Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

INVENTARIUM

 

Plastikozko landareak eta isiltasuna

ureztatzen aritu naiz.

Desio zaharrak loratu zaizkit:

metal zaporea, ron usaina.

 

Azpitituluetan bizi naiz

soluziorik ez duten ekuazio linealen bila:

euritu nazazu, zauritu, aritu.

Ez dakit zelan garbitu min hau,

amoniakoak oka eragiten dit.

 

Alferrik dut Gaussen metodoa,

inkognita larregi.

Uste dut oso ondo ulertzen dela

oso ondo azaltzen ez dakidana.

 

Belarraren dardara da nirea.

Motorra martxan geldi dagoen autoarena,

monoxido karbonoa naiz

arnastu nahi banauzu.

 

Des-sortu egiten dut,

desertu, des-urtu.

Plazerak galtzeak min ematen dit,

ohartzeak are gehiago.

 

 

 

© Leire Bilbao

 


www.susa-literatura.eus