R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

ESKLABU EHIZAREN
MERKATUA QUEENSLAND-EN:
zibilizazioa eta kanakak
[30]

 

      Azken egunotan irlezko Via Lactea zoragarri bat zeharkatzen ari gara. Hain estu biltzen dira mapan, non beren tartetik kanoa baterako espaziorik aurkitzea nekez espero daitekeen; eta, hala ere, gutxitan dugu bakan bat begiztatzen. Haietariko pare baten silueta lausoak ikusi genituen behin, urrunetan, izaki espektral eta onirikoak bailiran: Alofa eta Fortuna irlak, Horne artxipielagokoak. Handienean bi errege natibo etsai bizi dira —eta elkarrekin pasatzen dute denbora. Katolikoak dira, beren herriak bezala. Misiolariak abade frantsesak dira.

      Eskualde horretako kondaezinezko irletatik Queenslandeko plantazioetarako “morroiak” biltzen ziren aintzina; eta beroietatik biltzen segitzen dute, nik uste. Aspaldiko esklaberuen gisa atonduriko untziak etortzen ziren eta Australiako herrialde zabaletan jornalari bezala lan egitera eramaten zituzten natiboak. Hastapenetan giza bahiketa soil eta hutsa zen, misiolarien esanetara. Hori ukatu egin da, baina ez da gezurtatu. Geroago natiboa ados egon gabe inor “errekluta” zedin debekatu zen legez, eta gobernuaren agenteak joaten ziren untzi biltzaile guztietan legea bete zedin begiratzen —zeina bete egiten bait zen, biltzaile jendearen arabera, eta ez bait zen alditan betetzen, misiolarien arabera. Legez gizon bat hiru urtetako lan epe baterako bil zitekeen; hark beste horrenbestez segitu ahal zuen gogorik izanez gero; eta epea burutzean bere irlara itzul zitekeen. Horretarako bitartekoak ere eman behar zizkioten, zeren morroia eraman aurretik gobernuak patroiari xede horretarako dirua bere eskuetan ezar zezan esijitzen bait zion.

      Wawn kapitaina untzi biltzaile baten patroi ibili zen urte askotan. Bere liburu atseginetik ateratzen den ideiaren arabera, bilketaren operazioak oso popularrak ziren irlatarren artean, jeneralean. Eta hala ere, negozioa ez zen horregatik ez oso aspergarri eta interesgabea gertatzen, sarri askotan urradura txikiak aurkitzen bait dira liburuaren monotonian...

      Egia da ezen Wawn kapitainak natiboen eta tripulazio biltzaile frantziar (frantziarrak Kaledonia Berriko plantazioetarako ari dira negozioan) eta ingelesen arteko enkontru fatalez hain etsenplu ugari ematen digu, non bat bilketa hura irlatarren artean hain popularra ez zela sinistera etsitzen bait da. Bestela zergatik erasoen eta odola irakiarazten dituzten sarraskien errenkada zorrotz hori? Kapitainak dena “Exeter Hall-en eragina” dela dio. Baina filantropo sarkinen eritziz gurasoek nahiago zuketen semeak herbestera eta batzutan hilerrira eramaten ikustea, horrezaz negar egin eta biltzaile maitagarriak hiltzen saiatzea baino.

      Wawn kapitaina kristala bezain gardena da puntu batean. Ez ditu misiolariak onesten. Bere negozioa trabatzen dute. “Bilketa”, berak dioen bezala (“esklabu ehiza”, haiek argi eta garbi dioten bezala), arazo bihurtzen dute hain zuzen picnic eta eskurtsio gozatsua izan beharko litzatekeelarik. Misiolariek beren eritzia dute laborari trafikoa bideratzen den maneraz, biltzaileek trafikoaren legeari iruzur egiteaz eta trafikoaz beraz; eta eritzi hori, zeharo kontrakoa da trafikoari zein trafikoarekin zerikusirik duen orori buruz, araudizko legea barne delarik. Wawn kapitainaren liburuak orain berriko data darama; nirekin badut orainagoko datarekiko foileto bat ere —moldiztegitik atera berria—, misiolari batena, Wm. Gray reberendoarena, eta liburuak eta foiletoak biak batera hartuta, oso irakurpen interesgarria osatzen dute, nire eritzirako.

