Pasaia blues
Pasaia blues
1999, nobela
220 orrialde
84-86766-97-4
azala: Garbiņe Ubeda
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1996, nobela
1994, poesia
Pasaia blues
1999, nobela
220 orrialde
84-86766-97-4
aurkibidea

Aurkibidea

Zai

Zoi

Arma

Tiro

Blues

Erosi: 17,10
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Zai

Zoi

Arma

Tiro

Blues

 

 

Bele

 

                                Cría ojos y te sacarán los cuervos.

                                                Pepe Altair

 

Piztu argia eta ireki begiak. Baina ez eskuarki irekitzen dituzun bezala, ireki begiak gehiago. Gehiago. Ireki begiak betileak desagertu arte. Orain sentitzen dituzu begiak, pisutsu eta borobil, masailen gainean egundokoak dira, billarreko bi bola izugarri handi eta begirale. Zelatari, norantza eta norabide anitzeko. Adi egonez gero, begi horiekin edozer ikus dezakezu. Angelu zabaleko argazki kamera batek bezala, arrain-begiko lentea duen kamera batek bezala. Edozer ikus dezakezu eta erradiografiatu. Baita hormaz bestaldean dagoena ere.

        Ikus dezakezu bala bat buru batean sartzen arrangura eta erresuminik gabe eta ikus dezakezu argi eta garbi, komikietakoa dirudien ekintzen sekuentzia geldoan, hil berri den horren heriotza ekibokazio bat izan dela, oraindik zergatik ez jakin arren. Ikus dezakezu gorpua nola erretiratzen duten eta ikus dezakezu odolaren gainean zerrautsa edo ogirina botatzen dutela, ikus ditzakezu katuari sakatzearen ondorioz pertsona, izaki, giza-emazteki, organismo bizidun haien guztien baitan gaitzak eta birusak zelulekin pokerrera ari ziren bitartean, zerbaiti, mekanismo fatal bati eragin diozula. Ia erabat patuaren mende zeuden hainbat bizitza eztanda egitear egon zitezkeen telefono dei baten ondoren, eta haiek ez zekiten ezer, ezta arrastorik ere. Usaindu ere ezin zuten egin. Odola. Zerrautsa. Ogirina.

        Zerraldo datza Hildako Ekibokatua. Eta ikusten duzu norbait egunkariko txatalak ebakitzen hurrengo egunean, Hilketa Bat, Bakarrik edo Hirugarrenen Laguntzarekin, zehaztu gabe, eta ikusten duzu eskelako eta eztei eguneko Hildako Ekibokatua irribarretsu eta Hildako Ekibokatua fruta saltzen soldata hala-moduzko baten truke, eta Hildako Ekibokatua behin batez Camaronen kasetea autoko irratian jarrita zeramala eta zuri ere gustatzen zaizu Camaron eta zeini ez eta orduan definitiboki dakizu Hildako Ekibokatua dela hura.

        Camaron gustatzen zitzaiolako. Gauzak hain sinpleak izan daitezke, batzuetan.

        Odol putzuaren itzal laburra, zerrautsa, ogirina, kale hutsak. Guztiari begiratzen dion belea. Bele asko. Gehiago.

        Bele guztiek alde egiten dute eta bakarra geratzen da orain. Beleak irekita ditu begiak. Hildakoaren aurpegia hartu du beleak. Zerrautsez eta ogirinez estalita dagoen hildakoaren aurpegiari jotzen dio haizeak eta haizeak agerian uzten duenean zurea da hildakoaren aurpegia. Nahiago zenuen bele izan, zeure burua justifikatzeko. Baina oraingoz hildakoa zara. Hurrengo batean izanen zara bele agian.

        Zu, orain hildakoa zaren hori, altxa egin zara. Eta beleari so egin diozu. Beleak Camaronen aurpegia bereganatu du bat-batean eta never more Hildako Ekibokatuarena. Never more, never more. Ez zaizue buruan sartzen. Terrorista bat naiz eta Camaron gustatzen zait. Hain zaila da ulertzen?

        Zerbait egin diozue norbaiten bihotzari. Eta ematen du putzu ilun batean hondoratutako igande arratsalde goibel bat dela.

        Belea hartu duzu esku artean eta errai apurtu bat dela ohartu zara. Zure bularraren erdian hegoak zabaldu ditu barruan bizi zaizun bele beltzak.

        Ez, belea ez da azukrezkoa.

 

 

Patakik Martaren gelako irratia piztu zuen ohetik atera gabe. Bezperako atentatuaz eta ihesaz ari ziren. Terroristas sanguinarios, hura zen gehien gustatzen zitzaiena. Terrorista eta sanguinario. Komunikabideek maskara bikoitzaren estrategia erabiltzen zuten: bi maskara ezartzen zizkioten ustezko gaizkileari eta ezinezkoa suertatzen zitzaion honi biak kentzea, lehenengoa kendu orduko bigarren azalaren gisan jarria zuen bigarren maskara agertzen baitzen; milaka hatz erakuslek gorrotoz seinalatzen zuten bigarren maskara hau. Erotzeko modukoa zen eta erotu egingo zen azkenean. Emisora guztietan berdina zen eta irratia itzaltzea erabaki zuen. Azken aldi hartan, bere bizitzako unerik atseginenak lo zegoela pasatzen zituen haiek zirela deliberatu zuen, eta triste samarra iruditu zitzaion.

        Patakik ohetik entzun zezakeen Marta batera eta bestera mugitzen, bera artean erdi lotan zela, esna dagoenak ohartu gabe egin arren lo denari hain gogaikarri zaizkion tirriki-tarrakako zaratak egiten. Eguzkia pertsianen artetik irristatzen hasia zen, zulo txikietatik bezala, azenarioak arrailtzeko tresna baten zulo biribiletatik irazten diren argi pinporten eran. Ohetik entzun zezakeen Marta batera eta bestera mugitzen. Bere oinen mugimendua entzun zezakeen egurrezko zoruaren gainean oinez. Ate bat ireki eta ahots hura entzuten hasi zen, bat-batean, norbaitek irratiaren bolumena igo izan balu bezala.

        «Orduan gu gaitun gaiztoak, ezta? Hori dun. Agian hobea irudituko zain tortura, heriotza ofizializatua, zeremonia bat egin eta zementua jartzea heriotzaren inguruan, barroteen itzalean... Idazki amaigabeen koartada dela eta kontzientzia lasai duten borrero andana hori. Agian justuagoa dun hori ezta? Ba itzel, heriotza zaindu eta luzatu, edozer mozorrotu dezakeen kultura babesle bat sortu, umiliatua izan zementuzko kaiola batean zaudenean, hilerri batean, bizirik baina bizitzarik gabe. Izorratu beharra zegon, baina hi norekin hago? Sinetsi egiten al dun dena? Beratu egin al zain bihotza fruteriako eta ezteietako istorioekin? Ze demoniotan daukan burua Olatz? Noiz ikusi dun hik kartzelako ziega ilun batean bakartuta dagoen preso egurtuarekin albistegia ireki dutenik?».

        «Ez zekinat Marta, baina putakume bakoitzak bala bat merezi badin, hasiko al gaitun balak egiteko hemendik Moskurako trenbideak funditzen!».

        Martak bere orbitatik aterata zeuzkan begiak eta bere rictusean gutxitan sumatzen zitzaion ezpain-dardara bat azaleratzen zen.

        Zazpiak eta hogei ziren Patakik, jaiki, pastazko betaurrekoak soineratu, tokatara zuzendu eta kantu bat jarri zuenean. Leonard Cohenen kanta bat zen, eta Leonard Cohen ez zen beltza. Baina ez Olatzek eta ez Martak, ez zuten adiskidantzazko eta hurbiltze ahalegin funtzioa bete nahi zuen keinu hartan erreparatu. Gehiegi eskatzea zen, egia esan. Bere ohera itzuli eta betaurreko eta guzti loak hartu zuen berriro Pataki. Goizeko zortziak eta bederatzi minutu ziren hurrena erlojua begiratu zuenean. Nekatuta zegoen eta begiak itxi zituen.

