Harien hari
Pedro Vargasek ez dauka teniserako praka motzik. Rodrigo Mesak bai, ordea: zuri-zuriak, deportibak bezain.
— ¡Va!
Pilota hamaikagarrenez sarearen gerrikoa jo eta nagusiaren aldean geratu denean, Vargasek bigarren aldiz pentsatu du, borondaterik onenarekin egin badu ere, ez zuela, beharbada, erortzen hasixea zegoen sarea goititu behar goizean, Rodrigo Mesak askotan huts egiten baitu sakean sarearen gerriko tentearen kontra.
— Bigarrena!
Plot-plot. Bote bat eta bote bi, gora pilota: zeru urdinean dir-dir dagi hori beilegiak. Pistaren hondotik apur bat aurreratu da Vargas. Bigarren aldian indarrik gabe atera du nagusiak, aise erantzun dio, pistaren atze samarrera, hegaleko marratik gertu. Vargasi gustatzen zaio tarteka nagusiari apur bat korrika eginaraztea, nahiz eta badakien bukaeran beti irabazten utzi behar diola, eta nagusiak bere amorru keinuren bat ikustean bereziki gozatzen duenez, haserre plantak ere egiten ditu noizean behin, John McEnroe purrustariari telebistan ikasita bezala, Vargasi, gustatu-gustatu, Ivan Lendl askoz gehiago gustatzen zaion arren. Txekiarra da Lendl eta begiko du odol eslaviarreko jendea. Hotza da, tenplea dauka, ez ditu nerbioak galtzen. Gustatzen zaio nerbioak galtzen ez dituen jendea. Dagoeneko set honetan joko parea irabazi dionez gero, berariaz bota nahi izan du oraingoan Vargasek kanpora, falta nabarmena probokatuz; atzeko marraren gainean jo du, ordea, huts egitera deitua zegoen pilotak, miragarriro. Nagusiak, ezustean, ondo erantzun du, baina besoa soin-enborrera itsatsiegi aukeran, eta albotik joan zaio.
— ¡La bola entró! —bota du irribarrez Rodrigo Mesak, beraien betiko txantxa berrituz, BIC bizar-xaflen telebistako iragarkia gogoan.
— ¡Apurado, muy apurado! —Vargasek oihartzun, nagusiak espero zuen erantzuna, masaileko bizar lañoak laztanduz. Aulkiko epailea McEnroeren bizarraz ari da, eta hark txartzat hartzen dio iragarkian iruzkina:
«¿Bromea o qué?».
«No, su afeitado señor McEnroe... muy apurado».
— Utziko diagu gaurkoz?
Harritu egin da Vargas, nagusia ez da gauzak erdizka utzi zale.
— Hator, hator pixka bat.
Xukaderarekin lehortu du Rodrigo Mesak bere buru soiltzen hasia, kopeta zabala. Gero Vargasi eskaini dio eta hau atezuan jarri da, euren tenis partidetan nagusiak ohiki egiten ez duen bigarren keinua delako. Nazkagarri samarra zaio nagusiaren izerdia, baina naturaltasunez saiatu da bere lokietako perlak Rodrigo Mesaren xukadera hezean lehertzen.
— Hara, Vargas. Panpina-barrakan bezala ari dituk gurekin, ezin diagu horrela jarraitu. Ez zaik iruditzen?
— Ez, nagusi.
— Alfredo Trota laguna huela entzun diat.
— Elkarrekin egin genuen soldadutza.
— Ezin diagu eskuak lotuta segitu, abantaila guztiak zauzkatek... Eta hori gutxi balitz, mugaz bestaldeko babesa. Zer gaituk bada, txorimaloak? Honek behin betiko amaitu behar dik.
Isilik dirau Vargasek.
— Argibideak jaso ditiat, goitik. Argi berdea eman zigutek. Garantiak. Garantiak, Vargas. Jabetzen haiz zer esan nahi duen horrek?
Baietz egin du Vargasek buruaz, nahiz eta erabat ez jabetu.
— Ministroa etorri zuan azken hiletara. Badakik armatuta ibiltzen direla bere partidukoak? Inork ez zakik, baina hala ibiltzen dituk. Eskoltekin ere ez fidatzen! Hondarribiko aireportuan ikusi nitian. Hegazkin pilotuak gordetzen zizkiek halakoetan armak, legeak derrigortuta. Banan-banan ikusi nitian pistara jaitsi aurretik norbere arma jasotzen. Tontoak dituk, bada, sozialistak!
Vargasek bere artean: «Ezkontzek ezkontza berriak egiten ditiztek, hiletek hileta berriak». Pentsatu bai, baina esaten ez diren gauzak.
Teniseko pilotetako bat du eskuetan Rodrigo Mesak, eta nik-bai-potroak, esan nahi duenak bezala heltzen dio, behealdetik, deformatzeraino estu hartuz gomazko esfera barrenutsa.
— Ez dituk denak jakinaren gainean egongo. Baina hi tartean nahi haut. Gutxi eta finak, botikan bezala.
«Gutxi eta finak, botikan bezala»? Vargasek pentsatu du ez direla ez tenisa eta ez esaera zaharrak bere nagusiak gehien menperatzen dituen arloak. Hizkuntza ez menperatzetik hasten direla gaitz guztiak, hori pentsatzeko astirik ez du izan.
— Garbi ikusten ez baduk, tenis partida hau ez diagu inoiz jokatu. Eta garbi ikusten baduk ere ez... Ulertzen?
— Bai, nagusi.
— Hirekin konta zezakeat, orduan?
Teniseko pilota askatu gabe, zerbait eskaintzen ari denaren gisan zabaldu ditu eskuak Rodrigo Mesak, baina benaz, eskaini ez, eskatzen ari da nagusia, begirada Vargasen ninietan iltzatuta.
— Trotak merezi dik hainbeste.
«Xantaia sentimentala», otu zaio oraingoan Vargasi. Bi eskuekin sostengatzen du nagusiaren xukadera zuria, odol-itunaren ordezko den izerdi-itun baten lotura jada gauzatua, eta nagusiari itzuli dio, lepoa doi bat makurtuz, Rodrigo Mesak baiezko bezala ulertuko duena. Pedro Vargasi zerbaitek erretzen dio petxua: Vera Cruzeko Ama Birjinaren domina darama katetik zintzilik, ahaztu egin zaio kentzea partida aurretik, gorrituta izango du gero kolkoa.
— Ateak aldatu beharko dira: sarrailadunak jarri. Aulkiak eta erremintak beharko ditugu, Vargas. Zinta amerikanoa, soka metro batzuk.
— Zenbat?
— Ez dadila falta —erran du Rodrigo Mesak.
«Gora edalontziak eta topa dagigun neurri doi eta zehatzaren alde!», Vargasek bere kabutan, gero zerbitzari eta otzan erantzuteko:
— Nire kontu.
Virginia etorri da umeekin handik gutxira, eta musu eman dio Rodrigo Mesari. «Ezer eteten dugu?». Ezetz Rodrigo Mesak eta laztan Sofia eta Teresari; bere bi alaba kuttunak, munduan gehien maite dituenak. Gero Vargasen andrea ere etorriko da, haren seme bakarrarekin, Sofia eta Teresa baino apur bat zaharragoa eta bere aitaren izen bera izateaz gain, haren kloniko bihurtuko dena denboraren poderioz, itxura guztien arabera. Beharrik nagusiaren emazteak eskua duen sukaldean, ederki jango dute, piknika egin ohi dute han, tenis partidaren ondoren, eta umeak etxalde abandonatuan jolastuko dira ezkutaketara, gerrara, indio-bakeroetara.
Haurren jolas inozenteak, sukaldeetara-eta, dendarietara-eta.
— ¿Qué quiere el señor?
— Leche.
— ¿Qué tipo de leche?
— Leche de mariposa.
— No tengo, señor.
— Pues yo sí tengo leche de mariposa.
Eta gero jolas gehiago: ezkutaketara-eta, gerrara-eta, indio-bakeroetara-eta, mamuak topatzera-eta.
Korrika saio, iskanbila, barre, haserre eta korrika saio gehiagoren ondoren, Rodrigo Mesaren alaba ttipiek sarearen gerrikoan zintzilik geratu den xukadera zuria erabiliko dute, makila baten puntan jarrita, bakearen bandera osatu eta errenditzen direla esateko.
Eguna ere errendituko da geroago. Tenis pistako teila-hautsen gainean eguzki laranjaren izpiak. Trasteak jasoko ditu orduan Vargasek, eta hurrengo partidaren aurretik tenis-zelaiaren marrak kareztatu behar dituela oroitu.
— Balioko du?
Utzixea dago palazioa, baina balekoa da. Aski zabala. Nahikoa aldendua. Ez du inguruan etxebizitza askorik, babesik ez da falta eta hesitua dago perimetroa. Argiteria eta farolak, udaletxeari eskerrak, ez dira batere sarriak. Hiriko erdigunean bizitzeko diru askirik ez duten familia gazteak bizi dira hemen batik bat, barreiatu antzean banatutako etxebizitza bloke ttipietan. Ongi eraiki eta urbanizatutako hiru-lau solairu gehienez, etxe-talde ez oso sarriak, beren baitara bilduak eta bakartuak, nekeza da oraindik laurogeita hamarretan etortzekoa den higiezinen loraldia sumatzea. Lorategi zaharxko batek eta putzuz betetako tenis-zelaiak inguratua, palazio hark gela dezente ditu, sei-zortzi bai gutxienez, lehen begiratuan kalkulatu duenez. Bakarren bat gehiago, beharbada. Eta sotoren bat ere ez da faltako. Labezomorroak dabiltza eskaileretan, goizeko freskurak lepogabe bilakatu dituen usoak teilatu-erretenean barbar, pintura eroria hormetan, arrautza pitzatuaren axala dirudien esmaltea nonahi. Hautsa-eta, armiarma sareak-eta.
— Zer dago garajean?
— Ezer gutxi orain. Mutilek motoak uzten dituzte hor, tarteka.
Atearen aurrean errezel lanak egiten dituen olana astuna apartatu du esku batekin: bujia pitzatuak, egurrezko kutxa batean. Mangera berdea, mila laurehuni zulatua baietz, koipe eta gasolio usaina, piragua bat plastikozko baliza gorriari estekatua, aurreko urteko egutegi bat, 1982, Futbol Mundialetakoa. Sanglas sidecar bat, Lambretta zahar bat, gasolina lata bat buruz behera, baselina hodi bat azken tantaraino zukutua putre azazkalez.
— Zakurrak ere ekartzen dituzte batzuetan.
— Zakurrak?
— Bai, entrenatzeko.
— Hemendik aurrera ez ditzatela ekarri. Akabo zakurrak, akabo motoak, eta akabo tenis partidak denboraldi batez. Garbi dago?
Gobernuaren delegatu izateko gazteegia da Fontecha, eta badaki. Horregatik hitz egiten du nagusikeria zakarrez. Horregatik eta gobernuaren delegatu izatea etorkizunean kargu gizenagoekin ordainduko dioten mesedetzat hartzen duelako. Hizketarako posturak zahartuko duelakoan, edo hogei zentimetro erantsi, edo Deabruaren begiradara hurbildu. Huts egiten du bere hiru helburuetan.
— Esango diet mutilei, lasai horregatik: azken aldian Vargas eta biok bakarrik etortzen gara.
Tenis-zelaiaren erdian, sarearen parean daude orain biak. Kare arrastoa ezabatzen hasia da lurrean eta sarea lasa dago, askoz ere baxuago erdialdean ertzetan baino. Geletara pasatu dira. Barru usain hori, euri langarra egin izan balu bezala moketaren gainean. Gertatzen da: kanpoko umelak agertzen dira barruan lantzean behin, hormei hezetasun orbanen lotsak ateraraziz. Itoginen bat, baina bestela ez dago hain gaizki. Bertan bizitzeko moduan ez, jakina. Haiek oinez, lurra aieneka, kortxo bihurri. Hau bai, hau ez, hau bai, hau ez. «Hau, hau eta hau». Leihorik gabekoak hirurak.
— Hiru gela horietan marka gorri bana nahi dut.
Sukalde izandakoan, iturria jirarazi du Fontechak. Teilatutik ez bezala, ez dator tantarik tutuan behera.
— Jenerala kenduta dago, baina hoditeria ongi dabil. Nahi izanez gero emango dugu ura.
— Gaur bertan ahal bada, Rodrigo.
— Utzi hori nire gain, Vargasekin hitz egingo dut.
— Konfiantzazkoa da Vargas hori?
«Kristau zintzo bat bezain, gure On Pedro», otu zaio Rodrigo Mesari. Beste zerbait esan du, ordea:
— Konfiantzazkoa erabat.
— Ongi aukeratu behar ditugu gizonak, Rodrigo, gai delikatua da.
— Ulertzen dut, Fontecha. Tori, giltzen kopia bat ere egin dizut.
Rodrigo Mesak urtegira eraman ditu Sofia eta Teresa, arrantzara.
— Hemen azpian herri bat zegoen lehen.
— A, bai?
— Non bizi dira orain lehen hor bizi zirenak?
— Beraien etxeak utzi eta beste etxe batzuetara joan ziren.
— Eta beraien gauzak?
— Beraien gauzak ere eraman egin zituzten.
— Den-denak?
— Den-denak.
— Eta zakurrak?
— Baita ere.
— Eta katuak?
— Baita ere.
Pentsakor geratu dira bi neskatilak, uretara arretaz begira, han zerbait antzematerik balego lez. Ez zaie, nonbait, urperatua izatear dagoen herri bat uztean norberarekin eraman beharreko beste ezer bururatzen.
— Ez da ezer ikusten.
— Aspaldiko kontuak dira.
