Legis silva
Bahitu zuten eguna oroitzen saiatzen da batzuetan ingeniaria. Bahitu zuten eguna oroitzera derrigortzen du bere burua. Urrun ikusten du, baina badaki ez duela ahaztu behar:
«Hemendik ateratzen naizenean horixe galdetuko didate eta horixe kontatu beharko dut han eta hemen, leku guztietan. Hotz zen giroa, bizarra egin berri nekarren, andreari fuerteegi iruditzen zaion Williams lozioarekin lurrindua. Atzealdetik harrapatu ninduten, beso batek, beso batek nire besoa eta lepoa beste beso batek. Berehala igarri nion bi pertsona ezberdinen besoak zirela. Hirugarren bat izango zen gidari, hala omen da halakoetan. ETAkoak zirela eta bahituta nengoela, egoteko lasai, egiteko esandakoa eta ez zitzaidala deus txarrik pasatuko. «No te va a pasar nada malo...». Autoan kapusai beltza jarri zidaten, kapusaia ez, kapusaia haiek janzten dutena da. Nik neramana zaku beltz bat zen, begi-ahoentzat ez zuena batere zulorik, hauts eta baserri usaina zuena, ez nuke gehiago zehazten jakingo, auskalo zer bildu ote zuen nire burua baino lehen tertziopelo beltzezkoa zirudien zaku hark, auskalo zein ganbaratan egon zen gordeta, auskalo ni baino lehenago ere ez ote zuen beste norbaiten burua estali. Zenbat zaku beltz ezberdin erabiltzen ote ditu bada erakunde armatu batek horrelako zereginetarako? Zaku bat burutik behera, borreroak biktimari egin diezaioke hori baino keinu makurragorik? Biktima izan eta borreroaren zaku beltza jantzi behar burutik behera. Apenas har nezakeen arnasarik auto barruan, zaku beltzaren barruan, baina berehala lokartu nintzen, zerbait emango zidaten, xiringatu edo usainarazi, nik ba al dakit. Ziztadarik ez nuen sentitu gorputzean eta usaindu hautsa, tertziopelo beltza eta baserrietako ganbara-tresnen lurrina baino ez, oroitzen dudanez».
Horrela kontatuko zuen. Eta gero kontatuko zuen nola esnatu zen zuloan. Iglu karratu batean, eroetxe bateko gela irregularra dirudien arratoi-zuloan, zulotxo batzuk, zulo berez nahiko txikiak airea pasatzeko, baina doi-doi hori ere, eta atexka bat, bere habitata den txakur-etxola kanpoko munduarekin harremanetan jartzen duena.
Eta gero inurriak. «Inurriak dozenaka, zuloetatik atera eta nire besoetan gora ibiltzen ziren», esango zuen, jendeak ez sinesteko moduan.
Armarik ez dute ibiltzen. Erakutsi behintzat ez diote sekula halakorik erakutsi, nahiz eta izango duten hor nonbait, nahiz eta ez litzaiokeen bahituari burutik pasatu ere egingo haiei kontra egitea, handik ihes egiten saiatzea.
Nola igaro denbora lurpean zaudenean eta bizirik?
Diziplina bat ezarri beharra dago. Erabaki batzuk hartu beharra. Zeure buruari ordutegi bat ezarri. Erloju bat eskatu die, eskumuturreko Casio zahar horietako bat eman diote, tiro-pitxonekoa dirudiena.
Hala esan dio bere bahitzaileari: «Tiro-pitxonekoa ematen du».
Eta bahitzaileak irribarre egin duela iruditu zaio, nahiz haren aurpegirik ez ikusi. Nork esan behar zion ingeniariari hitz haiek sekula esango zituenik zulo hartan: tiro-pitxon.
Garrantzitsua da ze ordutan bizi garen jakitea, zenbat egun daramatzan han, zehatz-mehatz.
Ariketak gosaldu aurretik egiten ditu. Flexioak, abdominalak. Berrogeita hamarna. Gehiago ere egin ditzake, eta egin izan ditu amorratuta lehen egunetan, baina ez du merezi: lurrundu egiten dira hormak izerdiarekin eta arnastu ezinezko giroa geratzen da gero egun osoan; beren neurria dute gauzek han barruan eta ez da inondik inora hor kanpoko neurri bera, berri bat baizik, erabat ezberdina. Kondentsazioa kontuan hartu behar. Horren ondoren etortzen da gosaria: arretaz eta poliki gosaltzen du. Zorroan jada txigortuta saltzen dituzten ogi-xerrak ekartzen dizkiotenean gurina eman aurretik ogi gogor eta zakarraren azalera probatzen du hatz puntekin, laztandu egiten du lixa-paper gisako ogi txigortua, lehen asteen ondoren ohartu baitzen zentzuen galera zela bahituta egotearen alderdirik larrigarrienetakoa: beti gauza berberak —hau da, ia deus ez— ikusi eta entzuteak kamustu egiten zituela zentzumenak, bereziki ukimena eta ikusmena. Belarriarekin ezberdina da: kontrakoa gertatzen da, zorroztu egiten baita, urruneko xuxurla ezezagunak eta uhinak dezifratzeraino.
Hasieran ez zuen ezer entzuten. Baina ezinezkoa zen ezertxo ere ez entzutea. Hor zeuden norbere taupadak, hesteetako jarioen mugimenduak, bere arnas hotsak. Tarteka kriskitin egiten zuen bi eskuekin, bere gorputzak garai bateko soinuak egiteko gaitasuna mantentzen zuela ziurtatu nahi zuen. Bera zela oraindik. Gero, jakina, kanpotiko soinuak zeuden. Bakarrik zegoenean eta zaindarien aztarrenik nabaritzen ez zuen ordu luze haietan entzundakoak.
Azeri bat bailitzan, entzumena zorrozten joan zitzaion denboraren poderioz. Hodi batean behera labaintzen zen uraren zarata urruna entzun uste izan zuen, hozkailuek gauetan egiten dituzten hotsen antzeko. Baina ez zegoen etxe batean. Isurkinen eraman irregularra zirudien hark ez zuen, ordea, etenik gauetan, eta isurkinak baino gehiago, zerbait likidoa baino areago, giza ahotsak ote ziren hasi zen pentsatzen. Giza ahotsak hodietan barrena. Ez zuten deus grabea mintzagai: giza ahots animatuak ziren, elkarrizketa alaian ari zirenak, jende berritsua kalakan. Ez ziren bere zaindarien ahotsak, ez zirudien inondik inora hala zirenik, urrunagotik zetozen, eta ez zegoen zer esaten zuten antzemateko modurik. Norbaitek, auskalo non, baso isil baten erdian edo, irrati bat piztuta laga balu bezalakoa zen hotsa. Bere entzumenak zorrozten eta zorrozten jarraitzen zuelarik, hitzen bat edo beste bereizten hasi zen, nahiz eta bere irudimenak behartutako zerbait ere izan zitekeen. Erritmo eta entusiasmo handiko ahotsak ziren, futbol partidu baten erretransmisio batekoak behar zuten derrigor. Bai, orain ez zeukan zalantzarik. Futbola zen han urrunean entzuten ari zena. Futbolarien izenak hasi zen entzuten aurrena, Sarabia, Gajate, Lopez Ufarte... Derbi bat? Futbol partidu hark, ordea, ez zuen etenik. Laurogeita hamar minutuko arauzko denborak baino askoz gehiago irauten zuen kirol erretransmisioak. Gainera, eta hori zen harritzekoena, esatariek oso modu animatuan hitz egin arren, ez zuten sekula golik kantatzen. Partidu eternal bat zen, husna geratzen zirena beti.
Zoratzeko modukoa. Bere irudimenaren fruitu behar zuten hodietan barrenako ahots haiek, irrati hark. Soinu haiei arreta gehiago ez jartzea erabaki zuen.
Orduan hasi ziren inurriak agertzen. Inurriak izkina guztietan, hezetasun gehien zuen gorputzeko zatietan hozka.
Zaindarietako batek meloi azal bat jarri zion gelan, hara hurbil zitezen. Funtzionatu zuen hasieran, nazkagarri samarra zen arren inurri haiek guztiak han ikustea denak modu diziplinatuan lanean, meloi azalaren zuriune osoa estaltzen. Baina meloiarekin ere aski ez eta, orkatiletan gora hasi zitzaizkion gonbidapenik gabeko gonbidatuak.
«Ez al dago inurriekin zerbait egiterik?», galdetu zion zaindariari. «Jan egingo naute martxa honetan».
Saiatuko zirela esan zion, eta sentitzen zutela. Ez bera zuloan sartu izana, zuloa inurriduna egokitu izana baizik.
Inurriak bere kasa hiltzen hasi da, orduan: bere zaintzaileak ere lagundu dio. Erratz batekin bildu dituzte gero, baina berriro ere agertu egin dira hormako zuloetatik, auskalo nondik.
Egunkariak irakurtzen ditu goizero, berari buruzko albisteak dakartzaten orrialdeak moztuta ekartzen dizkioten arren. Asteek aurrera egin ahala, ordea, egunkariak ia artazirik pasatu gabe hasi zaizkio iristen: prentsan guztiak du iraungipen data. Jada ez diote ezer bahituari buruz. Ahaztu egin dute.
Gaur sukarrarekin esnatu da. Ez du uste oso altua denik, baina ezin izan du zenbakitara ekarri. Ezta ohiko ariketa fisikoen saioa amaitu ere. Sukar gozo samar horietakoa da, eguzki galdatan luze egon ondoren sortzen denaren antzekoa. Gustatu eta guzti egin zaio. Aldaketa bat da, eta aldaketa gutxi izan ditu hemen dagoenetik. Haien falta hainbeste sumatzen duen eguzki izpiekin gogoratzeko modu bat izan da, tarte batez. Errepublika Dominikarrean pasatutako ezkonbidaia ekarri dio gogora.
Bitartekariak, trenez tren eta geltokiz geltoki, jada mila bider egin duen kalkulua errepasatzen du. Berrogeita zazpi egun dira bahitua etxetik falta dela eta beste hainbeste gau bere andrea haren osasun egoerarekin kezkatuta lo egin ezinik. Osasunak ere balio duela, bizitzak ere balio duela —batez ere bizitzak balio omen du—, eskatutako guztia ordaintzeko prest agertu da emaztea. Hala esan zion bitartekariari Murillok, familiaren abokatuak, bitartekaritzaren katebegia luzea baita, bitartean beti norbait egon arren, ez baita beti pertsona bera batzuen eta besteen «bitartean». Hori da inolaz ere arte deitzea gehiegikeria litzatekeen zeregin haren giltza: erantzukizuna eta lan zikina apurka-apurka disolbatu egiten zen eskutik eskura. Zerbait noblea ere bazuen betebehar hark, jakina: bitartekariak modu erabat bolondresean egiten zuen bere lana, sufrimendua —edo gutxienez haren luzapena— eragozteko asmo altruistarekin.
Familiaren abokatuak azaldutakoen arabera, seme-alabak txintik atera gabe egon ziren mahaiaren bueltan. Ez omen zeuden senarra berrogeita zazpi egun lehenago azken aldiz ikusi zuen amarekin erabat ados. Eskuetatik eta euren herentziatik erauzia izango zen diru puska hark haien etorkizuneko ondarean egingo zien koska zuten, noski, buruan —mihitik urrunera uxa zezaketen zikoizkeria, baina bihotz-begietan ongi atxikita zeramaten, bistara oso, modu lizunean kasik, hala pentsatu zuen familiaren abokatuak, eta hala adierazi zion bitartekariari: «Merezi ditek azken xemaikoa ere kentzea, aitaren lepotik bizi dituk»—. Ez zirudien seme-alaben maila morala gehiegi estimatzen zuenik Murillok, suminaldiaren gorenean, enpresariaren dirua haren oinordekoek xahutzeko baino, lehergai terroristak erosteko baliagarriago zatekeela iradokitzera heldu baitzen bitartekariaren aurrean. «Tira, hori ere ez duk», ihardetsi zion bitartekariak. Eta Murillok: «Hauek gai dituk altzairua urtu eta beste edozer bihurtzeko, bi hilabete emanez gero». Elkar ulertzen zuten familiaren abokatuak eta bitartekariak. Izatez, bitartekaria ere abokatu baitzen, eta Murillo ere izana baitzen bitartekari beste kasu batzuetan, nahiz eta hark ikuspegi ezberdina zeukan lan hauek doan egiteari buruz: «Kobratzen ez badiat, talde armatuarekin kolaboratzen ari nauk. Kobratzen badiat, lanean», esaten zion beti; «Hik ere kobratu behar huke, Sesma».
Eskuak libre, beraz. Eskatzen zituzten zazpiehun milioi pezeta ordaintzeko prest, kontra-eskaintzarik egin gabe, hala esan zion familiaren abokatuak bitartekariari. Epeetan jartzeko bereziki arreta. Erdia harekin eraman zezakeela maleta batean, eta beste erdia hiru ordainketatan banatzea lortzen bazuen ez zela arazorik izango. Hiru izan beharrean bi baziren, edo bakarra, hala ere moldatuko zirela, baina hobe zetorkiela hirutan zatitzea.
Horregatik, bitartekariak, Parisko Montparnasse geltokia utzi eta 10. barrutirako bidean dela, Bruselara lehenbailehen iristeko gogoz amorratzen, kalkuluak egin eta bezperan emandako promesa arina neurtu du:
«Ahal dudana egingo dut».
Ez da, inondik ere, inoiz egin behar izan duen negoziaziorik zailena izango, hala aurreikusten du. Gehiago kezkatzen dute beste zenbait gauzak: nola zerbitzu sekretuak atzetik izan ditzakeen susmoa, hala larruzko maleta beltzean daraman dirutzarekiko ardura.
Gare du Nord ondoan, hiru gauetarako hartua duen hotelera sartu da. Giltza jaso, gelara igo, dutxatu, maleta hartu eta lurpeko garajera jaitsi da gero. Agindu bezala, zain zuen bertan Bruselaraino eramango zuen autoa.
«Agirre Sesma zara?», galdetu dio aurpegia oreztaz betetako gizon ilegorriak.
Baiezkoa egin du buruaz eta kopilotuaren atea zabaldu dio auto barruan doan gizon bakarrak.
Bitartekaria leihotik errepide ertzeko panelei ohiz kanpoko arreta jartzen sumatu duenean zuzendu zaio estreinakoz gidaria Agirre Sesmari:
«Hitzordua ez da Bruselan izango, Estrasburgon baizik. Segurtasun kontuengatik. Azken unean aldatu dugu», esan dio euskaraz. Eta Ilegorria, ume bat ez dena inolaz, gidari hutsa edo zerbait gehiago ote den galdegin dio Agirre Sesma bitartekariak bere buruari. Amorragarri samarra den kontua da ekintzaile klandestinoen hau, otu zaio: militarrekin gutxienez badakizu galoiei begiratze hutsarekin zein maila duten... Baina hauekin? Errespetuz hitz egin dio, zer gerta ere. Tabakoa eskaini dio bitartekariak gidariari. Hark ez dio hartu: beltza erretzen omen du, baina ez ei zaio gidatzen duen bitartean pipatzea gustatzen. «Bai tipo arraroa», erabaki du Agirre Sesma bitartekariak, haren joerak eta itxura bohemioa bere kolkorako deitoratuz.
