Lazunak azkazaletan
Lazunak azkazaletan
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-66-2
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
 

 

TORPOR

 

 

Hiru egun daramatza Jk etxean.

Sofan.

Amonak nerabetan oparitu zion manta koloretsua

bihurtu zaio azal. Mamiaren antitesi

den azal. Grisa da Jren mamia.

 

Otordu dei dakiokeen otordu bakarra

egiten du egunean: gosaria. Gainontzean:

zorroko patatak, gominolak eta

ardoa. Ardo merkea. Merkea, baina kopan.

 

Depresioa deituko lioke Hk.

Hilerokoa Ik.

Hibernazioa Jk.

 

Ados nago Jrekin. Beharrezkoa da

deskonektatzea.

Giza eskubideek onartu beharko lukete. 31. artikulua:

Inori azalpenik eman behar izan gabe

hilean hiru egunez

etxean lasai egoteko eskubidea.

Edo hibernatzeko eskubidea,

hizkera arruntean.

 

Hartz sentitzeko

eskubidea. Berdin da peluxezko

edo Pirinioetako.

 

Garrantzirik apenas duten datuak

irakurtzen igarotzen du eguna.

Portatila belaunen gainean, entziklopedia

askeari so. Wikipedia da, agian,

etxe honetan askea den bakarra.

Ni Jren menpekoa bainaiz. Eta J ere bai.

 

Legez kanpokoa izan beharko litzateke

jendartean erroturik dauden sinesmenak

faltsuak izatea. Nork sinetsarazi digu hartzek

hibernatzen dutela, teknikoki gezurra bada?

 

“Hartza negua hibernazio egoeran

igarotzen duen animalia

dela uste ohi bada ere,

bere gorputzeko tenperatura ez da

nabarmen jaisten eta

aise esna daiteke arrisku egoeran

dagoela igartzen badu”.

Wikipedia dixit.

 

Beste izen bat jarri nahi dio, beraz,

Jk bereari.

 

Meditazioa?

Medikazioa?

Dedikazioa?

Ez. Existitzen dira denak.

 

Existitzen ez diren hitzek baino

ezin dezakete horren sentsazio

zerutiarra deskriba.