Amuko berriak erosi ditu, beltzak eta horiak, erleen gisako marrak dituztenak. Umeek antzeko pijamak izan ohi dituzte. Liluragarria da Rodrigo Mesaren amu-bilduma. Orduak emango lituzkete alabek haiei begira; kutxan txukun-txukun sailkatuta dauzka aitak, pintore batek akuarela paleta zabala nola. Pintzel batekin kentzen dizkie hautsak. Lantzean behin berak sortzen ditu amukoak, dendan erositakoei koloretako hariak eta lumak josiz. «Belarritakoak ematen dute», esan zuen behin Teresak. Eta ez zebilen guztiz oker: andreak erabiltzen ez zuen belarritako bat moldatu zuen behin arrantzarako. Gustatzen zaie arrainei distira egiten duen oro.
— Kontuz minik hartu gabe, punta zorrotza dute.
— Zizarerik ez duzu jartzen, aita?
— Ez, zizarerik gabe ere berdin egin daiteke arrantzan.
Alabek ez dirudite oso konbentzituta. Amuan ezer jarri gabe arrainak kosk egingo diola? Bai zera! Marrazki bizidun gehiegi ikusi dute, kosta egiten zaie benetako arraina plastikozko arrainekin, eta are, arrain itxurarik ere ez duten metal pusketa koloretsuekin engaina daitekeenik sinestea. Barre egiten dute, miretsita barre, «uhau!», aitak kanabera astindu eta amua zein urrunera jaurti duen ikusita.
— Non dago? Pita ez da ikusten...
— Ikusten ez diren gauzak ere badira —esan die aitak.
Baina Sofiak eta Teresak beste zerbaitetan dute burua orain. Brinko eta dantza, elkarri eskutik helduta.
— Jarriko dugu autoko irratia, aita?
Alabek ez daukate Rodrigo Mesak ezer arrantzatuko duen federik. Rodrigo Mesak ere ez alabei ezetz esateko indarrik. R-18ko ateak ireki eta musika bilatu dute dialean.
— Hara: heldu dio!
Gutxitan ikusten dute Sofiak eta Teresak euren aita hain pozik. Bada hori, egiten ari direna egiteari uzteko aski motibo. Txirrika biltzen lagundu diote aitari, izatez honek segituan igarri duen arren pisu gutxikoa dela harrapatu duten amuarraina, txikiegia. Amua kendu dio zilipurdika ari den arrain koitaduari, umeen emozio eta espantuzko oihuen artean. Umetatik komeni zaie arrainak plateretik aparteko lekuetan ikustea, hala iruditzen zaio Rodrigo Mesari, nahiz eta haurren aurrean tripak kentzen dizkienean emaztea deseroso sentitu. Kalkulatzen zuena baino handiagoa da, baina ez du baimendutako gutxieneko neurrira helduko denik uste. Harrapakinak neurtzeko erabiltzen duen arkatzaren ondoan paratu du amuarraina.
— Gutxigatik, baina ez —esan du.
Uretara jaurti du berriz.
— Zergatik utzi duzu libre?
— Debekatuta dago hain arrain txikiak harrapatzea. Hazten utzi behar zaie. Isuna jartzen dizute bestela.
— Isuna? Zuri ere bai?
Irribarre egin du Rodrigo Mesak. «Nork zaintzen du zaindaria?», galdera horrek oihartzun egin dio buruko barrunbeetan.
— Niri ere bai, laztana —ebatzi du.
Etxerakoan, Javier Fontecharen dei bat zeukala esan dio Virginiak. Fontechari deitu dio baietz esateko, Portugalgoa martxan dagoela. Aurreikusi bezala doa dena. Pentsatu bezala. Handik gutxira jaso du espero zuen deia. Berak hartu du oraingoan. Berak hartzen du beti telefonoa, etxean denean. Hitzorduaren berri eman diote, gaztelera kaskarrean.
— Ezta pentsatu ere: Portugalen ez. Galizia aldean nahiago.
Liskarrean entzun ditu bestaldean.
— Ados, apuntatu.
Arkatzaz apuntatu du lekua, egunkari atzeratu baten izkinan: Un trozo del satélite soviético Cosmos 1402 podría impactar hoy contra la tierra. Egunkariak izango du astebete, «ez dirudi gure gainera erori denik», otu zaio. Arkatzari presio gehiegi eginda punta apurtu zaio eta txorroskiloaz berriz ere zorrozteko eskatu dio alabetako bati. Gustura eta esaneko hartu du honek enkargua. Bost minuturen buruan, zorrotz baina nabarmen laburrago bueltatu dio aitari arkatza.
Gogoratu beharko du berri bat hartzea, amuarrainak neurtzeko erabiltzen zuena baitzen hura.
Redondelan egin dute bilera, herritik ez oso aparteko baratze batean, egun argitan. Rodrigo Mesak nahiago izan zuen Portugalen ez elkartu: ordaintzen zietena ordainduta, har zezatela, bederen, baldintzak haiekin negoziatzeko Miño ibaia zeharkatzeko nekea. Aitaren lagun salazarista batek eman dio haien kontaktua Rodrigo Mesari. Fidatzekoak zirela. Hitz gutxikoak. Hala hobe.
Hiruretako bat berehala baztertu du: beltzaranegia. Bere lanean eraginkorrena ere bai, seguruenik —ez zen ahalegin berezirik egin behar Angolako gerran edo Cabo Verden hura imajinatzeko, tiro-eremuetan eskolak ematen, fusila sorbaldatik zintzilik, arma hura berezko apendizea bailuen—, baina nabarmenegia suerta zitekeen haren presentzia. Ez. Beste biekin konformatu beharko du. «Beltzak ezin du etorri». Nola adierazi adierazi beharrekoa arrazista eman gabe? Ezinezkoa. Beste biek ere ez dute munduko jenderik diskretuena ematen, eta are gutxiago hiru aste segidan likore gogorrik edan gabe egoteko autokontrolaren jabe. Baina dagoena dago. Egiten dutena ongi egin eta norentzat eta zer egiten duten oso garbi ez edukitzea da garrantzitsua, nahiz eta denbora kontua izango den egia azaleratu eta jende guztiak horren berri izatea. Urpeko munduak bazuen, goiz edo berandu, azaleratzeko joera. Zabar ez izaten ahalegindu arren, Rodrigo Mesa jabetzen da nekez disimula dezaketela azaleko poro bakoitzetik darien zabarkeria naturala. Baina ez dago beste inor bilatzen hasterik orain. Gainera, zer arraio, ez dute inor petxua zabalik bihotzetik operatu behar. Hain konplikatua ere ez da. Beste bat da haien zeregina. Horixe egingo ahal dute ondo, baldin bait ere.
Diru guztia dago maletan, franko frantsesetan eskatu dute, auskalo zergatik. Armak Italiatik etorriko dira, baina geroago esango diete non jaso.
Beretta errebolberrak eta Benelli semi-automatikoak nahi dituzte. Mokofinak izan portugesak.
— Hori ikusiko dugu.
Hizkuntza eta inguruneak ezagutzen ez dituztenez, laguntza izango dute, jakina. Bere esaneko gizonik onenetariko zenbait jarriko ditu Rodrigo Mesak haien gidari eta ezkutari, badu ideiaren bat horri buruz, nahiz eta Vargas ez beste guztiak aukeratzeke dauzkan oraindik. «Gutxi eta finak, botikan bezala». Perez Gomera? Hernandez? Hernandezekin zalantzak ditu, fidatzekoa baina gazteegia delakoan. Beti-Jai erretegian elkartuko zaizkie haiek ere. Hori bai, kobertura baino ez diete emango. Arazotan sartzen badira, adio, bakarrik moldatu beharko dute. Polizia espainiarrak ezin du horretan nahastu.
— Nola ezagutuko ditugu?
— Haiek ezagutuko zaituztete.
Film txar bateko protagonista sentitu da Rodrigo Mesa. Gustatu egin zaio. Pelikulen akordua egin zaionean jabetu da bietan zuriena denak orban nabarmena duela bekainaren gainean. Bigarren bekain bat, bekain forma bai baina ilerik ez duena. Ezaugarri fisiko gogorxka, lehen begi kolpean ohartzen zaren horietakoa, aise gogoratzeko moduko marka. Beltzaranaren begiradaren ondoren, «paraje haietan deigarriegia zinateke», ez da bigarrena baztertzen ausartu. «Espainol mizkintzat» daukatela, hori bazekien aurrez. Mizkinak haiek dira, ordea: Berettak eta Benelli semi-automatikoak, hara gutiziatxoa. Bere gizonei esan beharko die ileordeak eta betaurrekoak eramateko, hobe haien profesionaltasunaz gehiegi ez fidatu.
Portugaldarrak ere ez dira Rodrigo Mesarekin fio, denbora hartu dute dirurik falta ez dela ziurtatzeko. Ez daude dirua zenbatzen ohituta: hiru bider hasi behar izan dute zerotik sortari ametoa eman aurretik. Zabarrak izan behar, horretan ere.
Rodrigo Mesa oinez aldendu da. Zama bat balerama legez doa, nahiz eta arinago sentitu beharko lukeen maletarik gabe. Taberna bateko terrazan eseri da, portoa edanez, eguzkiaren zilarretan. Portugaldarrak ikusi ditu handik, Citröen Visa kalamastra batera igotzen. Haien matrikula-plakaren zenbakia apuntatu du, zer gerta ere. Bigarren porto bat eskatu du, merezi izateko adina lan egin duelakoan.
— Beste batzuk baino gehiago bai, behintzat —atera zaio, mikatz.
Trago laburra eman dio, ezpainak bustitzeko lain.
— Hau higatik duk, Trota.
Norbaitegatik topa egin behar. Eta ez zaio Trota beste inor bururatu. Berak Alfredo Trota inoiz begi aurrean izan ez badu ere.
Eguzkia ezkutatu egin da une batez, laino iragankor horietako bat baino ez. Itzalpean edateak zorte txarra ekarriko diolakoan, sineskeria zahar bati men eginez, eguzkia berriz agertu arte itxoin du Rodrigo Mesa teniente koronelak edaten segitzeko.
Hautagaia berandu heldu da, hautagai delako, eta hautagaia, garai bateko nobia zuriz jantziak bezala, berandu heltzea espero delako beti. Hautagaia ez da edozertarako hautagai, estatu bateko gobernuko presidente izateko baizik. Horrek ere badu bere garrantzia, eta ez txikia, potentzia-ekuazio ibiltari bihurtzen baitu etorkizunean egin ditzakeen mesede, keinu magnanimo eta are, boterea eskuratzen duenean —eskuratuko balu, baina litekeena da hala izatea— esango dituen hitzen igurikapena tarteko. Potentzia-ekuazio ibiltaria, bai, baina aldagarrietan eragin dakiokeena: ez da fosil bihurtu, badu malgutasun bat —oraindik irabazi ez duelako bakarrik posible dena— eta hautagaiaren moldagarritasuna erabili nahi du jendeak harengan eragiteko, inpresio ona uzteko. Hura okupatuta dagoenez, ez da hautagaiarekin egongo garen tarte laburrean hari mesedeak eskatzeko bezain zeken jokatzerik komeni; orain ez da tokatzen, baina mesede horien hazi posiblea oharkabean ereiten saiatzearen artea lantzeko unea dateke hau, irribarre, esku zarta, baiezko lepo-keinu eta bestelako afirmazio itxuratuen bidez: «Zurekin nago, presidente, zurekin amaieraraino, edozer gertatzen dela ere».
Efimerotasun horretan dago hautagaiaren lilura ere: irristakorra da, badakigu ez daukala gurekin egoteko denborarik, ezin dezepziona gaitzake. Eta dezepzioaren ezinezkotasun iragankor hori, horra hor gure akatsik handiena, infalibilitatearekin nahasten dugu.
Hautagaia berandu heldu da, baina heldu da eta hori da garrantzitsuena. Hemen dago hautagaia, eta, pentsatzekoa zen bezala, ez dator bakarrik, bere agenda daramaten komunikazio arduradun, idazkari eta bestelako akuilari eta gidariak dakartza inguruan, nork nor dakarren oso garbi geratu gabe zenbaitetan. Hautagaiak eskua ematen die eskua eskatzen duten bere partiduko kideei, haietako gehienen izenik ez badaki ere. Zooko zaindari sentitzen da, flamenkoei jaten ematen. Hautagaia, bere erreflexuen arintasuna frogan jarriz, unean-unean mugitzen den lekuan bertute edo estrabagantziaren bat ehizatzen saiatzen da, eta ona izan behar luke horretan. Horrela, politikarako bereziki gaztea den norbait ikustean «horrela gustatzen zait niri, partiduak jende gaztea eta konprometitua behar du» esango dio, bostekoa ematean hari besteei baino gehiago estutuz. Eskaleak bailiran ikusten ditu bere jarraitzaileak, eta bera da limosna ematen diena. Bai, kontziente da horretaz: bere bedeinkazioa banatzen doa, nolabait. Horri deitzen zaio boterea.
Ezagutzen ez duen hainbat jende agurtu ondoren, ezagutzen duen norbait aurkitu du azkenean, eta hari, bostekoaz aparte, besarkada beroa eman dio, esaldi pare bat trukatzearekin batera. Horrela, ingurukoek badakite hautagaiaren hautagaia zein den eskala ttipian, eta nori behar dioten obeditu eskualde hartan. Lantzean behin, hautagaiari norbait aurkezten diote, norbait berria, promesa bat edo partiduan izena eman berri duen norbait, bere esparruan garrantzitsua edo ospe onekoa den profesionala. Honi, bostekoa emateaz batera, zerbait esaten dio:
«Oso gauza onak entzun ditut zutaz».