Aspaldi ilundu du Estrasburgo aldirietako etxalde bateko garajean autoa sartu dutenerako. «Zaude», agindu dio Ilegorriak, eta handik gutxira, bibote sarriko gizon beltzaran indartsua heldu da. Maletari begiratzeaz batera luzatu dio bostekoa. Fuerte estutu dio, eta, begirada bati aplikatzeko adjektibo bitxia izanagatik, fuerte begiratu dio maletari ere. Bitartekariari egin dituen kalkuluak etorri zaizkio burura, eta kalkulu ezberdin bat ikusi du bestearen begietan. Bitartekariaren lanaren parte da negoziatzen ari den pertsonaren kalkulua kalkulatzea ere. «Zeuen ofizio horrek badik karta jokoaren antz pixka bat, ezta? Izango dik dibertigarritik zerbait... Nola egiten duzue?» zirikatu zuen behin beste bahitu baten familiako abokatuak. «Ez galdetu nola egiten dugun, egin egiten diagu eta kito; gainera, ez duk ofizio bat, ez diagu xemaikorik kobratzen», izan zen bitartekariak eman zion erantzun lehorra.
— Murillok kobratzen dik.
— Ni ez nauk Murillo.
Baina ez zitzaion arrazoirik falta: kitzikagarria zen arren hitz zuzena, ez dibertigarria.
Salara pasarazi dute. Noren etxea ote zen hura? Nork utzi zien? Han biziko ziren? Erreskatea negoziatu eta hura non gorde deliberatzea ote zen haien lan guztia? Sinesten ote zuten herriaren askapenean eta sozialismoan zinez? Zenbat urte sakrifikatzeko prest zeuden? Bizitza osoa? Bizitza osoa negoziatuz eta maletatxoak batetik bestera eramanez, Libanotik ezkutuan ekarritako armen salerosketan, produktua zelo profesionalez zaindu eta probatzen? Ez, ez zuen uste. Bitartekariak egindako kalkuluen arabera —eta benetan ongi antolaturik bazeuden—, haiek esku zuriko ekintzaileak izango ziren, ez Wall Streeteko kontularien oso ezberdinak —Agirre Sesmaren antzeko beste bitartekari mota bat, funtsean—, dirua lortu eta etekinik onenak ateratzeko moduan kudeatuko zutenak. Izango zen beste inor armen salerosketaz, eta are, jakina, haiek erabiltzeaz arduratuko zenik.
Etxea zatarra da benetan: bai eserarazi duten gela, behintzat. Barrokoa, kargatua, estanpatu loredunak nonahi, zaildu egiten du horrek bere interlokutorearen aurpegiari soslai finko eta trokeleko bat atera eta hura memorian gordetzea.
— Bidaia ona izan duzu?
Pariserainokoa baino ez aintzakotzat hartzea erabaki du bitartekariak:
— Gustatzen zait trenez bidaiatzea.
— Bai: luze egiten da Hendaiatik, baina trena bezalakorik ez dago. Afalduko dugu zerbait? Arkumea ona da eskualde honetan.
Jatetxe batean baleude ere, horratik. Ilegorria etorri da orduan, azpil batean arkume errea dakarrela. Baratxuri, erramu eta menda-belar lurrina dario. Gidari eta sukaldari. Intendentzia kontuez arduratzen da gizon bohemioa, Ilegorria, gorde du bitartekariak buruan. Bitartekariak ez du goserik, edo ez zuela goserik uste zuen orain arte, baina arkume kurruskatsua ikustearekin batera piztu egin zaio, edo gogoratu.
Ardoa ere ekarri dute. Gutxi edan du bitartekariak.
— Jauregizar ondo dago: eskatutako pastilla guztiak ematen dizkiogu. Libre uzteko eguna ere jarri dugu, akordio batera iristen bagara, behintzat.
Une honen zain zegoen. Heldu da, honenbestez, bere kalkuluen arabera obratzeko unea:
— Jakingo duzun legez, garai zailak dira altzairugintzan: joan zen urtean hirurogeita hamar langile kaleratu behar izan zituzten.
— Behar izan? Esan hirurogeita hamar langile kaleratu zituztela. Eta hirurogeita hamabi izan ziren, guk dakigunez. Merke-zurrean aritzeko bidali bazaituzte, beldur naiz ez ote duzun alfer bidaia egin...
— Lehenbailehen bukatu nahi dugu kalbarioa.
— Ados denok, orduan.
— Maletan hirurehun eta berrogeita hamar daude. Familiak ezin izan du era diskretu batean gehiago bildu. Banketxeetako konfiantzazko lagunen dirua eta gotor-kutxa pribatuetan gordeta zeukaten guztia dago hor.
— Diru beltza... Familia zuhurra... Erdia besterik ez da, hala ere.
— Ez naiz itzulinguruka ibiliko: bostehunera hel daiteke familia. Jauregizar libre utzi ondoren hiru ordainketa egingo genituzke, berrogeita hamarnako hiru kolpe, zuek esandako moduan.
— Berrehun faltako lirateke.
— Horrek galbidea ekarriko lieke. Ezin dituzue gehiago estutu.
— Gauza bat egingo dugu: zuk eta biok Genevan ikusiko dugu elkar, zortzi hilabete barru. Eta berrehun ekarriko dizkidazu, kolpe bakarrean. Horrekin kito.
— Kontsultatu egin behar nuke.
— Tira, tira, badakit hori eta gehiagorako tartea eman dizutela. Ze bitartekari klase zinateke bestela?
Baietz esan zezakeen zuzenean. Zer axola zion? Familiari agindutako tratua eta haien marjena errespetatu eta beheratzea lortu ez du bada? Oinordekoekin gogoratu da, aitaren lepotik bizi diren bizkarroi horiekin. Hala ere, tematu egin da bitartekaria:
— Dei bat egin behar nuke.
— Ez dago deirik. Leman lakua da hurrengo geltokia. Geneva.
— Orduan ezin dut bermatu...
— Orduan ezingo dugu Jauregizar jauna bihar bertan libre uzteko agindurik eman. Dena dakigu Jauregizar Altzairutegiaren likideziari buruz, adiskidea. Tratua ona da. Eta zuk badakizu, Luis.
Gidari-zerbitzari bohemioa, Ilegorria, bat-batean agertu da, edo akaso ez da inongo unetan handik apartatu, horma apainduegiko loreen artean ezkutaturik egon da agian haren azal zurixka, oreztaz betea, azken betileraino ilegorri, ia garden. Nork bere aurpegia, nork bere oihana. Ondo pentsatzen jarrita, Ilegorria izan da Agirre Sesmari ponteko izenez deitu dion bakarra.
Uxual botila estua dakar, izozkailutik atera berria, eta hiru edalontzi txiki.
— Tratu bat tratu bat da —bota du, eta orain bai, inoiz baino argiago ikusi du Luis Agirre Sesmak hura dela han aginte makila daramana. Gizon hura irudikatu du menda-belarra moztu eta prentsa ekonomikoa irakurtzen. Bera da arrain handia, nola ez da lehenago jabetu?
Hasperen batekin baiezkoa zigilatu du bitartekariak, apur bat amorratuta bere kalkuluak eta etsaiaren kalkuluei buruz egindako kontra-kalkuluak erabat bete ez dituela kalkulatuz.
«Gaztea naiz eta odol beroa daukat oraindik», errieta egin dio bere buruari Agirre Sesma abokatuak.
Elkarren beirarik ukitu gabe topa egin dute edalontzi izoztuekin. Gertutik, hala ere. Trago bakarrean hustu du bitartekariak bere edalontzia, mahai inguruan dauden bi lagunek ezpainak apenas bustitzen zituztela ohartu gabe.
Tanpez lokartuta burua atzerantz erori zaionean, laugarren gizon bat, botones bat edo iratxo itxurako gizon ttipi sonbreirudun bat korrika etorri eta bere burua zetazko almohada baten gainean hartu du, gillotina batetik erori berri den buru lepamoztua bailitzan.
Bitartekariak begiak zabaldu dituenean, Parisen dago berriz, 10. barrutiko bere hoteleko ohean etzanda, guztiz jantzita, larruzko maleta beltza mesanotxean, burua burko gorriaren gainean, iratxo itxurako inor ez inguruan. Maleta hartu eta eskuetan altxatu du. Espero bezala, hutsik dago. Pasillora irten eta Le Monde egunkariaren alea ikusi du lurrean: Margaret Thatcher eta François Mitterrand ageri dira lehen orrian, irribarretsu. Hendaiarako trena hartzeko txartel bat erori zaio egunkaria destolestu duenean. Leihoz bestalde hutsik da Paris. Edo goizegi da edo beranduegi da, horretaz ez du dudarik Agirre Sesmak.
Etxera hots egin duenean Murillori presaz deitzeko enkargua eman dio Emilia emazteak: beste bahiketa bat. Ingeniaria da oraingoan. Ez da dirua eskatzen dutena.
Bahituak kexu jarraitzen du inurriengatik. Leku guztietan daude eta ez dago nondik ateratzen diren jakiterik. Ez omen diote lo egiten uzten. Aurreko asteetan ez da ezertaz arranguratu, preso eredugarria izan da. Diego Lazkanori dagokio harekin hitz egin eta dena ongi aterako dela esatea. Ez daukate minik egiteko asmorik. «No te vamos a hacer daño» edo «No te vamos a hacer nada, descuida», bezalakoak esaten dizkio. Bahituak berak baino askoz ere mihi solteagoa izan arren, ahal duena egin eta solas ematen dio, horretarako dago han, bahituari lasai egoteko esateko, ez dutela hilko, ez diotela minik egingo, ez diotela ezer egingo, gizon bat bere eguneroko bizitzatik erauzi eta zulo batera sartzea «ezer ez egitea» balitz bezala.
Zulo atariko inurriak erratzarekin pasatzen ditu, bahituak jandakoak ongi garbitzen, baina, hala ere, berriro agertzen dira. Gero eta gehiago, gainera. Lanbasa ekarri du, hautsak kentzeak eta lixibarekin nahastutako uraren hezetasun toxikoak inurriak uxatuko dituelakoan. Kanpoaldea garbitu ondoren, bahituari eman dio lixiba-uretan bustitako trapua.
— Dale una pasara con esto.
Urte asko geroago oraindik lotsaz oroituko zuen pasara esan ziola eta ez pasada, «dale una pasara con esto», «emaiok pasara bat honekin», euskaraz pentsatua gazteleraz esana.
Eta bahituak garbitu egin du barrutik ere zuloa, lixibaz eta urez ondo igurtzi, han erreskadan dabiltzan inurriak amorruz akabatu, gehiago etorriko ez direlakoan. Eta haiek ez, baina beste batzuk etorri dira. Aurrekoak baino handiagoak iruditu zaizkio Lazkanori, baina ziur aski ez dira izango: soilik orain askoz hobeto ikusten direla, lurra garbi-garbi eta distirant dagoelako eta haiek ere obsesionatuta daudelako, askoz ere gehiago erreparatzen dietelako inurriei, ez daukatelako inurrientzako baino begirik. Igurtzi, garbitu, inurriak hil. Alferrik. Zulo barruan eta kanpoan, bietan jarraitzen dute, bertan goxo. Meloi azal bat jarri du, inurriak erakartzeko. Hasieran funtzionatu du, baina inurri gehiegi daude eta ez dira konformatzen.
Lehen egunetik bertatik egin behar zuena egin du azkenean, amorratuta. Txanda egin dioten gau batean telefonoz hots egin dio aitari, huraxe da bere negozioa, birritan zaio umiliagarri inurriak nola akabatu aitari galdetu beharra, bizitza osoa zomorro garbitzen pasatzen duen aitarekin bizi eta ez zekien oinarrizko trikimailu bat ere.
— Inurriak dauzkak etxean? Bihar bertan pasatuko nauk.
Nola azaldu aitari ezetz, ez dauzkala Anarekin konpartitzen duen etxean, lagun batenean baizik, eta ez direla hainbeste, ez duela «ezer traumatikorik» egin nahi, fumigazio enpresa bat gehiegi dela, ez ote dagoen trukuren bat, ozpinarekin edo, auskalo, horrelako zerbaiten premian dagoela.
— Esadak bada non bizi den laguna, hago lasai: ez zioat ezer kobratuko.
Telefonoa zintzilikatzekotan egon da, «ezin zaitut inurriak dauden lekura eraman, aita», nola desiratu zuen hori esatea, baina eutsi egin behar mihiari. Horrelakoak dira munduko aita guztiak.
— Nolakoak dituk?
Inurri mota bat baino gehiago zegoela pentsatzea ere. Baina jakina, inurri mota asko daude.
— Topatu duk habia?
Inurriek habiarik zutenik ere. Baina jakina, inurriek habia egiten dute.
— Oso gogaikarriak izaten dituk.
Kostata, baina eman dio azkenean aholkua: jartzeko ezti potoa enbarazu gutxien egiten duen lekuan. Nondik datozen ikusi eta zuloak hortzetako pastaz estaltzeko. Daudenak eztitara mugituko direla eta berririk ez dela agertuko, printzipioz...
— Baina habia handi samarra badik lagunak etxean, zulo gaizto horietakoren bat, fumigatzea onena.
Zulo gaizto horietakoren bat. Fumigatzea onena. Lagunak etxean. Habia handi samarra.
— Mila esker, aita.
— Deituko didak funtzionatu duen esateko?
— Ahal bezain pronto.
Eta horren ostean erosi hortzorea, erosi ezti poto bat, bahituaren harridura aurpegia ikusi, haren beso eta aurpegia inurriek eragindako gorritasunez betea, zoramenaren atariko. Hasieran lurrean ibiltzeari utzi diote inurriek, hormetan babes hartzeko.
— Ikusten duzu, ezta? Inurriek ez dakite zer den lurra eta zer den pareta, dena berdina da haientzat —esan du bahituak—, bizi daitezke zorura jaitsi gabe.
«Gu biok, hik eta nik, zorua eta pareta bereizten ditiagu», horrelako zerbait esan nahi bide dio bahituak, enpatizatu, biek bat egin dezatela inurrien aurka. Eta bai, hormako zuloak hortzetako pastaz estali dituzte eta funtzionatu egin du, ez da han gehiago inurririk azaldu. Ez zoruan, eta ezta inurriek zoruarekin nahasten dituzten hormetan ere.
Inurrien afera tarteko izan ez balitz, Diego Lazkano eta bahituaren artean halako harreman esturik sortuko ote zen galdetzen zion askotan bere buruari. Bahituak konfidentetzat hartu zuen Lazkano, ezagun zuen aurreko txandan zaintzen zutenekin ez zuela batere hitz egiten, hiztun egoten zen bera heldutakoan, kaputxa beltzaren pean izan arren beti Lazkanok aurpegia, begietara begiratzen zioten elkarri, hainbeste egunen ondoren bahituak errekonozimendu erronda batean aise ezagutuko zuela uste izateraino Lazkanok, bere begi grisei begiratzea aski izango zuela. «Kapusaia kendu behar nuke agian, eskertuko luke, tipo honek ez ninduke salatuko», pentsatu izan zuen, baina bazekien ezin zuela halakorik egin.
