Pasaia blues
Pasaia blues
1999, nobela
220 orrialde
84-86766-97-4
azala: Garbiņe Ubeda
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1996, nobela
1994, poesia
Pasaia blues
1999, nobela
220 orrialde
84-86766-97-4
aurkibidea

Aurkibidea

Zai

Zoi

Bele

Arma

Blues

Erosi: 17,10
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Zai

Zoi

Bele

Arma

Blues

 

 

Tiro

 

                        «Nahikoa daukate! Utz iezaiezue ihes egiten».

                        «Zergatik baina? Zergatik?».

                        «Zeure kabuz zergatia ez badakizu, nik ezin dizut erakutsi».

                                                                Bend of the river

 

Marta ohe gainean dago eserita, bota beltzak lotu eta deslotzen, behin eta berriro. Ez du lortzen gustura lotzerik. Erabat artega dago. Burua altxatzen duenean ikusten duenak izu laborria eragiten dio, burutik pasatzen zaion lehen gauza da ohepetik pistola ateratzeko denborarik ez daukala. Mamu bat du bere aurrean: Patakiren mamua. Olatz da, mutil jantzian eta ileorde beltz bat jantzita duela, haren pastazko betaurrekoak ere soinean. Barre ttipi urduri batean hasten da Marta, eskua kopetan duela lehenbizi eta hatz erakuslearekin torloju-lotzailearen keinua eginez gero, hi erotuta hago esanez bezala, Olatzen ideiaren nondik norakoak bat-batean ulertuta.

        Inguratuta bazeuden ere, agian sinetsarazi ziezaiekeen Pataki haiekin zegoela eta bizirik. Pentsatzekoa zen ez zela dagoeneko Martxelo deitu beharko luketen arren oraindik Pataki deitzen zuten haren eta bere nagusien artean astean behin edo biko komunikazio zuzena besterik egongo. Litekeena zen, eman zuen informazioa okerra izanagatik, bere buruzagiei Pataki oraindik bizirik zegoela sinetsaraztea lortuz gero, nagusiek berari konfiantza tarte bat ematea oraindik. Agerikoa zen tratu berezia zeukatela, Egiako tiroketan ere parte hartu baitzuen Patakik. Pistola enkaskillatu egin zitzaioneko itxura egin zuen, jakina, orain guztiak enkajatzen zuen. Baina argi zegoen sator berezia izan zela Pataki, eskuak oso libre zituen horietakoa eta tratu bereziren bat izango zuena bere nagusiekin. Buruzagitzara iritsi nahi zuten akaso eta horretarako prest zeuden antzerkia ertzik arriskutsuenetaraino eraman eta satorra norbait tirokatu beharreko posturan jartzeraino. Poliziaren aldetik estrategia ausarta izan zenik ezin uka. Zorte apur batekin, eta polizia Olatzek uste bezain ausarta izan bazen, ez zeudekeen oraindik lokalizatuta ere. Patakiren mugimenduen berri izanda ere, denbora apur bat izan zezaketen. Astebete edo pixka bat gehiago, kasurik onenean eta gauzak sinesgarri samar egin ondoren.

        Hori gutxi balitz, hurrengo ekintza Pataki bezala mozorrotuta egiten bazuten, eta ekintza horretan, nahi gabe bezala, lekukoren batek ikusiak izatea lortuko balute, erabat burutik nahastuko zituzten Patakiren nagusiak, hau haiekin elkartzera heldu ote zen planteatu behar izateraino. Poliziaren moralak erreka joko zuen eta haiek Pasaia utzi eta harrapaturik zeuden zingira hura abandonatuta Bermuden Triangelu berri baterantz abiatzeko aukera izan zezaketen.

        Martari erokeria iruditu zitzaion, baina hain seguru ikusi zuen Olatz, ezen ezin izan baitzion ezer esan. Beldurra ematen zion hildako bat bezala mozorrotu eta Pataki bere memoriatik ezin ezabatzeak. Ideia gogaikarria eta deserosoa zitzaion erabat. Olatzek peluka eta betaurrekoak kendu eta Martari pasa zizkion. Jakina, gidatzea izango zen Olatzen lana.

 

 

Robertok deitu berri zion. Bera kargura ez egon arren, animatu nahi zuen. Alargun Beltza oraindik Pasaian zegoela susmatzen zuten, azken telefono deia handik egin zuenez —dei honen bidez Madrilen lehertaraztekoa zen auto baten berri eman zuen, halakorik gertatu ez bazen ere—, baina ez zuten beste berririk. «Cesar, zu zara bera aurki dezakeen bakarra. Boxeoan esaten duten bezala, flakiak ahaztu eta hirugarren hatsa bilatu behar duzu». Hirugarren hatsa zen indar guztiek alde egin eta bat erabat derrotatua dagoenean bilatzen dena. Presio handiegia beretzat. Mozorro batekin saiatu zen arratsalde hartan: itsu-makila eta eguzkitako betaurrekoak hartuta, itsuaren gisan Topoko bagoi batetik bestera ibili zen. Hendaiatik Donostiarako bidea sei aldiz egin zuen egun berean inolako arrastorik, ezer garbirik atera gabe.

        Etxeratu aurretik emakume arropak erosi zituen denda batean eta ohepetik Cutty Shark txorrotada luze bat edan ondoren, emakume arropak ohe gainean lerratu zituen: zapatak, galtzerdi luzeak, soinekoa... Txorimalo bat osatzen ariko balitz bezala. Ordurako geratzen zitzaion Veronicaren argazki bakarra soinekoaren lepo gainean jarri zuen, txorimaloaren buruak egon beharko lukeen lekuan. Gero ohean etzan eta txorimaloaren soinekoaren besoari helduta loak hartu zuen, Veronica bezala ezaguna zen emakumea berekin bailuen.

        Esnatu zenean, ohe gainean eraiki zuen txorimaloa haserre desegin eta itsuaren mozorroa hautatu zuen berriro. Pareko ezkaratzeko emakumearen bila joatea erabaki zuen. Egun osoa eman zuen gora eta behera ezkaratzaren parean, baina handik ez zen berak gauero ikusten zuen zangorik atera. Ezinegonak gero eta kikilduago zegoen, abailduta, goibel eta ahulduta. Gau osoa luzatu zuen bere egonaldia ezkaratzaren aurrean emakumearen zain eta handik ez zen zango pare haren inolako antzik zeukan ezer irten. Goizaldeko seiak ziren eta kale-garbitzaileak azaltzen hasiak ziren. Orduan izan zen. Argi zirrinta minimo bat egin zitzaion bere buruan zuen leize ilunean: berak ordura arte inola ere lotura hori egin ez zuen arren, neska haren zelata bere eguneroko bizitza aspergarriari aurre egiteko antidoto huts jo bazuen ere, orain ezin argi eta fokatuagoa zitzaion lotura. Zango haiek, bila zebilenetako batenak ziren, eta klandestinitatea zen hura etxetik ez ateratzearen arrazoi bakarra. Nola ez ote zitzaion lehenago bururatu?

