Lazunak azkazaletan
Lazunak azkazaletan
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-66-2
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
 

 

KATUEK OTZANARAZIA

 

 

Giltza sarrailan sartu eta

lau katu-begi oinen parean;

xalo, baina desafiatzaile.

 

Gaugiro ederra dago

—esan nahi dute tonu altuan botatako miau horiekin—

ez dago logura

telebistari oparitzea baino

gauza tristeagorik;

ez zara

ixteko puntuan dauden betazalen ederra

telezaborrari oparitzera

ausartuko, ezta?

Ez dago astelehen buruzuri baten amaitzeko

manera gatzilagorik.

 

Katu madarikatuak.

 

Giltza sarrailan utzita

hasi dut ihesa.

 

Eskailerak, kalea, hondartza.

 

Porlana, harea, ura

hankapean.

 

Zurruna, malgua, likidoa…

 

Udazkena da, epel eta sano.

Ura katuen bihotza baino hotzago.

 

Harea eta ura bakeroetan,

kartoi bihurtutako ehuna;

irriz baino adieraz ezin daitekeen

nazka hori.