Bere bizitzaren berri kontatu dio orduan: zergatik jarri zion alabari jarri zion izena, nola bidaltzen zuen aitak gaztetan Suitzako ospitale batera lanera alemana ikas zezan, nola bere andrea botikaria zen.
— Bada berririk?
Luzatzen ari da bahiketa eta Lazkanok ez du jakiten jada bahituari zer esan.
— Gauzak ondo doaz —esan dio hasieran, baina «berririk ez» esaten hasi da gero, gezurretan eta ezkutaketan aritzearekin mesederik egiten ez diolakoan.
Bahitua ez da, ordea, gehiegi larritzen, beragan konfiantza duela dirudi, sinesten duela gauzak onbideratuko direla. Bera ez da enpresaria, bere familiak ez du dirurik. Ingeniaria da. Behin ausartu zen galdetzera zer eskatzen zuten bera askatzearen truke. Lazkanok ez zuen jakin zer erantzun. Beilaria besterik ez da bera. «Legalak ere behar ditiagu».
Eta gero Ilegorriaren agindu hura:
— Azken txanda, bihar Iparraldean egon beharko duk.
Helbidea eman dio aurpegi garden oreztaz betea daukan gizonak. Angelu, Rue Moulinaou. Beraz sasira pasatu beharko du. Beraz agur esan gabe agurtu beharko du bere bizitzako maitasuna, Ana. Beraz agur apal berean abezekiro sailkatutako haien disko bildumari, Mikel Laboa eta Patti Labelle, Echo & The Bunnymen eta Errobi, «ezkontzea baino lotura tinkoagoa». Beraz agur amaren errieten gozoari. Beraz ezingo dio aitari gehiago deitu, inurriak nola hiltzen diren galdetzeko. Labezomorroak nola hiltzen diren galdetzeko. Arratoiak nola hiltzen diren galdetzeko. Eta hainbeste gauza dauzka oraindik harengandik ikasteko.
— Non utziko diagu aske?
Isiltasunak erantzun dio, ezinegonak, azken betileraino ilegorri denaren arnasa etsiak. Bi sudur-zulo baino gehiagotatik ateratzen dela dirudien hasperen indartsu batek. Itxoin eta itxoin eta erantzunik jaso ez. Sorbaldatik heldu behar izan dio Lazkanok Ilegorriari, ausarkeriaz, bera baino askoz ere aginte maila altuagokoa eta zaharragoa den norbaitekin inolaz ere egin behar ez lukeen gauza. «Zelula lotia» edo «zelula lokartua» hitzak oroitu ditu, eta bera jada, ordura arte konturatu ez bada ere, esna dagoenetarik bat dela jabetu da derrepente.
— Aske utziko diagu, ezta?
Angeluko etxe isilean, Moulinaou karrikan, lehen eguna sasian, lehen eguna gauza klandestinoak egiteaz haratago klandestinitate erabatekoan bizitzen, aginduen zain. Gurasoak akorduan, Ana akorduan. Eta zabaltzeko indarrik ere izan ez duen egunkariko azalean ikusi du goizean goiz hildako bahituaren argazkia, sukaldean, gainerako guztiak lo dauden bitartean oraindik etxe hartan. Aparece con un tiro en la nuca el ingeniero... Geldirik dagoen mundua geldiago, bere bihotza ere halatsu, lurruna leihoetan, hegazti bakar baten luma bakar bat ere ez da mugitzen buruan duen El Salvadorreko oihanean. Bere bizitza laburreko kolperik gogorrena, «zelula lotiaz» edo «zelula lokartuaz» duen ideia mila zatitan leherrarazi duen bonba. Lurra kendu izan baliote bezala oinen petik. Agurtu ere ez du egin bahitua (nola bada agurtu bahitu duzun norbait, zuk jakin edo ez, hiltzera daramatena? Nola agurtu bahitua zure bizitzako maitea ez baduzu agurtu?), huts egin dio, gauzak ez zihoazen ondo eta berak baietz esan dio. Gauzak horrela amaituko zirela jakin izatera beste era batera mintzatuko zitzaion, kapusaia kenduko zuen hasieratik, demonio, zein koldarrek ez zuen aurpegia ematen; gauzak horrela amaituko zirela jakin izatera ongi neurtuko zuen esandako hitz bakoitza, esan behar ez zuen hitz bakoitza, barregarri esandakoak barne, «dale una pasara con esto».
«Inurriak akabatu genituen elkarrekin», pentsatu du, «inurriak akabatu genituen berak eta nik, eta orain bera dago hilda». «Alemana zekien eta orain hilda dago», etorri zaio burura modu zentzugabean, alemana jakitea —edozer jakitea— heriotzaren kontrako asegurua bailitzan.
San Marcial kaleko soto batean zegoen Luis Agirre Sesma abokatuaren bulegoa, leku xumea, inondik ere, hogeitaka urte lehenago politikan aritu eta bitartekaritza lanen garratz-mikatzak ezagututako norbaitentzat. Konponketak egiten zituen emakume batek hartua zuen eskailerapeko bi eskuetako bat eta berea zen bestea. Adela Retoucherie, gaztigatzen zuen ondoko ateko afixak, beheraxeago eta parentesi artean Arreglos zehazten zuela, kontua ez baitzen distintzio aldarriaren pentzura frankofiloa ez zen bezeria galtzea.
Donostiaren idiosinkrasia kosmo-hipokrita ikusi uste izan zuen kartel haren baitan Diego Lazkanok.
Batere afixarik ez zuen ateko txirrinari sakatu eta minutu erdi baino gehiago behar izan zuen ateak irekitzen, gehitxo, eskailerapeko bulego hauen dimentsio ttipia kontuan izatera.
— Zure zain nengoen...
Adeitsua eta gardena zuen begirada, ozeano barearen pare, asko bizi eta ikusitakoarena. Zaila zen bere adina zehaztea: hirurogeitik hirurogeita hamar urte bitarte izan zitzakeen. Gizena eta haragi erorikoa, gantz-geruzak tiranteetatik ihesi, barruko patio batean zintzilik jarritako izarak bezala. Agirre Sesmak, ia erabat burusoila izan arren, aurpegi biribila eta garezur simetrikoa zituen, jaiotzatik beste inola irudika ezin daitekeen gizon horietako bat, goiz zahartu eta itxura horri bihotzekoak jota hil arte eusten diotenetakoa. Proportzionalki buru txiki samarra aukeran, gorbataren alde bietara hedatzen zitzaion soin-enborrak Diego Lazkano halako bi gordailatu zitzakeela kontuan hartuz gero.
Paper zahar, kode eta jurisprudentzia liburuz josita zegoen sotoa. Giroa hezea zen. Pasilloan aurrera egin ahala, ezpata-dantzako korridorea egiten zuten hamarkadatan zehar pilatutako liburuek, karpeta metek eta aldizkari dorreek —Punto y Hora, Cambio 16—. Handik barrena motel-motel segitu eta Lazkanok abokatuaren arnasa asmatikoaren zirritu txistukaria sumatu zuenean, ezin saihestu izan zuen okerreko abokatuarengana etorri izanaren susmoa, eta susmo horrek berarekin zekarren dezepzioa.
«Arratsalde bat alferrik galdua. Xaharrari solas pixka bat eman eta etxera».
Mahai-flexo txepel batek argitutako idazmahaiaren atzean bere burua erortzen utzi eta pareko besaulkian esertzeko gonbita egin zion Agirre Sesmak eskuaren burruntzaliaz.
— Hara: ez dizut ilusio faltsurik eman nahi. Oraindik ez dut erabaki kasua hartuko dudan edo ez...
«To, gure xaharra! Bostekoa ere ez zidak eman! Retoucherie batekin konpartitzen dik kasik bulegoa eta zer eta bere bezeria hautatzen duen abokatu bufete mokofinarena jotzen niri!», pentsatu du Lazkanok. «Ze uste dik honek, lehen asaltoan kardiopatia batek jota edozein unetan ziplo eroriko den dinosauro bati enkargatuko diodala kasua?». Buruargitasuna eta ahalmen entziklopedikoa bakarrik ez, kemena eta indarra ere behar baititu franko abokatu batek epaitegiek bi alditan itxitzat emandako Soto eta Zeberioren sumarioan sartzeko, azeri zoliaren erreflexuak, buru hotza bezain esku irmo eta berbaera oxigenatua.
— Hona bidali zaituenak esango zizun aspaldi hartu nuela erretiroa epaitegietatik.
— Zu baino hoberik ez dela ere esan dit.
— Laguntza handia beharko nuke sumarioa berriz irekitzea lortuko bagenu.
— Ez dakit zure zerbitzu-ordainak zeintzuk diren, baina ez nabil patrika-aise, egia esan.
— Ez, dirua garrantzitsua da, baina ez nintzen horretaz ari. Kemenaz eta jende kementsuaz baizik.
«Tira, hasi gaituk elkar ulertzen», Lazkanok bere artean: «Xaharra ere ohartu duk ez dagoela trosta handietarako».
— Hara, gazte, ez dakit zuzenbidearen munduarekin harremanik baduzun batere...
— Ziegatik pasea naiz, aspaldi batean...
— Ez gaizki hartu, baina komisaldegiek eta kartzelek ez daukate zerikusirik zuzenbidearekin.
— A, ez? Delako lege baten ondorioz atxilotu nindutelakoan nengoen ni. Hala kontatu zidaten behintzat.
— Nire lana jendea kartzelara sartzea edo bertatik ateratzea da, eta horretarako erabiltzen dudan metodoa...
— Metodo hori da zuzenbidea, gaizki ulertu ez badut.
— Metodoetako bat... Ez bakarra, jakina, baina bai nik ondoen ezagutzen dudana. Eta metodoa baino areago, metodo horren zirrituak ezagutzen ditut.
Bere hauspo asmatikoaren suge-txistuak hartu zuen une batez bulegoa, arnasa estua eta legearen zirrikituak, biak bat eta berbera bailiran.
— Inork ez bezala ezagutu ere..., eta barkatu nire apaltasun falta. Jende askok saihestu du kartzela niri esker. Heriotza ere bai, bakarren batek. Harro nago horretaz.
«Barkatuta hago gizona, horixe besterik ez genian behar», Lazkanok bere artean. «Harrook ongi ulertzen diagu elkar», ebatzi du gero.
— Baina Soto-Zeberio sumarioaren bidez ez dugu inor kartzelatik ateratzea lortuko. Beste bat da auzia.
— Bai, badakit beste bat dela auzia. Baina litekeena da, gauzak azken bururaino eramaten baditugu, bat edo bestek zenbait urtez eguzkia marratan hartu beharra ere...
— Hori ez zait interesatzen.
Irribarre egin zuen Agirre Sesmak. Lazkano durduzatuta geratu zen abokatuaren azken esaldiarekin.
— Ez zaizula interesatzen?
— Batere ez.
— Justizia interesatzen ez zaion abokatu bat, interesgarria.
— Hitz potoloa, justizia. Nork berea dauka.
— Horixe bera esaten dute ipurdiei buruz ere. Nork berea, eta batetik bestera, itzela aldea.
— Berbaera berezia daukazu, zein da zure ogibidea?
«Bidean papurrak uztea. Zurea, txoriek papurrekikoak ez egitea, nik uste». Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.
— Idazlea naiz.
— A, sortzaile bat...
«Sortzaile bat», esan du, nerabeen buru-ahulezia heldu baten baitan topatzen duenak bezala. «Erromantiko bat», esango balu bezala. Lehenago «gazte» ere deitu dio, berrogeiak oso paseak dituen arren. Aurrera segitu du abokatuak.
— Jakingo duzu justizia zer den ez dutela fakultateetan erakusten. Legeak aldatzen dira eta justizia aldatzen da. Erromatarrengandik heldu zaizkigun legeak saiatzen dira epaile ekidistantearen eta epai justuaren existentzia famatzen, baina horrelakorik ez dago, telesailak telesail, sistema exekutiboaren tresna da legea...
— Esadazu egia: uste duzu badaukagula aukerarik?
— Sumarioa irekitzeko ala Soto eta Zeberioren heriotzan parte hartu zutenak izorratzeko?
— Bietarako.
— Utzidazu orain zuri galdera bat egiten. Zintzoki. Zer da zuretzat garrantzitsuagoa, zure lasaitasuna, zuk justizia esaten diozun hori, alegia... edo egindakoa larrutik ordainduko duten paga-buruak aurkitzea?
— Zuk paga-buruak deitzen diezu, nik errudunak.
— Ez didazu erantzun.
Isilik geratu da Lazkano.
Agirre Sesma abokatuak tiradera ireki, puru bat atera eta belarrira inguratu zuen, kris-kras, itsas-kurkuiluan itsasoa entzun nahi duen ume. Zeremonia handiz ekin zion kea botatzeari. Artez erretzen zuen, puruaren kea ez zitzaion berehalakoan ezpainetatik desitsasten, kea ere ezpain inguru hartan eroso balego legez.
«Isiltasuna ez da beti erantzun txarrena», erabaki du abokatuak.
— Onartu egingo dut kasua.
Zerbait espero zuen Agirre Sesmak: alfonbra gorri bat, txaloak, etxafuegoak. Ez zuen Lazkanorengandik halakorik jaso. Motor baten orroa bakarrik entzun zen, kanpoan. Autobusen kolpekako arrantzak.
— Baina baldintza batekin...
«Nahikoa da», ebatzi du Lazkanok, «kontraerasora pasatzeko tenorea».
— Eta nik beste abokatu bat bilatzea erabakitzen badut? Agian ez zaitut gustuko...
— Gustuko edo ez, ez duzu hiri honetan kasua hartuko dizun beste abokatu bakar bat ere topatuko. Eta are gutxiago irabazteko aukera duen inor. Zer esanik ez, nik bezain gutxi kobratuko dizunik. Kausa galduen garaiak joanak dira, ez zaitez engaina.
— Zein da baldintza, orduan?
— Galderarik ez. Nik diodan bezala egingo dituzu gauzak.
— Ditut?
— Epaitegiez ni arduratuko naiz. Baina epaitegietatik kanpo ere asko dago egiteko.
— Hitz egin dezagun diruaz. Zenbat?
— Abokatu ezohikoa nauzu, esango zizun zerbait zure lagunak: kasua bukatu arte ez dut xemaikorik kobratzen. Gero, ikusiko dugu.
— Zer ikusi, baina?
Lokietako ile bakanetaraino zimurtu zitzaion begirada Agirre Sesmari, bihurri, horizontal, makur. Kearen hodei-aterkitik mintzo zen, anpulos.
— Justizia lortzen dugun ala ez.
