirudi narraztien, xorien eta intsektuen doinu harrigarriez eta animale handien ausentziaz; hauetaz, kanguro saldoaren dunbotsa, wallabiaren xuxurla edo dingoa bere habiarantz irristatzean belarra eragitearena dira egunez entzuten diren seinale bakarrak. Baina badira otiaren dundurioa, basa-astoaren deabruzko aharrantzak, kakatua eta loroen karraskadak, musker hegalarien xixtua, eta sastraka azpian gordetzen diren kontaezinezko intsektuen burrunba. Eta gauez, kuliskaren deitore malenkoniatsua, dingoen zaunka motela, apoen korroka gozagaitza, zelatari bakartiaren zainak ederki nahas ditzaketenak.

 

      Hori da dramaren antzestokia. Beste xehetasun bat edo bi barruntatuz gero, ohar zaitezke zein aproposa zen gatazkarako eta nola zuen horretara indarrez konbidatzen. Abeltzainen etxaldeak bakardade sakonean barrena barreiatuta zeuden, miliak eta milietan baztertuak —etxalde bakoitzean dozena erdi bat lagunekin. Ganadua ugari zuten, eta natibo beltzak beti ziren gose eta gaizki elikatuak. Lurra haiena zen. Zuriek ez zuten erosi. Eta ezin zezaketen eros, tribuek ez bait zuten ez buruzagirik, ez agintekorik inor, ez saldu edo alda zezaken ahalduneko inor; eta tribuek berek ez zuten ulertzen lurraren jabetasuna aldatzearen ideia. Zuri arrotzek desjabetutako nagusi mesprezatuak ziren, eta eritzi hori ez zen gaitzuru azpian gordetzen. Tragediarako ezin zitekeen material erakarkor gehiagorik bil. Utz dezagun mintzo dadin Mrs. Praed:

 

      Nie Nie etxaldean, gau ilun batez, etxezain lasaia, ustez erasoen aurka ongi babesturik, lozorroan zegoen bere mantetan barrena. Beltzak tximiniatik behera zuhurki lerratu, eta burua makilatu zioten lo zegoen artean.

 

      Testu labur horrezaz drama osoa irudizta daiteke. Oihala altxatu zen. Ez zen jaitsiko alde baten bestearen gaineko nagusitasuna finkatu arteraino —behin eta betirako finkatu.

 

      Maltzurkeria alde bietan ematen zen. Beltzek zuriak hiltzen zituzten babesgabean harrapatzen zituztenean, eta zuriek beltzak erroldaka eta nahasian asasinatzen zituzten, nire justiziari buruzko zentzu xaloaren irainerako... Piztiei baino maila apur bat goratsuagoa ematen zieten, eta zenbait kasutan zomorro gisa akabatzen zituzten.

      Hona adibide bat. Etxaldea beltzez inguratua zuen kolono batek, etsaitzat jotzen zituenez eta eraso ote zezaketen beldur, etxe ataritik hitzegin zuen haiekin. Eguberritan zirela esan zien, gizon orok, beltzak nahiz zuriak, ospatzen duten egunean; irina, okaran pasak eta gauza gozoak ugari zituela gordailuan eta sekula ametsik egin ez zuten moduko pudding bat egin ziezaiekeela, pudding erraldoi bat, denek ase arte jateko lain. Beltzek sinistu egin zioten eta hartan galdu ziren. Puddinga egin zen eta banatu. Hurrengo goizean orroak ziren kanpamenduan, puddinga goxotua bait zen, azukrez eta arsenikoz!

 