        Etxeratu bezain pronto, telefonoa hartu eta komisariara deitu zuen. Robertori buruz galdetu zuen hasieran, Roberto jada jokoz kanpo zegoela oroitu gabe. Alainekin hitz egin behar izan zuen ordea.

        — Alain, entzun. Ez nago seguru baina uste dut zerbait badaukadala.

        — Harira Telle, zer da daukazuna?

        — Bikote susmagarri bat, nire apartamentu parean, 20. ezkaratzean.

        — Eta? Nor da? Alargun Beltza? Biak dira bilatzen ari garenak?

        — Egia esan ez dakit oraindik, jauna. Ez diet aurpegia ikusi.

        — Ez diek aurpegirik ikusi? Eta nola dakik orduan haiek direla?

        — Ilunpean ikusten ditut gauero nire leihotik, oheratzen direnean.

        — Txantxetan ariko haiz noski, Cesar.

        — Ez diat batere gustuko hire ahots tonu hori...

        — Nire ahots tonua? Ez duk gustuko beraz nire ahots tonua? Aizak, prakak erantziko ditiat hire aurrean ados, prakak erantziko ditiat eta txupaidak zakila iruditzen bazaik, ongi? Ea nire zakilaren ahots tonua gustuko duan... Ze jolasetan habil Cesar? Ez diagu ordaintzen Playboyrako erreportaiak idatz ditzaan. Egin ezak hire lana, eta behingoz, egin ezak txukun!

        Telefonoaren bestaldean ospitale tonu luze bat. Galdu egin dugu, jauna.

 

 

Gizonezkoz jantzitako emakume bat. Peluka beltz bat eta pastazko betaurrekoak soinean zituela, autotik atera zen, Durangon fabrikatutako pistola bat esku artean zuela. Lekukoek bere deskribapena emango zuten beranduago, baina ez ziren gai izango emakumezko bat edo gizonezko bat izan ote zen zehazteko.

        Lou Reedek aspaldiko disko bateko portadan zuen itxura zeukan, adieraziko zion prentsari iheslariak ikusi izana ziurtatu zuen lekuko batek.

        Giroa hotz zegoen. Jende gutxi eta zebilena presaka. Zoazen lekura iristeko kalkulatutako denbora baino bost minutu gutxiago behar izaten diren goiz garbi horietako bat zen. Autotik jaitsi eta pausoa lasaitu zuen beraz, azkarregi zihoala ohartu orduko. Etxeko bebarrutik ateratzen ikusi zuen. Espaloiz aldatu eta bere izenaz hots egin zion. Andres. Burua biratu zuenean, Martak konketan erre berri zen aurpegia ikusi zuen bere aurrean eta pistola automatikoa altxatu zuen. Paralizaturik eta zurbil geratu zen gizasemea eta Martak katuari sakatu ondoren, zutik iraun zuen une batez gorputzak, arnas puntu bat behar izan bailuen lurrera erori aurretik.

        Ezagutzen ez zuena gorrotatzen saiatu zen. Gero eta gehiago kostatzen zitzaion halere hitz haiek bilatu eta xuxurlatzea.

        Inork ez zaitu faltan botako, putakumea.

        Zeruak kolore gorrixka zuen. Zoazen lekura joateko kalkulatutako denbora baino bost minutu gutxiago behar izaten den goiz horietako bat zen. Behin metro batzuk urrutiratuz gero, odol arrastoa ere ez zen sumatzen.

        Marta geldirik geratu zen une batzuez, autora igo aurretik, lelotuta balego bezala. Egin zuten egin beharrekoa, baina gauzak lehen zirenean jarraitzen zuteneko sentipen asaldagarria zuen. Pertsona bat hiltzeak ez zeukan inolako misteriorik, erraza zen, hutsa, ordu gutxitan koagolatuta egongo zen gorputz haren odola. Zenbait ekintzak jendearengan sortzen zuen liluraren sorburua gehiago zegoen jendearen irudimenean eta memorian, ekintzaren burutzean bertan baino. Hala bururatu zitzaion Martari, zonbi baten gisara zutik zegoen une haietan.

        — Marta! Zeren zain hago! Igo autora!

        Olatz zain zuen autoan. Haize rafaga batek balkoietan lehortzen jarritako izarak puztu zituen une batez eta gero oihu kate bat etorri zen, sutan den etxe bat itzaltzeko orduan osatzen den kuboz kuboko giza-katearen antzekoa, ihes zihoan autotik entzuterik izan ez zutena.

 

 

Denbora luzea zeraman bakarrik. Bakarrik eta bakartuta. Veronica bezala ezaguna zen emakume haren antza zuen prostituta harekin izandako harreman hura izan zen bakarra hilabete askotan. Eta mesedea baino handiagoa izan zen eragin zion buru desoreka. Orain ezin zituen katalogotik erauzitako argazkia eta berria erkatu, gau hartaz geroztik Pasaiako bere apartamentuko ispiluan erantsitako argazkietako bat eta postala falta baitziren. Harritzekoa zen. Baina, drogatuta dagoenean batek gauza arraroak egiten ditu, argazkiak tarratatu, norberaren miserian barrena algaraka nabigatu, kaxoietako gauzak atera eta lekuz aldatu. Droga nazkagarri hark gauzak ongi oroitzea galarazten zion. Ziur aski Cesar bera izan zen postala eta argazkia ezkutatu zituena. Orain antzinako katalogo hartako argazkia bakarrik geratzen zitzaion.

        Ez pasa sekula gau bat bizitza guztia berekin pasatuko ez zenukeen emakume batekin. Lelo harroa agian, emakumeak bere inguruan soberan izan dituela dirudien harroxko batek esandako leloa bezain harroputza, eta hala ere, Telleriak lelo hura orpoz orpo jarraitu zuen urtetan, huraxe zen egia. Baina zer esan nahi zuen horrek? Bere buruari edozein emakume hil arte maitatu izango lukeela sinetsarazteko gai zela minutu gutxitan? Edo konformista bat zela agian? Edonorekin pasatuko zukeela gau bat eta edonorekin bizitza guztia? Hain traszendentetzat saldu nahi izan diguten bikotekidea aukeratzeari ez ziola hainbeste garrantzirik ematen esan nahi zuen agian, aspaldi ikasi zuela emakumeen bizkar garatxo eta orbainez beteen aurrean ezikusiarena egin eta ezpain zoko ilun batean konpentsazio guztiak aurkitzen? Dena kimika kontua zela, yin eta yang, begiak itxi eta abstrakzio une horretaz gozatu, une horretan edozein emakumerekin larrutan ari zela imajina zezakeela? Etsi egin ote zuen bere berrogei estreinatu berrietan neskalaguna zerbait ezarria eta derrigorrezkoa den ideiaren aurrean? Plazer istant zikoitz eta minimo hori edozein alutxotan abstraitu ahal izaterainoko hipokrita zela sinetsarazi ote zion bere buruari, kariñoa ukazioaren eta miseriaren babeslekuari ematen zaion beste izena zela sinesten ote zuen?