Hamarretik bederatzitan, erran gabe doa, hautagaiak ez du ez gauza on ez txarrik entzun gizaemazteki honi buruz, baina hori da gutxienekoa. Hautagaiak badaki konfiantza emailea dela bere bostekoa, eta garrantzitsua dela bere jendea berarekin dagoela sentitzeaz gain, bera ere bere jendearekin dagoela sentiaraztea; are gehiago, aurkeztu berri dioten hori etorkizunean bere arerio edo hondoratzaile izan daitekeen ustean presentatu diotelako, beharbada.
Horixe zen Fontechak gero presidentegai eta geroago presidente izendatua izan zen bere partiduko hautagaia aurkeztu zioten eguneko oroitzapena, gutxi gorabehera. Hautagaiak hitz haiexek esan zizkionetako bat izateko hala moduzko pribilegioa izan zuen Fontechak. Hark ez zekien deus berataz, baina hala ere esan egin zion, esatea tokatzen zitzaiolako, bizitza hau esatea tokatzen dena esan behar izaten dugun une, aste, hilabete, urte pilaketa bat besterik ez delako.
«Oso gauza onak entzun ditut zutaz».
Gobernuaren delegatu izendatu zuten handik ez luzera. Baina urte asko joan ziren horretaz eta bere karrera politikoak ez zuen espero zitekeen abiadarik hartu. Fontecharen ametsa orain, «Oso gauza onak entzun ditut zutaz» esango zuen gizona bilakatzea zen.
Rodrigo Mesa teniente koronelak presa izaten du galoiak eranzteko. Uniformea zurrunegia iruditu izan zaio beti, almidoia aipatu zion behin Virginiak, hark plantxatzen dio, ez da erosoa eta badaki bigarren azal hori dela bere ingurukoek beragan ikusten duten lehen gauza, gauza ia bakarra ez esateagatik. Horretarako asmatu zen uniformea. Ikus zedin urrunetik pertsona baino lehenago. Paparreko botoi koloretsu horiek, zenbaitek domina deitzen dieten jostailutxoak, arrantzarako erabiltzen zituen amuen hain antzeko. Zenbat eta gorago, orduan eta uniformea janzteko betebehar gutxiago zuela zen eskalafoian gora jotzeko bere motibazio nagusia. Bere ogibideko hainbat aztura uniformeak emandakoak diren ustea izan du sarri, eta uniformea erantzirik, aztura gaizto horiek ere eranzten dituen sentipena: arratsaldero, etxera iristean, eta laster, erretiroa hartu eta behin betiko uniformea eranzten duenean, berriro gaztetako Rodrigo Mesa baikor eta airosa bihurtzea irrikatzen du.
Uniformea kendu eta bizarra egitea, horiek dira gorputz hondatuari ematen dizkion eguneko bi poz nagusiak: biluztasuna eta inozentzia errekuperatu uste izaten ditu bigarren azal hori erantzita. Bizarra egin eta lozioa masail garbian igurzteak berriz, haur musugorriaren leuntasunaren gomuta efimeroa dakarkio, gutxi irauten duen gaztetze sentipen iragankorra.
Operazio berezia izan da, ordea, gaurkoa, eta galoiak soinean sartu behar izan du patrolean, bizarra egiteko ere denborarik gabe. Madrilgo Auzitegi Nazionaletik operazioa zuzentzera —«Zuzendu? Ja! Nahi bai!»— espresuki etorritako epailea doa ondoko autoan, behin haiek GALekin nahasten saiatu zen epaile berbera, zer diren gauzak. Operatibo garbia izan da. Dena ongi atera da. Bahitzaileek ez dute erresistentziarik jarri, eta haien artean bat, nagusiena, ezagutu egin du Rodrigo Mesak.
Lehenago ere bidalia du kartzelara gizon hori. Dozena erdi urte egin zituen gutxienez itzalean, eta halako bi eroriko zaizkio orain. Espetxetik atera eta sasira igaro zen berriz berehala. Besterik egiten ez baleki bezala. Gorrotoa eta mespretxua ondo sustraituta dauzkan garuneko leku batean, atxilotuarekiko halako miresmen printza erne zaio Rodrigo Mesari ezustean. Esan zezatela bere nagusiek nahi zutena, baina han motibazio politiko bat zegoenik ezin zen ukatu: haiek ez ziren kriminal arruntak. Zerikusirik ez Beretta eta Benelli semi-automatikoen eske ibili ohi ziren soldatapeko hiltzaile jostariekin. Ez, beste kasta batekoak ziren haiek. Eta beste kasta batekoak zirelako aplikatzen zieten legedia modu ezberdinean. ZEN. Zona Especial Norte. Hala deitzen zitzaion garai batean hontz itxurako ministro hark martxan jarritako planari. Alferrik zen ukatzea. Eta gizon hark, hainbat urte eguzkia marratan hartzen pasatu, eta berriro ere bere burua ipintzen zuen terroristen zerbitzura, bahiketa batean parte hartzeko, harrapatua izan eta bere bizitzaren beste hamarraldi bat fideltasunez kausa bati emateko. Onartu beharra zeukan etsaiak eta etsaiak zeudela, eta arratoi zikin hari aitortzen zion Rodrigo Mesak leialtasunaren zentzua garatuta izatea, kontsekuentea izatea bere ideiekin. Vargasekin ez zuen dudarik, baina bere manupean zituen gizonetatik zenbatek izango ote zuten leialtasun eta koherentzia berbera urteen buruan? Eta alde erantzira begiratuta: izango ote zuen berak Fontecharen bizkarrak babestu eta haren izenik ez aipatzeko adinako leialtasunik berriro ere, azken aldian ematen zuen bezala, epaitegietara eramango balute?
Fedea ere higatzen du denborak.
Lurrerantz begiratzen zuten bi bahitzaile gazteek ez bezala, buruzagiak begietara begiratu dio, eta kokotsa beheratu du, Rodrigo Mesari mespretxuzkoa iruditu zaion erreberentzia bat eginez. Erreberentzia eta mespretxua, biak egin dizkio aldi berean. Ezustean harrapatu du keinuaren sofistikazioak, eta bera ere antzeko keinua ispilatzen saiatu den arren, badaki ez duela lortu, keinu erdia baino ez diola egin, erreberentziarena, halako etsipen derrotista apur batekin blaitua beharbada. Atxilotuak eskutik irabazi diola sentitu du, eta atxilotua ala bera, bietan nor zahartu den gehiago elkar ikusi zuten azken alditik hona, horixe pasatu zaio hurrena burutik. Nahiago izan du ondoriorik ez atera.
Une bateko txinparta azkarrak baino ez dira, ordea; lipar bateko kontua izan dira miresmen ezusteko horren loraldia zein mespretxua eta erreberentzia. Berehala, bahituaren figurak bereganatu dio arreta osoa: bizar luzea, harrapaturik egon den bitartean kilo asko galdu izana ezagun duten arropa zabalegiak, begiak irekitzeko ezintasuna, ahulezia estremoa, zutik egon ezina. Eraikin bat gainera erori balitzaio bezala, eskonbroen artetik erreskatatutako gizon pattal, hilzorikoa dirudi hark, dardaraka tapakien pean. «Gero gu izango gaituk torturatzaileak», pasatu du burutik Rodrigo Mesa teniente koronelak, eta bere paperera eta bere uniformera itzuli da, ziur gizon hura esperientzia traumatiko hartatik sekula bere onera itzuliko ez dela.
Zulo hezera sartu da gero Rodrigo Mesa. Janari arrastoak zartaginetan, gas bonbonak, aluminiozko katiluetan esnea, arroz pakete bat, ur botila hutsak eta ur botila beteak, egunkari atzeratuak, argazki makina bat, tapakiak eta barru usaina, hondarrez betetako marmita bat, hondo zabalekoa, bahituak libratzeko erabiliko zuena.
Epailea eta haren laguntzaileak inguratu dira, oharrak hartu eta zientifikakoen lana ikuskatzera. Zoriondu egin du magistratuak, betiko perfume sarkorregia nabaritu dio teniente koronelak. Atxilotuarengandik jasotako erreberentzia eta mespretxua, lehen atera ez zaizkion moduan, biak bueltatu dizkio epaileari. Batzuetan gertatzen da: okerreko pertsonari ematen diogu keinu zuzena. Edo ez: okerreko pertsonari ikasitako keinuak balio izaten digu keinu zuzena egiteko gero beste norbaiti. Berehala heldu zaio patrolekoen abisua: Virginia deika duela, aitona izatear dago eta ospitalean daude alaba eta biak.
Arazoak dituzte umea ateratzeko. Umetokia txikia zuela, hori lehendik ere bazekiten, baina ateratzeko erresistentzia handia izaki, gogorik ez kreaturak, nonbait, zuloaren gozoa uzteko. Probokatu egin behar izan dute erditzea. Bere alaba kuttuna, Teresa, bietan gazteena, erdi bi eginda, burutapenak berak hotzikara eragin dio, eta aldi berean harrotasuna. Goizeko operatiboa baino askoz ere luzeago egin zaio erditzea, gehiago sufritu du. Aginduak eman nahi lituzke, baina hemen ezin ditu eman, uniformea eranzteko paradarik izan ez duen arren, ez dute ezertarako balio paparreko amu koloretsuek. Virginiarekin eta Teresaren senar gatzbakoarekin konpartitu behar izan du itxaronaldia. Jipoitu balute bezalako aurpegia du suhiak. «Honi ez ziotek gizon izaten erakutsi», pentsatu du Rodrigo Mesak. Bi ordu luzeren ondoren, erditu da alaba; bi zatitan laranja bat, baina bi horietako batek iraun eta bizirik segitzeko bokazioa du oraindik, eta besteak, Teresak, hiltzeko bokazioa duela lirudike. Erdituaren aurpegia du zinez alabak, erdibituarena, haurrak energia asko kendu dio, flakatua dirudi, askoz ere flakatuagoa irribarre egiten duenean, eskeletiko ia, ilea narras, besoetan dauka Rodrigo Mesak bere laugarren biloba, esku bakarrarekin eusteko moduko haur ttipia, itsuegi oraindik bere paparreko dominei so egiteko. Bizitzak aurrera egiten ez duela dirudien egun, aste, hilabete, urte pila baten ondoren, batzuetan gertatzen da, egun bakarrean pilatzen dira gertaerak, konpontzen trabak, amaitzen trama irekiak; aurrera egiten du munduak, geraezin, korapilatsu, geure borondatearen ezdeusa agerian utzi eta planifikazio oro hankaz gora jarriz.
— Mutila da, Rodri —esan dio emazteak, eta aitona eta biloba, bi ume izan dira une batez, nor baino nor.
Zenbat denbora andreak Rodri esan gabe, hogei urte?
— Mutila, Rodri. Zuk nahi zenuen bezala.
Mutila izan arren, zorionez, Teresaren antza hartu dio, ez suhiarena. Adi ibiltzea hobe, hala ere: giza jendearekin ez dago jakiterik, gutxien espero duzunean ematen dizute sastakada eta aldatzen zaie aurpegia. Hobe izango dute suhiaren soberako antzik har ez dezan guardiarik ez jaitsi.
Negarrez hasi denean kendu diote umea besoetatik; «uniformearena da errua», desenkusatu da, hain zakarra da ehuna —almidoia aipatu zion behin Virginiak—. Orduan gogoratu du nola egin duen negar bahituak askatu dutenean, eta harritu egin da jabeturik bahituaren negarrak zein gutxi inpresionatu duen eta bere bilobarenak zenbat.
Leher eginda zetorren Fontecha. Emakumezkoen kontrako indarkeriaren komisioan zegoenetik asko luzatzen zitzaizkion azken bolada hartan Gasteizko egonaldiak. Patricia egongelako mahai gainean portatila jarrita ari zen lanean, txorten luzeko kopa handian ardo apur bat edan eta bizpahiru gazta ezberdin ogi txigortu berrien gainean igurtzita.
— Gaur ere lan-afaria, laztana? —galdetu zion Fontechak, ironiaz.
— Beharko...
Muxu eman zion masailean eta sukaldetik beste kopa bat inguratu zuen beretzat.
— Ebakuntza konplikatua daukagu bihar. Hori errepasatzen ari nintzen.
— Utzi asmatzen: balbula aldaketa bat?
— Bai, eta zailetakoa: bihotza eta birikak geratuko dizkiogu, makina berriarekin. Hartara errazago lan egingo dugu. Diagrama ikusi nahi?
— Afalorduan ez, eskerrik asko.
Bere ogibidearen apasionatua zen Patricia. Bizitzako arlo guztietan bezala, lanean ere metodikoa, zorrotza, txikikeria guztiak zaindu zale. Gauzak ongi ateratzea gustatzen zitzaion eta asko haserretzen zen gaizki ateratzen zirenean. Gozaldi etengabean bizi zen Poliklinikara makina berria ekarri zutenetik, Fontechak erabat ulertzen ez zuen gozaldia, baina aldi berean dibertigarria iruditzen zitzaiona. Interes handiz entzuten zion beti, txerri bihotzetatik ateratako balbulak edo aleazio metaliko ezinezkoetakoak erabiltzen zituztela esan ohi zionean, nahiz eta sarritan haren azalpenak segitzea nekeza suertatu. Bihotza eta birikak geratu, hobeto lan egin ahal izateko. Bazeuden horretarako makinak? Bai, nonbait. Gero txinparta bat eta dena martxan hasten zen berriro. Hori miragarria ez bazen, zer dago miragarririk? Fontecharen lanean ere hori posible izatea desio zuen sarritan: bere bihotza eta bere birikak gelditzea une batez, ez besteek bere erraietan lan egin zezaten, jakina, baizik eta berak deskantsu hartzeko nolabait. Txinparta bat eta lanean segituko luke gero hartara, indartuta, bere bihotz-birikek huts egingo ez zioten segurtasunarekin. Ondo legoke, zertan uka, inoren bihotza gerarazteko aukera hori izatea ere. Zerrenda luzea bururatzen zitzaion Fontechari, balbulak aldatu eta bere bihotza eskuetan izatea gustatuko litzaiokeen jendailarena. Bere andreak ez bezala, jakina, Fontechak kirofanotik alde egingo zukeen, operatuaren bularra alderik alde zabalik lagata.