Agirre Sesma ez da ezagutzen ez dituen hildakoen hiletetara joaten. Ezkerrak zein eskuinak manipulatutako ekitaldiak izaten dira ia beti haren aburuz, ez da bidezkoa hildakoen pentzura etekin politikoa ateratzea, hala uste du berak. Etekin politikorik atera ezean, bestalde, ze zentzu luke basakeria honek guztiak? Ez, Agirre Sesma ez da ezagutzen ez dituen hildakoen hiletetara joaten, baina kasu honetan salbuespen bat egin du. Bereziki mingarria izan da ingeniariarena. Tupamaro estiloko propaganda ekintza bat izango zela pentsatu zuen hasieran: hainbat egunkarik men egin zioten haien azaletan bahitzaileek eskatutako komunikatua argitaratzeari, El Paísen ere osorik atera zen. Baita euskal egunkarietan eta Kataluniako hainbatetan ere. Ez beti azalean, eskatzen zuten bezala... baina eskuzabal jokatu zuten kazetek adierazpen askatasuna bizitza bat salbatzearen truke emateko prest agertuz, doktrina alemaniarraren ildotik. Alfer-alferrik.
Odol hotzean hil dute, hala ere, ingeniaria.
Elizan, gorbata beltzak eta alkandora zuriak. Hari grisez egindako txalekoak. Abrigo ilunak eta luzeak, orkatilarainokoak, errebolberra gordetzeko jantzi aproposak. Agirre Sesma durduzatuta geratu zen Murillo parlamentariak Kongresuko kolegetako batzuk errebolberrarekin ibiltzen zirela esan zionean. Hotzikara emateko modukoa. Politikari sozialista haiek denak arma bana hartuta. Edozer gerta zitekeela sentitzen zuen batek, urtebete lehenagoko estatu kolpearen antzeko beste bat, auskalo.
Elizan daude Barrionuevo ministroa eta Madrilgo eta Erkidegoko beste hainbat agintari, Carlos Garaikoetxea lehendakaria barne, bere gurasoen kristal-dendaren parean tiroz josi zuten Alfredo Trota polizia nazionalaren hiletara bezperan etorriak eta ingeniariarena gertatu ondotik baten ordez bi gorpuren azken agurrera geratu direnak bidaia bakarrean. Lege Antiterrorista berriak behar zuen azken bultzada izan da: oposizioko Manuel Fraga, Francoren ministro ohiak eta haren taldeak, txalotu egin dute Barrionuevo ministro sozialista, modu ezin sinetsizkoan. Horrek ematen du gauzen neurria.
Murillo parlamentari eta abokatuak Agirre Sesmari esan dionez, bere ustez, ETA erratu egin da: une horretan su-etena eman izatera, Felipe Gonzalez Espainiako presidenteak Lege Antiterrorista bertan behera utziko zuen ziurrenik. «Agian bai eta agian ez», pentsatu du Agirre Sesmak. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.
Javier Fontecha ikusi du, bera baino gazteagoa izan arren Gobernuaren delegatu izendatu berria, politikan kargu inportanteagoak betetzera deitua dagoena. Mediokre neurritsu bat iruditu izan zaio beti Agirre Sesmari. Ez harritu urrunera heltzea.
— Ausartu haiz hiletara etortzen —bota dio, sarkasmo mingarriz.
— Latza izaten ari duk hilabete hau, Fontecha.
— Atzo ez hintzen Trotarenera etorri... Kategoria kontua... Hildakoak eta hildakoak daudela, nonbait.
— Ez nauk joaten ezagutzen ez dudan jendearen hiletetara.
— Ezagutzen huen ingeniaria?
— Haren familia.
— Egia duk, orduan: bitartekari ibili haizela entzun diat... Baina oraingoan ez zaik ongi atera.
— Ate guztiak itxita topatu ditiat. Kasu honetan ez zuan dirua kontua. Gogor jarrita zaudek.
— Eta zuek etekinak atera...
— Ez gaituk denok Murillo bezalakoak. Nik ez diat inoiz xemaikorik ere kobratzen, Fontecha. Gure alderdiak erreskateen zati bat finantzatzeko hartzen duen kontuarekin atera behar baduk berriz...
— Nik ez diat horrelakorik esan.
— Gainera, nor haiz hi niri kargu hartzeko? Mitterrandek agintzen dik Frantzian, Soaresek Portugalen, PASOKen Papandreuk Grezian... sozialistak hirurak... Gauzak beste era batera egin ditzakezue zuek ere, ala? Zerbaiterako da boterea.
Hasperen egin du Javier Fontechak, baina ez du deus erantzun. Gaztea da oraindik, nahiz eta ikaragarri zahartzen duten gabanaren larru nabarrak, nekeak eta lorik ezak.
Adela Retoucherie. Arreglos. Agirre Sesmaren bunkerrean daude berriz.
— Zergatik halako interesa? Urte asko pasatu dira.
— Eta beste asko pasatuko dira inork ezer egiten ez badu. Gerra Zibilarekin bezala gertatuko da, errezel bat ireki, lau txalo txepel igurtzi, oroitarri bat zabaldu eta kontuak eta barkamena nori eskatu geratzen ez denean justizia egin dela esango dute.
— Iustitia... Ius sanguinis? Ius loci? Iustitia, barka zakarkeria, zakilbaba baino ez duzu: nork berea zurrupatzen ez badu, iristen ez delako. Aurreko aldian hori garbi geratu zela uste nuen.
— Zure ogibidea maite zenuela esan zidaten... Apasionatua zinela.
— Hara, adiskidea: bihotza tiraderan sartzen dut lanean hasten naizenean. Beste errai batzuk behar izaten dira gure ofizioan, eta behazuna irensteko gaitasuna, bikoitza.
— Orduan zertarako zara zu abokatu, jainkoarren?
— Jainkoarren ez, hori seguru.
— Laguntza behar dut.
— Eta nik zure benetako arrazoia behar dut jakin, Lazkano jauna.
— Esan dizut...
— Justizia nahia ez da inoiz arrazoi bat. Etortzen da jendea mendekuak bultzatuta, diru premiagatik, umiliatzeagatik, harrokeriagatik edo harrotasunagatik. Baina sekula ez justizia premiak bultzatuta. Benetako arrazoia jakin ezean, zaila izango da aurrera egitea... Barkatu, baina horixe da nire etika profesionala.
— Orduan ez dugu zertaz gehiago mintzatu.
Kasua hartuko zuela esan ez zion ba aurrekoan? Zertara zetorren orain hura? Agirre Sesmak igarri du Lazkanoren destenorea. Erasora jo du berriro abokatuak:
— Zerk ematen dizu min?
— Zerbaitek mina ematen didala esanez gero hartuko duzu behingoz kasua? Bada hori aski arrazoi?
— Zein harreman zeneukan Soto eta Zeberiorekin? Zein mesede zor zenien beraiek hil ostean ere haiei hain era likatsuan estekatuta segitzeko? Egia nahi dut.
Bazekien alu hark txepetxari lepotik heldu eta buruan airea faltatzeraino estutzen.
Sentimendu kontrajarria, ziztada bikoitza sentitu zuen Lazkanok. Soto eta Zeberio. Zirrara bikoitza.
— Tira ba. Zain naukazu. Egia izaten da beti errazena.
— Ez dut uste, hori... Egia niri bakarrik dagokit, sentitzen dut.
Zirrara bikoitza zen, baiki: batetik, abokatuaren diskurtsoaren makuluak morala zanpa-zanpa utzi ziola sentitu zuen. Bestetik, abokatua ezagutu zuenetik lehen aldiz, gizon zorrotz bat bereizi uste izan zuen bere aurrean, berak baino askoz ere eskarmentu eta ikuspegi zabalagoa zuena, ez Lazkano lako finisterre laburreko gizon ahula; lehen aldiz begitandu zitzaion hura zela dudarik gabe behar zuen abokatua. Bazekien sastrakak non astindu.
— Hara, adiskidea: soto batean gaude. Horma hauen artean esaten dena horma hauen eta nire arteko kontua da. Arre edo iso, erran edo ixo. Koñaka gustuko duzu?
— Ez, ez dut ohiturarik.
Buruaz gustura baiezkoa egin eta koñaka isuri zuen ipurdi zabaleko edalontzian, entzungor. Gero arrast ingurarazi zion Lazkanori edalontzia. Zintzurrera zuzenean, berak.
Edan bezala bota zion, dzangada bakarrean braust:
— Salatu egin nituen...
Berdin egin zion ahotsak herren, traizio.
Lazkano nola ari zen maskaldu eta ahultzen, abokatua ari zen indartzen eta nagusitzen.
— Torturatu egin zintuzten?
Parrasta egin zuen koñakak beirazko ipurdiaren kontra isurtzean. Bi basotan oraingoan. Abokatuaren arnasaren azantza asmatikoak besterik ez zuen isiltasuna urratzen. Lazkanok arnasari eusten zion, begiak hormetako kode zaharkituetarantz ihesi. Ezin haietako izenburu bakar bat ere irakurri.
Mahaiko flexo bakarra itzali zuen Agirre Sesmak. Mahaia mostradorea bailitzan, besoak Lazkanorenganantz aurreratu eta sorbaldan ipini zion eskua, taberna ixtera doan zerbitzari:
— Edan ezazu.
Luis Agirre Sesma abokatuak ez zuen Julio Virado kazetariaren berri. Bera baino gazteagoa izango zela pasatu zitzaion burutik, eta elkarrizketa eman aurretik haren artikuluren bat irakurri nahi izan zuen.
Cambio 16 aldizkariaren azken aleak inguratu zizkion Emiliak. Viradok luma ausarta zuela ikusi ahal izan zuen abokatuak, nahiz eta haren artikulu eta iritziek orbela soberan zutela iruditu. El bosque vasco izeneko erreportaje efektistarekin dibertitu zen gehien: Euskal Herria bata bestearen gainean gainjarritako interes, konplizitate eta koldarkerien foresta impenetrable gisara deskribatzen zuen, literatura handiz.
Aurrez aurre ikusi ahal izan zuen, uste baino are gazteagoa zela oraindik.
— Zer iruditu zaizu ETAren erreskateak ordaintzen laguntzeagatik Murillo parlamentari eta abokatua atxilotu izana?
— Nire elkartasun guztia dauka Murillok. Astakeria da arrazoi humanitarioak direla medio egindako bitartekaritza lanak zigortzea. Beharrizan larria dagoen kasuetan, eta horietako bat da bahiketa, zuzenbide penalak baimendu egiten du erreskateak ordaindu eta kapitalak mugaz gaindi eramatea.
— Nahiz eta diru hori gero armak erosteko erabili eta arma horiekin jendea hil?
— Beharrizan larrien arteko gatazka dago hor: baina premiazkotasunak, pertsona baten bizitza orain salbatzeak, gain hartzen dio etorkizuneko balizko atentatu posibleari, hau gaitzesgarria izan arren, saihestu daitekeelako eta abstraktua delako. Bahiketa baten kasuan legea esekita geratzen da; ez bakarrik bahituarentzat eta bere familiarentzat, baita estatu osoarentzat ere.
— Eztabaidagarria da hori, estatu oso bat etengabe edozein xantaiaren menpe jartzea den heinean...
— Doktrina alemaniarrak horrela dio eta haren alde lerratzen naiz ni ere. Orain eta hemen arriskuan dagoena salbatzeko, edozer egin behar dugu. Gero gerokoak.
— Murilloren kasuan, gogor kritikatu da bitartekari lanak egin dituen abokatuak erreskatearen zati bat beretzat hartu izana.
— Ikuspuntu ezberdinetatik azter daiteke hori. Nik ez nuke horrela jokatuko, baina erabat errespetagarria iruditzen zait Murilloren jarrera ere... Bere ustez, bitartekaritza lana bere ogibidearekin lotutako zerbait den heinean, ez kobratzea litzateke irregularra eta ez kontrakoa... Lan hori doan egiteak nolabaiteko kolaborazio maila bat eragin lezakeela argudiatzen du berak, kode penalean tipifikatutakoa. Ez nago ados, baina bi jarrerak dira zilegi.
— Zer iruditzen zaizu Kode Penala erreformatzeko asmoa?
— Kontra nago. Stampa Brauni eskatu zaio aholkua, eta hori iruzurra da. Zer irudituko litzaizuke Karol Wojtyla Aita Santuari abortuari buruzko aholkua eskatzea? Aholkularia hautatzen duzun unean hartzen duzu erabakia, eta ez aholkulariak aholkua emandakoan. Izatekotan, kartzelan prebentiboki iragan beharreko epe maximoa lehenbailehen ezartzea lehentasuna dela esango nuke.
— Jakinaren gainean zaude zenbaitentzat ahula edo biguna izango dela halako erabaki bat hartzea.
— Ezin dugu orain arte bezala jendea epaiketa zain modu mugagabean eduki. Bitxia da, baina hemen hori gertatzen den bitartean, Britainia Handian biguna edo ahula izateko susmorik pizten ez duen Margaret Thatcherrek milaka preso askatu ditu espetxe ingelesetatik, ez ihes egiteko promesaren pean eta haien kasua batzorde batek aztertu ondoren.
— Aurrera zenezake zerbait ETAko preso gehiago damutu eta aurki kaleratuko diren zurrumurruaz?
— Lehenik eta behin, ez dudala gustuko hitza. «Damutuak» direla esatea ez da zehatza. Italiatik ekarritakoa da terminoa eta ez zait gustatzen: gizarteratze sozialaz ari gara gu. Eta ez, ezin dut ezer aurreratu, kontu horrek erabateko diskrezioz jokatzea eskatzen duelako.
Julio Virado erbia baino azkarragoa zela iruditu zitzaion Agirre Sesmari. Manipulatzaile trebea zen gainera, elkarrizketa transkribatzerako orduan nahikoa fidel jokatu zuen arren, gehiegi azpimarratu baitzuen gero entresakan «damutu» hitzaren pisua. Moduak eta moduak zeuden kazetaritza norbere interes eta ideietara plegatzeko. Ez zen Julio Virado «damutuen doktrinaren» asmatzailea izan, baina egun hartatik aurrera komunikabide askok hartu zuten eurentzat «damutu» hitza. Orduraino hain fruitu onak eman zituen prozedura hura itzaltzen hasi eta Agirre Sesma abokatuak eta bere taldeak preso politikoak bergizarteratzeko irekitako bidea asko zaildu zen. Inork ez zuen «damutu» bat izan nahi.
Agurtu aurretik kiroltasunez eman zion bostekoa Julio Viradok, eta baita bisita-txartela luzatu ere. Garai hartan ohikoa zen abokatuek keinu hura egitea, ez, ordea, kazetariek. Deigarri egin zitzaion Agirre Sesmari.
— Ez nago ia ezertan zurekin ados, baina plazera izan da —esan dio agurrekoan kazetari gazteak.
Ihintzak hartuak zituen espaloiak eta gelako estufa itzalita zeukan Agirre Sesmak. Mahuka hutsik zegoen, ordea; alkandora zuria, gorbata koipetsua, tiranteak. Pentsatzen ari zenari buruz behar baino arrasto gehiago emango zizkion akatsa egin zuen Diego Lazkanok: denbora larregi eman zuen estufa itzaliari begira.
— Ez pentsa argindarrean gastatzeak amorrua ematen dion agure xuhurra naizenik. Ez da zuk uste duzuna. Hotza gustatzen zait. Gustatu baino gehiago, haren premia dut bizirik sentitzeko.
— Tuberkulosia tentatzen ari bazara, ez da nire kontua.
— Zu gaztea zara, ezin duzu ulertu.
— Sehaskako barroteek ez didate mundu krudela ikusten uzten.