        Ez pasa sekula gau bat bizitza guztia berekin pasatuko ez zenukeen emakume batekin, edo bestela damutuko zara. Plazer istant ziztrin, minimo eta soilik a posteriori idealizatu hori balantzaren alde batean jarri eta goizeko maindire zimurtuak zuk bakarrik esnatzean zuk bakarrik bildu eta zuk bakarrik garbigailuko ateleihoan barna sartu behar dituzuneko goiz luzea —esnatu zaren unetik bertatik alferrik galdua— eta usain gogaikarrien alde egin nahi eza eta zuk bakarrik leihoa ireki beharra eta zuk bakarrik irratia piztu eta akaso zerbait gogoratzeko gai izan. Hori guztia balantzaren bestaldean eta oraindik esan beharra al dago konpentsatzen ote duen gau horretako plazer istant labur eta zikoitzak, soilik a posteriori idealizaturiko istant horrek? Norbait etorriko da esanez hau eta bestea, maitasunean ere, itsasoaz gaindiko espedizioetan bezala gertatzen dela: konkista zirraragarria dela eta kolonizatu nahiak galtzen gaituela beti, baina hoa popatik esango zenioke zuk horri, hi, hoa popatik. Hoa popatik.

        Bizitza: ezertarako balio ez duten hitzaurre sorta bata bestearen gainean pilatu hori, bakoitzak nahi ez duena zer den argi duenean. Ez pasa sekula gau bat bizitza guztia berekin pasatuko ez zenukeen emakume batekin. Haiek ere alferrikako hitzak ziren, tranpa bat baino ez, bera ere ez zegoen jada ados hitz haiekin. Ez pasa gau bat bizitza guztia berekin pasatuko ez zenukeen emakume batekin, damutuko zara eta. Alajaina, bestela ere damutuko ez bazina bezala. Azken batean, dena doalako paraleloki eta ezer ez delako bukatzen. Iragana ez dago atzean, alboan baizik. Edo gainean. Atzean dauden gauzek ez dute trabarik egiten. Bai ordea alboan edo gainean daudenak, eta iragana horietako bat zen. Cesar Telleriak orain bazekien alferrikakoa zela azokara doanak bezala zerrenda egin eta hersten eta bukatzen doazen istorioak handik ezabatzen joatea. «Urlia? A, ez, ez dakit ezer hari buruz aspaldi honetan, finito, kaput, gurea bukatu zen...». Alferrik da. Gezurra da. Zerrenda horretatik gure eginbeharrak eta zor afektiboak ezabatzea ezinezkoa da, gure ekintza inozo eta barregarriez ahaztu daitezen eskatzea, xaloegia.

        Hurkoaren ahuldadea sakatzea, hori da gure lana. Horretara emanak bizi gara eta gustatu egiten zaigu.

        Guk geure buruari fiktizioki ezarri arren sekula existitu ez den penitentziarentzat ez da inoiz ez benefizio ez inbentariorik izan. Agian sekula maitatuko ez dugun norbaiti zor diogu bizitza, eta zor izango, baita hil ondoren ere. Nahita edo nahi gabe hasitako maitasun istorioak izanda ere, ezin dira ezabatu. Denak gurekin doaz, gure orpoen pean edo hatz-oskolen gainean, korronte zirkular batean, pausoa edonon jartzen dugula ere.

        Ezer ez da bukatzen. Sekula hasi nahi izan ez genituen —eta gure harrokeriak, baiki, has ez zitezen lortu zuen— istorioak ere ez dira sekula bukatzen. Pertsekutatu eginen gaituzte, ustez lehen aldiz zapaltzen dugun hiri bateko taxistaren ezusteko begiradan, atzerrian bizi den osaba zahar baten etxeko horma erlojuko atea ireki eta penduluari eragiten diogun unean atzerako tik-tak zenbaketa bat hasten dugunean; aireportu batean, gure eskua laztantzen duen beste esku baten tiradizoan, esku horrek zure hatzen artean eraztun bat paratzen duelarik. Horretan emakumeak askoz argiagoak eta askoz hotzagoak dira. Karta gehiago jokatzen dituzte, eta hasiera hasieratik jokatu ere. Partida hasi baino askoz lehenago zelairatzen dira, eta beren tranpak eta beren begiradak jartzen dituzte zepoetan eta zelaiko putzuen hondoan. Eta toki guztietan. Edo akaso kasualidadea zen emakumeek akzioak han eta hemen inbertitzeko duten abildadea besterik ez dena onartu nahi eza? Keinu labur horiek, deus ez diruditenak, keinu inofentsiboak, sorbalda ukitu bat, edo zure antezko txaketa berria, aiba-be rria-da-eta esanez gustuko balute bezala bizkarra ukitzen dizutenean, benetan zer egiten ari diren jakingo ez balute bezala. Nekanek utzi zion mezua bera: «Ezin dugu horrela jarraitu. Deitu... Deitu nahi baduzu, baina utzi egin beharko genukeela uste dut». Beti uzten zuten ate bat irekirik, baina haientzat bakarrik. Epe labur eta luzerako begiradak eta laztanak uzten ari dira etengabe, atzerapenez eztanda egingo dute gero haiek detonagailuari berriro sakatzen diotenean, urte asko geroago izanagatik eta beste eszenatoki batean, beste obra bat izanik ere orain jokatzea tokatzen dena. Nahikoa izango dute sorbaldan ukitzea edo apur bat exajeratuki behiala egin zuten jertse tiradizo urrunki sentsuala errepikatzea, edo antezko txaketa behialako hartan egindako jestu instintiboki buruz ikasi hura airean dibujatzea, eta kito, beren sareetan edukiko dute, istorio hori bukatutzat jo zuen notario mediokrea baino ez den gizonezkoa, gizontxoa.

        Edonoren autoestima txikitzeko burutazio hauen ondoren, Cesar Telleriak Cutty Shark botila erdi bat hustu zuen trago bakar batez. Horretan ez didate irabaziko, erreflexio infantila, ateleiho bat bezala ireki zitzaion.

        Ez pasa sekula gau bat bizitza guztia berekin igaroko ez zenukeen emakume batekin. Orain koartada bat zen esaldi hura. Aspaldi hartan, zenbait urte lehenago berekin erotuta ere gau bakar bat berbera ere pasa izango ez zukeen emakumeren baten bila ari baitzen, emakume harekin bere bizitza guztia pasatzeko.

