Aurkibidea
LURRIKARA SINBOLIKOAK
Jolasaren porrot aurreprogramatua
KONSTELAZIOGINTZA
HERDOILDUTAKO ALDAMIOA
ETXEAK
ARRAINONTZI BAT BURUAN: JOSTAILUZKO ESKAFANDRA
POST DATA
Aurkibidea
LURRIKARA SINBOLIKOAK
Jolasaren porrot aurreprogramatua
KONSTELAZIOGINTZA
HERDOILDUTAKO ALDAMIOA
ETXEAK
ARRAINONTZI BAT BURUAN: JOSTAILUZKO ESKAFANDRA
POST DATA
ERBESTERATUA
Laskuri
I
Gela bat zara
neure baitara naramana.
Hiru pareta:
gotelea,
laugarrena:
beiratea.
Lurrak oihu egiten du
zapaldua den bakoitzean.
Krax-krax. Arrakalak.
Liburu klasikoak apalategian
eta bi aulki.
Mahai borobila
eta bi kikara
eta bi poto mahai gainean:
tea eta azukrea.
Lastima da
kafea maiteago dudala;
bestela, nire gelarik maiteena
zinateke.
II
Norbere gelaren beharrezkotasunaz
mintzo zitzaigun Woolf.
Atea itxi ahal izatearen plazeraz,
intimitateaz,
bakardadeaz.
Itxarongela zuria.
Mesias profanoaren zain
erdiminez
luze egoteko.
Ohea ezinegonekin
partekatzen duenak
gela bat behar du;
liburuen gainean
kikarak pausatzeagatik
oldartuko ez zaion
abagune fisikoa.
Nire gela hori
izan zintezkeen.
Baina zera falta,
kafea;
kafetera italiar bat
txistuka.