        Baina jadanik ez zuen berriro loak hartzerik lortu.

        — Pataki, baduk hik ere esnatzeko garaia, ala? Ikusi al duk hor aparkatutako Mondeo beltz hori? Astebete zeramak hor leku berean geldirik.

 

 

Hotz zen giroa. Elur bustia egin berri zuen eta errepideak irristakor zeuden. Norbaitek klaxona jo zuen pabilioiaren aurrean eta burdinazko ate erraldoia ireki egin zen. Auto grisa pabilioira sartu orduko itxi zen berriro ere ate ikaragarria. Ilunpean zegoen pabilioian, sabai altuko fokuak banan-banan piztu ziren. Pabilioia erabat hutsik zegoen, hormen kontra jarritako mekano-apalak salbu. Sartu berri zen autoko gidariak motorra itzali eta maleteroa ireki zuen bere gidari postua abandonatu gabe. Pabilioiaren ertz batetik, bi gizaseme atera ziren, belaontzietako oihalak egitekoa zirudien ehun batez eginiko eskularruak soinean zituztela. Maleterora eskuak sartu eta aurreko nahiz atzeko hankak zinta aislantez loturik zituzten bi zakur atera zituzten bertatik, arrastaka eraman zituztenak pabilioiarekin komunikatutako beste egoitzaren batera, hauen zaunka itoei entzungor. Gero, sabaiko argi guztiak itzali egin ziren eta autoko argi zuri-gorriak eta motorra piztearekin batera, metalezko ate erraldoia berriro zabaldu zen. Autoak, poliki-poliki, atzerantz egin eta iluntasunean desagertu zen.

        Laranja Mekanikoak, minutu batzuez gidatu ondoren, errepideko ertz batean autoa geratu eta dirua zenbatu zuen. Gero, igualeko kopurua egiteko bildu beharreko diamante kilo kopurua kalkulatzen saiatu zen. Baina zenbaki bakoitiekin nahastu eta asuntoari buelta gehiago ez ematea erabaki zuen. Autoa berriro arrankatu eta poliki-poliki urrundu zen, txatarra meta erraldoiak atzean utziz.

 

 

Abenduak hogeita bat. Betea zen bere buruari eta bere zorteari emandako epea. Ez zen Alargun Beltzaren aztarnarik ttikiena ere. Klaustrofobia ematen zion Pasaiak, N-1 errepide zaratatsu hark; goragalea zirrikitu guztietan nagusitzen zen gasolio usain nardagarriak. Cutty Shark botila bat hartu eta tragoxka bat zintzurreratu zuen. Euria ari zuen kanpoan eta abendu hasierako sargoriaren aztarna ttikienak desagertuak ziren dagoeneko. Ohean etzan zen, fisonomia liburua batera eta bestera zerabilela. Orrialdeak nahikoa lardaskatuak zituen honezkero, eguzkipean hilabeteak eman dituzten egunkari orrialdeak bezala, horitzen hasi ziren. Hitlerren karikatura sailari begira geratu zen une batez eta bere aurpegia Hitlerrenaren eran antzaldatzen saiatu zen, hatz biez sudurpeko bibotea egin eta ezpainak eta barailezurra estutuz. Cutty Shark bateko beira-ispiluan bere ahaleginen emaitza kaxkarra baieztatu eta gero, Lisboako argazkien bilduma erabili zuen atzera aurrera. Gelako ispiluan zegoen ordea merezi zuen argazki bakarra eta merezi zuen ezpain pare bakarra. Veronica bezala ezagutzen zuten emakumearen bi argazkiak: katalogotik erauzitakoa bata eta kafetegian ahazturik utzi zuen argazki erdibituaren erdia bestea. Berak eskuratu ez zuen argazkiaren beste erdian norbait ote zegoen galdegin zion bere buruari.

        Oso itxura utzia zuen Cesarrek ordurako, ile matazak lehor eta korapilatuak zituen, batere zaindu gabe, gero eta nekezago lortzen zuen korapilo haiek eskuaretu eta orraztea. Urduri sentitu zen bat-batean, eta bizarra moztea erabaki zuen. Ez zen posible itxura hartan ibiltzea. Honela hasten zen bat burua galtzen. Bainu bat hartu zuen bizarra egin ondoren. Bainuontzian zen artean ere katalogoak birpasatzen jarraitu zuen. Zigarro bat erre zuen gero, inoiz baino teatralago, bi hatzekin piztu eta bi hatzekin errez, zigarroa busti ez zedin zaintzen zuela. Bainuontzian zegoen oraindik. Askoz ere erlaxatuago atera zen lurrinez gorputza igurtzi eta bere burua txukundu ondoren: txukunketa haiek izaten ziren gainera onenak, inorentzat barik norberaren buruarentzat egiten direnak. Gustura zegoen bere buruarekin, eta ez zeukan hori inork jakin beharrik. Aski zen berak jakitearekin.

        Salako ispiluaren aurrean erantsitako Veronicaren argazkiak ikustean ordea, aurresentipen arraro bat izan zuen, eta irrazionalki, berriro ere bainuontzia bete eta bigarren bainu bat hartu zuen. Bigarren aldiz, zerbait betirako aldatu zela sentitu zuen. Zerbaitek alde egin ziola, eta ez zela gauza izango Alargun Beltzaren aztarnarik sekula topatzeko. Luzaro geratu zen ispiluan bere aurpegiari so. Ilea atzerantz orraztuta beste itxura bat zeukan, baina oraindik edonork ezagutuko zukeela iruditu zitzaion. Bera zen fisonomistak ere ez ezagutzeko moduko mozorro bat asmatzeko gai izango ote zen otu zitzaion. Gai izango ote zen beste itxura baten pean bizitza berri bat hasteko. Umetatik zetorkion mozorrotzeko zaletasuna. Hau pentsatu ondoren, etxean bueltaka hasi zen, harik eta seko aspertu eta telebista piztu zuen arte. Boris Ieltsinek Leninen momia aurrerantzean ez erakustea erabaki ote zuen. Moskun zegoen aztoramenduaz mintzo zen telebistako esataria: «Hainbeste urte igaro ondoren, oraindik eskuetako azkazalak hazi egiten zaizkio Lenini, bada garaia amesgaizto hau amaitutzat emateko» zioen Moskuko kaleetan elkarrizketatutako gazte batek.

        Cesar Telleria lo geratu zen sofan, foku gorrien pean zetzan Lenin lasaiaren loari so. Baina ez zen berea lo lasaia izan. Zerbaitek alde egin izan balio bezala sentitu zen, eta orain ez zeukan batere zalantzarik galdu zuena zer zenari buruz. Cutty Shark zurrupadatxo bat hartu eta lo, zurrupadatxo bat hartu eta lo, amesgaizto bat eta zurrupadatxo bat, elkarren segidan.

        Bere buruari aitortu nahi ez izan arren, oraindik ez zen heldu garaia, aurrera jarraitzeko galdutako horren beharrik izango ez zuena.

        Esku ahurra ireki zuen, baina ez zuen bertan deus ere aurkitu.

 

 

Goiz hartan egunkaria goitik behera irakurri zuen Martak eta gero sukaldean zeuden botila eta lata guztietako etiketak ere bai. Lehorreratu gabe ontzian isolatuta hamaika hilabete pasatzen dituen marinelarena iruditu zitzaion bere jokaera. Bere begiradaren lerro zuzenak abiadura abisal eta urduri batean arrastaka eramango balu bezala zen. Egunkarian irakurri zuen gauzarik erakargarriena zulo beltzei buruzko zerbait izan zen: unibertsoan jazotzen ziren gertaerarik biolentoenak omen ziren zulo beltzak.

