Aurten ere diferente izanen da
Zenbait egile
Aurten ere diferente izanen da
Zenbait egile
1985, ipuinak
104 orrialde
84-398-3092-0
azala: Joxemi Zumalabe
Aurten ere diferente izanen da
Zenbait egile
1985, ipuinak
104 orrialde
84-398-3092-0
aurkibidea

Aurkibidea

Melodrama
F.J. Mendiguren

Zerupe
Joxean Sagastizabal

Atera nazazue
Xabier Zorroza

Teresa
Laura Mintegi

Kafetegia
Jokin Ansorena

Hor dago
Eukene Martin

Aitzindaria
Iņaki Ugarteburu

Klara eta ura
Gorka Setien

Erosi: 4,04

Aurkibidea

Melodrama
F.J. Mendiguren

Zerupe
Joxean Sagastizabal

Atera nazazue
Xabier Zorroza

Teresa
Laura Mintegi

Kafetegia
Jokin Ansorena

Hor dago
Eukene Martin

Aitzindaria
Iņaki Ugarteburu

Klara eta ura
Gorka Setien

 

 

AITZINDARIA

 

Iñaki Ugarteburu

 

        Oharra: Erabat asmaturikoa duzue honako kontakizuna; bertan aurki ditzakezuen pertsonaia, leku, denbora eta bestelako zehaztasunek ez dute, beraz, inoiz inon gertaturikoarekin inolako zerikusirik. Bat dugu, ordea, oinpeko lurra, bat argitzen gaituen ekia eta bat estaltzen (ala itotzen?) gaituen zerua, bat mundua darabilen leloa eta bat akaba gaitzakeena. Nola eskutatu, bada, betaurrean dena?

 

LEHEN KOADROA

 

        Mater purissima.

        Ora pro nobis.

        Mater sacratissima.

        Ora pro nobis.

        Zuengandik datorke eta zuengandik etorriko da, esan zuen profetak, salbadoria, gugaitik odola isuriko duena.

        Ezin omen dezake gizonak banatu Jainkoak lotu duena.

        Anastasi, eskuinean Zipriano, ezkonberriak, lotuherriak. Nork pentsatuko inoiz Zipriano, gure Xipriano, mutil zaharturik, baserriko beharrerako baino ez zena (horietan ere ez omen zen berriz bat ere jaioa) umegintza lanetan sartzera iritsiko zenik? Horixe baita, entzun zazue ongi, osatu berri duzuen familiaren betebeharra eta zeregin nagusia, bai Maddalenaitzek primua behar duelako eta baita, besterik ez da honen aintzinean, horixe delako gure Jaun amorosu eta txit miserikordiosaren guraria. Egizuez hada mundu honetan bihar zerurako izango diren umeak.

        Umeak nahi eta umeak gura Xipriano horrek, zertarako ere oso ondo ez dakien arren. Umeak nahi eta umeak gura Anastasik ere, Jainkoarenganako bidean jartzeko, haren loria eta ondra handiagorako. Umerik ez, ordea, antzu!

        Erreskatoa doa hiruzpalau baserri baino babesten ez dituen haranaren sakonetik. Solo batzuk eta basoa, luze eta zabal, emankor eta lagun, baita goibel eta urrun, beti zelatari.

        Jainkoaren izen saindua aipa eta goraipatu arren, umerik ez, ondorenik ez Maddalenaitzek. Zein izan ote da gure pekatua, Xipriano? diotsu andereak batek daki zer erru eta kulpa egotzi nahi balio bezalako keinu-meinuz. Zein ote?

        Avemaria purisima; Anastasik malkoak darizkiola eta haiek erakutsi ezinik baina bai behintzat sudurretako muki arinari eutsi eta eutsi begietako bustiaren iragarle. Oroit zaitez, on Justinok, eta izan beti present gure aita Abrahan, ez inoiz ahaztu Job sainduak izan zuen konfidantza, ez baita mesfidantza eta harrokeria hainakorik Jesusen aurrean kontuak ematean baztertua izateko. Baina on Justino...! Hiru avemaria eta egunero bazkalostean errosario saindua. On Justino...!