— Ez dago txarra ardoa.
— Kardio-osasungarria den aitzakiarekin, bezero guztiek botila bana ekartzen didate aspaldion —bota zion Patriciak irribarrez.
Fontechak botila hartu eta gerturako betaurrekoak jantzi zituen etiketa irakurtzeko: Chateau Latour, 1994. Mahats sorta: Cabernet Sauvignon, Merlot, Petit Verdot, Cabernet Franc.
— Auskalo zenbat balio duen botila honek...
— Mileurista baten hilabeteko soldata. Pauillac bat da. Saint-Julienetik gertu dago Pauillac... Gogoratzen Antoinette eta Philipe? Handik hurbil bizi dira.
Ozpindu egin zion tragoaren gozoa Antoinette eta Philiperen aipuak. Ardo gazte estimazio eskaseko bat eman zioten behin probatzera eta Fontechari ez zitzaion hura laudatzea besterik otu. Barre egin zioten hirurek, Antoinettek, Philipek, Patriciak. «Benetako ardoak orain datoz, gorde lausenguak gerorako» esan zion Philipek, paternalismo handiz, sarkina mundu berri batean onartzearen prezioa haren lepotik barre egitea dela azpimarratuko bailuten. «Ez zara gutarikoa, baina onartzen zaitugu... Hori bai, laido burges txikia eta barretxoak izango dira pagatu beharko duzun bidesaria, ezjakin zarenez ezjakin. Erakutsiko dizugu, baina poliki. Erakutsiko dizugu, baina dibertitu egingo gara bitartean. Ezer ez da doan».
Ezer ez da doan.
Patriciarena zen etxe hartan benetako gastuei aurre egiten zien soldata. Patriciarena ardo adituaren talaia. Patriciarenak, orain «bion» bihurtu ziren udako lagun belaontzidunak, chateau garestietan Aste Santua pasatzera gonbidatzen zituztenak. Bera politikari xume bat besterik ez zen. Politikari bat, barbaroen lurraldean, hala sentitzen zen Philipe eta Antoinettengana bisitan joaten ziren apurretan. Zenbat umiliazio Fontecharekin zer egin ez zekitelarik partiduak Europako Parlamentura bidali eta honek ez frantsesik eta ez ingelesik ez zekiela aitortu behar izan zien egunean ere. Frantsesak bai politikariak, haiek bai benetako estatistak, Frantziakoa bai politika, ez Fontechak eta bere alderdikideek Espainian egiten zutena... Philipek Oriana Fallacik Andreottiri buruz idatzitako artikulu bat eman zion behin, politika zer den ere frantximant hark erakutsiko bailion, nori eta berari, bizkartzainen itzala urtetan nozitu zuenari, laurogeietako hamarkada latzean hilotzak goizero gosaritan izaten zituen Gobernuaren delegatu ohiari. Oroitzen zuen oraindik ere Fallaciren artikulua, Andreottik eragin zion beldurra kontatzen zuena, estatuburu italiarra ezagutu ondoren atera zuen ondorioa: «Benetako botereak zetazko laxoekin itoarazten zaitu, enkantuarekin eta inteligentziarekin». Bai, esaldi horiek gustatzen zitzaizkien Patriciari eta bere lagun frantximantei. Philipe, Antoinette. Ardotxoak eta gazta dastatzeak. Hori dena, ordea, hutsaren hurrengoa zen Fontecharentzat. Patricia zen bere bizitzako maitasuna, eta prest zegoen dena barkatzeko, den-den hori, gutxiespenak eta ezjakinari egindako barre zantzoak barne, laido eta guzti, nahigabe egiten zion konbentzimendu osoa zeukalako.
— Komentatuko zenuten egunkariko berria, ezta? Hamarrak arte deitu eta deitu aritu dira. Ez dut hartu, jakina. Telefonoaren kablea kentzea erabaki dut azkenean. Hain da barregarria...
Fontechak bazekien sobera ere zertaz ari zen bere andrea. Barregarria iruditzen zitzaion? Ardo kopa berriro ere bete egin zuen, Antoinette eta Philipe neurritsuak ahaztuta, eta kolpe bakarrean edan Chateau Latour kardio-osasungarria, «Pauillac bat», Patriciari bizkarra emanda, hark begirada pantailatik —balbula, zerriak, geldirik dauden birikak eta geldirik dagoen bihotza— apartatuko ez zuen jakitun.
Fontechak ezer esaten ez zuela ikusita, Patriciak segitu zuen. Jolasti mintzo zen oraindik:
— Esan beharko diezu kazetariei ez naizela zehazki kardiologoa, kirurgialari kardiobaskularra baizik... Horrela ematen badituzte albiste guztiak...
Nekatuegi sentitzen zen Fontecha, eta apur bat dezepzionatuta. Nekatuta egoteak erremedio txarra zuen, baina dezepzioarena ez zeukan etxeko atea zeharkatzean eta horrek doble amorrarazi zuen. Esan aurretik damutuko dela jakin arren, ezin izan du saihestu:
— Hain barregarria iruditzen zaizu?
Fontecha saiatu zen galdera egiten zuen bitartean irribarrea osatzen, baina bazekien keinu behartua atera zitzaiola, harrotasun zauritutik eratorria. Patriciak lehen aldiz apartatu zuen begirada pantailatik.
— Ez duzu serio aurkeztea pentsatuko, Javier...
— Ez zen hori nire asmoa, inondik ere ez, baina...
— Ahaztu duzu zer esan genuen horretaz?
— Bai, baina gauzak aldatu egiten dira...
— Birrindu egingo zintuzkete, Javier, hautagaia aspaldian dago hautatua, ondo baino hobeto dakizu...
— Alderdiak eskatu dit... Dei garrantzitsuak jaso ditut, imajinatu ere egingo ez zenukeen jendearenak...
— Ezohiko Kongresua deitzeko eskaera egiteko hots egin zizun Fuchs judas zikinak ere bai? Otzan-otzan atera zineten bere alde... Bera izango da hautagaia... Zalantzan jartzen duzu, ala?
Patriciak arrazoi zuen. Patriciak arrazoi zuen esaten zituen gauza guztietan. Orain esaten zizkion horiek guztiak, sarri askotan maiztuak zituzten afalondoetan, barrez eta mespretxuz ia beti, partiduko miseriak haiengandik zein urrun zeuden azpimarratuz, botere amiñi bat lortzeagatik doilorki labankadaka aritzen ziren izaki nardagarri haiengandik algaraz babestuz, konjuruak eginez haiek ez zezaten sekula halako sen animalen menpe erortzeko tentaziorik izan. Arrazoia zuen Patriciak, baina horrek ez zion Fontechari gizatxarra baretzen.
— Oraindik ez dago ezer erabakita.
Patricia altxa egin zen aulkitik.
— Pentsatzen ari zara! Buru-garbiketa egin dizute, ala? Noiztik dator kontua? Zergatik ez didazu sekula aipatu?
— Esan dizut oraindik ez dagoela ezer erabakita, Patricia.
— Baina pentsatzen ari zara...
— Pentsatzen ari naiz, bai. Zer txarrik dauka pentsatzeak?
— Dena, pentsatzen duzuna inora ez doala hasiera-hasieratik badakizu.
— Aukera bat izan liteke. Nire azken aukera.
— Pikotxa eman dizute zerorren zuloa egiteko... Fuchs izango da hautagaia, ondo baino hobeto dakizu...
Gogorregi aritu zelako-edo, azken esaldiak esateko hurbildu egin zitzaion Patricia, eta besoa ipini zion soinean, kontaktu fisikoak hitzen ebidentzia krudela samurtuko zuelakoan. Besoa ipini zion, ez lepoan maitagarriro, eta ezta sorbaldan paternalismoz ere. Bien bitarteko puntu batean ipini zion. Maitagarriro. Paternalismoz. Zion maitasunak senarraren pertzepzioa alde maitagarrirantz lerratuko zuelakoan.
— Ez al zara jabetzen, laztana?
— Nik beti bultzatu izan zaitut. Beti animatu zaitut zure karreran.
— Badakit, laztana.
— Eta zuk? Zergatik ez?
— Gera dadila garbi: zurea izango da erabakia. Ondoan izango nauzu, hori badakizu. Baina ez dut uste erabaki zuzena denik.
— Zergatik?
— Zeure burua otso artera botatzea delako, eta barkatu, baina zu ez zara otsoa. Ez nengoke zurekin hala bazina.
— Baina izan nintzen...
— Otsoa, zu?
— Zer uste duzu zela hau laurogeietan? Gobernuaren delegatu izan nintzen... Ez ninduzun oraindik ezagutzen...
— Gauzak asko aldatu dira geroztik. Mundua zikinagoa zen orduan, baina politikariak garbiagoak zineten.
Xalotasun leherketa bat, azkenean. «Jakingo bahu, Patricia», pentsatu zuen, eta bere andrearen xalotasunak hura baino indartsuago sentiarazi zuen une batez. «Hik, bihotza eta birikak geratzeko hire gaitasun horrekin, hik, hire kontu korronte gizenarekin, teatrorako zaletasunarekin, Traviataren argumentuari buruz luze aritzeko gaitasunarekin, Cecilia Bartoliren disko bildumarekin, Chateau Lafitte, Chateau Latour, «Pauillac bat da», hire frantses perfektuarekin, hik, emazte laztana, hik ere ez dakin dena. Ez dakin ia ezer nire munduaz. Nire lehengo bizitzaz. Jakingo bahu ez dakinala ezer, biziko ote hintzateke nirekin, ireki izango ote hidakeen bere garaian umiliazio burges txiki horretarako atea bera? Birikak eta bihotza geratu, errazago lan egiteko hartara... Zer, esango banizu, badakidala nik ere zerbait horretaz?».
Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.
Mundua zikinagoa zen orduan, baina politikariak garbiagoak zineten.
Ez ote zen alderantziz? «Gazteagoak ginen denok», otu zaio Javier Fontechari, hori da ezberdintasun bakarra. Gaztearen ustel usaina eta zaharrarena ezberdina dela. Denak ustel izan arren, euli ezberdinak erakartzen dituela ustel gazteak eta ustel zaharrak.
— Zer darabilzu buruan, Javier?
— Agian arrazoi duzu: ez nuke aurkeztu behar. Ez nago jada neke hauetarako.
— Onegia zara lehen lerroan jartzeko. Hori besterik ez nizun esan nahi.
Pedro Vargasen ideia izan da armak urtegian entregatzea. Falta den dokumentazioa ere bai. Autoa eta autoaren giltza. Beti-Jai tabernan jaso eta ekarri dituztenerako, zain zeuden bera eta Hernandez materialarekin.
— Giltza bakarra?
Bekainaren gainean bigarren bekaina duen gizonak beste giltza bat nahi duela.
— Zertarako baina?
— Giltza galtzen badugu, zer?
Pedro Vargasek ez dio erantzun ere egin. Ez du merezi. Dokumentazioa eta argazkiak eman dizkie, Hernandez aurkeztu die. Dokumentazioari ez diote portugesek gehiegi erreparatu: argazkiei soilik egin diete kasu, egunkariko kirol sailera iristeko gizarte zein politikakoak orri-pasan igarotzen dituenak bezala, makinaz jotako txostenak nabarmen mespretxatuz. Autoaren maletategia zabaldu eta armak erakutsi dizkie Vargasek. Umeak gozoki-barrakari so bezala geratu dira portugesak. Semi-automatikoek liluratu dituzte hasieran bereziki, aho zabalik, begien zuringoa eta niniak dir-dir.
— Benelli?
— Benelli, bai.
Asegurua kendu eta munizioa ikuskatu dute, dena ondo.
— Eta Berettak?
Bigarren kutxa ireki du Pedro Vargasek.
— Berettarik ez: Star dira hauek. Gustatzen ez, ala?
— Berettak eskatu genituen —bekain bikoitzekoa ez, bestea mintzo da orain. Ederra zokormazoa.
— Ez dago Berettarik... sentitzen dut.
— Berettarik gabe ez dugu egingo.
Pedro Vargas urduritzen hasi da. Hori dena nagusiak negoziatu zuelakoan zegoen bera. Starretako bat hartu eta balak sartu dizkio, haserre. Hain haserre ze, portugesetan zokormazoenak beldur izan baitu ez ote dituen haiek mehatxatuko: gosaritan hartutako bi brandyak deitoratu ditu orain, ez edan izatera jakan dakarren Derringer pistola ttipia ateratzeko adina erreflexu izango zukeen beharbada. Ezustean harrapatu ditu denak Pedro Vargasen tupusteko aldarte aldaketak. Ez portugesak bakarrik. Baita Hernandez ere.
Isilgailua jarri eta gerrian sartu du gero pistola. Arma kutxen azpiko ordezko gurpila maletategitik atera eta pirritan darama urtegi ertzeko urkietako baten pareraino. Zuhaitzaren kontra jarri du gurpila eta oinez itzuli da portugesak eta bere konfiantzazko gizonak dauden lekuraino.
Hiru tiro egin ditu diana inprobisaturantz, hogei bat metroko distantziatik, bata bestearen segidan. Pultsua irmo. Lehen biek alderik alde zulatu dute gurpilaren llanta. Hirugarrenak goma hustu du, baina aluminiozko zirkunferentziatik gertu, hala ere.