        Izar baten bizitza bere azkenetara heltzen zenean izarraren bihotza bere baitara kolapsatzen zen grabitatearen poderioz. Izarraren zentroa kolapsatu ahala, kanpoaldeko geruzetako materia zati bat kanpo espaziora jaurtikia zen, gainerako guztia izarraren bihotzerantz erakarria zen bitartean. Zentro dentso horretara erakarritako materia guztia zulo beltz bihurtzen zen eta inguruko orbitako materia guztiak donut baten gisan biltzen zuen zentroa. Handik momentu gutxira, donut itxurako kanpoko geruza zulo beltzak irentsi egiten zuen, hustear den bainuontziko zuloak azken ur zurrunbiloa irensten zuen eran, barruan zuen guztia bere baitan desagerraraziz. Zulo beltz hauek hain dentso eta boteretsuak zirela uste izan da, ezen argiak ere ezingo baitziokeen ihes egin bere erakarpen indarrari. Zulo beltzak krimen perfektuaren egile jo izan ziren, irensten zutenaren arrastorik uzten ez zutelakoan. Teoria berri bat sortu zen ordea azken boladan, zulo beltzen kasuan ere lehen negarra jaiotzarekin batera etor zitekeela defendatzen zuena. Ez zirela jaiotza isil eta beldurgarriak, ama bat jaioberriaren negarra ez entzutean kezkarazten duten horietakoak. Azken ikerketak zuzenak baziren, zulo beltzek uzten zuten arrasto bat sortzen ziren unean eta gamma izeneko izpien bidezkoak ei ziren zulo beltzaren jaiotzaren proklama adierazpenak.

        Orduan bazegoen aukera bat, iruditu zitzaion Martari, bazegoen aukera bat zulo beltzari ihes egiteko, zulo beltza atzeman eta zulo beltz horrek bereganatzen ez zuen materia zati ttikiaren, materia iheslariaren zati izateko. Bera behiala koma egoerako zulo zuritik ihes egina zen, baina zulo beltzak beste zerbait ziren. Gamma izpi bat zer demonio zen jakitea desiratu zuen, ze itxura ote zuen. Pentsatzekoa zen gamma izpiekin ere elurretako Yetiarekin gertatzen zen gauza beretsua pasatuko zela. Ikusi orduko ohartzen zen bat Yetiaren aurrean zegoena, hura ikusten zen lehen aldia izan arren.

        Kanpamentura itzultzean gero bakoitzak bere bertsioa emango zuen, denak oso kontrajarriak, hori bai, eta inork ez zuen ezer sinetsiko. Elurretako Yetiarena norberarekin gorde beharreko sentipena zen. Gamma izpiak, pentsatu zuen, bai inbentu itzela.

        Egunen batean alabaren bat badut, izen hori jarriko diot.

 

 

Egia da hilotzek hitz egiten dutela. Beren erara, jakina. Baina hitz egiten dute. Robertok bazekien hori, kalez kale ibili izan zen garaitik. Behin, epaile forentseak hala aginduta, supermerkatu batean tirokatutako baten hilotza altxatu behar izan zuten berak eta bere kide batek. Lehenago ere ikusi izan zituen hilotzak, baina eginbehar hura bereziki desatsegina suertatu zitzaiola oroitzen zuen. Supermerkatuko aldizkari apalategia oroitzen zuen, aldizkarien apaletako argazkietan inoiz baino inozoago irribarrez ageri zen aurpegi pila hura, ahoz gora zetzan gorpuaz barrez ariko balira bezala. Betaurreko pare bat zegoen lurrean eta emakumezko kutxazain bat negar-zotinka ari zen pasilloaren bestaldean. Betaurrekoak lurretik hartu zituen Robertok eta zotinka ari zen kutxazainak «nireak dira betaurrekoak, jauna» esan zuen patekikoki, eta jantzi egin zituen betaurrekoak, ertz batean odolez zikinduak zeudenak. Eta jada barkaezina zen eran jarraitzen zuten barrez apalategietan aldizkari haietan guztietan aurpegiek.

        Gorpuari besapeetatik heltzen zioten artean, —pisu mortua zen benetan gizon hura— lepoa panpina baten gisan zuela eta oraindik bero, hilotzaren ezpainetatik soinu beldurgarri bat atera zen. Hilda zegoen arren, eztarrian pilaturik zuen azken aire bafada ez zuen oraindik bota, itxuraz, harik eta Robertok eta bere kideak haren gorpua altxatu zuten arte. Goragaleak jotzear geratu zen Roberto soinu hura entzutean. Bere kideak ordea, ikuspegi ezberdinetik ikusten zituen gauzak. Ezin izan zuen barre ttiki bat saihestu, Roberto hasberriaren aurpegi zurbilari so.

        — Honek ez zuen agurrik esan gabe alde egin nahi, nonbait.

        Une hartan krudela, barkaezina iruditu zitzaion esaldi hura Robertori, gauzak zer diren. Hildako berri hark ezpainen artean esateko azken hitzik ba ote zuen galdetu zion bere buruari. Ezpainetatik zerion listu eta odolaren nahasketan disolbaturiko azken borondate, azken hitz, azken esaldirik ba ote zen. Alargun Beltzarengan zeukan pentsamendua, edukiko ote zuen Egiako atentatu harekin zerikusirik, horixe otu zitzaion, kazetariz inguratutako Poliziaren prezinto elastikoa urrunean ikusten hasi zenean, autoa utzi eta kontrol hesirantz abiatu ahala. Ez zen ohiko prozedura, hori egia zen. Bigarren pisu bateraino igo eta etxera bertara biktimaren bila joatea harritzekoa zen.

        Roberto Goaza komisarioak, eskaileratan gora zihoala, bigarren pisuko ataritik, hildakoaren apartamentuko atea irekirik zegoela ikusi zuen. Geratu egin zen une batez, ateko markoak zedarritzen zuen koadroari begira: jendea zebilen batera eta bestera, ezaxolati edo serio, zaila zen ziur jakiten. Bata zuriak eta betaurreko zikinak esku artean, makurtzen ziren lepoak eta makurtzen ziren gerriak, kokotsean hatza paratzen zuen funtzionarioa, argi gehiegi, etxeko argi guztiak piztuak, ordu hartan beharrezkoa ez zen arren. Eskailerako esku-bermalekuan bermatu zuen apur bat besoa, bere zeregina hasi aurretik jada nekatuta balego bezala. Zer demontretan ari zen jende hura guztia han bazterrak nahasten? Heriotza deika denean hustu egiten dira jendez kaleak. Baina heriotza partitzen den unetik jende guztiak zabaltzen ditu bere leihoak, guztiak daude beren lekukotza emateko prest. Zereginik ez dagoenean. Lehergailu batek eztanda egin ondoren denak biltzen dira lehergailuak egindako zuloan, sarraskiaren erdian goxotasun eta segurtasun apur bat balego legez.

        Zizpuru sakon bat egin zuen eta argiz betetako ate hura zeharkatu zuen Robertok.

        — Nola gertatu da?

        Galdera inozoa zen, baina zein galdera ez zen inozoa egoera hartan.

        — Gizonezko bat eta emakumezko bat, ez dago garbi tiroak bietako nork egin dituen, baina biak omen zeuden armatuta —ezagutzen ez zuen ertzain gazte bat zen. Esandakoen arabera, Alargun Beltza izan zitekeen tirokatzailea.

        — Horixe besterik ez genuen behar, jainkoarren.

        — Bi lekuko ditugu.

