Lazunak azkazaletan
Lazunak azkazaletan
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-66-2
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
 

 

ZAUNK

 

 

Espero baino gehiagotan

topatzen dituzu

behar baino pauso bat

gehiago gerturatu

eta zaunka betean

hasten diren zakurrak

 

ba omen dago inorena ez den

territorio bat

zure territorioaren

eta haienaren artean

inorena ez izateak haiena

bilakatzen duena.

 

Neurgaitza da zaratak

belarri barruetan sortzen duen

oihartzunaren pisua

 

zama deitu beharko genioke

 

behin eta berriro itzultzen delako.

Zuk zaunk ez zaunk zenuke

zaunk hemen zaunk egon zaunk

behar;

 

eZinA errUz eraikitzeN daKite

eta Zuk Albotik Urruntzeko Nahi Kontrolaezina

sentitzen duzu

mundua ez dago denontzat eraikita,

eZ dA zU moduko niNfa neKatuentzat.

 

Oihartzunaren pisua da

zuk ez duzu errurik

zeuk ez duzu errurik

zeunk ez duzu errurik

zaunk! errua zakurrarena da.

 

Baina zakurrak ezin dira ihes eginda desagerrarazi

depilatzeko pintza batekin

bala bat erauzi ezin daitekeen

bezalaxe.