— Badakit urteen ajeak jendea paraje epeletara zurrupatu ohi duela, baina ez ni. Hotzak ematen dit eguneko gozamen unerik finena... Ur hotzarekin freskatzen naiz txorrotapean. Era bakarra da. Azala oilo ipurdi bilakatzen da, eta hotzikara horrek garai bateko trinkotasuna ematen dio azal eroriari. Faltsua da, baina iruditu egiten zaizu, une batez bakarrik bada ere, trinkotasun hura berreskuratzen duzula. Ezer ez da erreala adin batetik aurrera; sentsazio ahaztuen noizbehinkako gomuta besterik ez da geratzen, eta ez beti norberak nahi duenean. Irakurtzen dut zure begi ziniko eta gosetietan: sexua? Aspaldi ez dakit zer den hori. Ur zurrustada hotzaren pean oilo ipurdi hori sentitu eta bizirik egotearekin konformatzen naiz. Gizentzen hasi nintzen arte ez nuen nire aurpegiaren kontzientziarik, badakizu? Halako batean loditzen hasten zara, sudur-hegalak eta belarriak handitu egiten zaizkizu, ez zara gai liburu bat irakurtzeko zure sudurraren ardatza ikusi gabe... Badakizu zer den hori? Ni adina sekula ez gizentzea opa dizut... Higuingarria da, azalak ihes egiten dizu, beste bat bilakatzen da eta bere kasa bizitzen hasten, nahiz eta ez duen erabat zure hezurretatik besterentzeko adorerik. Lehen elegante izan nahi nuen nik ere; orain, hozkia ez ematearekin konformatzen naiz.
Drama beltzerako joerarik batere gabe esan zuen hura guztia, begiak dir-dir, umoretsu ere baietz esango luke Lazkanok. Ez zen erraza txantxetan edo serio ari zen bereiztea. Kapelua eta gabardina mehe bat eskuratu eta kalerako bidea seinalatu zion.
— Estufarik itzali beharrik ez kalerakoan, adiskidea. Dena ez da desabantaila.
Retoucheriea itxita zegoen.
— Topatu duzu Adela inoiz? Emakume horrek nik baino gehiago irabazi izan du beti.
Diego Lazkanok adarrean ere badakiela erakutsi nahi dio abokatuari:
— Nola liteke, bion lana, adabakiak jartzea, berbera izanda?
— Oraintxe esan duzu gaur arratsaldeko gauza zentzudunena. Gonbidatuko nauzu garagardo bat hartzera?
— Elkarrekin lan egingo dugu, beraz?
— Asko daukagu egiteko. Hasteko, familia.
— Familia?
— Baduzu harremanik? Hitz egingo zenuen haiekin...
— Ez.
— Bada hori da lehenengo gauza. Ezin dugu kasua berriro ireki dezaten eskatu tartean familiako norbait egon gabe.
Ez zekien Zeberioren amaren etxean zer espero. Bazekien urteak zirela alargundu zela, eta Zeberioren amak bere bi alabekin bizimodu eta harreman taxu normal samarra izango zuela irudikatu zuen: nork bere lana eta familia, telefono deiak tarteka gauzak ondo samar —«hainbestean»— zihoazela esateko, astean behingo familia bisita eta urtebetetze edo gabon ospakizunak, umeen etorrerak gozatuak eta etorkizunerantz proiektatuak iraganaren kalte eta norbere buru osasunaren mesede. Urte asko pasatu ziren inoiz itxiko ez zitzaion zauri hura egin ziotenetik, arima bi puska egitea, hori zauri bat bada behintzat. Zer gertatzen da sendatzen ez diren eta sekula sendatuko ez direla ziurtasun osoz dakizun zauriekin? Haiekin bizitzera ohitu egiten zarela, zauri horiek izaki bizidunak balira bezala. Hildako seme baten mina, min hori, izaki bizidun baten parekoa baita, bere negarraldi, bere mimo eskaera, bere ez ahazteko erreguak egiten dituen mini-izaki bat, bere urruntze eta gerturatzeekin, bere desagertzeko joera aldizkakoarekin, hilik eta esna dagoen izaki bizidun bat. Ez zekien Zeberioren amaren etxean zer espero, baina gehiegi kosta gabe imajina zezakeen hildako seme beti gaztearen irudiz beteta aurki zezakeela etxea. Etxe guztia umezaroko eta lehen jaunartzeko umearen argazkiz josia, han eta hemen? Zoriontasun fosilizatuaren printzak metraila gazi-gozo baten gisara etxeko apaletan barreiatuak? Zoriontasun printza txiki haiek izan ote zitezkeen ezer, minaren konstelazioko izar domestikoak besterik? Galdutako umearen argazkiak, santu baten estanpa bihurtuak? Zeberioren amaren etxera bidean, hirurogeita hamar eta laurogeiko hamarraldietako argazki orain baino askoz ere urriagoen kolorea oroitzen saiatu zen Diego: Agfa eta Kodak etxeko kolore biziak, argazkiak ongi errebelatzen zituzten orduan, pixelaren leherraldiaren eta pantaila izorranteen aurretiko garaian. Ez zekien Zeberioren amaren etxean zer espero, aldare bat akaso, hildako semearen gela hark utzi zuen bezalaxe gordea: denboran atzera egiten zuen gela bat, hormako paper pintatu berbera, Victor Jararen diskoak, hirugarren munduari eta marxismoari buruzko liburuak, Che Guevararen eta Perturren poster bana, bata bestearen ondoan koplaka aritzeko moduan biak; mendiko botak eta patrika askoko txalekoak, SESB eta Jugoslavia puzzlekatu gabe zeuzkan munduko maparen bat agian horman txintxetaz iltzatua, mundua mundu dela ez ahazteko; Zeberioren ehizarako eskopeta, auskalo, arrantza egiteko kanabera bat, zergatik ez.
Topatuko zuen etxeaz gogoetan ari zen, bere amaren etxearen antzeko bat, sukalde inguruan eta sukaldeko irratiaren eta egutegiaren inguruan ardaztutako etxe antzinako horietako bat espero zuen agian. Mariano Ferrer zen irratia orduan eta Seaskakoa edo Caja Laboralekoa kalendarioa; mantelinaz estalitako telebista ipur-zabalak, ohe-buruko katedralizioak, souvenir nostalgiko merkeak baina urrunetik ekarriak, Lladró etxeko zeramikaren bat, anai-arrebek konpartitu eta borrokan egiten zuten gela ohe-bikidunak, bodegoiren bat korridorean, alfonbra itsusi samarrak, entziklopedia gorrilunak egur iluneko bibliotekatan, kulunkaulki bat aukeran, amona haiekin bizi zen kasuetan; mesanotxe bana eta lanparatxo bana kanonak aginduta bezala ohearen alde banatan, lanpara sofistikatuak agian, elektratresnen denda bat zeukaten Zeberioren gurasoek bere garaian... Ahizpek segituko zuten, agian, negozioan.
Zer eskubide zeukan Diegok Soto eta Zeberioren afera berriro ateratzeko, epaiketa berriro irekitzeko froga aski bazegoela eta sinadura bat eskatzeko? Berari al zegokion berriz ere komunikabideen errotak eta egunkarietako tinta errekak isurtzen has zitezen bultzada ematea? Agirre Sesmak garbi esan zion familiak eskatu behar zuela, familia zela lehenbizi, errespetu osoa zor zitzaiela, pauso bat bera ere ezin eman zutela haien adostasunik gabe.
Xabier Sotoren gurasoekin kafetegi batean geratu zen bi egun lehenago. Inarrosita utzi zuten haren amaren hitzek: «Hasierako urteetan Xabierren lagunekin egotea gustatzen zitzaidan. Xabier nola helduko zen, Xabierrek zein arazo izango zuen, Xabier non biziko zen eta zertan lan egingo zuen. Lagunek mantentzen zuten Xabier bizirik eta Xabierren lagunekin egotea Xabierrekin egotea zen. Gero gogaitzen hasi nintzen. Non zegoen Xabier? Hilik zegoen. Aukera nitzakeen bere lagun izandakoen artean batzuk eta haien bertute eta akatsak gure semeari atxiki. Historia jarraitu historiarik ez zegoen lekuan. Haien hanka-sartzeak eta azertuak har nitzakeen etxekotzat. Baina ez al zen faltsua? Seme bat izan eta seme hori galtzea oso gogorra da: ez bilatu seme hori haren lagunetan. Ez pentsatu haien zimurrak eta haien seme-alabak eta haien ile zuriak zure seme galduaren zimurrak eta seme-alabak eta ile zuriak direnik. Zure hildako semea, inon izatekotan, zure hitz egiteko posturan dago, zure ibiltzeko posturan eta zure etorkizunari begiratzeko modu etsituan. Eta etorkizunari begiratzeko modu etsitu horri aurre egiteko indarrean ere badago zure seme galdua. Nik hala ikusten dut behintzat».
Hori entzutea, senarrak eskutik heltzen zion bitartean. Senar nekatu bat, bere emazteaz eta bizitzari aurre egin izanaz harro zegoena. Mina inguratu eta mina biltzen duen harrotasun klase bitxi bat. Seme bakarra zuten Xabier.
Zeberioren ama ez zuen bakarrik aurkituko. Haren alaba zaharrena ere zain izango zuen, luze samar hitz egin zuen harekin telefonoz, eta akaso aurreratuko zion amari zer edo zer, lanaren zatirik zailena eginda aurkituko zuen bera iristerako, kafea aterako zioten pastekin, abegi ona beste ezeren gainetik.
Ez zekien Zeberioren etxean zer espero, Sotoren gurasoen etxea ikusi gabe geratu zen, jakin-nahi morboso samar hura ase gabe, eta orain doblekoa zen Zeberio bizi izan zeneko lekua ezagutzeko gogoa.
Ez zekien zer espero behar zuen, baina ez behintzat aurkitu zuena. Etxe moderno eta funtzionala, bilobak zaintzen zituen andre pizkorra, jostailuz eta ume kotxez betetako korridoreak, haurren marrazki naif desproportzionatuki zoragarriak txoko guztietan, ukitzeko gogoa ematen duten panpinak, gomazkoak eta oihalezkoak, kolore bizitako errinozeroak eta elefanteak. Hunkitu zuen detaile bat ere bai: manta eskoziarra gela bateko ohearen estalki. Korapiloa egin zitzaion eztarrian manta hura ikusitakoan, mendian galdu ziren egun hartaz akordatuta: «Jode, Zeberio. Hire maitasun habiatxoa duk hau? Hona ekartzen dituk hire mojatxoak? Larru-pasara rupestreen zalea haiz, orduan?».
Zeberioren amak apenas egin zion kasurik. Haren alabak, Keparen arrebak, zuen heredatua begiradaren gogortasuna, mesfidantza, agenda bat eramateko eta handik ez desbideratzeko borondatea.
— Ordu erdi daukagu...
Gogortasun horrek harritu egin zuen apur bat. Ama ez zen haiekin eseri, biloba nagusiena bainatzen ari zen, zeuden lekuraino heltzen ziren uraren txipli-txapla eta xaboiaren lurrina.
Nekeza egiten zitzaion hastea, itzulingurua eskatzen zion gorputzak, elkarren berri jakin eta azken urteotako ibilerak aletzea. Zaila suertatzen zitzaion titiko umea izateari utzi arren txupeteari bularrari bezain gogotsu heltzen zion haurra magalean zuela Zeberioren arrebari neba torturatuaz mintzatzen hastea, horrela, brastakoan. Leun hasten saiatu da, klixeak baino balio ez duen lekuan.
— Ondo ezagutu nuen zure neba.
Distira ziztatu zitzaion begietan neskari.
— Nik baino zorte handiagoa izan zenuen, orduan. Hamahiru urte nituen desagertu zenean, ume bat oraindik.
Ume bat oraindik. Bere buruaz ari zen, baina ari zitekeen neba desagertuaz ere.
— Jatorra zen, eskuzabala.
Baiezko keinua egin du emakumeak, ezaxola. Jakin-min handiagoa erakusten du magaleko umeak, txupeteari saka eta saka. Hizketan jarraitu du Lazkanok.
— Isila tarteka, baina umorea ateratzen zitzaionean... Behin, galdu egin ginen mendian... Eguraldi txarra zegoen eta zure nebak... Bazuen han gordeleku bat, manta eskoziarrak...
— Kasua ireki nahi duzue ostera, ez da hori? Ama ez dakit prest egongo den. Dagokion infernu zatia bi aldiz du pasea, joan eta etorri. Gehiago eskatzea...
— Froga berriak daude. Isilik egon zen jendea hitz egiteko prest dago orain. Abokaturik onena izango genuke. Aurrekari bat izan daiteke gerora beste batzuentzat. Zuei ez zaizue ezer eskatuko.
— Gure kasuan, asko eskatzea da ezer ez eskatzea. Ez duzu uste?
Zerbait gogoratu du Diegok: «Beti dago beste muino bat».
— Zalantzarik gabe, Soto gora eta Zeberio behera ibiliko lirateke bolada batez berriro ere egunkariak, hori ezin dizut...
— ...eta kazetariak ate joka, eta telefonoa hoska. Suitzara joan behar genuke bizitzera eta gero bueltatu?
Irribarre egin du Zeberioren arrebak, samurtasun une bat, urregorria balio duen umore printza leuna. Eskuzabala zen arreba ere, Kepa bezala, ezagun zuen.
— Aukerak ikusten ditugulako hartu nahi dugu arrisku hori, baina zuen esku dago, jakina.
Isilik geratu zen une batez.
— Hitz egin duzu Xabiren gurasoekin?
Xabi. Geure buruengan pentsatu aurretik lagun hurkoarengan pentsatzeko joera. Geure minean pentsatu aitzin, lagunaren minean pentsatzeko ohitura.
— Haiek ados daude.
Baiezkoa egin du buruaz, ez baiezkoa adierazteko, pentsatzen ari delako baizik. Amona bihurtutako ama sartu da egongelara, xukaderan bilduta neskatila bat dakarrela. Halogeno erregulagarriei eragin die, gelara argi apurra isuriz.
— Ilunpetan zaudete ia...
Erabakigarri mintzatu da Maite Zeberio:
— Haiek ados badaude, gu ere bai.
Diego Lazkanok Agirre Sesmaren urtebetetze festara joan behar izan du azkenean, halakoak gorrotatzen dituen arren. Zorionez hemen ez du inork ezagutzen, eta ez diote bere hurrengo liburuari buruz galdetu, ez dizkiote argitaratu gabe daramatzan urteak gogorarazi.
Kursaaleko kuboak ikusten dira balkoitik. Moneoren prisma zurixkak ez daude pizturik oraindik. Sabai altua, etxe hura betidanik familia berarena izan den itxura. Aitona-amonek gurasoei eta gurasoek seme-alabei utzia. Agirre Sesmaren etxeko libururik zaharrenen bizkarrei erreparatu die Lazkanok, ez daukate zerikusirik bere abokatu-zuloan dauzkanekin: Ludwig Feuerbach, Rosa Luxemburg, Antonio Gramsci, E.H. Carr, Leon Trotski, Marta Harnecker... Aurrekoek adina espazio betetzen dute Engelsek eta Marxek.
Jabetu da Agirre Sesma Lazkanoren begiratuaz.