        Bi lekuko ditugu, ederki. Nondik atera ote zen gazte hura? Bi lekuko ditugu, zioen, hildakoa han ez balego bezala. Baina hildakoa han zegoen.

        — Nik uste hiru ditugula, baina, ez dakit zergatik, iruditzen zait batek ez duela hitz egiteko borondate gehiegirik duenik ematen.

        — Barkatu jauna, zer diozu?

        — Deus ez, deus ez!

        Ohe baten ondoan zerraldo zetzan gorpuak beso bat luzatua zuen, ohepean eskua sartu nahi izan balu bezala. Ertzain gazteak manta altxatu zuen, ohepean ezkutuan zegoen pistola ttikia agerian utziz.

        — Ez dio denborarik eman.

        — Bota iezaiozue manta bat gainetik, arren.

        — Forentsearen zain gaude, jauna.

        — Jainkoarren! Eta zeren zain dago forentsea bere sudurra hona agertzeko?

        Robertok berak bota zion izara bat gainetik gorpuari.

        Ezin zuen gehiago jasan. Bera moldatu zen moldatu bazen hiriaren zakurraren ipurditik hara ordu laurden batean heltzeko eta epaile forentsea, oraindik ez zen agertu. Leihora atera zenean argazkilariaren flashek itsutu zuten. Kasuaren ardura duen komisarioak ez du ikerketen nondik norakoen berririk aurreratu nahi izan. Begiak bere onera itzuli aurretik irakurri zuen titularra. Horma gogor kolpatu eta eskua kokotsean jarri zuen, hatz erakusleari saihetsetik hozka egiten ziola, amorrazioz. Komisariako sei gizon-emakume zeuden gelan: bi argazkiak ateratzen, bat gela bideoz hartzen, Alain —bere laguntzailea— zigarro bat erretzen ari zen eta beste biak elkarrekin hizketan. Giroa benetan itogarria zen, eta esan beharrik ere ez dago, hildakoa zen han gutxien molestatzen zuena. Komisarioak sorbaldak eta lepoa kizkurtu zituen, begietatik sastakaiak jaurtikitzen zituela.

        — Joder! Baina zer uste duzue? Kanpora denok hemendik, kanpora! Zer da hau, jolas parke madarikatu bat? Jolas parke puta bat?

        Denak gelatik atera eta handik segundo gutxira, gizaseme gizen batek ateko egurrezko markoa hatz koskorrekin emandako kolpe leun pare batez atabalatu zuen. Ezpain ingurua koipez zikindua zuen, bazkaldu berriaren itxuran.

        — Eta zu zein demonio madarikatu zara?

        — Barkatu berandutza, jauna. Trafiko handia zegoen. Forentsea naiz.

        Komisarioa gorpuaren ondora makurtu zen. Izara mutur batetik heldu eta hilotza agerian utzi zuen. Gero, izararen muturra artean eskuetan zuela, paparretik sartu zion forentseari, serbilleta bat balitz bezala, gorbataren gainetik.

        — Dena zurea da, jauna. On egin deizula. Nik gaur ez daukat apetiturik.

        Kolpe bortitz batez atea itxi eta Roberto Goaza komisarioa kalera irten zen.

 

 

— Pataki, sar naiteke?

        — Jakina, Marta. Dena ondo al doa?

        Marta Patakiren gelara sartu zen. Irakurtzen ari zen ohean etzanda, baina jantzita zegoen, ohea ere desegin gabe oraindik.

        — Zortziko lo-ordu kopuru gomendatura iristen ez diren horietakoa haiz hi ere?

        Martaren tonuan bazen zerbait desohikoa, samurregia Marta izateko, Marta ez zen Marta bat, zerbait okertu izan balitz bezala. Irribarre ahalegin bat, gehiegi zen. Arazo larriren bat zuen esku artean ateari ostikada emanez gelara sartu ez zitzaionerako.       

        — Zera, Pataki, baduk kezkatzen nauen zerbait gure hurrengoaz.

        Ohe gainean eseri zen, ertz batean, eta zigarro bat piztu zuen, lau hatzez sustengatuko zuena.

        — Nahi duk zigarro bat, Pataki?

        — Ez, mila esker. Utzi egin ninan, edo berak ni, auskalo, badakin nola diren bikote kontu horiek...

        — Jakina. Iruditzen zaidak bidezkoa dela esatea, ni behintzat lasaiago geratuko nauk —Martak irribarre egin zuen berriro. Hortzak zuriagoak eta ederragoak ziren begirada beherantz ezkutatzen zuenean—. Gure hurrengoa. Nik ezagutu nian tipo hori. Bere argazkia ikusi dudanetik txokatuta nagok. Urteak dituk ikusten ez dudala, baina nik ezagutu nian. Ikaskide izan gintuan. Behin baino gehiagotan mozkortu gintuan elkarrekin.

        — Mundu zakur eta txikia, ezta? Ez zekinat ba zer esan. Nahi dun... Nahi dun nik egitea?

        — Nik ere ez zekiat zer pentsatu. Egia esan, batzuetan erokeriaz erokeria gabiltzala iruditzen zaidak, nire buruari hau onartzea kostatzen zaidan arren. Hik ez duk sekula zalantzarik izan?

        — Bizitza ez dun balore absolutu bat, Marta. Guk gurea jartzen dinagu jokoan. Norbaitek borroka egin behar din soken kontra daudenen alde.

        — Bai horixe, hori duk nik pentsatzen dudana. Baina batzuetan...

        — Batzuetan gogorra dun. Agian gure borroka ez dun zilegia, baina bizi dugun egoera ere zilegia ez denez beste erremediorik ez dagoela esango niken. Pentsatzen jarriz gero, ikaragarria dun: gaur egun herrialde boteretsuenak egundoko sarraskiak egiten ditizten Afganistanen edo Somalian bakea jartzeko aitzakiarekin eta gero gu gaitun gainera terroristak. Ez nazazue izorratu, joder.

        — Baliteke, ez zekiat.

        — Jakina badakinala. Eta ba al dakin zer den okerrena? Duela berrogeita hamar urte egiten ziren gudetan ez bezala, gaur egungo gudetan inolako herrialdeko buruzagitza ez dagoela prest bere armadan baja bakar bat ere izateko! Gerra egin nahi diten baina beren berunezko soldadutxoetako bat bera ere zauritu gabe! Eta horretarako mila kilometroko distantziatik egiten diten gudua, misil hiper-zehatzak omen direnak erabiltzen ditizten, helburu militarrak kolpatu behar lituzketenak eta behin eta berriroko kalkulu erratuak direla medio ehunka zibil akabatzen dituztenak. Jakina, gauza aliatuen soldadutxoak ez zauritzea dun, bakea jarri behar duten herrialdeko ehunka zibil hilik suertatu arren. Bigarren Mundu Gerran herrialde batek soldaduak bidaltzen zituenean bazekinan bajak izango zituela. Eta ez bat eta ez bi. Ez al zen ba gerra? Ze gerra klase? Eta gero gu gaitun terroristak, ez nazan izorra... Latza dun hasieran onartzea, baina bakarrik gauden, hori dun gogorrena. Azkenean bakarrik gauden, moja eta marinela bezala.

        — Moja eta marinela? Zer arraioz ari haiz Pataki? Zergatik hitz egiten duk beti klabean?