Amorratuta begiratu die portugesei Pedro Vargasek, pistolaren heldulekuko aztarnak mahukaz garbitu eta arma bekain bikoitzeko gizonaren eskuetan jarri aitzin.
— Star. Ez duzue hoberik aurkituko. Gai izango zaretela uste duzue?
Portugesek elkarri begiratu diote, zalantzan.
Bekain bikoitzeko gizonak eman du ametoa, ahots marrantaz, marmarka:
— Ados. Baina errepuestoko gurpil bat beharko dugu, badaezpada.
«Su puta madre», esan du bere kolkorako Pedro Vargasek, baina gero Vera Cruzeko ama birjinaren domina alkandoraren bestaldetik haztatu, hari barkamena eskatu eta tenplatzea erabaki du.
Ivan Lendl tenislariarekin akordatu da. Euren burua kontrolatzen dakitenekin. Odol eslaviarra. Halakoa nahi luke berak ere.
Presidentetzarako hautagaia izateko bere alderdietako primarioetara aurkeztea erabaki zuenetik lanez gainezka zebilen Fontecha. Eskerrak Beleni, eskerrak bere idazkariari.
Rara avis bat zen Belen. Bazuen halako aura antzeko bat. Gaztetasuna baino ez gizon helduaren begietan? Oso litekeena zen, bai, baina Fontechak sinetsi nahi zuen itzaliko zen biologiaren berdetasun hutsala baino zerbait gehiago zela haren aureola. Zerbaitetan sinetsi beharra zegoen, ala? Alderdian sartu berri, aise menperatzen zituen lau hizkuntza, eta promozioko lehena izan zen Deustuan. Gauza bat zuen txarra: zuzenbidea ikasi izana. Tira, behar zuen Belenek ere akatsen bat, eta zuzenbidean lizentzia izatea zen berea, halako karrera arrunta halako pertsona markatik fuerakoarentzat. Deustuan ikasten zuten gehienek bezala «zuzenbide ekonomikoa» egin zuela zehaztea gustatzen zitzaion, hala ere, bertan bizi izandako lanak eta nekeak nolabait errentabilizatu eta zuzenbide lizentziatu saldo erdipurdikoarengandik bere burua bereizi nahi balu bezala etengabe. Ukitu elitista bat? Klasista akaso? Karrera urteko hamar espedienterik onenen artean amaitu ostean kazetaritza masterra burutu eta berehala izendatu zuten erkidegoko komunikazio arduradunaren laguntzaile, eta primarioak amaitu bitarte, Fontecharen ezker eskua izango zen. Behin horrelako harribitxirik topatuko eta, elkarren ondoan bide luzea egiteko itxaropena zuen Javier Fontechak.
Lasai arraio zihoazen, su-eten garaia baitzen berriro, eta menia-udaldi horiek betirako ez zirela aspaldi ikasia zuenez gero, abagunea dastatzea zegokien, beraiengandik berrehun bat metrora modu aski diskretuan oinez zihoazen bizkartzainez ahazteraino ia. Uda betiko balitz ez litzateke uda.
— Elkarrizketa bat dugu. Edizio lokala, ezer gutxi. Idoia Erro izeneko bat da kazetaria, gaztetan ezker abertzaleko prentsan aritua, baina urte dezente daramatzana El Mundoren Bilboko erredakzioan.
Memoria txarra zuen Fontechak, baina mingostasunak argazki-finkatzailearen lan likidoa ongi bai ongi egiten duenez, iltzatuta geratu zitzaion izen hura. Idoia Erro. Ondo gogoan zuen hark sinatutako soslaia, Patriciarekin izandako eztabaida eragin zuena. Hainbeste urteren ondoren, ez zuen lortu Patriciak El Mundo utzi eta El País erosterik.
«Esan beharko diezu kazetariei ez naizela zehazki kardiologoa, kirurgialari kardiobaskularra baizik... Horrela ematen badituzte albiste guztiak...».
— Pentsatzekoa da honezkero difuminatua izango duela garai bateko borroken idealizazioa, baina hobe izango duzu harekin tentuz ibili, zer gerta ere.
Eskola zaharrekoa zen Pedro Vargas. Eta ez jainkoarengan eta zigor jainkotiarretan sinesten zuelako bakarrik. Sinesten zuen leialtasunean eta mendekuan ere.
Leialtasun zahar bat zen Palentziarako bidean jarri zuena, kopilotuaren aulkian oxigeno botila lagun, eta tarteka maskara sudurrera eta ahora eraman behar bazuen ere, bazekien onik iritsiko zela. Vera Cruzeko ama birjinak sorotsiko zuen. Hitzordu garrantzitsua zeukan bertan eta bada hori nahikoa arrazoi iritsiko zarela jakiteko. Autopistara sartu aurretik errepide komarkaletik gidatu eta urtegian geratu zen une batez. Ez zen lekua asko aldatu. Urkiek bertan jarraitzen zuten. Han nonbait lurperatuta egongo ziren Star pistolaren bala-zorroak ere. Kopilotuaren aulkira aldatu zen, autotik atera gabe, eta magalean hartu zuen oxigeno botila. Leihoa ireki eta kanpoko haizea arnastu zuen, ordea, botilakoaren ordez. Pentsatzen zuenaren alderantziz, ez zen aire garbi hura aski izan. Maskara muturrera eraman behar izan zuen segidan, itoko ez bazen.
Zergatik egin geldialdia urtegian? Han jada ez zegoen ezer. Ur bareak, gomuta asaldagarriak. Eta, hala ere, leku hark gauza asko esan nahi ditu beretzat. Oroitzapen asko dakarzkio akordura. Lasaitu egiten du eta urduritu. Beretta eta Benelli.
Ilundu aurretik iritsi zen Quintanaluengos herrira. Anaia topatu zuen, jorratze lanetan. Besarkatu egin zuen. Gustura esango ziokeen: «Ez daukak jorratzeko edaderik».
— Nolatan etorri haiz abisatu gabe? Nola hago? Jango duk zerbait...
Ez zeukala goserik, baina ezin izan zion meloi puska ederrari uko egin.
— Murtziako suhiak ekarri zidaan atzo. Puntu-puntuan zagok.
Bai, freskoa eta gozoa: ez zuen aspaldian Vargasek deus hain gustura jan.
— Zergatik ez haiz semearekin etorri? Astakeria egin duk bidaia bakarrik eginda. Hagoen egoeran... Noiz arte haiz geratzekoa?
Pedro Vargas esatear egon zen: «Mundu honetan, esan nahi duk?». Ez zuen, ordea, behin etorriko eta, anaiarekin ozpin jokatu nahi.
— Ez zaik gidatzea komeni. Bakarrik nagok bihar arratsaldera arte, baina Nuriak eramango hau bihar etxera nahi izatera...
Ezetz esan zion Pedro Vargasek.
— Meloi gehiago?
— Gauean akaso...
— Meloirik ez gauetan: «Por la mañana oro; por la tarde plata, y por la noche mata». Ez daukak gogoan gure zaharraren errefraua?
Errefrauak, jakina, asko dakizki Pedro Vargasek: «Gutxi eta finak, botikan bezala».
— Aitaren gauza asko ditiat gogoan. Adibidez, zergatik sartu zen guardia zibil.
— «Dena bere lekuan egon dadin».
— Horixe. «Dena bere lekuan egon dadin». Don Emilio gora eta Don Emilio behera, denek ezagutzen zitean eta estimatzen Emilio Vargas, denek esaten ziotean bere izenetik.
— Herri txikia duk gurea.
— Herri txikietan estimazioa edo gorrotoa, handiagoak dituk beti.
— Ez zian sekula tirorik jaurti. Ezta airera ere.
Labankada bat zen hura. Sekula ez zuten aferaz aurrez aurre hitz egin, baina anaia jakinaren gainean zegoen 80ko hamarkadako Iparraldeko gerraz. Ez zegoen ados hartutako bideekin. Pedro Vargasen semea ere ez, osabaren antza zuen horretan. Eragiten zion halako erresumin bat inguruko inor bere larruan jartzeko gai ez zela ikusteak.
— Gure aitak... guardia zibil izatea sereno izatearekin nahastu zuela esango nikek —bota du Pedro Vargasek.
— Ez duk hori hire kasua...
— Umetan ez huen hik aita bezalakoa izan nahi? Sekula ez? Esan nahi diat, mukizu batzuk ginenean... Zer huen hiretzat guardia zibil izatea? «Iparraldeko sindromea» eta hori dena asmatu gabe zegoan artean...
— Baina Franco bizi zuan hi sartu hintzenean, Pedro... Beste bide bat aukera hezakeen.
— Hik bezala, esan nahi duk?
Isilik geratu zen anaia. Ez zion inoiz graziarik egin Pedro guardia zibil sartu izanak. Nekazaritzan aritu zen beti bera, nekazaritza sindikatuetan ere bai, ez zuen Palentzia uzteko tentaziorik izan sekula, ezta familia osoa gosez hilko zitzaiola ematen zuenean ere. Bi aldiz porrot egin zuen bere kooperatibak, eta bi aldiz utzi zion Pedrok dirua. Nuria ilobaren enpresaritza ikasketez ez hitz egitearren.
— Guardia zibil sartu nintzenean Francorengan pentsatzen nuela uste duk?
— Damurik ez, beraz.
— Nork bere bizitza bizi dik. Ahal duguna egiten diagu.
Azken bi esaldietan ados zeuden anaiak. Esan zitzakeen Pedrok biak, eta baita bere anaiak ere. Damurik ezak ñabardura ezberdinak zituen anaietako bakoitzean, ordea.
Hiru aldiz errezatu zuen Vargasek Vera Cruzeko ama birjinaren aurrean. Une batez, Ivan Lendl tenislariaren antza hartu zion irudiari. Lantzean behin gertatzen zitzaizkion horrelakoak buruko gaitzaren kontrako botikak hartzeari utzi zionetik. Popatik. Bazuen nahikoa minbiziarentzat hartzen zituenekin.
Don Gregoriok beso zabalik hartu zuen: kanpaia erori zenean eskuzabal jokatu zuen berria erosteko dirua jarriz. Donazio anonimoa izan zen Pedro Vargasena. Nerjan etxea erosi ondoren sobratu zitzaiona. Laurogeigarren hamarkadan izan zen hori ere, ez zegoen narkotrafikoaren kontrako borrokan konfiskatutako diruarekin orain adinako kontrolik. Elizaren fakturekiko ere ez, nonbait. Gaur egun, zalantzan jartzen zuen bigarren hauekiko fiskalizazioa. Eliztarren mezetarako joera izugarri eskastu zen arren, bueltan-bueltan, gutxien galdu zuen negozioa izango zen Don Gregoriorena. Aurki jabetu da apaiza Vargasek tirriki-tarraka dakarren oxigeno bonbona gurpildunaz.
— Birikak hartu dizkizu, ezta?
Vargasek erabakia zuen ez ziela puntzio, plaka eta eskaner bat bera ere gehiago egiten utziko. Medikutarako azken bisitek metastasiak bere egindako lurralde berrien albiste jasotzeko baino ez zuten balio izan. Bataila galduta zeukan, baina zoritxarrez, marexal militarrek ez bezala, ezin bere esaneko gizonen erretirada deitu eta gudu-lekua utzi. Alferrik ziren Starrak, Berettak, Benelli semi-automatikoak. Bere gorputza baitzen gudu-leku. Errazegia zen bere gorputz barruko karramarroaren hedapena bizitzan gaizki egindakoen ondoriotzat hartzea: zigor jainkotiarra, Soto eta Zeberio bere barrenak usteltzen, bi gizon gazte ñimiño, bi eskeleto pozoia hedatzen bere heste eta biriketan. Ez, gauzak ez ziren horren sinpleak, baina giza garunak horren sinpleki funtzionatzen zuen zenbaitetan...
Emazteari, medikuari morfina dosia igotzeko eskatzeaz batera hitz haiek entzun zizkionean, mutu geratu zen Vargas:
— Hau tortura bat da.
Egia beti jakiten omen da, azkenean.
Vargasek 1983ko urriko egun haien berri eman zion abadeari, ez lehen bezala, ez bere buruari «egin behar huena egin huen» esaten dionak bezala, beste modu batera baizik. Berak oroitzen zituen legez, xehetasunik ahaztu gabe, bere burua justifikatzeko nekerik hartu gabe. Bere buruari sekula kontatu ez zion moduan, harrituta ikusirik bere ahotik ateratzen ziren hitzak eta esaldiak zein ondo txirikordatzen zitzaizkion elkarri. Rodrigo Mesak esandako hitzak ere berritu zizkion, haren izenik aipatu gabe:
«Itxura penagarria dute, ezin ditugu horrela utzi: desager daitezela».
Tarteka oxigeno maskara eramaten zuen ahora, azken hatsen biltegi zen botila hartatik hats bat gehiago zurrupatuz, benetan azkena noiz etorriko zen segurantziarik gabe. Hasita zegoen atzerako-zenbaketa. Bat baino gehiago izan daitezke azken hatsak. Lekutan geratu zen bost seteko tenis partidak nekatu gabe jokatzen zituen garaia. McEnroeren purrustaldi itxuratuak, la bola entró, apurado, muy apurado.
— Terriblea da esaten didazun hori guztia, Varguitas —entzun dio abadeari, eta isilik geratu dira biak.
Maskara eraman zuen aurpegira, nahiz eta birikak oraingoan ez zion oxigeno gehiago eskatzen. Maskara eraman zuen aurpegira, ez oxigeno eroale gisara, maskara estalgarri bezala baizik.
