Eskualdunen herrian
Le Pays des Basques liburuan oinarritua zen M. de Champreux Au Pays de Basques egiteko, euskaldunok singer ageri ginen lehen filmea. Iparraldeari buruzko deskribapen ederra da liburua bera ere, Gaëtan de Bernoville-k idatzia. Izen-deitura hauek aizunak iduri dute, sobera aristokratikoak nehondik ere. Uste izan dut ezizena ote den. Euskal Herria zuen sorterri, baina berak utzi aztarnetarik ateratzen ahal dugu Gaëtan de Bernoville ez zela euskalduna, ez euskal herritarra. Euskal Herriaz gogorkien maitemindu direnak, oro har, kanpotarrak izan ditugu. Arras hartu baitzuen gure herriak Bernovilleren bihotza. Anitzetan gertatzen ohi denez, maitasunak idazle egin zuen. Bere lumak emanak dira bertzeak bertze Piarres le Contrabandier, La Croix de Sang, Au Service de Don Carlos eleberriak, hirurak ere gure historian oinarrituak. Euskaldunok erromantikoak gara, ez dugu emandako hitza jaten, erlijioa defendatzen dugu Bernovilleren arabera, fierrak gara. Funtsean, Pierre Lotik gutaz idatzitakoak irakurrita sortutakoa zaigu egiten bere ikuspegia, salbu eta erlijioa, begien bistan zeukan errealitatetik jasoa baino.
Baina industria dateke perilik handiena. Eskolek eta kasernek, ahantzi egin behar nuen! hizkuntza zaharra hondatzen badute, industriak suntsituko ditu, epe luzean, euskaldunen usadioak, eta bere senaz oso bertzelako ohiturak harraraziko. Materialismo ekonomikoa munduaren ustelgarria da.
Baiki, munduaren ustelgarria materialismoa dela diotenak diruz ustelduak egoten ohi dira maiz. Gaëtanek adiskide du Don Julio de Urquijo, euskaltzale handia... eta oligarka ezaguna. Bisitak egiten dizkiote elkarri. Gaëtanek begi onez ikusten du Lizarrako Estatutua, haren alde idatzia da, eta ez zuhurtasunik gabe:
Zer suposatuko lukeen Iparralderako Autonomia Estatutuko batek Hegoaldean? Deus ez, ene sorterria harro dago euskalduna izateaz, baina ez da «breton bretonnant», ongi txertatua dago politikoki Frantzian. Iragan mendeko karlistak gozo hartu genituen, baina errefuxiatu bezala, bertzerik ez.
Bernoville jaunak goitikako ikuspuntua dauka, ez du hastio EAJren mitinetara joatea, entzule. Deban egona da 1931n, eta han entzundako gizon gazte batek liluratu egin du.
Zazpi probintzien autonomia nahi duen alderdia ere badago. Ezaguna dut buruzagia, aitonen seme osoaren eredu bikaina, fisikoan bezala moralean. Nehork ez du uste, bere alderdikoez bertze, nehoiz lortuko dutenik, baina maila honetako utopiek ametserako ahalmena zuzpertzen digute, eta laguntzen, bizitza sobera dorpea izan ez dadin.
Donibane Lohizuneko muino polit batean, bidean goiti eskuinera, harresi sendo batek babesten du Nacho Enea, bidearen bertzaldean duen kanposantukoak hilak baino gordeago. Zoaz eta harresira igateko kemenik baduzu villa eder bat hauteman zenezake lorategi zabal eta zuhaitz handien erdian. Duela hiruretan hogoi urte bazen hemen egun ez bezalako harroaldirik. Autoak sar-jalgika, SS matrikuludunak batzuk, CDkoak bertze zonbait, departamendukoak bakanenak. Zatoz eta barnera zaitez Nacho Enean, hemen konponduko baitute zure afera. Zuk, errateko maneran, zure Irungo lehengusina bisitatu nahi baituzu. Baionako suprefetak eman «paper berdea» erakusten duzu. Paper hau igarobidearen, pasaportearen gehigarria da. Baitezpadakoa Espainiara joateko, zeren Espainia gerlan baita. Paper berdea, beraz, Frantziatik Espainiara joateko baliosa duzu... baina ez Espainian sartzeko! Mugan erran dizute, suprefeturan bertan ez bazaituzte jakinaren gainean jarri, Nacho Enean behar direla Espainiarekikoak egin. Baina kontsulatua? Espainiako kontsulatua errepublikarra da, ez du indarrik, Irun hartua dute altxatu karlista eta giristinoek, biak bat eginik noizbait.