        — Barka nazan. Aspaldiko pasadizo batekin oroitu naun. Medikuntza ikasten genuen garaiko pasadizo bat. Benetakoa izan arren inork sinetsi ohi ez duen istorio bitxi samar horietako bat dun. Garai hartan inork ez zionan hil ondoren bere gorpua medikuntzari ematen. Fakultatean bi gorpu erabiltzen genitinan laboratorioko praktikak egiteko, eta urtez urte bi gorpu berberak zitunan, mila promozio ezberdinek bisturia sartu zietenak. Erabat higatuak eta desitxuratuak zeudenan, imajina dezaken. Leienda eta kontu makur franko bazunan hozkailuan gordetzen zituzten gorpu haien inguruan. Kontatzen zutenez moja baten eta marinel baten gorputzak zitunan. Inork ez bide zitinan erreklamatu eta tanatorioak Unibertsitateari eskaini zizkionan ikasleek erabil zitzaten. Haiek bakarrik zeudenan, baina gu ere ez gauden oso bestelako egoeran.

        — Harriturik uzten nauk. Medikuntza ikasi al huen?

        — Ez ninan bukatu. Utzi egin ninan laugarren mailan.

        — Bakarrik gaudela, beraz.

        — Tira, hik sikiera tabakoa daukan.

        Martak zigarroaren labezomorro ttipia hautsontzian sakatu eta irribarre egin zuten biek.

 

 

Brievako espetxean aspaldidaniko ezagunak zituen Robertok, Avilako Poliziaren Eskola Nagusian Polizia Nazionalarekin batera ikastaro bateratu bat egin zuen garaikoak, hain zuzen, eta ondo hartu zuten. Alain laguntzaileak eta biek egin zuten harainoko bidaia, eta kartzelako zuzendariarekin bazkaldu zuten. Ardoa ona eta arkumea ere eskasa ez, lepo egin artekoa izan zen kartzelako egoitzan bertan egindako otordua. Arratsaldea aurrera zihoan heinean, han zertarako zegoen ahaztu ere egin zitzaion ia Robertori, purutik pururako kearen lausoan, funtzionario hura ofizialen gelara sartu zen arte. Galesko Diana printzesaren txistea kontatu berri zuen eta barrearen osteko barealdian zeuden.

        — Mutikoa gelan dago.

        — Mutikoa ez da hain mutiko, mutiko —ihardetsi zion Roberto komisario-buruak funtzionario bizargeari. Honek zeharka kartzelako zuzendariari begiratu eta begirada jaitsi zuen, egoitzarainoko bidea erakusten zien ahala. Roberto Goaza komisarioak eta bere laguntzaileak kartzela zuzendaria agurtu eta mutikoarengana abiatu ziren. Robertok ziurtzat jotzen zuen mutikoak esaten zuena baina gehiago zekiela, eta ez zen bera kartzelaz kartzela alferrik ibili zale ziren horietakoa. Ez zuen bidaia hura alferrik egin, ez horixe. Atera beharrekoa aterako zion, horretarako hesteren bat atera behar izanda ere.

        Lokutorioa gela biluzi bat zen, iturri ttiki bat eta bi aulki besterik ez zituena. Mutikoa aulki batean zeukaten eskuburdinez lotua, eta, saihetsezurren artean lau kartzela urte eta hamaika traslado izateko, itxura osasuntsua zeukan. Roberto jaka erantzi eta alkandorako mahukak goratzen hasi zen.

        — Tira, tira, gudaritxo. Koldo zaitugu orduan, ezta? Uste dut dagoeneko badakizula zertarako zauden hemen, Koldo. Oker al nabil?

        Koldok begietara so egin zien biei. Haien begiek ez zioten erantzun.

        — Ederki asko dakit zertarako nagoen hemen. Ez dakidana da zertarako zaudeten zuek, egia esan.

        — Bo, bo. Harroxkoa gudaria, ezta? —Robertok bere laguntzaileari begiratu zion eta Alainek baiezko keinua egin zuen, esku artean zekarren plastikozko zabor poltsa baten barruan zeukana hatzez atabalatzen zuenaz batera. Gelako ertz batean eseri zen Alain, Koldo eserita zegoenaz gain lokutorioan geratzen zen aulki bakarrean, Robertoren aginduen zain.

        — Badakizu zer esaten dizudan, Koldo? Gu biok elkarren antz handia dugula. Tenperamentua daukagu, eta hori ez da txarra. Denborarekin ordea tenperamentu hori behar denean bakarrik erabili eta une bakoitzean dugun informazioari etekina ateratzen ikasten da. Zerbaiten truke edo ez, azkenean aterako dizut, ez pentsa. Denbora da daukadan gauza bakarra, zuk ikusiko duzu.

        Gezurra zen, jakina: handik bi ordura autoa hartu eta itzuli egin behar zuen Donostiara. Komisarioak purua itzali zuen ateko markoaren aurka. Polizia gehienek zuten ohitura zen zigarroak ateen markoen eta hormen aurka amatatzearena. Psikiatria liburuetan neurosi eta antsietatearen sintoma garbienetakotzat jotzen den zerbait da hori.

        — Ikustagun zure txostena. Babesa eta etxebizitza emateagatik zaude hemen. Laguntza ttiki bat ematen badiguzu dexente arindu genezake kartzelaldia. Akaso etxera ere gertura zaitzakegu, amatxok bisita ahal zaitzan eta abar.

        — Nire ama hilda dago. Auto istripuan hil zen, ni bisitatzetik etxera zihoala.

        Robertok eta Alainek elkarri begiratu zioten, eta gero tantaz tantako soinu gogaikarri bat sortzen zuen iturriari.

        — Tira, Koldo, biziki sentitzen dut. Istripuak gertatu egiten dira. Ez nekien ezer, barkatuko didazu.

        — Zer dakizu Alargun Beltzaz? —Alain mintzatu zen oraingoan.

        — Ez dakit zertaz ari zareten.

        — Ez dakizu zertaz ari garen, gudaritxo?

        — Jende normala bazinete ulertuko zenukete zergatik nagoen hemen. Gauzak nahasteko joera ikaragarria daukazue. Badakizue zergatik nagoen hemen? Nire lagunik minena nirekin eduki nuelako bi gauetan berak lehergailu bat jarri ondoren. Konforme, ihesean lagundu nion nolabait. Ulertzen ez duzuena horixe da: nik ezingo niokeela babesa ukatu nire lagun minari, edozer egitetik datorrela etorrita ere. Munduko kabroirik handiena zela, edo areago, polizia zela esan izan balit ere ez niokeen ukatuko, pentsa.

        — Ikusten dut ez duzula umorea galdu. Hori garrantzitsua da Koldo, horretan ere antza dexente dugu biok.

        — Nirekin denbora alferrik galtzen ari zarete. Hala nahi izanda ere, nik ez daukat zuei zer eskainirik —mutikoak irmo mantentzen zuen bisaia.

        Robertok argazki bat jarri zion begien aurrean.

        — Ea ondo ulertu dudan. Esan didazuna da ez dakizula ezer argazki honetakoaz?

        — Alferrik ari zarete nirekin, ez duzue tipoarekin asmatu. Hori da guztia.

        Robertok ileetatik heldu eta atzerantz tira egin zion mutilaren buruari. Lepoa tinkatu bezain pronto, bizarra mozteko labana herdoildu bat atera eta ezker patillako ilea moztearekin batera ebaki handi samar bat egin zion masailean.

        — Itxuraz dardara egin dizu gaur goizean pultsuak bizarra egiten ari zinela, ezta? Hain ikaratuta al zinen gure bisita zela medio, gudaritxo? Mutu zaude? Gudari mututxoa zaitugu? Tira, odol jario hori sendatu beharko dugu behintzat.

        Robertok laguntzaileari keinu bat egin eta honek plastikozko zabor poltsa ireki zuen. Plastikozko krokodilo itxurako piszina puzgarri bat atera zuen bertatik eta lurrean destolestu zuen. Gero, puzten hasi zen, putz eginez, beste edozein egoeratan patetikoa eta barregarria litzatekeen eran. Egoera hartan, patetikoa bakarrik zen. Eta beldurgarria. Robertok, artean, txalekoko patrikatik latexezko eskularru parea atera eta hizketan jarraitu zuen, aulkian lotuta jarraitzen zuen mutikoaren inguruan.