 

 

Beste hartan bezala. Egian, segurtasun neurri guztien kontra kalean egin beharrean bigarren pisu hartara igo eta Patakiri pistola enkaskillatu zitzaioneko hartan bezala sentituko zinen. Zuk bukatu behar izan zenuen lana, Marta. Eta gizagaixoa bere gelaraino hurbildu eta ohepetik errebolberra ateratzen saiatu zen. Alferrik. Ez zuen denborarik izan. Inoiz ez zenuen hain tarte luzez ikusi zure biktima. Eta inoiz ez zizun hainbeste lastima eman.

        Inork ez zaitu faltan botako, putakumea.

        Zure aurpegian garatxo ttiki bat atera zitzaizun egun hartan bertan eta garatxo hura, zure aurpegia ispilura nahikoa hurbilduz gero hildakoaren aurpegiaren berbera zela iruditu zitzaizun. Hildakoaren erretratu ttiki bat zeneraman aurpegian. Eta geroztik kalean zehar zihoan jendearen garatxoei begiratzen zenien. John Fitzgerald Kennedy presidentearen itxura aurkitu zenion telebistako elkarrizketatzaile haren ezker masaileko orin handiari. Une hartatik aurrera eta tupustean, ikusten zenituen haiek guztien aurpegietan zegoen hiltzaile bat. Budismoan edo beste edozertan sinesten hasiko zinen, baina soilik garatxoak ziren errenkarnatzen zirenak. Garatxoak eta agian hodeiak eta agian zigarroen kea eta agian.

        Agian beleak balebiltza bezala balak burezur batetik bestera aldatzen: domadorea hil zuen tigrearen burutik Kennedyren burura eta Lauaxetaren burura eta. Garatxoak aurpegi batetik bestera aldatzen. Denoi tokatu zaigu edo zitzaigun, edo tokatuko, noizbait hiltzaile izatea. Garatxo, erretratu, begirada baten zama.

 

 

Alainek ez zion telefonoa hartu ere egiten. Baina zein bihozkada ez da irrazionala? Bere lana ere halakoxea zen, irrazionala, erokeria hutsa, hotz-hotzean begiratuz gero behintzat. Eta gauzak ez zitzaizkien hain gaizki joan. Eta zer, gutun bat idatziko balu, zer egunkarira deitu eta erreportari pare bat eskatuko balitu, esanez Poliziak ere bidenteengana jo izan duela behin baino gehiagotan —ireki eskua jauna, ehun eskudo, ehun eskudo bakarrik—, legearen eta justiziaren beilariak erabat galduta eta arrastorik gabe egoten direnetan prozedurak ez direla beti hain logikoak izaten. Erraza litzateke beretzat anonimatuaren maskarapean halakorik kontatzea... Polizia barregarri geratuko zen, jada barregarri geratzera ohituta ez baleude behintzat. Bermudetako Triangeluarena, adibidez, hura patetikoa izan zen. Baina ez. Itxuraz, orain ez zuten ulertzen. Roberto Goaza komisarioa buruzagitzatik baztertu zutenetik bakarrik geratu zen Cesar itxura guztien arabera. Bere kabuz jokatzea erabaki zuen beraz. Lehen aldiz urte askotan, aginduak ez jarraitzea deliberatu zuen.

        Emakume hura zegoeneko gela hartan Salgai zioen kartela oroitu zuen eta hitz erabakigarriaren azpian jarritako telefono zenbakia zein ote zen. Betidanik izan zuen oso oroimen txarra zenbakitarako, baina hau, ez zekien oso ongi zergatik, gogoan hartua zuen. Telefonoa markatu zuen. Lehen seinalea eman orduko eskegi zuen ordea berriro. Zer esan behar zion telefonoz bestaldekoari? «Badakit etxea jada saldu zenuela, baina nori saldu zenion, jakin gura nuke norenak diren ohearen diagonalean gauero ikusten ditudan oin biluzi zoragarri horiek...». Hobeto pentsatu ondoren, telefonoaren besagia berriro hartu eta Telefonicara deitu zuen zenbaki hari zegokion helbidea zein zen galdetzeko. Ez zegoen urruti. Gabardina jantzi eta eman berri zioten helbiderantz joatea erabaki zuen. Igogailurik gabeko ezkaratz ilun horietako bat zen. Ulergaitz samarra egin zitzaion halako arratoi zuloan bizi zen norbaitek bigarren etxebizitza bat edukitzea, eta are ulergaitzagoa bigarren etxe hori —harako hura baino argitsuagoa eta berriagoa, inondik ere— saltzea, bera han bizitzen geratuta. Agure batek ireki zion atea. Ez dut ezer behar, hoa hemendik, kartoizko biblia saltzaile hori, horrelako zerbait irakurri zuen Cesar Telleriak agurearen aurpegian. Ertzaintzako plaka atera eta agerian jarri zion.

        — Arratsalde on jauna. Barkatu eragozpenak, baina ikerketa batean lanean nabil. Oker ez banago zure jabetzakoa da Nafarroa etorbidean dagoen 20. peorako bosgarren solairuko etxebizitza, duela gutxi saldu duzuna. Bertan egun nor bizi den jakin nahi nuke, axola ez badizu.

        — Axola dit, bai. Zer egin behar duzu, ni atxilotu?

        Agure kaskagogor haietako bat zen. Samur jokatzea erabaki zuen, hala ere.

        — Ez nago hemen inor gogaitzeko, jauna. Izen-deiturak esan besterik ez duzu eta kito lana. Bai zurea eta bai nirea.

        — Ez ditut izen-deiturak gogoan baina setati jartzen bazara kontratuan begiratuko dut.

        — Benetan estimatuko nizuke.

        — Tarte bat beharko dut, paper asko ari zait pilatzen azken aldi honetan. Nire uste xumea jakin nahi baduzu, zuena bazterrak nahastu eta jendea bakean ez uzteko zaletasun aparta besterik ez da.

        — Sentitzen dut, nire lana da.

        — Ongi da, ongi da, otoi zaude isilik, bilatuko dizut eta.

        Agurea marmarka desagertu zenean etxeko sarrerako argi apurraren pean pilatzen ziren liburu eta trepetei begira entretenitu zen Cesar Telleria. Lekua erabat hautsak estalia zegoen eta liburuen artean, hormetan zintzilikatu ohi diren kuku-erloju horietako dozena erdi bat zegoen barreiaturik, era guztietako erreminta ttikiekin batera. Eternala egin zitzaion itxaronaldia Cesar Telleriari. Etorri zen ordea azkenean agurea, ertz zimurtuak zituen orrialde single batekin.

        — Hau izango da noski nahi duzuna. Ni ez nauzu ongi moldatzen betaurrekorik gabe. Begiratu zerorrek, hor azpian dago izena.