      Interesgarria, eta erraz ulertzekoa, orain segituan aipatuko dudan xehetasun batean izan ezik. Queenslandeko azukre plantazioetako nagusiak morroi kanaka zergatik. gura duen erraz da ulertzen: merkea da. Oso merkea, alegia. Plantazioetako nagusiak ordaindutako kantitateak hauexek dira: 20 libera biltzaileari kanaka inguratzeagatik —edo “ehizatzeagatik”, misiolarien esanetan—; 3 libera Queenslandeko gobernuari inportazioa “gainbegiratzeagatik”; 5 libera gobernuari utziak kanakak hiru urteak bete ditzanean etxerako pasaiarena egiteko, ordurako bizirik iraun baleza; 25 libera inguru kanakari berari hiru urteetako sari eta jantzietarako; gizon bat hiru urtetan enplegatzeaz kostu osoa, 53 libera; edo mantendua sarturik, 60 libera. Guztira, ehun dolar urteko. Uler daiteke zergatik dabilen biltzailea gustora negozioan; bilketa zenbait opari merke (ez morroiari berari emanak, baizik eta morroiaren senideei) kostatzen zaio, eta Queenslandera iritsi orduko morroiak 20 libera suposatzen dio biltzaileari. Argi nahikoa dago guzti hau, argi ez dagoena da horren inguruan morroia etsi arazteko erabiltzen diren bitartekoak. Gaztea eta zalua da; etxeko bizimodua bere irla politean nagia da, oporraldi luze bat berarentzat; eta lan egiteko gogoa izanez gero astean koko-mami zakukada pare bat ingura dezake eta zakua lau edo bost txelinetan saldu. Queenslanden goizargitan altxatu behar da eta egunean zortzi edo hamabi lan ordu sartu kainabera soroetan —ohizkoa duen klima baino askoz berotsuago batean—, eta horrezaz lau txelin baino gutxiago ateratzen du astean.

      Ezin dut Queenslandera joateko duen gogoa ulertu. Enigma sakon bat da niretzat. Hona hemen esplikazioa, plantazio nagusiaren ikuspegitik; misiolarien foiletotik euren eritzia horixe dela ateratzen dut behintzat:

 

      Bere herritik datorrenean basati huts eta soil bat da. Ez du sentitzen ez lotsarik bere biluztasunean, ez apainduren beharrik. Herrira itzultzen denean ongi jantzita doa; aldean Waterbury erloju bat, lepokoak, bikiak, botak eta bitxiak daramatza. Berarekin dauzka baita arropaz ongi betetako kaiza bat edo gehiago, instrumentu musikal bat edo bi, lurrinak eta estimatzen ikasi duen luxozko beste zenbait artikulu ere.

 

      Ozta-ozta une batez kanakak herbesteratzeko dituen arrazoien ulermen izpi argigarri bat bururatu zaigu; zibilizazioa jasotzera doa urrunetara. Bai, bilutsik zegoen eta ez zen lotsa; orain jantzirik dago, eta badaki zertaz lotsatu. Ezjakina zen; orain Waterbury erlojua dauka. Zarpaila zen; orain bitxiak dauzka, eta usain ona jario arazten duen zerbait. Ezdeus bat zen, probintziano bat; orain lurralde urrunetan ibilia, eta horretaz harrotzen ahal da.

      Guzti horrek sinisgarria dela ematen du... une batez. Segituan misiolariak esplikazio hori hartu, zatitu, zanpatu eta ezezagun bilakatzeraino desitxuratzen du.