        — Zinez, gauza gutxitan sinesten dudala esan dezaket, Koldo. Jainkoarengan ez, hori seguru. Baina zerbaitetan itsu-itsuan sinesten badut oreka kosmikoan da. Yin eta Yang-aren nire aldaki pertsonala da, hala ikusi nahi baduzu —latexari eskumutur parean tira egin eta txistu desatsegin bat egin zuen eskularruak, egurraz jabetzen ari den suaren antzekoa—. Sinesten dut azken finean badagoela oreka bat gertatzen diren gauza guztien artean, eta oreka hori, zenbaitetan gertuko plano batean azaldu ez badaiteke ere, plano orokor batetik hartuta erabat ulergarria dela deritzot. Eta honek bizitzako gertaera guztietarako balio duela esango nuke, berdin gertaera lazgarri eta dimentsio handiko ezbeharretarako edo eta eguneroko miseria, maitemintze eta desmaitemintzeetarako. Ez duzu oreka kosmiko hori sekula sumatu zure garunean barneratzen, gudaritxo? Bat-bateko zirrara deskonzertante bat da, belarrizulo edo begizuloetatik sartzen dena, eta une horretatik aurrera pertsona berdina ez zarela sentitzen duzu: oreka kosmikoa ari da, zure ordez gauzak bere lekuan jartzen, oreka kosmiko horrek gauzak egon daitezen eskatzen duen lekuan. Zurrunbilo horri ezin diozu ihes egin. Eta orduan maitemintzen edo desmaitemintzen gara, edo tornado batek hamar mila pertsona erailtzen ditu Ertamerikan, eta gertaera bat zein bestea dira nire ikuspegitik ulergaitz, eta batak zein besteak du transzendentzia ikaragarria kosmosak bere oreka manten dezan. Gurpilak jiraka jarrai dezan ordaindu beharreko prezioa besterik ez da, gudaritxo. Berdin unibertsoan nahiz gure suburbioetan, gertatzen diren gauzak ez dira guk uste bezain kaotikoak. Horretan sinesten dut, bai, itsu-itsuan. Eta ez dut sekula pentsatzen gure ekintzen onuran edo kaltean, etikotasunean edo etikotasun faltan. Tortura ere ez da existitzen nire hiztegian. Dena erlatiboa baita, azken batean.

        — Zu... burutik zaudete zuek, joder!

        Robertok bortizki askatu zuen Koldo lotuta zegoen aulkitik eta bere laguntzaileak puztu berri zuen piszina ttikia seinalatu zion.

        — Zauria garbituko dizugu.

        Robertoren laguntzaileak iturripean jarria zuen bainuontzi puzgarria, goraino urez betetzear zena. Ez zuen metro erdiko sakonera baino askoz gehiago. Alainek iturria itxi zuen eta Robertok, arrastaka inguratu zuen mutikoa bainuontzi puzgarri hura zegoen ertzeraino. Ileetatik heldu eta burua lehen aldiz uretan murgilarazi zionean bekain bat ireki zitzaion Koldori koltxonetaren azpiko zementuaren aurkako kolpearekin. Alainek irribarre egiten zuen. Anartean, Robertok, rutina baten parte balitz bezala, gora eta behera erabiltzen zuen Koldoren lepoa, bere eztula eta arnas estuei entzungor. Latexezko eskularruen hatz puntak mutikoari masailetik behera zerion odolaz zikintzen zitzaizkion, ezarian-ezarian, baina Roberto Goazaren aurpegiko freskotasuna bere horretan mantentzen zen, Koldoren lepoaren kontrako indarrari eusteak inolako ahaleginik eskatuko ez bailion.

        Minutu batzuen ondoren, lurrean botata utzi zuen Robertok mutikoa. Eskuburdinak oraindik lotuta zituen.

        — Azken aldiz galdetuko dizut. Zer dakizu Alargun Beltzaz?

        Segundo batzuk behar izan zituen arnasa berreskuratu eta hitz batzuk elkarren segidan koherentzia minimo batez kateatzeko.

        — Sekta puta batekoak dirudizue, nik ez dakit ezer!

        Izuaren atalasa pasa zuela ohartu zen Koldo, barre algaraz lehertzeko gogoa etorri zitzaionean. Koldoren begietan bazen distira bat. Egia dioenaren distira izan zitekeen, edo burua berriki urperatuta izatean, amaren sabeleko gozotasun mingarri eta urruna oroitu duenaren distira, baina baita zain zuen destinoaren jakinaren gainean dagoenaren azken argitasun unea ere. Komisarioak uretan murgilarazi zion berriro ere burua, tarte luzez, harik eta eskuburdinen arteko hatzen dardara amaitu zen arte.

        Alainek eta Robertok elkarri begiratu zioten. Gero, arnasarik hartzen ez duenarekiko elkartasuna azalduz bezala, jada tantarik ez zerion iturri mutuari. Komisario-burua kolera batean trumoitu eta oihuka lehertu zen.

        — Putakumea! Zerbait esan izan balu sikiera!

 

 

— Gizonezko gehienekin pasatzen zaidan gauza bera gertatzen zaidan berarekin ere, gehiago gustatzen zaidan ahoa itxita daukanean.

        — Ez dinat sinesten gustatzen ez zainenik.

        — Zer nahi dun esatea... Institutu garaian esaten geninan bezala, ez dun nire Elurretako Yetia.

        — Elurretako Yetia! Zergatik Elurretako Yetia?

        — Tipo ideala Yetiarena bezala delako: gutxik ikusi diten eta ikusi dutenek ez diten, zer gerta ere, etxean aurkeztu.

        — Nik uste baino fantasia liburu gehiago irakurri ditun, Marta.

        — Hoa popatik, Olatz. Tipoak beti klabean hitz egiten din. Hori dun bestea. Ba al dakin zer kontatu zidan lehengoan? Ez zekinat zer istorio siniestro moja bati eta marinel bati buruz —zalantza une baten ondoren zalantzarik ezin ager zezakeela erabaki zuen—. Nigana etorri huen zalantzak zituela esanez, bidezkoa ote zen gure borroka, ez zekinat hire biguntasunarekin kutsatzen hasi ez ote den. Zer esan zidan bada? Bakarrik gaudela, moja eta marinela bezala... Tipoak medikuntza ikasten omen zinan garai batean, sinetsi egin behar al zionat? Zer eta medikuntza... Bere gorputzak zientziari inork ematen ez zizkionez, inork erreklamatu gabeko moja eta marinel baten hilotzak erabiltzen omen zitiztenan praktikak egiteko... Esaten dinat nik, ustekabez beterik dagoela tipoa. Berezi samarra dun. Zer esanik ez bere musika kontuekin hasten denean.

        Egunak eta kantuak eta elkarrizketak, suzesio geldiago edo azkarragoan, etengabe zihoazen. Dena oso arraroa izan zen. Marta kalera alde egina zen eta Olatz bakarrik geratu zen Patakirekin. Nor hasi zen eta nork egin zuen lehen keinua, Olatz ez zen gai izango azaltzen. Olatzek ez zuen esango bera hasi zenik, baina hasi ez zenik ere ez. Patakiren bertsioa entzutea gustatuko litzaioke, baina ez berak galdetuz gero emango liokeena, lagun min bati kontatuko liokeen eran baizik. Gauza da musua ederra izan zela, batere ez bortxatua, «jainkoarren, nire ahoa beste aho bat miazkatzen ari da eta egarri den zakurra baino okerrago sentitzen naiz beste aho hori ez dagoelako musu bat ematen ari den aho batek egon beharko lukeen bezain hezea». Halako pentsamendurik inolaz ere probokatzen ez zuen muxu eder horietako bat izan zen. Olatzek Patakiren eskua hartu eta hatz luzea apartatu ondoren bere hankartera gidatu zuen, eta galtzak belaunen pareraino jaitsi ostean, hatza bere aluan barnerarazi zion apurka-apurka, neskak sudurrarekin lepoan egiten zizkion laztanen bidez adierazten ziola hatza noiz nahi zuen barruraino sartzea eta noiz nahi zuen erritmoa geldotu edo azkartzea. Polita izan zen, eta egin zutena egitearen arrazoi bakarra elkarren eskura egotea izan bazitekeen ere, gertatukoaren ondoren bien artean harreman berezi bat hastera ote zihoan iruditu zitzaion Olatzi.

