KRISTALEN GAUA
ez dizut ezer esango zure ohetik jaikitzen naizenean
lurretik jasotzen ditut harriak arropen ordez
hitzen hotza estaltzeko
gorri ditut masailak eta izterrak
mingaina pasa dizudan lurmutur guztiak gorri zuk
horrela ulertzen nauzu
dantzari bat zure sabelean
laku artifizial baten gainean oinak izozten zaizkit
hausteko beldur naiz orduan
geruzaren bestaldean zu
nire zilbor hestetik tira eginez ez itotzeko
hau ez da kristalen gaua
giharrak beira bihurtzen zaizkit
libra nadin zu epaitzetik
atarian dudan zakurrak zaunka egiten dizu
zure besoetan jolastu ez den guztiagatik
bueltatzen dizkizut mingaina azala arnasa
eraman itzazu errekak hodeiak galderak
ez dizut ezer esango
ez maite ez agur ez itxoidazu esna
ez zaitut jaikiko nire ohe azpitik
ez zureak hainbeste baina
niri ere desioak gaiztotu zaizkit
© Leire Bilbao