 

      Aurreneko deskripzioa kasu arrunt bati dagokiola onartuta ere, bataz besteko ondorioa hauxe da: bikiak eta lepokoak, inoiz erabiltzekotan, gaztetxoenek eramaten dituzte zangoan loturik, belaun azpian hain zuzen, apain gisa jarriak. Waterburya, hautsita eta lohituta, huskeria batean ematen zaio merkatariari; edo barrukoa ateratzen zaio, gurpilak soka batean ondozkatu eta lepo inguruan lotzen dute. Haiztoak, haizkorak, oihalak eta zapiak lagunen artean banatzen dira, eta nekez da bakoitzari bana ailegatzen. Kaizak, zeinen giltzak etxerako bidean galtzen bait dira sarritan, 2 txelin eta 6 penikez eros daitezke. Tanna-ko itsasaldeko herrixka ia guztietan kanpoan usteltzen ikus daitezke (ikusitakoaz ari naiz mintzatzen). Itzulitako kanaka bat biziro haserretu zen nirekin frakak erosten ez nizkiolako, nire neurri zuzenekoak zirela ziostala. Gero nire aniwanera irakasle bati saldu zizkion bederatzi penike tabakogatik —seguru asko Queenslanden 8 edo 10 txelinez erositako frakak. Txamarra edo alkondara bat egoki da eguraldi hotzerako. Zapi zuriak, “Senet” lurrina, guardasola eta kapela ere agian, gorde egiten dira. Botek beren erabilera izango dute, koko-mami merkatariak erosten ez baditu. “Senet” ilean, pintura marrak aurpegian, zapi zuri zikina lepo inguruan, dortoka maskorrezko zirrindak belarrietan, gerrikoa, haiztoa bere zorroarekin eta guardasola dira lehorreratu ondoko egunean etxeratutako kanakaren ornamendu guztia osatzen dutenak.

 

      Kapela bat, guardasol bat, gerriko bat, lepoko zapi bat. Bestela larru gorritan, Gogorki jasotako “zibilizazioa” egun batean osorik urtu eta horretan geratu da. Eta gauza iragankor horiek ere agudo ezabatuko dira. Alegia, zibilizazioaren detaile xume batek berarekin iraungo duela espero daiteke: misiolariak dioenez biraoak botatzen ikasi du. Hori artea da, eta artea iraunkorra da, poetak dioen legez.

      Toki guztietan legeek argia ematen dute iraganaren gainera. Queenslandeko Langile Trafikoaren araudizko legea aitorpen bat da. Aitorpena ezen misiolariek Trafikoari leporaturiko okerrak iraganean izan zirela eta artean bazirela legea ezarri zenean. Misiolariek beste kargu bat egozten diote: biltzaileek legeari iruzur egiten diotela, eta horretan batzutan gobernuko agenteek laguntzen dietela. Hogeitamaikagarren artikuluak gauza bi erakusten ditu: batzutan gazte zororen batek, hiru urtetarako bere esklabutasuna sina dezan konbentzitu eta gero, bere onetara etorri eta indar guztiaz nahi duela konpromezua hautsi eta bere jendearekin etxean geratu; eta untzi biltzaile barruan etsi eta kontratoari atxeki dadin, larderia, mehatxua eta bortxa erabiltzen direla. Hogeitamaikagarren artikuluak metodo bezagarriok galerazten ditu. Libre joaten utz dakion eskatzen du legeak. Eta beste klausula batez biltzaileari galdatzen dio hura lehorrera dezan, txalupaz, marrazoak ugari direlako. Mr. Gray reberendoaren testimonioa:

 

      Badira kanaka damutua harrapatzeko “trikimailuak”. Trafikoan nire lehen eskarmentua horrelako kasu bat izan zen, 1884ean. Untzi bat zegoen ainguratuta ozta-ozta gure estazioaren begitik kanpo. Zenbait mutil bahitu zituzteneko albistea ailegatu zitzaidan, eta senideek haiek etxera nitzan ni bertara joan nendin gura zutela. Hauteman nuenez, gertatua zen sei mutil jaso zituztela; berak arineketan untziratu zirela informatu zidan gobernuko agenteak. Denek “sinatu” zuten eta, esan zidan gobernuko agenteak, “untzian geratuko dira”. Sei mutilak adinekoak zirela eta joateko gogotan zeudela ziurtatu zidan. Hala ere, untzia lagatzera gertatzen ari nintzenean gaztetxoetako lau hauteman nituen txalupan lehorreratzeko prest! Nik ez nien utzi. Batek uretara jauzi egin eta nire txalupan etortzekotan segitzen zuen. Gobernuko agenteari galdegin zitzaionean, honek lehorrera gintezen eman zigun aditzera, eta mutila hantxe laga genezan untziko txaluparen kargu, zeina une hartan milia laurden batera bait zegoen!