Gauza terribleak kontatzea abade ulerberei. Zerk egiten zuen hori posible, XXI. mendearen hastapenetan? Oso sinplea zen erantzuna: kontzienteki edo ez, aitorpena egiten duenak badaki ez dagoela beste erakunderik elizak adina izugarrikeria egin duenik. Igualeko izugarrikeriak egin dituenari norberak egindakoak aitortzea, jakinik parean duzun erakundea zurea baino odoltsuagoa izan dela, errazagoa suertatzen da. Nola ez zen oraindik inor konturatu? Izugarrikeriak egin izana, Inkisizioa, barne-diktadura ziren elizaren kapital moralik handiena: iluna zelako bere funtzionatzeko era, horregatik erakartzen zituen oraindik ere jende ilunak eta haien testigantzak. Eta gero, sekretu horiekin negozioa egiten zuen. Zulo beltzen indarra zuen. Eliza erakunde garden eta demokratiko bihurtuko zen unean, akabo bere boterea.
Vargas lasai geratu zen, bakean. Eroso sentitzen zen egurrezko konfesionarioan belauniko. Kanpoan beroegi zegoen eta freskura hartan ez zuen oxigeno-maskararen premia hain sarri sentitzen, horixe zen egia. Arratsalde osoa igaroko zukeen bertan, ilunpean, sententziaren zain. Jakin-min apur bat sentitzen zuen, egia zen hori ere: urte gehiegi iragan ziren konfesatu gabe, «benetan» konfesatu gabe —Beretta eta Benelli—, eta ez zekien «ego te absolvo» esango zion edo gurutzearena egingo soilik eskuarekin. Ez zekien zer penitentzia bururatuko zitzaion abade ulerberari, ez jakiteagatik, bera egoera tamalgarri hartan ikusita errukituko ote zen ere ez zekien.
Andrearekin Italiara egindako eztei bidaia oroitu zuen Vargasek, nola Milango Duomorako bisitan durduzatuta geratu ziren katedral erraldoiaren barrualdean bata bestearen ondoan ilaran jarritako dozenaka konfesionario ikusita: zein baino zein dotoreago, dozenaka hizkuntza ezberdinetan konfesa zintezkeen bertan. Benetako sekretu-prozesadore eleaniztuna zen hura. Konfesionario txiki pila baten ondoan, handiago bat ikusi zuten: penitenza maggiore. Bertara sartzeko zer bekatu larri egin beharko ote zen, horrekin ibili ziren txantxetan emaztea eta biak.
Orain bazekien.
Egia beti jakiten omen zen, azkenean. Baina gehienetan beranduegi etortzen zen, eta jada ez zuen ezertarako balio izaten. Meloia bezalakoxea zen egia, beraz. «Por la mañana oro; por la tarde plata, y por la noche mata».
Egia beti jakiten omen da, eta gehienetan, egia hura urtetan ezkutatu duen hark esaten duelako, sekretua ezkutatu duenaren borondatez, eta ez zoro moduan bila ibili den haren lanari esker. Norberak salatzen zuen bere burua, azkenean. Detektibe nobela gehienak, honenbestez, faltsukerian oinarritzen ziren. Ez ziren inondik inora sinesgarri. Garrantzitsuagoa zen beti konfesio espontaneoa, peskiza burutsua baino.
— Hezurrak non dauden esan beharko litzaioke familiari —murmurikatu dio abadeak, eta Vargasek entzuntzat eman du bere penitentzia.
Zerk eraman zuen Fontecha harreman hura hastera —Fontechak hasi ote zuen, egiaz? Ez ote zuen Belenek hasi?— hori ez zen erraza azaltzen.
Elkarrekin pasatu zituzten orduek eta lan egun luzeek, etxetik kanpo hotel berean eta gela bereizietan konpartitu zituzten gauek, baina agian eta bereziki, ordu luze eta aspergarri, neutro eta zaporerik gabeko horien artean harreman fisiko eta sentimentalera lerratzeko inolako aurre asmorik gabe gauzatu ziren zenbait une intimok, lan harremana mundu pertsonalera hurbildu zutenak, ustekabean. Bere buruari kontatzen zion errelato horietako bat —ziurrenik faltsua izango zena, honenbestez—, The New York Times egunkariko berriemaile bereziak egin zion elkarrizketarena zen. Elkarrizketa luzea egin zion, gero bere iritzietatik bizpahiru lerro baino erabili ez zituen arren erreportajea osatzeko, eta Belenek egin zizkion itzultzaile lanak. Itzuli bakarrik ez, interpreteek egin ohi duten legez, belarrira xuxurlatu zizkion kazetariaren galdera luze eta mamitsuak, sofan bere ondoan jarrita. Gertutasun hark, neskaren izterra bere izterraren kontra, neskaren ezpainak bere belarrietatik hain gertu, haren ahots xuxurlaria leun-leun hizketan zuela, bereziki xarmatu zuen. Fontechari otu zitzaion orduak eta orduak igaro zitzakeela hantxe geldirik, zaldiei xuxurlatzen omen dieten horien antzera, bera zaldi bilakaturik eta Belen xuxurlatzaile. Kitzikagarria zitzaion hain gertu sentitzea, petalo zurien perfumea, aurpegian emandako ukendu freskagarrien lurrina. Urduri zegoen elkarrizketa haren atarian, ezustekoa izan zen beretzat Belen bere ondoan hain gertu eseri izana, izter eta gerriaz gain sorbaldak ere elkarri ukitzea hain nabarmen. Galderak azaldu ahala eskuak mugitzen zituenean neskaren hatzei erreparatzen zien tarteka, denbora guztian begiradari ez eusteagatik —horrek areago urduritzen zuen Fontecha—, atentzioa mantentzen zuela adierazi nahi zion, galdera ulertzen zuela, bai, baina Fontechak esku haiei heldu nahi zien, laztandu egin nahi zituen, kutsatu egin nahi zuen azal leun, azal ehun harekin. Oso profesionala dena, profesionala soilik eta profesionala baino ez, itzulpen kontsekutibo ariketa inpertsonala, politikaz baino ez ziren aritu, euskal gizarteaz, euskal nazionalisten grinaz eta Fontecharen grina horrekiko ikuspegi kritikoaz, eta hala ere, berriemaile berezi amerikarraren galderak sekula ez amaitzea desio zuen Fontechak: «Egin ditzala galdera luzeak, Belenen itzulpena entzuten segitu nahi dut belarri ertzean».
Hallean elkarrizketa egin ostean hoteleko gelan hitz egingo zuten horri buruz, nola Fontecha aztoratu egin zen Belenek galderak itzultzen zizkion bitartean belarrietako iletxoak ere ikusiko zizkiola pentsatze hutsarekin, nola Belenek ere bazuen halako izu bat, bere hatsa desatsegin suertatuko ote zitzaion Fontechari, «belarriek ere usaintzeko ahalmena balute bezala»... Eta hoteletako enkontruen ondoren Belenen etxea ezagutzea etorri zen, pauso handiegia, bertigoa ematen duen horietakoa; garajetik sartu ziren, inork ikusiko zituen beldur, oso berandu, baina ez zituen inork ikusi eta salbu sentitu ziren elkarren besoetan. Eta haren etxea, etxe soila, domestikoa oso, hunkigarri izateraino apala, ikasle izateari utzi berri dion eta oraindik diseinuaren atzaparretan erortzeko adina diru ez duenarena, —ez ziren uste bezain eskuzabalak izango alderdian komunikazio arlokoen soldatarekin—; Ikeako altzariak eta katiluak, zuzenbide ekonomikoarekin zerikusirik ez, gehiago zen han Belen arrunta eta benetakoa, janzten zituen gauzen neurrikoa, ganbara itxurako txapitula, apur bat bohemioa ere bai, zergatik ez esan, eta zein ederra haren lotsa eta kezka Fontecharentzat leku hura gutxitxo izango ote zen behin eta berriro errepikatuz, «etxe oso normala daukat», zenbat aldiz errepikatu ote zion desenkusa hura, jakin gabe ziur aski, Fontecha bere etxean baino are etxekoago sentituko zela han, ahaztuak zituen bere ikasle garaiko oroitzapen intermitenteak piztuko zizkiola, gaztetu egingo zuela etxeak berak Belenen azal ehunak eta azal leunak adina, hunkitu egingo zuela Belen bere gainean zangalatrau ikusteak, zakilari heltzen eta zakilari hura Belenena balitz bezala eraginez, trabesti ezinezko bilakaturik neska bere begien aurrean, «urteak ziren inork ez ninduela masturbatzen».
Eta gero, maitale noizbehinkakoak noizbehinkako izaten jarrai dezaten nahi denean sekula egin behar ez litzatekeen zerbait: amorantearen bizitza domestikoa ezagutzearen arriskua, larrutarako denbora gehiago uzten duten otordu errazak elkarrekin prestatzea, Belenek flaskoak eta kremailerak nola ireki eta ixten dituen, elkarri belarrira gauzak ahapeka esanez, The New York Timeseko berriemaile bereziak du errua, belarrira itzulitako hitzek.
Arrisku hori bizi eta arrisku horretan erori. Amiltzeko arriskua, eta berriro ere amiltzeko aukera izango duzula jakitea.
Rodrigo Mesak Cartagenan Soto eta Zeberioren hezurrak identifikatu dituztela irakurri duenean Vargasi deitu dio berehala. Honek ez dio, ordea, telefonorik hartu. Fontecharekin saiatu da, orduan, ezinegonak jota.
Fontechak entzun nahi zukeen azken ahotsa da Rodrigo Mesarena.
— Irakurri duzu egunkaria?
«Zakurrak ere ekartzen dituzte batzuetan».
«Zakurrak?».
«Bai, entrenatzeko».
«Ba hemendik aurrera ez ditzatela ekarri. Akabo zakurrak, akabo motoak, eta akabo tenis partidak denboraldi batez. Garbi dago?».
— Rodrigo...
— Irakurri duzu egunkaria? —entzun du berriro.
Javier Fontechak ez du egunkaria destolesteko premiarik bertan zer dioen jakiteko, nahiz eta albistea irakurriko duen berehala, diagonalean, dena dakienak bezala, jada bere buruan idatzita dagoen albistearen aldagarria mentalki idatzitakotik zenbateraino urruntzen den ikusteko, eta bereziki eta garrantzitsuena, bere izen-deiturak agertzen ote diren edo ez ziurtatzeko.
Ez dira agertzen, baina halakoxe aurreikusezinak dira-eta burubideak, Javier Fontecha ez da horregatik lasaiago geratu.
— Abokatu on bat nahi dut —bota dio Rodrigo Mesak mehatxagarri—, ez aurrekoan jarri zenidaten txorimaloa.
— Telefonoz ez, Rodrigo...
— Non geratuko gara orduan?
Fontecha etxera heldu bezain pronto jabetu zen Patricia haren zurbiltasunaz.
— Zerbait gertatu da, Javier?
Su-etena apurtu zenetik hona atentzio gehiago jartzen zion Patriciak senarrari, haren sarrera-irteerei, ustekabeei, irratiari. Erlojuari arreta jartzen zion beti inguruan irrati edo telebista bat zegoenetan, eta orduak puntuan zirenean piztu egiten zuen beti irratia, albistegiaren lehen minutua entzun eta ez bere senarra ez beste inor ez zutela hil ziurtatzeko: tsunamia Malaysian, lurrikara Haitin, lan hitzarmena kolokan, hegazti gripea Asia latz kolpatzen. «Ongi, sentitzen dut, baina lasaitasunez hasperen egitea da gorputzak eskatzen didana». Halaxe da: murritza da axola diguten katastrofeen diametroa, eta urteekin gero eta murritzagoa. «Gaur ere ez dute Javier hil», edo, gehienera jota «egun bat gehiago atentaturik gabe», bururatuko zitzaion, eta bihotza —berak hainbeste ezagutzen zuen bihotz hura, bere balbulekin eta bere iskemiekin eta bere elektro menditsuekin— bere onera etorriko zen berriz, patrikako telefonoak bonba-erloju izateari utziko zion, eramailearen eskuetan leher zorian zen esku-granada izateari utziko zion bere patrikan, mezulariaren tresna arrunt bilakatzeko berriz: mezu friboloak jaso eta bidaltzeko tresna alaia. Gaizki pasatzen zuen Javierren zain, senarrak ekitaldi publikoak zituenetan, bereziki, nahiz eta bazekien halakoak izan ohi zirela seguruenak, goizean goiz autoan akabatzen —«jainkoarren, zer hitz da hori?»— zituztela haietarik gehienak, gutxien uste zutenean, akats ttipi batek edo segurtasun neurrietan egindako lasaiune minimo batek eraginik, bizkartzain eta guzti, autoaren pean lapa-bonba bat jarrita, «arratoiak bezala», eta ez zela aukera handirik geratzen, geratzen zena haien bihotza izaten zela, porrokatua, eta ez zegoela hari txinparta batekin berriro ere martxa ematerik, ez zegoela zerri balbula ez aleazio bereziko metalik haiek berpiztuko zituenik. Patricia ohituta zegoen odola ikustera bere lanean: transfusioak, oharkabean irteten zen borborra, ebakuntza zailenen ondoren zakarretan amaitzen zuten latexezko eskularruak, maskarak eta mantalak, oso lantzean behin kirofanoan geratzen zitzaien gaixoren bat, maskara hieratiko berpiztu ezinezkoak, atzematen zailak ziren aneurismak, ez zen beti miraria posible. Bere lanaren parte zen hura, usain batzuk, irudi batzuk eta keinu batzuk, zehatzak eta zuzenak, errepikatzearen errepikatzez aski mekanizatuak. Azken urteotako teknologiaren aurrerapen itzelek keinu eta jarduera berriak etengabe ikastera derrigortu zuten —etxeko bibliotekan Javierren gustuko nobela saldoaren ondoan apalak leporaino betetzen zituzten kirurgia-manual mardulak horren lekuko, AEBetako eta Australiako ikertzaileen artikuluak—, baina odola beti zen odola, eta ohiturik zegoen, bisturiaren marrazki zehatzera, mozketa kalkulatura, bular-hezurrak hatz puntekin ukitzera. Besterik izango zen espaloiaren erdian odolusturik topatuko zuena bere senarra izatera. Javierri sekula ez aitortu arren, askotan pentsatzen zuen horretan, senarrak azken muxua eman eta etxea uzten zuenean. Ordutegiak eta bizitzaren eguneroko martxa aldatu zitzaizkien, eskerrak seme-alabak jada unibertsitatean edo ezkonduta zituzten bederen —nork bereak, aurreko ezkontideekin izandakoak, beste bizitza batean—. Garaiz guraso izanaren azertua aitortu behar zioten elkarri, desmartxa hark haiei biei eragiten zien, eta ez seme-alabei. Gaitz erdi. Baina gaitz handi baten erdia, edonola ere.