— Liburu horiek ezin izan nitzake nire bulegoan, bezero batzuk izutu egiten ziren garai batean. Orain zientzia fikziozko egileen izenak direla usteko luke jendeak.
— Kausa galduen abokatua...
— Demagun epe laburrean galduta dauden kausen abokatua naizela.
— Epe luzean irabaziko diren horiena...
— 77an, adibidez, espetxetik irteten ziren presoei langabezia-sariaren antzeko bat eskatzearen alde jardun genuen, berriro ere lapurreta txikietara haiek ez kondenatzeko, preso sozialez ari naiz, ez politikoez... Eskandalua iruditu zitzaion askori eta ez zen aurrera atera, baina handik zazpi urtera bai, 84an, ontzat eman zuen Kongresuak.
— Tartean zeunden?
— Tira, kaobazko jarlekuetatik aparte genbiltzan gu... Baina bai, egiten genien lan zikina noizean behin aulki-berotzaileei... Urte biziak izan ziren: beti da politagoa gauzak ezerezetik sortzea... Zuk badakizu zerbait horretaz.
— Bitartekaria ere izan zinen...
— Murillo eta biok txandakatzen ginen. Ez zen beti ondo atera... Ingeniaria daukat bereziki akorduan.
Zurbiltzera egin du Diego Lazkanok. «No te vamos a hacer nada, descuida». «Dale una pasara con esto». Alemana zekien gizona. Zulo gaizto horietakoren bat. Fumigatzea onena. Habia handi samarra. Inurriak akabatzen. Bera eta biak, eskuz esku.
— Zu izan zinen bitartekaria?
— Bai, gogoratzen duzu kasua?
— Lausoki...
— Jarrerak oso enkistatuta zeuden egun haietan... Dirua eskatzen zutenean, Jauregizarrekin-eta, erraza zen, baina propaganda zenean kontua... Arantza horiek, hor jarraitzen dute. Norekin hitz egin halako gauza bati buruz?
Gaia apur bat desbideratzea ebatzi du Lazkanok:
— Armak hartu zituen jendea defendatu zenuen garai batean.
— Garai batean armak hartzeko arrazoiak genituela uste nuelako.
— Baina zuk ez zenituen hartu...
— Kirofanoetan laguntzaile egin nuen soldadutza. Han ikusitako odola, nahikoa... Beste era batera borrokatzeko baliagarriagoa nintzen ni.
«Baliagarriegia itzalean egoteko, ezta?». Pentsatu eta esaten ez diren gauzak. Lazkanok Sotoren hitzak oroitu zituen: borroka asmatua. Zer esan nahi ote zuen harekin, zehazki? Asmatu egin behar zela borrokan, ala irudikatu egin behar zela? Oso gauza ezberdinak, eta are, kontrajarriak ziren bata eta bestea. Hori zeukan Sotok: hainbeste urteren ondoren, haren pentsamendu eta esaldi bihurriak etortzen zitzaizkion Lazkanori burura.
Hitz beste egin zuen Agirre Sesma abokatuak, bere berbaera ezinago logikoa errefusatuko zioten arriskua sumatu orduko egin ohi zuenez:
— Lanean hasi aitzin, biok berdintasun egoeran egon beharko genuke, ados zaude nirekin?
Aurrez aurre begiratu zion Lazkanori abokatuak, beragan bere aspaldiko ispilua bilatu nahi balu bezala. «Amiltzeko arriskua, eta berriro ere amiltzeko aukera izango duzula jakitea». Apartatu egin zen Diego, norbaitek bere larrua zure larruan txertarazi nahi dizunean izututa egin ohi dugunez, geure burua atabikoki babestuz: «Ni ez nauzu oraindik maldan beheran sartu; ez nazazu zulora biok eror gaitezen hel. Bi gara. Zu hor eta ni hemen. Ez gara berdinak».
«Zu Zapoa zara», otu zaio, halakoxe itxura baitu Agirre Sesma abokatuak.
— Berdintasun egoeran? Zer esan nahi duzu?
Baina jakin gabe geratu da: ile ez hain luzea txirikorda ttipi anitzetan bildua eta soinekoa beltz, emakume gazte bat inguratu zaie eskumuturraz bonbilla laxatzen ari balitz bezala agur eginez. «Bai eme delikatua», Lazkanok bere artean.
— Hara, nire alaba: Cristina... Zatoz, Cristina, bezero bat aurkeztu nahi dizut.
— Zorionak, aita.
Laxo zuriz bildutako pakete txikia eman dio aitari eta bina musu aitari eta hark aurkeztu dion lagunari. Neskaren perfume pizgarriak kilika egin dio Diegori. Aitari egin dion oparia dendan ez baizik eta alabak lotua zen, soinekoa atzetik lotzen zuen korapilo-modu berbera zekarren, laxo luze obal erorixea. Zaldi baten brotxeak ziztatzen zion soinekoa paparrean, bular batetik bestera jauzi egin nahi lukeen zaldia. Aparizio bat izan zen: helduago zirudien urrunean, baina neska hurbildu ahala gaztetzen joan zen, benetako adinaren neurria azpimarratzen. Leizearen bestaldean oraindik, Cristina. Dena freskotasun, dena pasio, kraterrik gabeko azala. Bere gaztetasun iraingarriaz kontziente ez den gaztetasun barkaezin hori, gizon basatiari besarkatua izatea eskatzen dion emakume ederra, ongi hezitako gizonak sekula besarkatuko ez duena, irrikak irrika, leizeak leize.
— Eta? Merezi duen soldata emango diozu aitari, edo denek bezala, lana bai, baina etekina gutxi?
— Cristina, arren...
— Ez daude bera bezalako asko, harro egon behar zenuke.
— Banago, ez pentsa hain alaba esker txarrekoa naizenik. Baina nahikoa hondoratu du familiako ekonomia. Kontatu dizu zenbat hipoteka dituen etxe eder honek? Nik ematen diodan pentsioari esker bizi da, ez dakit aipatu dizun.
Zakarkerian ere dena distira eta dena bozkario Cristina hizketan. Irribarre urduria egin zuen Agirre Sesma abokatuak, une hartatik aurrera Lazkanok bere kolkorako Zapoa deituko zuenak. Mutiko gazte, leizearen bestaldeko bat inguratu eta ukalondotik heldu zion neskari. Festa giroaren epizentrorantz irristatu ziren biak gero, barre algarak non, haiek harantz. Zapoari begiratu zion Lazkanok. Apur bat lotsatuta zirudien, deseroso.
— Ez egin kasurik alabari. Txantxetan aritzea gustatzen zaio, bere amak egiten zizkidan broma berberak egiten dizkit berak orain. Duela bi urte hil zen Emilia eta...
— Sentitzen dut.
— Tira, ospakizunetan gaude hemen —esan zuen xanpaina zintzurreratuz, kontrolik galdu gabe, flema handiz.
— Ez gaizki hartu, baina ez dut ongi ulertzen nolatan gonbidatu nauzun urtebetetze festara. Ez dut esan nahi eskertzen ez dudanik, baina...
— Ez dira urtero hirurogeita bost urte betetzen. Eta ez daukat hainbeste lagun ere... Nire ogibidearen gorabeherak, badakizu.
— Kontrakoa ere pentsa daiteke. Jende asko ikusten dut nik hemen inguruan. Denentzat lan egin duzu musu-truk?
— Musu-truk lan egiteak ez du esan nahi gero beti jendea zurekin esker onekoa denik.
— Ez da nire kasua izango.
— Goiz da hori baieztatzeko. Oraintxe esan didazu ez dakizula zer egiten duzun hemen, ezagutu berri duzun bele zahar honen etxean.
«Bele zaharrarena zeure uztakoa da. Nik Zapoa deituko nizuke». Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.
— Erosoago bazaizu, hitz egin dezagun kasuaz, orduan: aipatu zenidan lekuko hori, mintzatu zara harekin? Prest dago epaiketan deklaratzeko?
— Ezetz dio... Baldintza egokiak bilatu behar, ikaratuegi dago oraindik. Lekua ezagutzen duela dio, eduki gintuzten lekua.
— Lotu dezakezu hitzordu bat harekin?
— Nahi duzunean. Bulegoan?
— Ados. Orain, barkatzen badidazu... etxera itzuli beharra daukat.
— Jakina. Denok ditugu eginbeharrak. Zaindu beharreko etxe bat.
— Nik baino hobeto dakizu hori —bota du Diegok, Cristinari begira, kopa hutsa altxatuz—. Urte askoan.
— Ez gehiegitan, aukeran.
— Osasunez bada ere ez?
— Larruari modu kontenplatiboan so egitera kondenatuta zaudenean...
— Asko hitz egiten duzu zuk larruaz sexu kontuak ahaztuak izateko.
— Mintzatuz ere ahantz liteke, isilduta adina. Apuntatu hori zure nobelaren baterako.
Ez zion erantzuteko abagunerik eman. Kalerako aterantz hartu zuen Diegok. Gustura zegoen Zapoaren alaba mutilarekin, irribarreak dotoreziarik gal ez zezan eskua hortzetara eramanez tarteka, ezaxola, xanpaina urrun ez. Zaldiak bular beraren gainean jarraitzen zuen, airean, bestaldera ezin.
Zimiko batez argiarazi zuen Diegok eskailburuko leizea, baina bonbilla eskasegia zen hura hain sabai altuko eraikina argitzeko.
Vargasen konfesioak bultzada berezia eman zion kasuari. Hezurrak agertzeak, zer esanik ez. Egun batetik bestera, desagertu zirenek desagertu izateari utzi zioten. Orain ez zekien inork nola deitu.
Soto eta Zeberio oihuka ari ziren berriro. Ez zioten agian oihu egiteari utzi azken urteotan. Baina orain oihu entzungarria zen haiena.
Diego Lazkano eta Agirre Sesma, Zeberioren arrebarekin eta Sotoren aitarekin batera joan ziren Cartagenako gorpu-biltegiraino. Mediku forentseak sartu orduko ohartarazi zien:
— Hezurrak besterik ez dira, ez dituzue ezagutuko. DNA froga egin beharko da.
Tematu egin ziren hezurrak ikusteko. Ez omen zen posible.
— Dena da posible. Hitz egin dezaket zure nagusiarekin?
Nagusiarekin hitz egin zuen abokatuak. Nagusiaren nagusiarekin gero. Eta geroago guardiako epailearekin.
— Ez gara hemendik joango gorpuak ikusi arte.
Gorpuak, hezurrak... Zaila zen hitz egokia topatzea. Agirre Sesmak berak ere hitz ezberdinak erabili zituen, norekin ari zen arabera.
Abokatuak lortu zuen azkenean, baimena.
— Binaka sartu, ez dago lekurik denentzat.
Hiru sartu ziren: Zeberioren arreba, Sotoren aita, Agirre Sesma.
Listua irentsi zuten eta hezurrei begiratu. Bata zuriz jantzitako gizon bat egon zen denbora guztian, haiekin batera. Zeren beldur ziren? Hezurrak lapurtuko zituztela uste zuten?
Ohatila banatan zeuden. Zeberioren arreba ohatila batekoari begira geratu zen, isilik. Sotoren aita bestearen parean, zutik baita ere, eskuekin aurpegia tapatuta, isilik baita ere. Nork bere hildakoa hautatu zuen. Agirre Sesma ez zen ausartu ezagutu ote zituzten galdetzen, edo espontaneoki hautatu ote zuen nork berea. Badira galdetu ezin diren gauzak. Zeberioren arrebak Sotoren aita besarkatu zuen gero. Biak geratu ziren hezur berberei begira.
Bataduna azalpenak ematen hasi da:
— Kare bizitan lurperatu zituzten. Ehiztari batek aurkitu zituen, baina inork gorpuzkinak erreklamatu ez zituenez... Ezezagunak bailiran gordailatu dira, deposituan.
— Hainbeste urtetan?
Mediku forentseak aurpegia mudatu gabe altxatu ditu sorbaldak.
— Nola liteke Soto eta Zeberio desagertu eta handik urtebetera bi gorpu agertutakoan bi gertaerak ez lotzea? —galdetu du Agirre Sesmak.
— Garai hartan ez zegoen oraingo sistema informatikorik —erantzun dio mediku forentseak—. Ez zen orain bezala.
Ez zen orain bezala.
La piel de toro. Komunikazio kapilarra. Trenbidearen zabalera ezberdina. Esaneko gizonak, diktadura baten erraietan bazkatuak.
DNA laginak hartu zituzten. Cartagena utzita etxerantz abiatu ziren gero, Valle de la Escombrera 10 Km, La Aparecida 4 Km. Etxerantz abiatu ziren, deskantsurik ez hartzera. Sotoren aita zihoan gidari. Maite Zeberio zuen ondoan. Diego Lazkano eta Agirre Sesma atzean. Autobidean ez zuen inork hitz egin. Usain sarkorra zerion aire-freskagarri zintzilikariari; «Arbre Magique» zuen idatzia pinutxoak, letra zuriz.
Bi asteren buruan iritsi ziren frogen emaitzak. Baietz. Haiek zirela. Jakingo ez balute bezala.
Egunkari eta telebistak esnatzen hasi ziren. Egun batetik bestera, denek ziruditen kasuarekin arduratuta. Zalaparta eta espantuak. Tortura ebidentzia ukaezinak zeuden gorpuzkietan. Epaiketa eguna aurreratu egingo zen itxura guztien arabera.
Agirre Sesmak ez zuen ondo hartu: «Ez dute gugatik egiten, haiengatik baizik», argitu zion Lazkanori. «Ez digute kasua prestatzeko denborarik eman nahi». Kosta lain kosta, Javier Fontecha gobernuaren delegatu ohia, Agirre Sesmaren ezagun zaharra, ez zipriztintzea zen asmoa.
Rodrigo Mesa teniente koronela seinalatzen zuen Vargasek, zuzen-zuzenean.
«Itxura penagarria dute, ezin ditugu horrela utzi: desager daitezela».
Eta Rodrigo Mesak harreman estua izan zuen garai hartan Javier Fontecharekin. Teniente koronelaren manupean zeuden hainbat gizon inputatu zituzten. Portugalerantz pista berriak zabaltzen zituzten arrastoak agertu ziren, arma-saltzaile italiarrak. Kontua asko konplikatzen zen eta denbora ez zihoan haien alde.
Zapoaren bulegoko atea zabalik topatu zuen Lazkanok, argia zegoen liburuz jositako korridorearen amaieran, eta ahots letania bat bereizten zen tunelaren amaieran; Zapoa, dudarik gabe. Ikaratu egin zen Diego, abokatua bakarrik hizketan hasia zela susmatutakoan. Aranzadiko jurisprudentzia kodeak nonahi irekiak, pleguak, barru usain gero eta nabarmenagoa, eta horrekin batera, zerbait berria: izerdia perfumatzen zuen lurrin bat, Diegori ezaguna egin zitzaiona. Bere harridurarako, Zapoarekin zegoen Cristina, ordenagailu eramangarri, kode maiztu, koaderno eta paperkien artean makurtuta, bular joriak jertse barruan kontrolatuki bulunban, Diegoren begien talaia pribilegiatuaren bistan.
— Lazkano, ez zintudan gaur espero... Eseri, eseri hemen. Bukatzear ginen...