 

      Legea nahiz misiolariak morroi damutuaren alderakoak dira —eta arrazoiaz, pentsa daiteke, zeren gazte, ezjakin eta bere txarrerako etsibera bait da —biltzaileak, ordea, ez du bere baitan harentzako sinpatiarik gordetzen. Mr. Gray reberendoak hauxe dio:

 

      Trafikoan urte asko zeraman kapitain batek azaldu zidan damutuak nola harrapa zitezkeen. “Mutil batek kareletik saltatzen duenean, soilik txalupa bat hartu eta arraunketan goaz haren aurreraino, ondoren bera eta kostaldearen artean jartzeko. Igeri egiteaz nekaturik ez badago, eta txalupa inguratzen badu, berriro jartzen gara bere bidearen buruan. Gutxitan huts egiten du maniobra horrek. Normalean, igeriaz nekatu egiten da mutila, bere kabuz igotzen da txalupara eta mantso doa untzian”.

 

      Bai, akidura egokia dateke mutila mantsotzeko. Mutil desesperatua hiztunaren semea balitz, eta jazarleak basatiak balira, hiztuna harrituko litzateke ikuspegi berritik behatuta gauzak zein desberdinak diren ikusirik. Dena dela, ez dugu geure burua besteen tokian jartzeko ohiturarik. Hala ere, badago zerbait patetiko gazte basati desliluratu horren etsipenean. Hemen azaldu beharra dago ezen trafikoaren dialektoan “mutila”k ez duela beti mutilaren esanahia; hamasei urte inguruko gaztetxoa esan nahi du. Horixe da Queenslandeko legearentzat onarpen adina, biltzaileek adina kalkulatzen esku laxoa hartzen dutela esaten bada ere.

      Izpiritu liberaleko Wawn kapitaina haserretu egiten da “burdineko araudi”az nazkaturik. Horrek eta misiolariek pozoindu dute bere bizitza. Aspaldiko sasoi zahar ederrak deitoratzen ditu, sekula ez gehiago itzultzeko ezabatuak. Begira ezazue negarretan; entzun ezazue lerro tartean araoka:

 

      Untzi barnean konpromezua sinatutako desertoreak harrapatu eta atxilotzea zilegi zitzaigun luzaroan, baina 1884ko Dekretoaren “burdinezko” araudiak geldierazi egin zuen guzti hori, kanakari uzten bait zion hiru urteetarako zerbitzuaren konpromezua sinatzea, untzi inguruan arrazio erregularra jasotzen ibiltzea, ahal zuen guztiaz probetxatzea, eta egoki erizten zionean alde egitea, bere plazerrezko bidaia Queenslanderaino luzatzen ez zuenean behinik behin.

 

      Mr. Gray reberendoak “fartsa” deritzo burdinezko lege hertsi berberari. “Araudia soberazko krudeltasun eta injustiziaz aplikatzen zaie natiboei, berdin legez kanpoko zein legezko eginkizunegatik. Dauden arauak injustoak eta desegokiak dira, eta beti dira injustoak eta desegokiak izango”. Bere jarreraren arrazoiak ematen dizkigu, baina luzeegiak dira hemen ager ditzagun.

      Dena dela, baldin Queenslandeko zibilizazioan egindako hiru urteez kanakak erdiesten duen guztia lepoko bat, guardasol bat eta biraoaren artean trakestasun nabari bat baldin bada, trafikoaren probetxu guztia gizon zuriarentzat delako izango da. Hori trafikoa erabat deuseztearen aldeko argumentu plausible bat bihur zitekeen.