      Gizon zuriaren izpiritua zuzena zen, baina bere metodoa okerra. Zuri zibilizatuek basatienganako beti erakutsi duten izpiritua zuen, baina pozoinaren erabilera ohituratik aldentzen zen. Egia esan, aldakuntza tekniko soila zen, ez erreala; hala ere aldakuntza bat, eta beraz erru bat, nik uste. Ohiturak onetsiriko makina metodo baino hobea, gozoagoa, arinagoa eta askoz humanoagoa, baina guzti horrek ez du bere erabilpena zuritzen. Hau da, ez du erabat zuritzen. Ez-ohizkoa izateak nabarmentzen du eta merezi ez duen aditasun maila ematen dio. Irudikapen morbidoak eragiten ditu, eta hauek, gertakizuna gogoetan erabiliz, krudeltasun erakuskeria bilakatzen dute, gure zibilizazioaren izen ona zipristinduz, ohizko metodo lazgarrietariko batek aldiz ez zuen horrelako ondoriorik izango, zeren eta erabilerak laino bihurtu bait ditu eta guretzako arrunt. Toki askotan basatiak kateatu eta gosez hiltzen utzi ditugu; eta horretaz ez gara ardura, ohiturak horretara zaildu gaituelako, eta hala ere haren ondoan begiko mesedea da pozoineko hilkera arina. Toki askotan basatiak zutoinean erre ditugu, eta horretaz ez gara ardura, ohiturak horretara zaildu gaituelako, eta hala ere haren ondoan begiko mesedea da hilkera arin bat. Toki batean baino gehiagotan basatia, bere haurtxoak eta hauen ama zakurrez eta fusilez jazar ditugu padura eta basoan barrena arrastiko kirol baten gisa, eta zori irriez bete dugu eskualdea haien ihes baldar eta traketsen, haien urrikal erregu etsien gainean; baina metodo horrezaz ez gara ardura, ohiturak horretara zaildu gaituelako, eta hala ere horren ondoan begiko mesedea da pozoineko hilkera arina. Gauregun Matabeleland-en ohitura onetsietara mugatzen ditugu geure buruak, guk Rhodes-Beit Hegoafrikan milioidun eta Londresen dukeak; eta inor ez da ardura, guk ohizko aztura sakratuak erabili ditugulako, eta gure kontzientzia erosoaren adimenean beste albiste asaldagarri berririk sar ez dadila bait da eskatzen dugun guztia. Mrs. Praed-ek, “kolono horrek merezi zuen bere izena geroaren mesprezurako gorde zedin”, esaten du pozoitzailearen gainean.

      Sentitzen dut hori esaten entzutea. Gauza bakar bat leporatzen diot gizon horri, zorrozki gainera, baina ez besterik. Atentzioa gure zibilizazio gainera erakartzeko kalkulatuta zegoen berritasun bat sartzearen indiskrezioa leporatzen diot. Ez zen hori egiteko tenorea. Bere eginkizuna, gizon zintzo ororen eginkizuna legez, ondarea ahal era guztietan babestea zen; eta horretarako atentzioa beste norabait bideratzea zen modu egokiena. Kolonoaren egina okerra izan zen, hori argi dago; baina zuzena bihotzez. Arraza gorenak basatiei ematen dien tratueran, historian zehar bere leinuko eta etorriko aurreritzien gainetik altxatu eta mesedezko elementu bat sartzen saiatu den ia zibilizazioaren pionero errepresentatibo bakarra da. Bere izena galdu du, eta hori zoritxarra da, ohorez eta begiramenez merezi bait zuen gerorako gordea izatea.

      Pasarte hau Londreseko egunkari batekoa da:

 

      Frantziak bere itsas haraindiko lurraldeetan zibilizazioaren benedikapenak hedatzen diharduela entzutean Kaledonia Berriaz oroitzen gara ezinbestez. Kolonia penal hartarako kolono libreak erakartzeko asmoz, M. Feillet, gobernadoreak, kanaka laborariei plantazio hoberenen jabegoa kendu zien ordain irrigarri batez, nahiz eta irlako Batzarre Nagusiaren protestak jaso. Era horretan itsasoak zeharkatzera zuztaturiko etorkinak nagusi aurkitu ziren milaka kafe, kakao, ogi-fruitu eta banana zuhaitzen jabe, natibo gizarajoek lantzen urteetako nekeak isuriak zituztela bertan, azkenean Noumea-ko pattar dendetan gastatzeko bost liberako txanpon batzurekin geratzeko.

 

      Konbinaketa ikusten duzue? Lapurketa, umiliazioa eta deuseztapena; deuseztapen geldoa pobreziaren eta gizon zuriaren whiskyaren bidez. Basatiaren lagun prestua, basatiaren lagun zintzoa, basatiak sekula izandako lagun gogoko eta eskuzabal bakarra ez zegoen han bere bihotzoneko pudding pozoitsuaren largate arinarekin.

      Munduan bada gauza barregarria franko. Horien artean gizon zuriaren nozioa, gainontzeko basatiak bezain basatia ez izateari buruz.