        Cesar Telleriak paper zikin hura eskuratzeak eragiten zizkion hozkirria eta jakingura nahasten zituen sentimendu gazi-gozo bat sumatu zuen eztarrian gora. Sentimendu kontrajarri horiek guztiak desagertu egin ziren ordea, paper hartan, bere sinadura ikusi zuenean, eta bere sinaduraren pean, amesgaiztoa borobilduz, bere izena eta lehen bi deiturak. Ez da posible, ahoskatu nahi zuen, baina ez zuen lortu. Edo lortu arren ez zuen inork aditzerik izan —berak ere ez— ate-sarrera hartako hormen iluntasunean ezkutaturik bide zeuden dozenaka kuku-erloju arratsaldeko zortziak ematen hasi baitziren, aldi-bereko zaparrada espantagarri batean.

        Veronicaren antza zuen prostitutarekin igarotako gauaz oroitu zen, Veronica bikoitzaz eta Cesar bikoitzaz. Orain dena iruditzen zitzaion posible. Baita nonbait bigarren Cesar bat izatea ere.

 

 

Postaz heldu ziren foto haiek.

        Sukaldeko ilunpean, bi pertsona eta lau esku eta lau begi. Martak eta Olatzek zerbait pasatzen diote elkarri, eskutik eskura. Harraska metalikoa argitzen du sugar bat-ba teko batek. Inora gehiegi barreiatu beharko ez lukeen alkohol usaina zabaltzen da sukaldean. Leihoak itxita egon behar luke eta hala dago. Bi harraskaz osaturiko harraska metalikoan argazki bat erortzen uzten dute, eta argazki bat da sugarrak argitzen duena. Bertan gizaseme ile beltzaran bat ageri da, bi hatzekin zigarroa piztu eta bi hatzekin zigarroa erretzen duena. Dantzatoki bateko parkinean dago eta argazkian agertzen ez den norbaitekin ari da hizketan, boxeolari baten afixen ondoan. Gorputz erdiko plano amerikanoa den argazkia sugarretan kixkali ahala, argazkiko gizasemeak aingira batek arroka artean geldirik dagoenean egiten duen dardara kurbatu bera egiten duela dirudi, errauts bihurtzen ari den arren hotzikara balu bezala.

        Eta erretzen ari den gorputz hark badu arnas erritmo bat, zerbait zirraragarria, boxeoaren munduan hirugarren hatsa esaten zaion hori, betirako amai daitekeen azken aukera bat.

        Bat-batean errazegia dirudi era guztietako mugak zeharkatzea.

 

 

— Badakizu zer den zure barruan erdibituta egotea? Gauza bat pentsatu eta beste bat egitea... Ez ausardia faltagatik, beharragatik baizik.

        Baietz esan zion, ulertzen zuela zer esan nahi zion.

 

 

Norbait azpijokoan ari zitzaion. Baina nor? Cesar Telleria presaka eta urduri itzuli zen Pasaiako autobidearen parean alokaturik zuen bere apartamentura eta Cutty Shark botila andana atera zuen ohepetik. Gero, leiho ondoan lerratu zituen eta banan-banan, tapa kendu zien botilei. Kopeta zimurrean sortutako izu laborrizko ilintiak bekainetan oztopatzen zitzaizkion. Sekula izan ez zituen begizulo batzuk loratu zitzaizkiola zirudien, botiletako kristaleko islan baieztatu ahal izan zuenez. Nekeak eraginak baino areago, kontzientzia lasairik ezak sortu ohi dituen begizulo horietakoak ziren. Nor ari zitzaion azpijokoan? Ez zitzaion inor bururatzen. Ez zitzaion buruan sartzen norbait bere mugimenduak jarraitzen ibil zitekeenik. Pentsatze hutsak nekez bazter zezakeen antsietatea eragiten zion. Konturatu izango zen norbait atzetik izatera.

        Ez zen posible. Ezin zuen sinetsi.

        Telefonicako liburukotea hartu eta Nafarroa etorbideko 20. ezkaratzeko bosgarren pisuko helbideari zegokion izena begiratzea erabaki zuen. Ia lehertu zen negar batean. C. Telleria Sagasti. Oraingoan ere bi deitura zituen amesgaiztoak. Gutxien espero zuena aurkitu zuen, eta istorio guztien ertz ilunetara eta bigarren planoko paperak jokatzera ohitua, erabat artegatu zuen, tupustean, bere burua zurrunbilo ilunaren erdian, historiako protagonista bihurturik ikusteak. Nornahi zelarik ere bera bidetik apartatu nahi zuena, ongi ezagutzen zuen, bazekien bere puntu ahula zein zen. Alkandora apur bat laxatu eta banan-banan, leiho ondoan lerraturik zituen Cutty Shark botiletatik zurrupada txikiak edaten hasi zen, gero eta trago luzeagotan, harik eta leihoko arasan lerraturiko botila haiek kristalezko xilofono itxurako bat osatu zuten arte, isurkin horia gero eta beheratzenago, botila batetik bestera eskailera beherakor erregular bat sortuz, ahosoinu bat bailitzan. Sudurra inguratu zuen botilen muturrera eta sudur leihoetan alkoholaren kilika sentitu eta gero, begiak erabat irekita zituela, trantze egoera hipnotiko batean murgildu zen. Urduritasuna baztertzeko saiakera egin eta botilen barrura emeki-emeki airea botatzen hasi zen, txistuka ari balitz bezala, Eguberrietako afalosteetan patxaran edo whisky botila kortxogabetu berriekin egiten den bezala, edo beirazko edalontzi huts, bete edo erdi beteak koilaraz jotzen direnean bezala, dena afalosteko musika joko baten parte bailitzan. Ordea leihoko arasan lerraturiko Cutty Shark botila haien tutuek irazten zuten doinua, txorroskilero mendekugose batena zen, oinaze zahar batena, negu gorriko hotzak sortzen dituen burruntzi haien tartetik pasatzean haizeak sortzen zuen berbera.

        Edonork ikusi izan balu, han, leihoan lerraturiko whisky botilekin txorroskileroarena egiten, erreka jotako burugaldutzat hartuko zukeen. Kiebra jotako infernu baterantz zihoan alderraitzat.

 

 

Boxeoko zakua erraldoia izanagatik, kosta egin zitzaion Laranja Mekanikoari bere garaian gorpua hara sartzea. Zerraldo izateko ttikiegia zen, izan. Apur bat kukutu, apur bat kizkurtu egin behar izan zuen hildakoaren gorpua, umekiaren gisan. Eta gero beso eta sorbaldapetik gorantz tirarazi. Aspaldiko urteetan abandonatuta zegoen ontzi bat hautatzen zuen beti Laranja Mekanikoak gorpuak desagerrarazteko. Beti zen ontzi bera. Infernurako bere xendra partikularra jotzen zuen erdi urperatuta zegoen ontzi hura. Eskailera batzuk zeuden ontzitik uretara zihoazenak, ontzi-bizkarraren erdialdean bertan, eta zinez, batzuetan, lana bukatu ostean hara salto egiteko gogoa ematen zuen.

        Erakargarria zen putzu infernal hura. Bazuen zerbait.