      Dena den, arrazoiak badira trafikoa berez gal daitekeela espero izateko. Datozen hogei edo hogeitamar urteen buruan trafikoak bere populazio iturriak agortuko dituela aldarrikatzen da: Queensland oso toki osasuntsua da jende zuriarentzat —populazioaren heriotz-indizea 1.000ko 12koa da—, baina kanaken heriotz-indizea hori baino askoz gorago dago. Oinarrizko estatistikek 1893rako 52an jartzen dute; 1894erako 68an (Mackay distritoan). Herbestaldiaren lehen sei hilabeteak dira bereziki arriskutsuak kanakarentzat, klima berriaren gordintasunagatik. Etorri berrien artean heriotz-indizea 1.000ko 180 beste goraino iritsi da. Kanaken sorterrian heriotz-indizea 12koa da bake garaian, eta 15ekoa gerra garaian. Horretaz, bada, Queenslandeko exilioa —zibilizazioa, guardasol bat eta kalitate urri samarreko itzala lortzearen aukerarekin— gerratea baino 12 bider hilkorragoa suertatzen zaio. Kristau karitate arruntak, gizalege arruntak eskatzen bide du ez bakarrik jende hori bere herrira itzul dadin, baizik eta beren artera gerratea, izurritea eta gosetea eraman diezaieten, beren iraupenerako.

      Pazifiko irla hauetaz eta bertako herriei buruz elederreko profeta batek hitzegin zuen orain urte asko —duela 55 urte. Goizegitxo hitzegin zuen, alegia. Profezia ildo on bat da negozioetarako, baina arriskuz beteta dago. Profeta hori M. Russel reberendo nagusia zen, LL.D., D.C.L., Edinburgokoa:

 

      Zibilizazioaren igoera, Rocky Mountains-en oinetaraino soilik iritsiko al da, eta jakinduriaren eguzkia Pazifiko uhinetan sartuko da azkenik? Ez. Lau mila urteetako aro indartsuaren amaierako eguna hurreratzen ari da. Gizateriaren eguzkiak betea du bere patuaren ibilbidea, baina bere azkeneko izpiak Mendebaldean iraungitzearekin batera, goragoko dirdira argituz doa Ekialde itsasoetako irletan... Eta orain Jafet-en arrazakoak dakuskigu irla horiek populatzera partitzen eta beste Europa bateko eta bigarren Ingalaterrako haziak eguzkiaren eskualdean ereiten. Baina gogora profeziaren hitzak: “Shem-en dendetan biziko da eta Canaan izango du zerbitzari”. Ez du Canaan esklabu izango duenik esaten. Angiosaxoniar arrazari globoaren zetroa eman zaio, baina ez zaio eman ez zigorra, ez esklabu-katea, ez borreroaren oinaze-astoa. Ekialdea ez da Mendebaldeko izugarrikeria berdinetan lohituko; arraza menperatu baten gangrena lazgarriak ez du Ekialdeko munduan Jafet-en senitartekoaren patua kutsatu behar; humanizatuz doaz aitzina, ez suntsituz, bertakoekin batera elkartasunean biziz, ez esklabizatuz, britainiar arrazak ahal [etab., etab.]

 

      Eta Campbell-en oles batekin ixten du bere ikuskaria:

 

      Erdu, Progreso miresgarria! Denboraren gurdian,

      Eta munduaren zabalera gobernatu batean eta bestean.

 

      Ederki, Progreso miresgarria heldu da, begira bere zibilizazioarekin, eta bere Waterburyrekin, eta bere guardasolarekin, eta bere hirugarren mailako itzalarekin, eta bere humanizatzen-ez-suntsitzen tresneriarekin, eta bere ehun-eta-larogeiko heriotz-indizearekin eta dena gertatzen da bikain oso bailitzan!

 

 

 

30. Following the Equator.