— Ez nuke enbarazurik egin nahi.
— Bai zera, ia bukatu dugu-eta: zatoz gero gurekin afaltzera! Xehetasun batzuk baino ez zaizkigu falta.
— Ez nekien Cristina ere...
— Laguntzaile bat hartzeko asmoa nuen, baina bera zuzenbidea ikasten hasi zenez gero... Badakizu bigarren urtean abandonatu zituela aita eta aitaren bokazioa?
— Aita, mesedez.
— Defentsaren abokatuaren papera eman diot, pausoz pauso ari gara epaiketa entseatzen.
— Laguntzaile, beraz...
— Nor hobea ordu estrak sartzeko? Norbait esplotatu behar badu, esplota dezala bere alaba.
Zenbait neskatila gazterekin gertatu ohi den bezala, begizuloek tormentu dosi doia ematen zioten Cristinaren azal freskoari, bizitzan oraindik deus txarrik ez ilunik gertatu ez zaien neskatila umeegi, samurregi, nortasunik gabekoegi horien itxuratik aldenduz. Irribarre egin zion Lazkanori, intentzioz, ron koloreko begiekin. Gehiago makurtu zen, aitaren bistatik urrutiago, titiak eta jertsearen gaineko brotxea Lazkanoren bistarago are. Zaldunik gabeko zaldi hura. Gona tarratatu eta bere gainean etzateko irrika basatia erne zitzaion orduantxe. Ongi hezitako gizonak sekula egingo ez lukeena, irrikak irrika, leizeak leize.
— Rodrigo Mesaren aitorpena, instrukzio garaikoa, sinatu gabe dago. Hortxe dugu ahultasunik handiena berarekin.
— Baina ez dago arazorik: Vargasek egindako adierazpenen fede publikoa jaso zuen idazkari judizialak. Deklarazioak badu berme bat, eta bat dator gainerako lekukoek eta Rodrigo Mesak berak lehen adierazpenean esandakoekin.
Gertatzen zen: aitorpen bat egin eta gero atzera ukatu. Rodrigo Mesa eta Vargas bezalakoekin, zer esanik ez.
— Ezingo du orain esandakoak baliogabetzeko hain erraz atzera jo. Hurrengo koska, defentsaren abokatu andrea?
— Grabazioen baliogabetzea eskatuko dute. «Ezkutuko grabaketen baliagarritasun eza» Auzitegi Gorenak 1996ko martxoaren 3ko sententzian emana.
— Irakurri, mesedez.
— «Epaitegi honek lau pertsonaren artean haietako batek gainerakoen onespenik gabe ezkutuan egindako grabaketa baliogabetzea erabaki du».
— Bai, gogoan dut epai hori. Hor ere ez dut hainbesteko arazorik ikusten: epaitegiak atzera bota zuen grabazioa, baina ez intimitateari edota komunikazioen sekretuari egindako erasoa zen neurrian, ez baita halakorik, baizik eta...
— «...metodo hauen bidez lorturiko elkarrizketa bat onartezina delako jardunean dagoen prozesu kriminal baten baitan, parte-hartzaileetako baten aitorpen bezala baliogabe izanik, probokatua delako eta ez espontaneoa, eta beraz printzipio konstituzionalek ezarritako bermerik ez duena».
— Horratx. Baina gure kasuan ez da aitorpen probokatu bat, baizik eta prozesatuak bere iritzia zergatik aldatzen duen azaltzen duen grabaketa bat, eta beraz, epaileak kontuan hartu beharko du, nahi eta nahi ez. Prozesuari dagokio, edo hobe esan, prozesuaren degradazio ahalegin bati. Erabat pertinentea da, beraz, epaiketan, prozesuari egindako kalitate test bat den neurrian, nolabait esatearren.
— Oso ziur zaude.
— Hain ziur ere... Tesi hori indartzen duten sententziak bilatu behar. Egon badaude, baina nire memoria ez da garai batekoa, Cris. Begiratu ea, biharko.
Erdirik ulertu ez arren, tenis partida ikustearen pare zen hura. Gozagarria benetan. Diego Lazkanok une batez Cristinaren paparreko zaldia burutik kentzea ere lortu zuen, tie-break estu hark.
— Grabaketaren kalitatea ere hor dago, oso txarra. Ez du horrek gure alde egingo, hain justu.
Zapoa puztu egiten zen unean-unean:
— Hain justu ere oker zaude oraingoan ere, defentsaren abokatu andrea: zinta faltsua dela argudiatuko dute haiek, baina faltsua balitz, faltsifikatzaileak kalitate oneko faltsutze bat egiteko adinako nekea hartuko luke, ez duzu uste? Zertarako faltsifikatu gero nekez ulertzen bada elkarrizketaren mamia, tribunaleko jaun-andreok? Gainera, grabatutako elkarrizketa kasuarekin zerikusirik ez duten iruzkin kasualez beteta dago, hipotetikoki posible litzateke halako grabaketa bat faltsutzea, baina gidoilari talde on bat eta aktore are hobeak beharko lirateke hori egiteko... Eta Vargasi buruz zerbait baldin badakigu, beha bestela hemerotekan egin dizkioten soslaiak, irudimenik gabeko norbait dela da. Bere gaitasun mentalak neurtzeko lehen egunean deituko duten psikologoa puntu hau garbi uzten duen galderaren bat egitera derrigortuko dugu. Apuntatu hori: tranpa-galdera Vargasen irudimen eskasa agerian uzteko. Apuntatu duzu? Sabela zotinka dabilkit, ene. Afaltzera joan gaitezke orain?
— Rodrigo Mesaren aitorpena falta zaigu.
Bost setetara zebilen Cristina. Deuce. Sakeak barrura.
— Instrukzio garaian egindako deklarazioan apenas gogoratzen zuen urriaren 15etik 16rako gauean egin zuena. Aurreko epaiketan, aldiz, bost urte geroago, xehetasun txikienik ere ahaztu gabe kontatzen zituen bere gau hartako ibilerak... Kafetegien izenak, familiako koartadak... Susmagarri samarra ez al da bat-bateko memoria suspertze hori?
— Ez uste, alabatxo: zein da nire lema?
— Murgil gaitezen subjektibitatean?
— Esatea ez da aski: jar dezagun praktikan. Zergatik isildu zen lehen aldian? Norbait babesteko, zerbait ezkutatzen ari zelako. Lehen aldian amnesikoarena jotzen ari bazen, bigarrenean gezurretan. Bere aldaketa horrekin bi aitorpenak baliogabetuko ditugu eta hirugarren bat eskatuko, ea zeri heltzen dion oraingoan. Gainera, gau hartan beste bi akusatuekin elkartu zela, hori behintzat mantentzen du gutxien-gutxienez beste bietako batek...
— Perez Gomerak. Guardian zegoen beste poliziak, Hernandezek dio ez duela gau hari buruz ezer oroitzen.
— Hernandez da homosexuala, bizitza ezinezkoa egiten ziotena?
— Berbera.
— Gehiegi jipoitu dute komunikabideek. Vargasekin jokatu behar dugu... Honengan jarri behar dugu pisu osoa: bere testigantza da xehetasun gehien dituena, indartsuena, beraz. Gure makulu nagusia izan behar du Vargasek.
— Pertsona aldakorra da, ordea. Bi aldiz egon da psikiatrikoan. Bost astez lehen aldian eta bi hilabetez bigarrenean. Defentsaren abokatuak bere buru-osasunaren karta jokatu eta auzitan jarriko ditu bere deklarazioak.
— Vargas psikiatrikoan egona da? —esku hartu du Lazkanok.
— Bigarren aldian ospitale militar batean, gainera. Auskalo zer ez ote zioten sartu.
— Orain gaixorik ere badago. Ez burutik bakarrik. Baditu urte batzuk. Biriketako minbizia duela diote.
— Ospitale militarrean zen bitartean atzera egin zuen: Soto eta Zeberio ez zituztela El Cerron izan adierazi zuen...
— Baina lehenago kontrakoa esana zuen... Eta gainera, El Cerrokoa Lazkanok berak baiezta lezake, ezta?
Diego Lazkanok listua irentsi du. Fabian eta Fabian oroitu ditu. Boger kolunpioa. Leiho hura. Garo artera nola erori zen patetikoki. Polizien barreak. «Qué más dará, la dejamos con be». Baiezkoa egin du buruaz eta Cristinaren begiradari zuhur litzatekeena baino luzeago eutsi.
Agirre Sesma ez da, ordea, desioz betetako begirada hartaz jabetu.
— Bai, ea, utzi ikusten: «Instrukzio epaileari esandakoak nire kartzelatzeak eragindako bakardade eta abandonu egoerak eragindako sentipenari eta epaileak berak egindako manipulazioari» egozten dizkio... Baina oraingoan ere ez didazue jaramonik egiten, murgil gaitezen subjektibitatean: zergatik sentitzen zen bakarrik eta abandonatuta? Berak bere partea bete zuelako eta bere gainetik zegoen Rodrigo Mesak ez, hara hor zergatik sentitzen zen Vargas bakarrik eta abandonatuta! Traizionatu egin zutelako. Zer gorderik ez balu, ezer egin ez balu edota egindakoa bere kasa egin izan balu, ez zatekeen «abandonatuta» sentituko, inolaz ere... Ez zaizu iruditzen?
— Zuk diozuna eta gehiago. Epaileari zer iruditzen zaion ikusi behar.
— Zuk nola ikusten duzu, Lazkano?
— Rodrigo Mesa teniente koronela neukan buruan... Berak dioenez, El Cerron izan gabea zen sekula, baina hemen dio El Cerro palaziora eraman zuten lehen aldian primeran moldatu zela: inork ezer esan gabe aurkitu zituen sumarioan aipatzen ziren gelak eta montakargasa, gas-sukaldea... Dena aurkitu zuen di-da batean.
— Arrazoi, Lazkano: bere inpultsuek, kontrol itxura adierazi behar horrek, hain kontu militarra dena, bestalde, traizionatu egin zuten... Paradoxa polita, ezta? Ume bat ere konturatuko zen ez zela lehen aldia El Cerron zegoena.
— Etxebizitzen egituretan espezializatua delako, esan zuenez. Logika hutsez aurkitu omen zituen horiek denak.
— Disimulatzen ere ez zen saiatu. Bera tartean zegoen seinale...
— Berandutzen ari da. Cartagenako Ser irratira egindako deia biharko utziko dugu?
Zapoa zen orain amorerik ematen ez zuena:
— Ea, buka dezagun: freskatu memoria, zertan da hori?
— 1984ko urtarrilaren 20an izan zen.
— Lau hilabete geroago, beraz.
— Bai.
— Ez dirudi oso gertagarria lau hilabetez Soto eta Zeberio El Cerron bahiturik izatea.
— Ez, ez da logikoa. Arriskutsuegia litzateke, luzeegi da. Gainera, hau ez da Argentina, ergel horiek ez zeuden jendea hilabete luzez torturatzeko prestatuta... Ez zeukaten azpiegitura egokirik.
Hau ez da Argentina. Hau ez da Txile. Soto eta Zeberioren ahotsak berriz: zoroa, anaia.
— Barka, Lazkano... Ez nuen zure atxilo-aldia gutxietsi nahi...
Cristinak txosten multzotik apartatu zuen begirada: orain bera zen harritua. Puntuak irabazten ari ote zen Lazkano?
— Ez kezkatu nigatik.
— Jarraitu, Cristina.
— Baina ez da logikoa, bestalde, gorpuak ezkutatzeko halako nekeak hartu ondoren beraien hilketa errebindikatu eta lurperaturik dauden lekuaren berri zehatza ematea lau hilabete besterik pasatu ez direnean, ez zaizue iruditzen?
— Gainera, urriaren 25ean Egin egunkarira egindako deia dago.
— Batallón Vasco Españolek egina eta gorpuak Oursbelille bidean, Tarbetik gertu zeudela zioena. Baina gezurra zen.
— Ke gortina bat.
— Ke bafada oso kontrolatua, hala ere: kontrolatuegia. Aldarrikapen hori egin zuenak bazekien gorpuak lurperatuta zeuden lekuaren berri. Beha mapan, Tarbe Angelutik ipar-ekialderantz dago, eta gorpuak Angelutik hego-mendebalderantz azaldu ziren, ez iparralderantz eta ez ekialderantz, bi zentzuak alderantzikaturik baizik.
— Despiste kalkulatuegia dela esan nahi duzu?
— Bai, eta baita beste zerbait ere: akusatuen aulkian eseriko direnak baino gehiago zirela gertaeren berri izan eta sarraskian parte hartu zutenak.
— Fontecha gobernuaren delegatua zena, adibidez.
— Eta hortik gora.
— Hori hasieratik genekien.
— Fontecha inputatuta dago...
— Baina ez hilketan.
— On vera... Amorratu egiten zaitu horrek, Lazkano?
Zer esatea nahi zuen? Erantzuna baiezkoa zen, baina egia mingarriegia zen aldiro hari aurre egiteko. Justizia, halakorik ez zen, garbi utzi zion bunker hartara agertu zen lehen egunean bertan Zapoak. Ados ziren horretan. Baina behar genituen hitz batzuk elkar ulertzeko, ala? Cristina jabetua zen Diegoren ezinegonaz; lehengo hariari heldu zion ostera ere, Lazkanorekin errukiturik, nork daki.
— Oraindik ez dut errebindikazioaren zergatia ulertzen... Harrokeria kolektibo kontua izan zen sekretua haizatzea? Edo norbaitek bere kabuz hartuko zuen erabakia, bere nagusiei deus galdetu gabe? Nola ikusten duzue?
— 84ko urtarrilean Cartagenara egindako deia norbaitek bere kabuz egin zuela uste duzu? Beroaldi batean? Besteei deus esan gabe?
— Hernandez daukat buruan...
— Homosexuala zelako? Aurrejuzku gehiegi dituzu, aita.
— Agian bengantza pertsonal bat izan zen, dei horrekin sasiak harrotu, buruzagiren bat atxilotu eta goragoko posturen bat lortu nahi zuen norbaiten salaketa interesatua...
— Zuk uste?
— Ez dugu inoiz jakingo: baina zakur guztiak ere ez dira magal-milika eta esaneko.
— Beharbada arrazoi duzu: litekeena da Cartagenako guardia zibilen artean laguntza eman zuenetarik norbaitek bere kasa bahiketak eta hilketak bere gain hartzea, GALen martxa indartu eta geldirik ez zeudela adierazteko, besterik gabe... Dei horren helburua deskoordinazio seinale begi bistakoa da, edozein kasutan.
Sasien artean lur porrokatu gorrikara eta garai batean zuri izandako marra baten arrastoa. Marra zuri izandakoa beste marra batekin elkartzen da, laurogeita hamar graduko angelua osatuz. Erdiko sarea eta hura sostengatzen zuten bi hesola metalezkoak desagertu dira, baina ez da zaila hor behiala izan zen tenis-zelaia atzematea. Zailagoa da tenis-zelai horretara nondik eta nola sartu, ipar zein hego, ekialdetik zein mendebaldetik baitago belar txarrek hartua igarobidea.
— Bai, hau da lekua.
Zapoak sorbaldatik heldu dio, aitatasunez.