      Mrs. Praed-ek bere artea meneratzen duela ikusi duzue. Gauza bat zuek ikusteko maneran jartzen ahal du zuen aurrean. Ez da bakarra horretan. Australia emankorra da herriaren bizitza eta historiaren ispilu zehatzak diren liburu idazletan. Materialak aberatsak ziren, oso, kopuruan nahiz kalitatean, eta Marcus Clarke, Rolf Boldrewood, Gordon, Kendall eta enparauek luzaroan iraungo duen literatura miresgarria eta indartsua sortu dute. Materialak agortezinak dira! Literatura oso bat buru daiteke aborigenen inguruan bakarrik, beren izakerak eta bizitzak nabardura anitzez zipristinduak bait dira, ez arruntasunez zaharminduak, baizik eta guztiz berriak guretzat. Ez da pintoreskismorik asmatu beharrik; ildo horretako behar duzun guztiaz hornitzen ahal zaitu; eta irudiak ez dira haizeputz eta badaezpadakoak izango, zinezkoak eta benetakoak baizik. Berari buruzko historian, gizon zuriaren artxibo ofizialetan gordeta dagoen bezala, natiboa orotarikoa da —giza izakia izan daitekeen orotarikoa. Arlo oro hartzen du. Koldarra da —hamaika gertaera dira hori frogatzeko. Ausarta da —hamaika gertaera dira hori frogatzeko. Traidorea da —oh, ezin gehiagoraino! Fidela da, zintzoa, hitzekoa —izate noble, miresgarri eta patetikoki liluragarria delakoaren adibidea franko eskaintzen dizu gizon zuriaren artxiboak. Janari eta babes eske datorkion arrotz gosetia hiltzen du —bada horren frogarik. Atzo bertan tiro egin zion arrotz galdua gaur laguntzen du, jaten ematen dio eta babespeneraino gidatzen —bada horren frogarik. Indarrez hartzen du kontra dagion emaztegaia, makil batez gorteiatzen du eta gero leialki du bizitzaren luzeran maitatzen —artxiboan dago. Erabide berberaz beste emazte bat hartzen du, eguneroko jostagarri gisa jotzen eta kolpatzen du, eta gero bere bizitza ematen du kanpotiko arriskutik defendatzen —artxiboan dago. Aurre egingo die ehun etsairi bere haurretarik bat erreskatatzearren, eta bere haurretariko beste bat hilko du bera gabe familia nahiko handia delako. Bere urdail bupera nahasten da gizon zuriaren elikaduraren xehetasun zenbaiten aurrean, baina gustokoak ditu zakurra, katua, arratoia erreak eta arraina mindua, eta lasai asko bazkatuko du bere osaba bera ere. Animali gizakoia den arren albora jiratzen da eta ezkutuaren atzean gordetzen amaginarreba aurretik igarotzean. Haur-beldurra die fantasmei eta arima mehatxatzen dioten beste huskeriei, baina oinaze fisikoarekiko beldurra ezagutzen ez duen ahulezia da. Konstelazio handi guztiak eta txikietariko asko ezagutzen ditu, eta izenak ditu beraientzat; sinbolozko idazkera bat dauka, haren bidez mezuak igortzen ahal dituelarik tribuak diren alde guztietara; ikuskera egokia du irudi eta adierazpenerako, eta dibuju ona marrazten du; iheslari bati jarrai dakioke gizon zuriaren begiak somatu ezin ditzakeen zantzu delikatuez eta haren inteligentziarik finenak menera ezin ditzakeen metodoak segituz; zientziak berak eredurik ezean —eta ereduarekin ere menturaz— bikoiztu ezin duen jaurtigailu bat egiten du, zeinaren sekretuak matematikari zurien teorizapen eta ikerpenak hirurogeitamar urtetan azpiratu eta burlatu dituen; eta horrekin eta berezko duen arteaz egiten dituen mirariak gizon zuriak ez dauka imaginatzerik irakatsi gabe, ezta berdintzerik ere, irakatsiz gero. Muga batzuren barnean basati honen adimena tradizioa edo historian ezagutu denik argiena eta biziena da; eta hala ere, izaki gizarajoa, ez da gauza izan egundo ez bostetik gora kontatu ahal izateko sistema bat asmatzen, ezta urak irakin ahal izateko ontzi bat ere. Arraza guztietarik bitxi-ikusgarriena da. Asmo eta xede guztietarako hilda dago —gorpuz—, literaturan bizirik iraungo diren ezaugarriak baditu baina.

 

 

 

29. Following the Equator.