Paper berdea Nacho Enean geldituko da. Mugaratzen zarelarik hura galdatzen dizute orain. Ez duzu konprenitzen? Utziko lizukete Espainian sartzera... baina Frantziatik jalgitzeko baimenik ez duzu! Lasai, itzul zaitez Nacho Eneara espanturik egin gabe. Han jakinen duzu zure paper berdea galdu egin dela. Bertze bat eskatu beharko suprefeturan... Eta suprefeturan ez zaizkizu gaitzituko, ohituak daude jendea etor dakien Nacho Enean papera «galdu» egin dela erranez. Zure paper berdea, bertze hainbatena bezala, Espainiara ez bisitan baina lanera doazenendako legezko igarobideak emateko erabiliko da. Adibidez, Frantziako Legioa utzi eta Francorenean sartu nahi dutenendako.
Nacho Enea etxaldea MacDonald izeneko ingeles batena zen. Ingelesak Caviedes-eko Markes eta bankari espainolari saldu zion. Espainolak Gaëtan de Bernoville baskofiloari alokatu zion. Eta baskofiloak komunisten aurka borrokatzen direnei die uzten etxea, materialismo ekonomikoak mundua ustel ez dezan. Ezetza harturiko maitale mindua iduri mintzo. Edo... ezkerrak indar apur bat edukiko lukeen Zazpiak Bat utopiko baten ametsik ere sor ez dadin?
Guztiak dirudi ezen, euskal nazionalistak, beren okerretik aldendu orde, ez gutxiago ere, bertan gero eta murgiltzenago ari direla. Haiek nahi ukan dute euskaldun-komunista koalizioa, zeren bai baitzekiten inoiz ez zutela espainiarrengandik beraiek amestu autonomia lortuko, eta uste zutelako bestalde, alimaleko utopia dena gorriek aginduko zuten estatuak hura segurtatuko ziela.
Zatoz Lohizunetik barne aldera, eskualdunen bertze herri bat ezagutuko duzu Uztaritzen. Kaskoin apez euskaltzale batek eta filipindar aberats okitu batek topo egiten dute, ez ebakuntza-mahai baten gainean, erran gabe doa. Pierre Lafitte eta Imanol Intxausti dituzu.
Espainiako gerla zibila lehertu zelarik, errefuxiatuak zeuden haurren arta hartu beharra zegoen, eta orduan Nagusiak erran zidan: «Begira, ez kezkatu, har ezazu behar duzun denbora guztia haur horien zaintzeko, andereñoak bilatzeko eta abar. Ezin ditugu haurrok bakarrik utzi. Arduratu behar dugu. Jantzi, jaten eman... arazo metaska dago».
Nik ez nuen dirurik baina ezagutzen nuen zeukanik. Imanol Intxausti jauna zen, izen osoki euskalduna, baina Filipinetan jaioa zen. Azukre-kainabera alorrak zeuzkan Manila inguruan. Aita zuen Gipuzkoatik hara joana. Bera han jaioa zen. Gero, bere familiarekin, Uztaritzen jarri zen bizitzen.
Garai hartan dirutza handiaren jabe zen. Harrigarri eratu zuen bere bizitza. Dirua inbertitzeko sistema, hotelak sortzea zen... merkatariendako hotelak, bulegoak, telefonoak, idazkariak eta guzti zeuzkatela bezeroaren zerbitzurako... Ameriketan, Frantzian...
Hegoaldeko hirurehun eta gehiago haur genituen Hendaian errefuxiaturik...