— Zerbait gertatu da, Javier?
Norbait maitatzea harengandik egin ditugun norabidearen jirak eta bizi-koordenaden aldaketak sekula ez hari leporatzea da, zenbat aldiz zapuzten ditu harremanak erreprotxe-festa horrek: «Zugatik ez balitz, niri berdin zait, baina zu, ez al zara konturatzen zu ez bazeunde nik, zugatik esan nion ezetz, zugatik ez naiz joan, zugatik eta umeengatik uko egin diot, ez al zara jabetzen?»; «Norbait maitatzea, Javier», pentsatzen du Patriciak askotan, «da ez aitortzea sekula lehen hain gustuko zenuen lan-osteko solasari uko egin diozula, kolegekin txutxu-mutxu klinikoen errepasoa egiteari uko egin diozula da maitasuna, Poliklinikako neurologoekin eta kirurgia estetikoko arduradunarekin hartzen zenuen arratsalderoko garagardoari uko, zergatik eta, autora zazpiak jo aurretik iristeko eta ez zazpiak eta laurdenetan, zazpiak puntuan irratiko albisteak entzun nahi dituzulako, auto erosi berrian eserita, tapizeriaren larru usainak inguraturik. Eta federik izan gabe otoitz egitea ere bada maitasuna, patrikako telefonoari orakuluari bezala begiratzen diozun bitartean, albisteetan ez dezaten zeure senarraren izenik esan».
— Zerbait gertatu da, Javier?
«Maite dut, maite nuen eta ohitu egin nintzen harekin bizitzera, gero ohiturak pisua irabazi zuen eta maitasunak galdu, baina ohitura bat ezin maita daiteke, ala?». Hainbeste literatura, hainbeste fikzio, hainbeste psikoanalisi merke egin da ekuazio sinple horren lepotik: ohitura eta hormonak nola lotu, arrazoia eta pasioa nola uztartu norbere burua suntsitu gabe, zertan gauzatu norbere barruan gertatu eta galtzen diren batailak, eta kokots-gora eta duin segitu kalean barrena oinez, duela zenbait urte geure buruaren baitan erridikulu joko genituzkeen itxura eta jarrerekin.
— Zerbait gertatu da, Javier?
Ohiturak eman dio hori, ohiturak eman dio Javierren aurpegia bere esku ahurra bailitzan irakurtzeko gaitasuna, gertatzen da urteekin, hori bakarrik estimatzen diogu denboraren igaroari, une batetik aurrera ezagutzen ditugun jende-modu eta aurpegiera guztiak lehendik ikusiak ditugula beste non edo non, beste norbaiten aurpegian. «Ezer ez zaigu berri eta ezer berri ez izatea lasaigarri da une batetik aurrera», pentsatzen du Patriciak, «eta horregatik dakit nik senarraren zurbilak zerbait esan nahi duela, eta axola zait zer esan nahi duen, bizirik dagoelako hemen eta nirekin, eta gaur goizean eman didan muxua, orduan ez nekien baina orain bai, ez delako azkena izan».
Ezetz esan dio Javierrek, ez dagoela zertaz kezkaturik, baina Patriciak badaki ez dela egia eta aurki emango duela Javier Fontechak amore.
— Zerbait kontatu behar dizut, Patricia.
— Sei puntu eman behar izan dizkiogu, baina zure emaztea ondo dago.
— Mila esker, tira... Ez da nire emaztea, lankideak gara.
Bere miopiarako aski graduatuak ez ziruditen betaurreko zikinen gainetik begiratu zion medikuak.
— Nola egin du zauria?
«Basa ari ginen larrutan, entzun izan bazenitu bere oihuak. Hogei urte gaztetzen nau eme honek».
— Laprast egin eta atzerantz erori da, gau-mahaitxoa jo du...
Orduan jabetu zen ez zuela Belenekin bertsio bateratua adostu. Ez zekiela Belenek zer esan ote zion medikuari. Izu-laborriak erasan zion. Odol-jarioa handia zen, kokotean izotza jarri eta korrika etorri dira larrialdietara, beste ezertan pentsatu gabe.
Medikua isilik geratu zen, zerbait idatzi zuen eskuetan zuen libretan.
— Horrelakoetan... txosten bat egin behar izaten dugu, jakinaren gainean egongo zara.
«Jakinaren gainean egongo zara».
Ahotsak sobera dar-dar ez egiteko saiakera dagi Javier Fontechak.
— Ulertzen dut.
Gutxi uste zuen Fontechak parlamentuan genero indarkeriaren kontrako legea aurrera atera zutenean inoiz modu hartan eragingo zionik berari.
— Bisita dezakezu nahi baduzu, lasaigarriak eman dizkiogu. Ez dirudi odolbildurik duenik, baina gaua hemen pasatzea izango da onena.
Errudun sentitzen zen Belen gajoa, bere etxeko gau-mahaitxoaren ertz zorrotza berak diseinatu balu bezain errudun.
— Ondo al zaude?
— Azala tenk sentitzen dut, baina ez da mingarria. Ile mataza bat moztu behar izan didate hobeto josteko. Nik... ez dakit zer esan, Javi. Asko sentitzen dut...
Katagorri izutuaren aurpegi hura. Gozo saiatu nahi du, baina arduratuegi dago Fontecha.
— Esan... Galdetu dizute medikuek nola egin duzun?
— Egia esan diet... Tira, egia... garbitzen ari nintzela eta buruarekin jo dudala armairua...
— Armairua esan diezu?
Argizariaren koloreko jarri zen derrepente Belen. Bere ordura arteko kezka ez zihoan hortik. Bat-batean jabetu zen ez zela txantxetako kontua, huskeria hartatik eratorritako kaltea uste baino handiagoa izan zitekeela Fontecharentzat.
— Zuri ere galdetu dizute? Zer esan diezu?
Fontechak mentalki alderatu ditu Belenen gertaeren bertsioa eta berak emandakoa, ziztu bizian: «laprast egin eta atzerantz erori da»; «garbitzen ari nintzen eta buruarekin jo dut...», ez ziren gauza bera, baina osagarriak izan zitezkeen. Gau-mahaitxoa esan zuen batak, ordea, armairua, besteak.
— Ez kezkatu horregatik.
— Zertan ari ginen pentsatzen, Javi? Ez zenidan ospitale barruraino lagundu behar... Honek arazorik ekartzen badizu, ez diot sekula nire buruari barkatuko.
— Hartu atseden orain eta zaindu zauria, ahaztu beste guztia.
Javier Fontechak ez daki nola egin Belen agurtzeko. Muxu emango lioke ezpainetan, baina erizainak dituzte inguruan. Noiznahi sar daiteke medikua ere. Eskua estutu dio, hatz lodiaz laztandu dizkio hatz guztiak. Indarrean helduz erantzun dio Belenek.
— Bihar goizean bidaliko zaituzte etxera, ez da ezer izan.
Belenek Fontecharen eskua darama ezpainetara.
— Maite zaitut, Javi. Orain zoaz etxera gauzak gehiago konplikatu baino lehen.
«Maite zaitut, zoaz etxera»: maitaleak hitz egin zuen lehenbizi, idazkariak gero.
Kopetan eman zion azken muxua Fontechak, eta gezi batek bezala zulatu zion gogoa bi ordu lehenago besarkatu zuen emakumezko haren gorputz biluziaren akorduak, oheko jardun basatiak, besoetan hartu eta emakumezkoaren bularrak dilindan ikusteko bere gogo demasagatik nola jirarazi zuen Belen bere gainean zamalka zedin, buztana haren barrutik atera ere gabe behin eta berriro posturaz aldatuz, eta nola orgasmoaren azken astinaldietan Belenek atzerantz egin zuen buruarekin, bonbilla bakarreko mahai-lanpara piztuta zuen gau-mahaitxoaren ertzarekin buruan nahigabe kolpea hartu aurretik. Izutu egin zen Fontecha. Konortea galdu zuen Belenek une batez.
Ospitaleko igogailua hartu eta kalerantz abiatu zen Javier Fontecha. Denek ezagutzen zutela eta denek begiratzen ziotela sentitzen zuen. Ez luke zertan: herritar arrunt bat baino ez da, berari ere gertatzen zaizkio ezbeharrak. Paranoia hutsa besterik ez zen beharbada, bera lako politikaria eskoltarik gabe ibiltzeak harritzen zuen jendea agian. «Laprast egin eta atzerantz erori da», «garbitzen ari nintzen eta buruarekin jo dut...». Erruduntasunaz haratago, ospitalera egindako bisita hark bere karrera politikoan eraginik izan ote dezakeen ari da neurtzen. Ezezkoan dago, baina biziki narritagarria zaio dena kontrolatuta daukazunean, justu orduantxe, gauzek okertzeko duten joera. Eskerrak Fontecha ez zuen inork ikusi Belenen etxera sartzen eta bertatik irteten, eskerrak garajetik zuzenean igo zen igogailuan.
Eta, hala ere, inoiz ez zeneukan ziurtasun osoa.
Primarioetarako bere hautagaitza hari batetik zintzilik zegoen: Soto eta Zeberio kasuan inputatu bezala deklaratu beharko zuen Fontechak. Partiduak, ordea, publikoki agertu zion bere sostengua. Hori ofizialki jakin baino hiru egun lehenago, gurasoen etxera alde egin zuen Patriciak. Aste gutxiren buruan, hankaz gora jarri zitzaion bere ordura arteko bizimodua.
Zer zen Patriciak barkatzen ez ziona? Gerra zikinean parte hartu izana? Gerra zikinean parte hartu zuela ezkutatu izana? Egia beranduegi aitortu izana? Dena ukatzea espero zuen, hobe izango zen hori? Bere bizitzako emakumetzat eduki zuen Fontechak Patricia, baina aspaldiko hilabeteetan ez hainbeste: Belen zeukan orain, mileurista baten hilabeteko soldata balio zuen Pauillac botilarik edaten ez zuena, politikari eta politikariei Patriciak ez zien errespetua eta estimazioa ziena, bere errugabetasunean sinesten zuena, aura gazte eta itzalezin baten jabe. Lehenago edo geroago Patricia uzteko asmoa zuen, eta hark aurre hartu izanak ez zituen gauzak erraztu besterik egiten. Emazteak okasio berezietarako gordetzen zuen botila zabaldu zuen Javier Fontechak, eta Belen etxera gonbidatzea erabaki.
— Andrea kanpoan da, hemen gera zaitezke lotan.
Belen uzkur agertu zen hasieran, baina onartu egin zuen azkenean, «Patricia lan bidaia batean dago, Bordelen», urruntasunak segurtasuna eman zion.
Dena pentsatuta zeukan Javier Fontechak: aste batzuen buruan, Patriciari Belenekin zuen harremanaren berri eman ziola eta lagun zibilizatuak bezala bereiztea erabaki zutela esango zion. Ikus zezala gentleman bat zela eta prest zegoela beragatik dena uzteko.
Begi-zulo nabarmenekin etorri zen Belen etxera, esandakoa baino ordubete beranduago ia. Ez zen berandu etorri zelako desenkusatu.
— Alderdiko abokatuekin izan naiz.
Harritu egin zen Fontecha.
— Biharko geratuta geundela uste nuen...
— Lana aurreratzeagatik...
— Eta? Nobedaderik bada?
— Primarioetara aurkezteari uko egitea nahi dute.
— Nola? Zertaz ari zara? Nire burua errudun jotzea litzateke hori!
— Ez da hori: epaiketan dena ukatuko duzu, jakina. Ez zenekien ezer eta euren iniziatibaz jardun zuten. Abokaturik onenak jarriko dizkizute. Trota da gakoa: bere hiletan Rodrigo Mesarekin hitz egin zuen bakarra zu izan zinela esango duzu. Rodrigo Mesa ere jakinaren gainean dago...
— Eta ezin al du Rodrigo Mesak dena bere gain hartu? Azken finean, Vargasek eta berak...
— Horretan saiatu ginen hasieran, baina datu gehiegi dauzkate Rodrigo Mesa zurekin lotzen dutenak... ulertzen? Hari gehiegi... Grabazioak dituzte, Vargasen aitorpena... Diego Lazkano ere hor dago...
— Izango du ahuleziaren bat... izango du nondik eraso...
— Goitik behera ikertzen ari gara... Baina El Cerro palazioa ezagutu zuen... Sentitzen dut, Javier...
— Ez da posible... Ni... Bakarrik uzten naute? Zuk ere bai? Dena nik jatea nahi duzue? Kartzelara bidaliko naute!
— Ez jarri okerrenean. Hori gertatuko balitz ere, jakizu ondoan izango...
— Akabo dena hau jakiten bada, Belen! Ez al zara konturatzen?