        Marta apartamentura itzuli zenean, sukaldeko mahaiaren inguruan eserita zeuden Pataki eta Olatz. Marta harritu egin zen apur bat Olatzengan zerbait berezia sumatu uste izan zuelako. Zigarroa pizteko orduan aurreratu egin zitzaiola. Eta ez zekien poztu egin behar ote zuen ala ez, Olatzen jokaera mimetikoa bukatutzat ematean. Baietz suposatu zuen, poztu egin beharko zuela.

        Marta etxeratu ondoren, Pataki deseroso sentitu zen. Aulkitik altxa eta zer egin ez zekiela, frigorifiko gaineko zumezko otarretxotik laranja bat hartu eta azala kendu zion. Gero, hatzez laranja zatiak banantzen saiatu zen, baina bere baitara bildutako laranja konpaktu horietako bat zen, laranja-atalak elkarri oso lotuta dauden horietakoa, eta hatzak laranja zatitzeko frutaren bihotzeraino sartzen zituen heinean, laranja erabat sarraskitzen ari zen, alde guztietatik zukua zeriola. Olatzek irribarre samur eta bihurri batez begiratzen zien Patakiren esku zarpailei. Pataki erabat gorritu zen, laranja hark beste zerbait gogorarazi ziolako eta Olatzi ere gogorarazi izango ziola bazekielako. Martak sofan Olatzekin larrutan harrapatu izan balu baino lotsatuago sentitu zen Pataki. Begirada ezkutatu, txiki-txiki egindako laranja zaborrontzira bota, eskuak harraskan garbitu eta sukaldetik atera zen, ezinegonik, alkandorarekin eskuak lehortuz, nonbait, etxeko beste gelaren batean, tren bat zain balu bezala.

        Orduan gertatu zen. Marta, zertaz oso ondo jakin ez arren, zerbaitez jeloskor sentitu zen. Edo, beharbada, ordura arte gogaikarri jo izan zuen Olatzen portaera mimetikoa berak uste baino gustukoagoa zuela ohartu zen, besterik gabe. Zerbait aldatu egin zen haien artean. Elkarrengana iristear egon eta betirako konplizitatea lortzeko aukera bakarra zapuztu zuten, agian.

        Beharbada horregatik, gau hartako eztabaida inoiz baino garratzagoa izan zen eta Martak krudeltasun deliberatu batekin sakatu zituen Olatzen ahultasun jotzen zituenak.

 

 

Cesar Telleriak harreman berezia zuen zapatekin. Edozein alkandora jantzi zezakeen edo edozein galtza. Apaingarriak besterik ez ziren arropa horiek beretzat. Berdintsu zen jaka bat edo beste janztea. Baina zapatak? Zapatak dira dudarik gabe soinean daramatzagun guztien artean funtzio garrantzitsuena betetzen dutenak. Zapatak dira munduarekin dugun lotura nagusia, lur hurkoarekin elkartzen gaituen mintz kruziala. Teoria oso bat garatua zuen janzteko zer hauen inguruan. Nondik zetorkion zapatekiko zaletasun hura, ez zekien. Beharbada Errege Egunaren bezperako oroitzapen hura zen erruduna, zapatak distiratsu utzi artean berandu arte lustrea ateratze hori. Kaleetatik jada desagertuak ziren zapata-garbitzaileen istorioak, Carpantaren komikietatik bakarrik ezagunak. Bazuten zapata-garbitzaile haiek profetikotik zerbait, misio baten zain dauden espiak edo jainkoek bidalitako ordezkariak ziruditen. Aingeru zaindari bat irudikatzen zuen bakoitzean, nahi gabe, masailak betunez zikindurik zituen aingeru bat irudikatzen zuen, zapatak garbitzeko eskuila bat esku artean zuela. Pertsonaia biblikoak ziren zapata-garbitzaileak. Noe berriak.

        Zaila halako joera eta apeta bitxien iturburuak asmatzea. Zapatena zen bat eta egunean bizpahiru bainu hartzearena zen bestea. Behin eta berriz sartzen zen bainuontzira. Azken bainua hartu zuenean urpean zenbat denbora pasatzeko gai ote zen neurtu nahi izan zuen, egunkarian irakurri zuen berri batek eragin bazion ere urperatzearen saiakera: uretan sartuz gero likido amniotikoaren baitan amaren sabelean genuen sentipen bera izan eta jaio aurretiko memoria berreskuratzea posible omen zen, artikulu haren arabera. Ezer gogoratzerik ez zuela ikusi eta etsia hartu zuenean, zapatekin tematu zen, lustrea atera eta atera. Aspertu zenean, Pasaiako N-1 errepidera ematen zuten leihoak berriro ireki zituen. Haize-korrontearekin aspertu eta berriro itxi zituen segidan. Gero etxe osoa zeharkatu zuen, bere oin biluzien pean kurruskatzen zen zurezko zoruaren zaratak eta lurrak kontatzen zizkioten sekretuak bereganatu nahian. Hildakoek bezala, etxeek ere hitz egiten zuten, beren hizkuntza berezi eta propioarekin: korridorean oinez zihoan ahala, bakoitzak zuen bere ibiltzeko taxukera berezia, eta taxukera horri kraskateko eta kexa ezberdinekin erantzuten zion etxeak.

        Bosgarren pisuan bizi zen eta etxearen alde batetik N-1 errepidea eta Nafarroa etorbidea ikus bazitzakeen, bestaldea patio ilun batean oztopatzen zen. Nafarroa etorbideko patioetako batean afixa bat egon zen luzaro itsatsita: Salgai, zioen afixak. Eta azpian telefono zenbaki bat. Egun hartan ordea, kartela falta zen. Largabistak hartu zituen, hobeto ikusteko. Pertsiana erdi itxita egon arren, barruan norbait zebilela zirudien.

        Cesar Telleriak largabistak utzi eta katalogoak birpasatu zituen berriro ere. Ez zeukan zertan halakorik egin, Pasaia inguruan bi baitziren bere bilaketaren helburu eta ez gehiago. Une batez bederen, Lombroso fisonomista ospetsuaren libururen bat esku artean ez izateagatik arranguratu zen. Lombroso italiarraren teorien arabera, bazen kriminal tipo zehatz bat, jaiotzetik estigmatizatua, fisikoki ezaugarri jakinak zituena eta herentzia genetikoa zela eta kriminal bihurtuko zena. Bere itxura fisikoak berak salatzen zuen beraz gaiztotasuna. Lombrosok lurpetik ateratzen zituen «kriminal gaizto» izandakoen garunak eta eskeletoak, hauen izaeraren arabera lan antropologiko-kriminal fantasiaz beteak eraikiz. Belaunezur edo tibia-hezur higaturen bat, etengabe barkamena eskatzen duela dirudien sorbalda keinu bat, munduko kriminal guztiak salatuko omen zituen sudur okerdura komun bat. Lombroso entretenigarria bazenik behintzat ezin uka.