 

 

Honaino iristen da nire pazientzia, pentsatu zuen Cesarrek, eta hau pentsatzeaz batera, jada atzean utzitako puntu bati begiratu zion. Nafarroa hiribideko 20. ezkaratzera sartu eta jokoa amaitzeko ordua zen.

        Giltzorde batekin eta erraztasun handiz ireki zuen atea. Gela erabat hutsik aurkitu zuen. Koltxoi bat zegoen lurrean eta txistu elektriko gogaikarri bat entzuten zen etxe guztian zehar. Irrati bat frekuentziatik kanpo sintonizatuta dagoenean bezala. Azkenik han zegoen, hain luzaro zelatatu zuen emakumearen apartamentuan. Argia piztu zuenean, ia zorabiarazi egin zuen begitazio bat izan zuen. Bere amesgaiztorik gaiztoenean ere irudika ezin zezakeen zerbait: hiru maleta beltz zeuden bere aurrean. Hiru maleta beltz zilarrezko ertzak zituztenak eta oso ezagunak zitzaizkionak. Hirurak ziren Lisboan jarraitu zuen Veronica zelako emakume hark estu-estuko laguna zuen maleta haren berdinak. Begiak igurtzi zituen. Itxi eta berriro ireki. Oraingoan bi maleta bakarrik ikusi zituen. Hirugarrena leihoko kristaleko isla besterik ez zen. Erretzeko erabiltzen zituen bi hatzez sudur-zubia estutu eta begi keinua kizkurtu zuen berriro ere, zerbait gogoratu nahiko balu bezala, edo areago, gertatzen ari zitzaionarekin lotutako zerbait garrantzitsuren bila balebil bezala bere buru barruan. Hankak eta besoak mugiezinik zituen. Begiak berriro ireki zituenean maleta bakarra ikusi zuen. Koltxoi gainean zegoena. Bigarrena armairuko ispiluko isla besterik ez zen. Komunera jo eta aurpegia freskatu zuen, estudioko gela bakar eta nagusira heltzean espejismoaren azken herena ere desagertua izango zelakoan.

        Baina maleta beltza, ertz zilarreztatuekin erremataturiko larruzko maleta zurruna, han zegoen oraindik.

        Leihora inguratu eta bere zelata lanak egin zitueneko apartamentua bilatu zuen begiradaz. Berehala aurkitu zuen. Cutty Shark botilak leiho arasan lerraturik zeuzkan huraxe zen eta ondo bereizten zen handik, largabistarik gabe ere. Koltxoian eseri eta maletak bereganatu zuen berriro Cesar Telleriaren arreta. Eskuetan hartu zuen, erremate zilarreztatuak hatzen puntaz ukituz. Maleta belarri pareraino altxatu zuenean ohartu zen ez zeukala ezer pisutsua barruan. Gora eta behera apur bat astindu zuen, barruan zegoenari buruzko ondorio erabakigarririk atera gabe, hala ere. Magalean jarri eta zalantza une baten ondoren takateko batez ireki zituen giltzatu gabeko bi sarrailak. Bigarren zalantza une bat izan zuen oraindik, bisagrak biratu eta maletaren estalkia altxatzera deliberatu baino lehen.

        Maleta barruan aurkitu zuenak erabat nahastuta utzi zuen Telleria. Hark guztiak ez zeukan zentzurik. Jostailuzkoa zirudien pistola bat, peluka beltzaran luze bat eta pastazko betaurreko batzuk besterik ez. Hark guztiak ez zeukan ez hanka eta ez bururik. Ez nora eta ez zertara ez zuela geratu zen, ahoa bete galdera. Peluka eta pastadun betaurrekoak janztea deliberatu zuen azkenik, bere aspaldiko amets hura (bera zen fisonomista ikaragarriak ere ezagutuko ez zukeen beste baten azalean sartzea, —mozorrotzea, hura zen hitza—) gauzatu nahian. Zertan ari zen oso ongi jakin gabe, armairuko ispilu aurrean peluka jantzi zuen lehenbizi eta pastazko betaurrekoak gero. Norbait ezaguna ikusten zuen ispiluan orain, baina ez zen konturatzen nor izan zitekeen. Ahalmenak galtzen ari zen, nonbait. Salara bueltatu eta koltxoian eseri zen, etsita. Jostailuzkoa zirudien pistola hura esku artean hartu eta ispiluko bere bikiari apuntatu zion. Luzaro zerbait desiratu eta lortu ondoren guk nahi genuenarekin zerikusi gehiegirik ez zuela ohartzen gareneko sentipena zuen.

        «Goiti eskuak, Polizia!».

        Edo makurtu lurrera putakumea. Hitzak ez zituen ulertu, tonua zen inporta zuena.

        Saka eta maka sartu ziren. Atea behera bota eta lehen tiro rafaga sakatu zutenean, ispilu aurrean belaunikaturik, bere bikiari apuntatzen zion oraindik Cesar Telleriak pistolarekin. Alainen ahotsean «Zureak egin du Martxelo!» hitzak entzutean konturatu zen ispiluan ikusten zuena zein zen. Bizkarrean jo zuen bala ez zion beraz, ispiluko bikiak bota. Ikusi egin zuen, hala ere, bala beraganaino etortzen. Ispiluan. Eta Cesar Telleriak zenbait errealitateren aurka borrokatzea ezinezkoa zela zekien arren, ispiluaren bestaldekoari begiratu zion lehenbizi, damua adierazten ez duen begirada batekin eta desatsegintasuna adierazten ez duen eta resignazioa adierazten ez duen eta aukera okerra egin izanaren zalantza adierazten ez duen eta lotsa adierazten ez duen, baina apur bat hauek guztiak adierazten dituen begirada batekin, eta gero, jada lurretik, bere aurrean argizarizko aurpegi zurruna zuen Alaini begiratu zion. Laguntza eske.

        Orain ezin zuen leihoa ikusi, baina ahalegin berezia egin zuen: destolestu eta lebitatuz bezala, bere irudimena leihotik atera eta arropak zintzilikatzeko kordelen gainetik pasatuz, bere bijilantzia burutu zueneko pareko apartamentura heldu zen eta whisky botilaz osaturiko harmonika ikusi zuen eta baita leihoko arasan abandonatutako largabistak ere, eta bere burua, edo bere buruaz geratzen zen erdia, han, largabistak hartu eta beraganantz begira.

        Etorkizuneko istorio paraleloren bat bilatzen saiatu zen ispiluaren bestaldean. Badira hiltzen duten simetriak, nonbait.