Ibarnegarai diputatuarekin bildua da, eta biak hitz berekoak dira: zer edo zer egin behar da haur dohakabe horien altxagarri... Dei egin du Lafittek prentsan, euskaraz eta frantsesez. Baina nehork ez dio erreferarik ematen. Dei batek sinadura gehiago behar lituzkeela erraten diote, jendea bil dezan. Ibarnegaraigana bigarrenez joaten delarik, eskualdunen diputatuak ez du ahoz errandakoa paperean ikusi nahi. Hogoita lau ordutan hainbertze gauza gerta litezke...
Donibane Lohizuneko erretoreari lehengusu bat etorri zaio bisitan, Arrieta mediku jaun donostiarra hain zuzen, erranez hagitz makur ikusia dagoela Eliza Katolikoa komunisten haurrez arduratzea... Mola jenerala Donibane Garazira heldua da Intxauspe jaun bankariarekin mintzatzera (Egungo diputatuaren aita, dio Lafittek deusen diskreziorik gabe). Dirua behar du Molak gurutzada onik burutzeko, Jainkoaren eta Aberriaren zerbitzariek ogia ere behar baitute... Milioitza eskatzen dio maileguz, hilaren buruan %17ko irabaziarekin itzultzekotan. Interesgarria zen, mozkin polita hilabeterako. Orduan Intxauspek bere bezeroak biltzen ditu, Ibarnegarai nagusienetarik duela, eta Nafarroa Beherea osoak baiezkoa ematen du... dirua ezartzen du Molaren alde! Hirurehun eta berrogoita hamar haur haiek, gerlaren ihesi errefuxiatuak, txarranpindu egin ziren, gorriak bilakatu ziren egunetik biharrera, ez euskaldun haurrideen seme-alabak, ez umezurtz, ez gosetu... ez haur, finean.
Baina kaskoina izanagatik, eskualdun bilakatua da Pierre Lafitte txipia hizkuntzan ezezik kaskagorkerian ere. Ez da EAJkoa. Baina badu bihotzik errefuxiatuen alderako. Horrengatik etorri da Imanol Intxausti ikustera.
Ni arrotza naiz, kanpotarra, eta legez ez dut eskubiderik horrelako arazoetan sartzeko... Frantsesen bat behar nuke, buruzagien eta politikarien aitzinean aritzeko. Zuk arduratu nahi bazenu, nik emanen nizuke dirua...
Lafittek baiezkoa ematen dio, bozkariotan sartua. Eta kaskoin txipiak biziki ongi adierazten du Intxausti jauna ez zela aritu koilarearen bizkarraz: hiruretan hogoi milioi libera paratu zizkion eskuartean... Bortz etxe alokatu zituen Lafittek. Ofizialak kontratatu zituen haur kozkorrenei lanbideak irakasteko. Intxaustik, bertzalde, laguna zuen Van Roe kardinalearen arartekotza erabiltzen du haurrak Belgikan ezartzeko...
Txukun eta ikusgarri zeudela, Imanol Intxausti bera joan eta filmatu zituen Gaëtan de Bernovillek eta hurbilagokoak uste genituen bertze hainbatek akabatzen laguntzen zituzten euskaldunen haur gorriak. Hari esker ikusten ahal ditugu orain ume haien jolasak, Zipitria andereño mitikoa dutela agintari. Haatik, Intxausti ez zen ezkertiarra. Katolikoa zen. Ez zuzentzen du Lafittek kristaua, kristau sakona zen. Eta euskaltzale suharra. Jauntxo bat zatekeen, baina Manila utzi zuena ez zen bere larderiaren gain bizitzera etorri aitaren etxera.
Zinemagile ezin hobea zen Imanol Intxausti. Kameraz hartu aitzin bihotzaz hartzen zituen bere aktoreak. Eta bazuela eskarmenturik argia kontrolatzen. Bera izan zen Eusko Ikusgayak izeneko sail etnografikoa fimatu zuena Eusko Ikaskuntzarendako...