— Aurrera segitu nahi duzu?
Baietz egin du lepoaz Lazkanok, nahiz eta uste baino gehiago eragin dion bere iraganerako flashback hark.
Ezagutzen zuen lekua. El Cerro. Ez zuten libre utzi Soto eta Zeberioren oihuak entzunarazi gabe:
«Ezagutzen dituk hire lagunen oihuak?».
Libre utzi zuten bera, balizko suizidioaren umiliazioa eta gero, aitorpena eta gero, eta libertatea bera hasi zitzaion jasanezin suertatzen.
— Usaina ere... ez da aldatu.
Ospa egin zuen horren ondoren. Gurasoek dirua utzi zioten Parisera lehenbizi eta gero Lillera alde egiteko. Moulinaou karrika bisitatu zuen hori baino lehen. Angeluko lagunak agurtu eta Soto eta Zeberioren desagerpenari buruzko susmoak baieztatu zizkien. Mobilizazio, manifestaldi eta presio ekintzetan ez parte-hartzeagatik susmoak eragin zituen erakundean, baina Lazkanok nahikoa ikusi zuen bere bidea ezein erakundetatik kanpo egingo zuela baieztatzeko. «Ez kontatu nirekin». Koldarra deitu zioten, eta traidorea. Chibato, hori, bizkarrean zeraman.
Ana maite zuen artean, baina desagertu zen bezala desagertu ondoren, ez zen hari deitzera ere ausartu. Egunero gogoratzen zen berarekin, hala ere. Eta egunero gogoratzen zen diferente, egunero hura diferente gogoratzea zelakoan hartaz geratzen zitzaion azken heldulekua.
Hiru urte eman zituen Lillen. Goizetan unibertsitatera joan eta arratsaldeetan kamarero bezala lan egiten zuen. Neska batekin erdi serio ateratzen hasi zen, baina utzi egin zion harekin ibiltzeari Irlandara —Donegalekoa zen— itzultzeko asmoez mintzatu zitzaionean. Ez zuen gatazka armatuekin zerikusia zuten lurraldeekin deus jakin nahi. Errusiera eskolak etorri ziren gero: Kurskeko neska hura, Lena. Maitasun posible bat. Lenaren abandonua. Bere iraganaren zati bat berarekin eraman zuen eta errusieraz moldatzeko gaitasuna utzi zion trukean. Irabazten atera zen Diego. Mosku eta Kievekin import-export negozioak zituzten enpresentzat lan egiten zuen tarteka.
Lazkanori eztarria korapilatu arren sekula oka egitea lortzen ez zuen gauzen zerrenda ez zen urte haietan gizendu: Faulkner, The Doors, Victor Jara. Promesa batzuk: inurririk ez akabatzekoa, gidabaimenik sekula ez ateratzekoa. Nortasun bat: ezagutu zuen jendearekin egindako adabakia. Bokazio ezkutuko bat: idazlearena, Sotoren oroitzapenaren sua bizirik mantenduko zuena.
«Nigatik hil hintzen, nire bitartez biziko haiz».
— Beraz hemen izan zintuzten —hasperen egin du Zapoak—. Eta Soto eta Zeberio ere bai. Deklaratu egin beharko duzu.
— Deklaratuko dut.
— Ez da txantxa izango. Gogor jokatuko dute. Gupidarik gabe. Trapu zikin guztiak aterako dizkizute. Goitik behera ikertuko zaituzte. Zu eta ingurukoak.
— Bost axola. Ez daukat zer ezkutaturik.
— Oportunistatzat hartuko zaituzte, erotzat, batek daki. Zergatik ez zenituen duela hogeitaka urte salatu, horixe izango da beraien argumentuetako bat... Nola azaldu beharko genukeela uste duzu?
— Kare bizitan lurperatuta aurkitu dituzte Soto eta Zeberio... Esan dezagun ez nuela horrela bukatu nahi. Ez zaizu nahikoa sendoa iruditzen?
Lazkanok ezin zuen burutik kendu: baga, berak gidatzen ez zekielako osatu zuten taldea elkarrekin Sotok eta Zeberiok. Biga: torturen bidez izanagatik —horrek ez zuen Lazkano kontsolatzen—, berak salatu zituen. Sotoren lekuan egon behar zuen berak. Hortik zetorren, Zeberiorengandik baino gehiago, Sotorengandik arduratzeko bere obsesioa, edo, beharbada, haren izaeratik gertuago sentitzen zelako ere bai.
Entzun ditu epaileak bi aldeak. Dokumentazio guztia entregatu dute. Agurtu dituzte prokuradoreak. Bakarrik geratu dira Lazkano eta Zapoa, emozio gehiegi, denbora laburregian.
— Ohartu zara zein usain zuen epaileak?
— Usaina?
— Bai, zein usain zuela esango zenuke?
— Murgildu zaitez subjektibitatean lehiaketako beste froga bat al da?
— Erradazu: zeren usaina hartu diozu? Aspaldi jabetuta nago epaile honek oso usain berezia duela.
— Ez dakit bada, lurrintsua...
— Lurrintsua! Kolore bat koloretsua dela esatea bezala da hori, gizona! Nik esango dizut zer zerion: silvae odorem leges sapiunt... Baso usaina dario...
— Baso usaina?
— Bai! Haritz gaztearena, ezamihiluarena, orbelarena, hosto altuena eta goroldioarena. Ez lore usaina, ez, baso usaina baizik.
— Ez naiz jabetu.
— Badakizu zer esan nahi duen horrek? Legis silva, oihaneko legea saihestea helburu izan arren, oihana dela legea bera... Zuhaizti sarrian, sasiarte itxian sartzera goaz. Hau ez da hortus conclusus bat...
— Gorroto ditut zuen latinkeria horiek, Luis —izenetik deitzen zion aspaldion Diego Lazkanok, harreman estua izatera heldu ziren Zapoa eta biak.
— Ez duzu Horazio zaharra irakurri, ala? Eta idazle deitzen diozu zeure buruari? Hortus conclusus, gizona... Lorategi itxia... Aranearum telis fas est leges comparare... Armiarma sarearen parekoa da legea: zomorro ttipiak baino ez ditu harrapatzen.
Orduantxe ez zekien Lazkanok berriro ere serio edo adarrean ari ote zitzaion.
Epaileak baso usaina zuen eta El Salvadorreko oihanak txertatu zitzaizkien beraiei buruan duela hogeitaka urte. Bazuen loturarik gauza batek bestearekin? Zerbait esan nahi zuen horrek?
Bulegoan berriz. Azken entsegua egun handiaren aurretik.
— Torturekin ez dute hola eta hala ametorik emango...
— Nola ezetz?
— Crisek arrazoi du, ez ahaztu nortzuk ditugun epaile: gehiegi litzateke haientzat. Garezurreko tiroei, horiei, ezingo diete ezinikusiarena egin. Torturarena, ordea...
— Baina... gorpuak bendaz josita agertu ziren!
— Ezagutzen dut defentsaren abokatu bat baino gehiago benda horiek poliziaren alde humanitarioa azpimarratzeko erabiltzeko bezain zinikoa dena, Lazkano. Ez dakizu ondo nor dugun aurrean. Lekuko pila bati deituko diote, atzerritik ekarriko dituzte espezialistak...
— Eta ahoaren inguruan zuten zinta isolatzailea, hori ere arrazoi humanitarioei zor zaie?
— Horri hel diezaiokegu, baina haien aurrean ez da torturak frogatzeko nahikoa. Alde psikologikotik, agian, hainbat egun, oraindik ez dakigu zenbat, patuaren ezjakin atxilo egoteak berak dakarren sufrimendu psikologikoa defenda genezake, beharbada...
— Hori legez kanpoko detentzioaren edo bahiketaren barruan dagoela esango dute, ordea. Ne bis in idem.
— Barka latinkeria, Diego... baina Cris zuzen dago.
— Eta azazkal erauziak?
— Txosten zehatzago baten zain geratu behar, baina ez litzateke azazkalak hatzetatik beren kabuz erori direla esango luketen lehen aldia. Karearen efektua, lurra... Lur eman zieten modua ikusita, horri helduko diote.
— Beren kabuz? Faborez!
— Eutsi kirioei, Lazkano. Eskatuko dugu torturagatiko zigorra ere, baina nagusikeriaz egindako hilketan jarri behar ditugu batez ere indarrak, hor bai ezin garela deskuidatu, Zeberiok bi tiro jaso izana nabarmenduko dugu bereziki. Kodean hilketagatik den zigorrik altuena eskatuko dugu. Aldiz, banda armatuagatikoa ere ez dut uste lortuko dugunik.
— Hori ere ez? GALik ez zen izan, beraz! —jauzi egin du Lazkanok.
— Sigi-saga ibiliko dira gure lokarriak ahultzeko. Lepoa baietz azkenean in dubio pro reo ipuintxoren bat asmatu. Edonola ere, hogeita hamar urte da kartzelan bete dezaketen eperik luzeena, eta haietako zenbaitek kartzela militarretan beteko dute. Gero, zein salatan tokatzen garen, hirugarren gradua ematen dien txandako toga-beleak edo ez... Dinosauro aurre-konstituzional asko dago epaitegietan oraindik, Lazkano... Ez dizut ilusio faltsurik eman nahi: gizaseme hauek betiko kartzelan usteltzen ikusteko grina bereziren bat baduzu, lehenbailehen ahazten joatea komeni zaizu.
— Indultatu egingo dituztela uste duzu?
— Ez berehalakoan, beharbada. Tempoa zer den ikasi dute honezkero, inozoak ere ez dira. Adagio prestisimorik ezin dute erabili, ondotxo dakite. Baina ad libitum motel bat, gauzak apur bat baretu eta kazetariak beste norabait begira daudenean... Bai, hori ere gerta daiteke, zoritxarrez. Indultatu beharrik ere ez dute, ordea; aski dute mediku txostenen bat faltsutzea, ez dakizu zein joera duten militar gogor horiek beren funtzioetan gehiegikeriak egin ondoren bihotzetik sufritzeko! Jende horri fabore asko zor zaio, Lazkano, ongi ordainduko diete beren isiltasuna fokuaren zama haien gainetik kentzen den bezain laster. Diziplina militarrean heziak izan dira, ohorearen kode hertsia dute. Nekez esango dute esan dutena baino gehiago.
— Eta politikariak?
— Politikariak irristakorragoak dira, Fontecharen gaineko goi-karguren bati zintzurrean kilimaren bat eragitea lortzen badugu, pozik horrekin.
— Anbizio handiagoa zeneukala uste nuen.
— Anbizioa gazteen gaitza da, prostata puztearekin batera uzkurtu zait nirea. Zeuri ere gertatuko zaizu. Agirre Sesma zenaz akordatuko zara orduan, zezenko gazteak inguruan zure anbizio falta leporatzen hasten zaizkizunean. Hasperen laburra da bizitza... Azken hatsera arteko hasperen sorta bat besterik ez, Lazkano.
— Jabetuta nago. Horren gaztea ere ez naiz.
Zerbait jateko ordua. Adela Retoucherie. Arreglos. Kalea gero. Argia eta airea.
Epaileak, defentsaren abokatua, akusazioa, prokuradoreak, idazkariak, lekukoak, itzultzaileak. Denak juntatzen ziren Auzitegi Nazionalaren ondoko kafetegi berean epaiketa hasi aitzin. Hurrengo gaua kartzelan pasatzeko aukeraren jakitun ziren zenbait akusatu ere bai, hantxe izaten ziren goiz-goizetik gutxi batzuetan: arropa dotoreegiak eramateko ohitura faltagatik bereizten ziren azken hauek. Epaitegiko langileez gain, auzien munduarekin zerikusirik ez zuen jende mordoxka ere nahasten zen han. Madrilgo hiritar arrunt zenbaitek, beharbada, zortedun joko zuten euren burua kafetegi hartan, gorbatadunen artean, inork epaituko ez zituen jakinaren gainean: «Ni ez nauk haietarikoa, libre nauk», pentsatuko zuten. Zorrik gabetasunaren sentipenarekin gosaldu, inguruko guztiak epaiketa batera doazela jakinda, eta zu ez. Epaiketa batera joan behar ez izatea zorionarekin parekatu eta euren buruak engainatuz.
Agirre Sesmak fair play utopiko batekin konparatu izan zuen beti aspaldiko urteetan ezagutzen zuen kafetegi hartako giroa. Ez ziren denak berdinak han, baina berdinak ematen zuten. Nork bere kafea ordaintzen zuen. Oraindik hasi gabea zen dema.
Javier Fontecha eta Rodrigo Mesa ez zeuden, jakina. Komunikabideak saihestu nahi zituzten kosta lain kosta. Atzeko atetik sartuko ziren beharbada, Vargas ekarriko zuen anbulantzia bezala, nahiz eta atzeko ate hura ere kazetariz lepo egon. Giroa oso aldatuta topatu zuen Agirre Sesmak; aspaldi etorri gabe, gorbatadunetatik gehienak ez zituen jada ezagutzen, inguruko eskoltek epaile berriak seinalatzen zituzten arren. Abokatu bat ezagutu zuen, bera baino apur bat gazteagoa, Fontecha topatzen zuen leku berberetan topatzen zuena 80ko hamarkadan. Hark, ordea, ez zuen Agirre Sesma ezagutu, edo ezikusiarena egin zuen bestela. Alaba zuen ondoan Agirre Sesmak, karpeta handian dokumentazioa, larruzko zorroan bere eguneko estrategia.
— Urduri, aita?
— Lazkanok hemen behar zuen honezkero.
Cristinak ordenagailu eramangarria mahai baten gainean utzi eta patrikako telefonoa hartu zuen beste saiakera bat egiteko.
— Ez du hartzen.
— Arraroa da —ebatzi zuen Agirre Sesmak—. Gaur lekuko bezala deklaratu behar du. El Cerron eduki zutela. Lagunen oihuak entzun zituela. Berak bakarrik esan lezake hori. Arraroa da oso.
Hamaikak joak ziren eta ezin zuten askoz gehiago itxaron. Momentuz, kezkak lotzen zituen Cristina eta bere aita. Denboragarrenera, Diego Lazkanoren desertzioaren berri izan zutenean, dezepzio sakon batek hartuko zion gain kezkari.
Cristinari, zerbait puskatu zitzaion barruan, zuenik ez zekien zerbait. Agirre Sesma abokatuari, zuenik jakin bazekien zerbait apurtu zitzaion barruan, lehendik ere nahikoa apurtua zuena. Ezusteko desatsegina izan zen, edonola ere, jada txiki-txiki eginda zegoen zerbait, zer eta adin hartan, areago xehatu zitekeela ikastea.
— Zergatik ez da etorri? Berak jarri zuen hau dena abian —zezeldu du Agirre Sesmak.
— Izutu egingo zen, izango ditu bere arrazoiak —esaten zuena sinetsi gabe, Cristinak.
— Ezin dugu gehiago itxoin —bota zuen azkenik abokatuak, azantza asmatikoaren txistua inoiz baino txistukariago.
Kafeak ordaindu eta epaitegiko aterantz abiatu ziren. Cristinak aitaren hatz erakusleari heldu eta basoan sartu ziren biak, bakarrik, beste inoren laguntzarik gabe.