        Astebete zeraman Pasaian gora eta behera eta apur bat etsita zegoen, ezdeusak izan baitziren ordura arteko ahaleginen emariak. Buenos Airesen bi hilabete inolako emaitzarik lortu gabe ematea ulergarri eta barkagarria jotzen zuen, baina bere buruari barkatu ezin ziona zera zen: Pasaia bezalako herri ttiki batean emaitzarik ez lortzea. Jasangaitza zitzaion eta deseroso sentiarazten zuen. Mila beldurren artean bat gehiago baino ez zen, azken finean. Hurrengo ahaleginean ezinak gaindituko ote gaitueneko susmoan oinarritzen den beldurra. Aurreko pauso onbideratu guztien ordaina une horretatik aurrera pauso bakar bat ere ezin aurreratu ahal izatean datzala uste izatearena. Une horretatik aurrera edozer egiteko ezgauza garelako sentipen izu laborrizkoa. Irtenbiderik gabeko egoitza ilun eta okerrera heldu garela sumatzen dugu. Eta okerrena da emana izan zaigun hala-moduzko askatasun horren erabilera okerrak eraman gaituela atzerabiderik eta konponbiderik gabeko egoitza horretara.

        Horixe da beldurrik izugarriena.

        Behin eta berriz garbitzen zituen zapatak. Alokairuzko apartamentu hartan zituen liburuak handitik txikira sailkatzen zituen lehenbizi, handik minutu gutxira txikitik handira sailkatzeko, liburu batetik besterako koskan balego bezala gure umore onaren giltza. Beldurrak gure baitara kiribilarazten gaitu. Umekiaren jarrera hartzen dugu, urperatu nahi izaten dugu gure burua bainuontzian, auskalo zer gogoratu nahian, horren truke beste guztia ahazteko.

        Kalean argiak pizten hasiak ziren. Etxe batean entzuten den zarata bakarra sukaldean ontziak garbitzen dituztenek egindakoa den eguneko ordua ailegatua zen. Cesar Telleriak largabistak hartu eta Salgai iragarkia falta zeneko leihoa fokatu zuen berriro, bi hatzekin zigarro bat pizten zuenaz batera. Ohe bateko koltxoiaren ertza bakarrik ikus zezakeen argi urdinen pean, eta bertan emakume baten hanka biluziak, gerritik behera ia-ia osorik, ohetik erdi aterata. Leihoko argiak itzali zirenean, hogeita hamabost urte inguru bota zizkion itzal bat —gogorra gero, itzalak datatze hau, pentsatu zuen, polizia izateak ekarri zizkion azturen neurriaz harriturik— sumatu zuen ilunpeetan oherantz oinez, biluzik, neskaren ondoan etzaten. Zigarroa leihoko markoaren aurka zanpatu eta ohean etzan zen Cesar Telleria ere, zapatak ez beste gainerakoak jantzita zituela, oheari estalkia kentzeko betarik hartu gabe.

        Loak hartu zuenean oraindik piztuta zegoen gelako flexoa, eta haren azpian argazki katalogo kriminalen bildumako erretratuek irribarre zalantzatiak egiten zituen trafiko gertuaren noizbehinkako argi rafagek lagundurik.

        Munduko Lombroso guztiek han nonbait behar zuten ibili, Pasaiako pabilioietako zakur-borroka klandestinoei begira, hurrengo bizitzaren batean zakur guztiak gizon eta gizon guztiak zakur izango balira onerako izango ote zatekeen ala ez pentsatzen, edo sare eta txatarra meta erraldoiak zulatzen, beren teoriak baieztatuko zituen eskeletoren baten bila.

 

Goizean, Marta jaiki eta Olatzen gelara zuzendu zenean, ohea hutsik zegoela ohartu zen. Alde egin zuen neskak. Zigarro bat piztu eta telebista gainean hatzak erritmikoki atabalatzen hasi zen. Salako ispiluan Pataki ikusi zuen, jaiki berria, zahartuagoa, arropak zimurtuta eta arratsean oharkabean pasatzen ziren zenbait ile zuri egun argiak agerian uzten zizkiola.

        — Non dago Olatz?

        Martak sorbaldak eta bekainak aldi berean altxatu zituen, Olatzek egin ohi zuen keinuaren antzeko bat dibujatuz, bekainekin ere goranzko keinua azpimarratzen zuela. Gero eskua gela hutsera zuzendu zuen, hemen behintzat ez dago bada, keinu adierazkorrarekin.

        — Noiztik falta da?

        — Nik zer zekiat panpina hori, esnatu naizenean alde egina zuan.

        — Tira, agian haizea hartzera atera dun, buelta bat ematera, besterik gabe.

        — Haizea hartzera? Ei, ei, baina zein moja inklusatatik lapurtu haugu? Haizea hartzera? Atzoko eztabaidaren ondoren? Ez al duk gogoan?

        — Agian arrazoi dun.

        — Horixe arrazoi dudala.

        — Satorra bera izan daitekeela uste al dun?

        — Bai zera. Ondoegi egiten ari duk satorrarena satorra izateko. Ikaratuta zegok. Hori duk dena.

        — Eta hi?

        — Ni, zer?

        — Ikaratuta al hago?

        — Ikaratuta ala ez, ni nagok kargura, ez ezak hori ahaztu. Eta orain, apartatu hadi leiho ondotik, gehiegi nabarmentzen ari haiz eta.

        Marta, zigarrokina hautsontzian itzali eta salako sofan eseri zen, bere atzetik hautsontzian zigarroak itzaltzen zituen itzala falta zitzaioneko sentipenarekin. Pataki zutik zegoen bere ondoan, eskuak gerrian jarrita zituela. Marta urduriegi zegoen isilik egoteko.

        — Zer ari haiz orain, ezpata dantza entseatzen? Egin ezak baliagarria den zerbait. Ez al zaik hire musika zoragarri horietako bat bururatzen une gogoangarri honetan?

        Pataki nora jakin gabe geratu zen une batez, Marta benetan ari ote zen ala ez igarri ezinik. Zizpuru egin eta salako CDen artean Billie Hollidayren Lady in satin aukeratu zuen. Ahots arrakalatua zuen jada disko honetan Billie Holliday handiak.

        So I drive, a little too fast, and I drink a little too much...

        — Zein duk atso hau? Ezin al huen zerbait tristeagoa jarri? Joder, hiltzera doala ematen dik eta.

        — Egia esan disko hau grabatu eta aste pare batera hil huen.

        — Itzel joder, itzel.

        Komunean, ispilu aurrean, ez zuen Martak bere aurpegia ere ezagutzen. Ispiluaren bestaldeko simetria munduaz jabetzen ari balitz bezala. Komuneko apaletan lasaigarriren bat bilatu zuen eta pilula pare bat zilarrezko paperetik kanpora sakatu ere bai. Gero ordea, komun-zulotik behera bota zituen. Ez zen hura bidea. Baina ez zen erraza egoera hura jasatea. Batetik Olatzen ihes depresiboa, nolabait berak eta bere erru guztizkoz probokatu zuena, eta bestetik tanatorioetarako DJ bokazioa zuen Pataki madarikatu hura. Gauzak unez une okertzenago zeuden. Bihozkada batek jota, komunaren gainean zutik jarri eta leihoko zirrikitutik —gazteluetako gezi-jaurtitzailearen zirrikitua zirudien leihoa baino areago— begiratu zuen. Aspaldi hartan bertan egon zen Ford Mondeo beltza ez zegoen han. Orduan aitortu zion lehen aldiz bere buruari ikararen sentimendua, komuneko katiluaren gainean zutik zegoela. Mugimendu fisiko bat behar izan zuen bere buruari beldurtuta zegoela aitortzeko. Belaunen dardara bat, hain zuzen.

        Gauzak ez ziren ari berak pentsatu bezala gertatzen, eta zerbaitek eskuetatik ihes egin ote zion iruditu zitzaion.