        Cesarrek, azken keinu sinbolikoa bailitzan, erretzeko erabiltzen zituen bi hatzekin jostailuzkoa zirudien pistolaren katuari sakatu zion, lurretik. Ez zegoen kargatuta. Gizon asko zeuden bere inguruan, ez zioten arnasten uzten, baina ezin entzun zitzakeen, haien ahoak mugitzen eta haien zapatak lurra bortizki kolpatzen suma bazitzakeen ere, ez zuen deus entzuten. Zapata horiek zikinak daude, zapata horiek ez daude egon behar luketen bezain garbiak, gustura garbituko nituzke nik zapata-garbitzailearen pertsonaia biblikoa bereganaturik, profeta berri baten gisan. Zapatak garbitu eta eguneroko ogia era duin batean irabazi. Paradisua zen hori. Polizia batek eskumuturretik heldu zion, pultsua hartzeko asmoz. Ireki eskua jauna, etorkizuna iragarriko dizut. Ehun eskudo, jauna, ehun bakarrik.

        Aingeru zapata-garbitzaile bat emango dut, zilarrezko paperaz estaltzen nautenean. Horixe izan zen bere une hartako burutazioa. Gero begiak itxi egin zituen, eta han bestaldean, ez zuen maletarik ikusi. Hainbeste aipatzen zuten argi tunelik ere ez. Bestaldean ez zegoen ezer. Lo-kuluska luze baten ondoren mundua beste kolore batekoa ikusten da, otu zitzaion azkenik. Edo ez da ikusten inola ere. Hirugarren hatsik ez. Robertok askotan erabili ohi zuen beste esaera hori, sekula zentzurik hartu izan ez ziona, orduan ulertu zuen. Orduan ulertu zuen Cesar Telleriak, zeri deitzen dioten boxeoan argi beltzak ikustea.

 

 

Gehiegitan ari ziren aspaldian segurtasun neurriak errespetatu ez, eta jokabide neurri nahiz prozedura guztien aurka gertaerak sakatzen.

        Martak, Patakiren pastazko betaurrekoak eta ileorde beltza soinean zituela, Cesar Telleriaren etxe alokaturako eskailerak igo zituen. Olatz ezkaratzean geratu zen, irteera zaintzen. Etxeko txirrina jo zuenean ez zuen inork erantzun. Giltzorde batekin atea ireki eta barrura sartzea erabaki zuen, apur bat berandutuz gero Olatz kezkatu egingo zela bazekien arren. Apartamentuko leiho arasan zazpi Cutty Shark botila zeuden, eskailera beherakorrean, gero eta hustuago. Benetan bitxia zen apartamentu hura: emakumezkoen arropak, itsu-makila... Apartamentuko leihora gehiago hurbildu zenean, asko harritu zuen zerbait ikusi zuen: Cesar Telleria pareko etxe baten pean, espaloian zegoen. Nafarroa etorbideko 20. ezkaratzera sartzen ari zen. Leiho arasako largabistak hartu eta 20. ezkaratzera zuzendu zuen begirada: Cesar Telleria pareko apartamentu batean zegoen orain, ispilu baten aurrean, ertz zilarreztatuak zituen maleta bat irekitzen. Maletatik zerbait atera zuen, ileorde bat, pistola bat eta betaurreko batzuk, eta soinean jarri zituen. Martak largabistak begietatik apartatu behar izan zituen izu laborriz: bere berdina zen Cesar; hobe esan, Patakiren berdina.

        Pataki, berriro ere. Tipoa hilezina zen nonbait, akabatu zutenetik suge erdibitua bezala ugaltzen zen: lehenbizi Olatzen ideiaren ondorioz Martak janzten zuen mozorroaren baitan, eta orain, baita bere biktima izan behar zuenaren baitan ere. Gertaera zentzugabe haiek guztiek zerbait esan nahi ote zuten otu zitzaion; mezu bat ote zen Cesar Telleria Patakiren mamuaren gisan antzaldatuta ikustea. Ez zuen ezer ulertzen, baina gertaeren simetria kezkagarriegia iruditu zitzaion. Tupustean ordea, mugimendu arraroak sumatu zituen kalean. Berehala ohartu zen Ertzaintzako bereziak zirela, linternadun fusilak eskuan hartuta, pareko etxea inguratzen ari zirenak. Pareko etxeko bebarruan gora polizia lerro bat igo zen. Marta, bihotza josteko makina baten gisan zuela, apartatu egin zen leihotik, mugimendu erreflexu batez. Tiro bat entzun zen goian. Gero beste bat. Agian lehenengoaren oihartzuna izan zen eta agian ez. Largabistekin leihotik begirada azkar bat bota eta Cesar Telleria ispilu aurrean zerraldo zegoela baieztatu zuen. Cutty Shark botilei azken begirada eman eta korrika abiatu zen beherantz. Handik ahalik eta urrunen egon nahi zuen: harraskan bere argazkia erre berri zuten Cesar Telleriaren apartamentuan egoteak bere amesgaiztoak profanatzen aritzearen sentipen okaztagarria sorrarazten zion. Denak zoratzen ari ziren. Zer pentsatu ez zekiela, Olatzengana bildu eta oinez aldendu ziren, etxerantz. Gauza asko ziren orain eskuetatik ihes egiten zietenak.

        — Zertan ibili haiz Marta? Kirioak airean nitinan!

        — Aurreratu egin zaizkigun, Olatz.

        — Nola?

        Marta zurbil-zurbil zegoen.

        — Aurreratu egin zaizkigula, joder. Itzel, joder, itzel. Poliziek hil diten! Ez dinat ezer ulertzen, joder, ez dinat ezer ulertzen!

        Pasaiatik hanka egiteko unea iritsi zen. Litekeena zen ordea, dagoeneko berandu izatea.

 

 

— Olatz, gogoratzen al dun nire istorio gogokoenari buruz galdegin hidan hura?

        — Jakina. Metamorfosia. Kafkarena. Dinosauro eta guzti.

        Konplizitate keinu batez erantzun nahi izan zion Olatzek Martaren konfesioari. Une batez, paperak trukatu eta segurtasuna eta lema ziurtasunez eramatearen ardura, ideien argitasuna Olatzi balegokio bezala; eta zalantza, koipea bezala, Martaren pentsamenduez jabetu izan bailitzan laino baten gisara. Zerbait aldatua zen bien artean, eta zaila zen jakiten noiz topatu zuten elkar bidegurutzean.

        — Egia esan ez dun hori nire istorio kuttuna.

        — A ez?