— Ondoan izango naiz, ondo prestatuko dugu epaiketa. Ez duzu espetxera joan beharko. Baina erretiratu egin behar duzu bolada batez. Zeure kabuz.
— Zergatik eman dit orduan sostengua partiduak?
— Zeure kasa erretiratzea espero dutelako.
— Eta onartzen ez badut? Egia osoa esatea erabakitzen badut? Nik ere aginduak obeditu besterik ez nuela egin, koakzionatuta nengoela, estatu arrazoiak argudiatu zizkidatela, xantaia egin zidatela... Hautagai izaten uzten ez badidate, bost axola beste guztia... bete nuen desterrua Europan...
— Javi...
— Zer? Gehiegi eskatzen didate... Lagun bezala: ez nukeela egia esan beharko uste duzu? Espetxera joan behar badut, ez naiz bakarrik joango! Jakin dadila dena behingoz eta bakea! Goikoak zirinduta badaude, azkarrago emango digute indultua!
— Ez da indulturik egongo zuretzat, ez delako kondenarik egongo.
— Ziurregi zaude.
— Leialtasuna zor diezu izendatu zintuztenei.
— Ez zaitut ezagutzen, Belen. Nire bizkar informazioa pasatu diezu? Norekin zaude? Partiduarekin ala nirekin?
— Elkarrekin gaude honetan.
— Ez, ez gaude. Zu ez zaitu honek zipriztintzen. Ez zeunden nirekin garai hartan. Ezin duzu jakin zer infernu zen hura, Belen. Eta badakizu zer esaten dizudan? Nazkatu naizela... Egia esango dut. Jakin dadila dena.
— Pentsatu hori ondo, Fontecha...
— Fontecha deitzen didazu orain?
Etxeko altzari garestietan jarri du begirada Belenek. Zenbat etxe dekoratu ote zitezkeen Ikeako muebleekin haiek guztiak salduz gero?
— Ni ere harrapatuta naukate. Badute ospitalera elkarrekin egin genuen bisitaren berri. Ez zen ideia ona izan.
Lehenaz beste aztoratu da Javier Fontecha:
— Zer esan nahi duzu, Belen? Prest egongo zinateke nire kontra testifikatzeko?
— Batzuetan inozoa ematen duzu, Javi: ez dute nik testifikatzeko premiarik. Nire mediku txostena filtra dezakete, zure sinadura dago larrialdietarako erregistroan. Bi kopia ateratzea aski: bat zure andrearentzat eta bestea hainbeste maite zaituen Julio Viradoren izenean El Mundo egunkarira bidaltzeko... Nik testigantzarik ez eginda ere ondorioa berbera da, handiagoa agian, nire isiltasunak ameto emango liokeelako hipotesiari: «Hautagai sozialistak bere idazkaria jipoitu du», hori letra larriz. Eta azpian: «Harreman bat zeukan harekin». Hortxe eskandalua. Epaiketatik onik aterata ere, erretiratu egin beharko zenuke.
— Baina ez da egia...
— Ez da egia?
— Ez jipoitu zintudanik!
— Nobedadea da hori. Noiztik axola du egiak? Ez lizukete barkatuko: ez minuskulazko egia eta ezta letra larriz emandako gezurra ere.
— Gure artean zerbait berezia zegoela uste nuen.
— Hori ez da aldatuko, laztana... Baina ondotxo dakizu ez neukala beste aukerarik.
Isilik geratu da Javier Fontecha.
— Ze... andreari ez zenion esan ospitalera lagundu ninduzunik, ala?
Isilik jarraitu du Javier Fontechak.
— Susmatzen nuena.
Denak barkatu dizkio, partiduarekiko leialtasuna eta berarekin zuena maila berean jarri izana barne. Ohekide izaten jarraitu dute, finean. Ondoan izan du epaiketak iraun duen kalbario bide osoan, horrek esan nahi du zerbait.
Nola ospatzen da askatasuna, bestalde? Badago modurik askatasuna ospatzeko errudun zaren kargu batzuetatik in extremis atera zarenean eta zure konfiantzazko gizonek, Rodrigo Mesak, hilzorian dagoen Vargasek eta portugesekin ibili ziren beste hainbatek espetxean bolada bat eman beharko duten jakinaren gainean? Berdinak al ziren ospatzeko modu oro? Absurdoa zen xanpaina, baina batzuetan ez zegoen topikoetan erori eta aurrez idatzita zegoena bete beste aukerarik. Larru-aldia bera ere atzeratzera eramango zuen Tattinger botila apar-jarioz, Fontechak pozarren bete ditu bi kopak:
— Gugatik...
Belenek ile xerloa apartatu du belarri atzera. Topari erantzun eta irribarre egin du, apur bat behartuta.
— Bolada bat frigorifikoan pasatu beharko dut, enpresa pribatuan baditut bizpahiru eskaintza. Fundazioan sartzea eskaini didate, baina ez dakit... Aspergarriegi gure adrenalina-jario mailan ohituta gaudenontzat, ez duzu uste?
— Zalantzarik gabe...
— Noan lekura noala, nirekin nahi zaitut, jakina. Hori ez da negoziagarria.
Eskumuturretik heldu dio Fontechak Beleni. Honek xanpain kopa telebista gainean utzi du, probatu gabe.
— Zer gertatzen da, Belen?
— Esan: andrearekin ospatu duzu jada, edo gero ospatuko duzu? Beste Tattinger botila bat daukazu autoan? Zuk erosi duzu edo norbaiti erosarazi diozu? Kuriositatea daukat, jakin nahi nuke horren berri...
— Ez dut ulertzen... Patricia uztea nahi duzu? Aurki utziko dut... Jabetuko zinen epaiketan ez dela nirekin izan.
— Hara... Ez naiz itzulinguruka ibiliko: Presidentzia Ministeriora joatea eskaini didate.
— Madrilera? Nork?
— Fuchs-ek eta bere taldeak.
— Ez dut ulertzen...
— Zurrumurruek diote bera izango dela hurrengo hautagai sozialista hauteskunde orokorretan. Zu kanpo geratuta, Erviti eta Subiol erretiratu egingo dira ziurrenik.
— Fuchs beti izan da itzaleko gizon... Bera ez zegoen hautagaien artean...
— Ez, baina kontsentsua eragingo duen hautagai baten premiak akuilaturik aterako da.
Fontechak bera ez zen eta gustuko ez zuen norbaiten larruan topatu du bere burua, bereak ez diren hitzak esaten.
— Ez duzu onartzea pentsatuko, ezta?
Isilik geratu da Belen. Hasieratik igarri behar zuen Fontechak. Berari laguntzen ibili zen azken hilabeteetan, bai zera. Bera karriletik atera ez zedin zaintzen, seguruago. Norbaiten enkarguz. Alberto Fuchs eta bere taldearen enkarguz. Eta Fontechak dena irentsi.
Apur bat gehiago estutzea erabaki du, neskaren erantzunari itxoin gabe.
— Ez zaude prest.
— Norbait freskoa behar dutela esan didate, Javier.
Fontechak ezin izan du irribarre mingotsa ezkutatu. Ustela ez den norbait behar dute, Javier, hori izan da neskak esan nahi izan duena. Neska birjina behar dute, hautesleengan ilusioak eta ispilukeriak sortzeko. Ilea belarri atzean jarriz hautesleria konkistatzeko gaitasuna duena. Egin lekua gazteriari. Bizitzako legea. Partidua ez zen hauteskundeak irabazteko makina besterik, zertan harritzen zen orain Fontecha?
Amorrua eta jelosi-sumendi bat dauka barruan: Alberto Fuchsek ez daki ingelesez. Badaki Fontechak nork xuxurlatuko dizkion itzulpenak belarrira.
— Ez zaude prest eta badakizu.
— Inoiz ez dakizu prest zauden igerilekura jauzi egin arte.
— Beraz... erabakita daukazu.
— Alberto Fuchsi buruz ari gara... Inkestak kontra ditugu, desafioa izango da kanpainan parte hartzea, benetan bera aurkezten bada... Estatu mailako kanpaina bat, Javier, ezin diot uko egin.
Begiak dirdirka ditu, inoiz ez du Belen horrela ikusi. Etsitzen hasi da Fontecha.
— Presidentzia barruan aritzeaz gain... beste zerbait eskaini dizu, ezta?
— Hautagaitza ateratzen denean bere prentsa kabinete osoa eramatea nahi du.
— Eta irabaziz gero, ministerio bat. Bolada-boladako ministro gaztea, eta gainera emakumezkoa. Bingo. Berdintasun Ministerioa, beharbada?
— Ikaragarri gustatu zaio Fuchsi zurekin egin dudan lana, beti izango nauzu zorretan, Javier. Zu gabe ez nuen inoiz...
Javier esaten dion bakoitzean kolpe bat gehiago mailukatzen du garunaren erdian daukan iltzea.
— Zer dakizu zuk Fuchsi buruz? Ez duzu ezagutzen, Belen. Itzalean ibili da beti orain gutxira arte. Laurogeietan ere bai, itzalean zebilen. Badakizu zer esan nahi duen horrek? Baduzu horren berri?
— Harremanetan segituko dugu, ez dago zertan gure artekoa...
Ez du itxura desesperatuegia eman nahi, baina jarrera aldatzeko momentua iritsi dela begitandu zaio Fontechari, desesperatuta baitago, egiaz. Erruki pixka bat piztu nahi dio, nahiz eta badakien ez duela funtzionatuko, ez dela bera, Patricia ez bezala, erruki dosi justua ziztatzen trebe izan sekula.
— Zu gabe ez naiz zulotik aterako, Belen.
— Nire aukera da: nork daki horrelakorik berriz izango ote dudan. Tren batzuk behin bakarrik pasatzen dira.
— Lehen ez zenuen horrela hitz egiten... Asko aldatu zara Toledon partiduak egin zuen Ezohiko Kongresutik hona.
— Lehen ez neukan garbi zer nahi nuen. Begiak zabaldu ditut orain, zuri esker...
— Azken aldian ez dizut arretarik jarri, badakit. Ikasi dut lezioa. Ulertu dut. Gauzak aldatu egingo dira.
— Sentitzen dut, Javi.
Javier Fontechak gas-burbuilak apaldu zaizkion Tattinger kopa hartu du telebista gainetik. Komunetik behera hustu du, suminez.
— Birrindu egingo zaituzte. Ez al zara konturatzen?
Patetiko sentitu da Fontecha behiala Patriciari entzundako hitz mailegatuak esaten. Minotauroak neskatila gazte bat nahi du eta Belen izango da hori. Edo agian ez. Agian ez dute birrinduko eta onik aterako da. Javier Fontechak baino aukera gehiago izango ditu neskak, arrazoi du, gaztea da, freskoa da, hori baloratzen da egun, eta barkatu egingo dizkiote hanka-sartzeak. Manager on bat behar du, besterik ez, konbate errazak jarriko dizkion agente bat, gailurrera emeki-emeki eta erre gabe heltzeko. Eta hori Fuchs da. Belen ote da horretarako hautatua, alderdiko baroiek eta estrategek faktore asko aintzakotzat hartu ondoren hatzaz seinalatutakoa, gaur hautagaiaren prentsa-buru, bihar ministro, etzi Espainiako presidentetzarako lehen emakumezko hautagai? Belen ote zen benetan tortura bide horretarako hautatua? Beharbada, bai. Beharbada arrazoi izan zuen Patriciak hasieratik, erratu egin zen Fontecha Belen laguntzaile gisara jarri ziotela uste izanda: Fontecha zen laguntzailea, eta ez alderantziz. Zekien guztia erakutsi zion oharkabean, ongi egiten zuena, eta, batez ere, gaizki egiten zuena. Hilabete asko lehenagoko elkarrizketa bat irudikatu zuen Javier Fontechak, Fuchs eta Belenen artean gauzatuko zena: «Beha harekin zaudenean honetan eta honetan, bere puntu ahulak harako hura eta haratagoko beste hura dira, zaindu bitarte horretan guztian egindako kontaktuak. Agenda on bat izatea da garrantzitsuena. Duda kasuan, isiltasuna. Ez esan ezer. Hobe da isiltasunaz damutzea esandakoa atzera bota behar izatea baino. Apurka-apurka joan behar dugu zurekin, aingeru pausoekin».
Bai, hasiera-hasieratik erabili zuten, eta orain, erabat zukutu zutelarik, bazterrean lagatzen zuten emandako zerbitzuak eskertu ere gabe.
Azken tiroa, desesperatuena da beti.
— Taldekoa zen Fuchs... Pistola eta guzti etortzen ziren Madrildik hiletetara laurogeietan... Trotaren hiletan... Bere mezu bat jaso genuen... «Garantiak»... Bazenekien hori?
Ez dago erantzunik.
— Hitz egin dizu horri buruz, Belen?
— Epaiketan zeneukan esateko aukera, Javier. Orain beranduegi da.
Umiliatuta sentitu zen Javier Fontecha. Birrindua.
Belen ikusi zuen orduan, jendez betetako hall batera heltzen, berandu, egia, baina jendeak gustura jasaten duen itxaronaldi gozo horietako bat sortzeko magiaren jabe; ikusi egin zuen, bihar edo etzi gertatuko dela badakigun zerbait ikusten dugun argitasun berarekin, klarki, ikusi egin zuen Belen jendeari bostekoa estutzen, makinalki baina natural itxuran bereak ez ziren hitzak errepikatzen, irristakor, amu guztiei uko egiten dien arrain, bere gurasoek nerabe zela hortzak zuzentzen gastatutako dirua zein ongi justifikatuta zegoen erakusten zuen irribarre zabalarekin, «pozten naiz, oso gauza onak entzun ditut zutaz».