        — Ez. Nire istorio kuttuna beste bat dun. Tren bateko bagoi batetik bestera norbaitengandik ihesi doan emakume baten istorioa dun. Azkeneko bagoira heltzen denean era eta kolore guztietako maletaz beteta dagoela ikusten din. Kanpoaldera ematen duen bagoia dun hau, azken bagoia, eta han, banan-banan hasten dun maleta guztiak bagoitik errailen ertzetara botatzen. Trena azkar zoan, eta azkar desagertzen ditun maletak trenbide ertzean. Askotan maletak itxita geratzen ditun, sekretu guztiak barruan gordez sekula betiko. Beste batzuetan aldiz, apurtu eta ireki egiten ditun eta barruko arropa eta gainerako guztiak hor zehar geratzen ditun barreiatuta. Eta badakin? Maletak trenbide ertzera jaurtitzen ari den bitartean zoriontsu dun, eta ez zeukan puta ideiarik ere zoriontasun horren zergatiaz. Iristen dun une bat ordea, maleta gehiago geratzen ez zaiona bagoian. Eta orduan jauzi egiten din trenbide ertzera eta bere altuera bitan duen gari sail batean barneratzen dun korrika. Eta orduan ere zoriontsu dun, eta zoriontasun horren arrazoiaren puta ideiarik ere ez zeukan. Lasterka zihoanan eta pozik, besterik gabe, bere altuera bitan baden gari sail hartan barna. Zentzugabea dun ezta?

        — Zentzugabea den bakarra trena dun, Marta. Beti bide berean doan tren madarikatua.

        Sirena hotsa eta anbulantziak kanpoan. Zergatik iristen dira beti bi, hiru anbulantzia hildakoa bakarra dela jakin arren? otu zitzaion Martari. Anbulantzien artean apustuak eta lasterketak egingo balituzte bezala zen. Agian egiten zituzten. Gertaerarik tragikoenen atzean ere, komikotasun handia ezkutatzen zen, tragedia horretan lekuko besterik ez zirenen aldetik. Errezela eta estoreak itxi zituen Martak. Olatz dagoeneko zigarro bati azken sakatuak ematen ari zen.

 

 

Gabon gaua eta errepidean. Elurra bazterretan. Autorik ez. Olatz nirekin eduki banu, pentsatu zuen. Gidatzea beti izaten zen bere lana. Baina ez, Olatzek garbi utzi zion Pasaiako portuko elkarrizketan bi txartel zituela aitortu zionean: «Ezin hobeto, Yetia eraman dezaken hirekin». Geldirik zeuden kamioi erraldoien zerrendak besterik ez ziren ikusten. Arima bat bera ere ez. Egun egokia aukeratu zuen Martak bidaia egiteko, nahiz eta iheserako garraiobide publikoak erabiltzea komeni den beti, ahal izatera: besteek eramaten gaituzteneko sentipena beti da erruduntasun konplexuen askatzaile eta zama kentzaile iheslariarentzat. Denak afariaren inguruan egongo ziren bilduta, harrezkero. Egun egokia aukeratu zuen bai, nahiz eta bide hura lehenago egin izanaren irudipena eta une hura lehenago bizi izanaren sentipena zituen. Eta egia zen. Ez zen lehen aldia bere burua ataka hartan aurkitzen zuena.

        Irratia piztean frantsesezko irrati kate bat gaztelerazko batekin nahastuta entzun zuen. Gabon kantuak jartzen ari ziren irrati kate batean, eta bestean berriz gitarra elektrikoen soinua entzun zezakeen. Gogaiturik, irratia itzali zuen. Jada ez zuen elurrik ari eta lasai-lasai zihoan.

        Autobus geltoki baten ondoan, zubi bat zeharkatzen ari zela, gizaseme bat ikusi zuen binilozko disko sorta bat ibaira botatzen. Blues diskoak, zurienak, beltzenak. Elurretako Yetia. Ogirina eta hondarra. Elurra nonahi.

        Behelaino itxiak errepidea desagerrarazi zuen eta bere autoaren motorraren zarata zen kanpo mundutik jaso zezakeen bakarra. Begiak itxi eta Bera parean Guardia Zibilak jarrita zeukan errepide kontrola ikusi zuenean, bazekien oraingoan zaila suertatuko zitzaiola egoera hartatik onik ateratzea. Alto keinuak errepide bazterretik. Martak mugimendu erreflexu bat egin zuen soinean ez zeraman errebolberra eskuratu nahian eta guardia zibilek ezagutu egin zuten mugimendu horren asmoa. Hala iruditu zitzaion. Arnasa hartu eta azeleragailuari sakatu zion Martak, bolantea ertz batera bortizki biratuz.

        Bi aukera zeuden, baina beti bezala, ez bere aukeran.

        Zilarrezko papera bezala zulatzen dute balek auto baten karrozeria. Ez zuen bala bere gorputzeko zein tokitan sartu zen asmatu. Agian bat baino gehiago ziren. Agian bai eta agian ez. Flash baten ondoren, ahuspez aurkitu zuen bere burua, intxaur baten eran kraskatu zen autotik kanpo, baso izoztu baten erdian. Arboletako izotza urtzean gari sail baten erdian zegoela ohartu zen. Moja zahar batek lurretik burua altxatzen ziola. Gero, marinel bat inguratu zitzaion irribarretsu keinu galdetzaile batekin nola-zaude imintzioka. Hara nola heldu zen ideiarik ez zeukan arren, itsasontzi batean egon behar zuen, inondik ere, Antartidako ur izoztua txikituz motel doazen ontzi horietako batean, eta marinelak lemari utzi izango zion une hartan, ontzia olatu ikaragarri batek kolpatu eta bortizki dardarazi baitzuen. Bai, lemazainak ontzia utzi bide zuen eta bere begien aurrean zegoen orain, berari begira, belauniko. Aizak aitona, ez kezkatu nigatik, hobe duk lemari eutsi ni bakean utzita, norbaitek hartu beharko dik bada egoeraren ardura, norbaitek borrokatu behar dik soken kontra daudenen alde, horixe erranen zion Martak marinel hari eztarrian nahikoa indar biltzen zuenean.

        Ez zegoen ontzirik. Ez zegoen inor. Gari sail ikaragarri handi bat irudika zezakeen, bakarrik zegoen berriro. Bere buru gainean argindar kable nahasiak anabasa geldi batean. Ez zebilen inor korrika.

        Berriro begiak ireki zituenean oraindik auto barruan zihoala ohartu zen. Zinema pantaila bilakatua zen parabrisan, lurrunak eta erortzen ari zen elurrak sorturiko begitazioak besterik ez ziren izan ikusitako haiek guztiak, ziur aski. Lainoen baitan eta zigarroen kean Sacco eta Vanzettiren aurpegiak ikustea bezala. Agian bai eta agian ez. Ez zegoen kontrolik, ez poliziarik, ez istripurik, ez intxaur erdibiturik. Une batez mugiezin geratu zen, bolanteari tinko helduz, oharkabean marraren bat igaro bailuen. Behelaino itxia eta elurra bazter guztietan. Hori zen guztia. Antzinako argazkietakoa zirudien zuritasun ikaragarri haren erdian, Ford Mondeo beltz bat zihoakion aurretik bidea irekitzen. Autoaren gurpilak lebitatuz zihoazela zirudien errepide izoztuaren gainean, errepidea trenbide bailitzan. Buenaventura Durrutiren biografiako pasarte harekin gogoratu zen. Bartzelonako tiroketan Durruti babestu zuen auto beltz misteriotsuarekin. Irribarre egin zuen.