        Zai daude Errekondoko Maria eta alaba, nahikoa da gaurkoz Anastasi, zoaz Jainkoaren pakean!

        Mater purissima.

        Ora pro nobis.

        Mater sacratissima.

        Ora pro nobis.

        Oharra: nahi eta nahi ez aurrera doaz urteak eta horra, bada, non ari den on Justino Zipriano gantzutzen azken errezoekin batean. Hertsi ditu begiak. Elizkizunak. Kanposantutik itzultzean pasa zaio burutik Anastasiri. Ama Birjinak berak iradoki izan bailitzaion. Jainkoak berari eman nahi izan ez badio ere besteren bati eskainia hasiko zuela: ba omen dira munduan ekarriak eta ahaztuak.

 

BIGARREN KOADROA

 

        Anastasi: Badakit hobe nukeela on Justinorekin berarekin hitz egitea baina ezin nakioke neu Joan, ez da orain arte honelakorik ezagutu gure herrian. Zoaz zeu eta ea bada oztoporik ez dagoen.

        Mateo tratalaria: Ez izan kezkarik. Laster izango ditut zuretzako berri onak. Merezi duzu zuk horrenbeste eta gehiago!

        Anastasi: Mila esker Mateo... Mila esker.

 

 

        On Justino: Bai, Mateo, beteko ditugu Anastasiren amets horiek. Baina, Jesus!, hobe zukeen neuregana jotzea. Ez diotsut gizon zintzoa ez zarenik, Mateo, baina hau ez da nolanahiko tratua; ganadu kontutan jardutea, nobia bila dabiltzanekin aritzea, morroien berri izatea... tira. Ez ordea ume tratutan Mateo!

        Mateo (zertxobait lotsaturik): Ez jauna! Bai fauna!

        Inklusako arduradun jauna: Nolakoa dugu Anastasi hori?

        On Justino: Emakume zintzo eta sendoa, oso-osokoa: fededuna, Jainkoaren legearen errespetuan bizi dena eta Eliza Santuaren agindua betetzen ongi dakiena. Bide onetik hazi eta eramango luke beti umea, ez dut dudarik egiten!

        Arduraduna: Esaiozu bada laster izango duela zerbaiten berri.

        On Justino: Halaxe esango diot. Bitartean otoitzak lagunduko dio, hori baita penatuaren euskarririk sendo eta egiazkoena.

 

 

        On Justino: Ez duzu zertan ibili eskerrak ematen Anastasi! Hiru bat hilabeteren buruan jakingo dut ziurtasunez baden ala ez, eta noizko. Bien bitartean otoi egiozu Jainkoari fedez eta indarrez.

        Anastasi: Bai jauna!

        On Justino: Pentsatu beharko zenuke bestalde, ez lukeela inork gaizki ikusiko ume horrentzat aita bat nahi izatea. Familia osorik behar du semeak, sendo eta zintzo hasiko bada behintzat.

        Anastasi: Bai jauna!

        Oharra: Luze dira kontatzen ondorengo gertakariak. Zera aipatuko dut laburki: Betidanik direla ezagun Mateo tratalariaren on egite eta abilezia, arakatu du hau eta beste, jo du halako eta bestelako bide galduetatik eta aurkitu du azkenik, harriren baten azpitik edo enbor ustelduren baten barrendik, sortua, urteetan aurrera doan Anastasirentzako senarra. Ez berak nahi zukeen bezain lerdena baina ez da makalik mundu honetan ondo begiratzen dakienarentzat. Horra bada familia osatua: ama Anastasi, aita berria eta semea.

 

HIRUGARREN KOADROA

 

        Izenik ederrena hautatu zen Anastasik haziko zuen umearentzat: Jon. Zenbat atseginune eman izan dion mutilak bere amari. Gaur nagusia dugu ordea, eta bada ordua hura ere uztar dadin. Neska gazte izter sendo musu gorri ederraren berri izan du Mateok eta baita agudo itxi ere tratua: Hura izango da Maddalenaitzek behar duena, Maria.

        Astebete falta eztaietarako, bada zertan jardun eta zer egin baserrian! Gauean neka neka eginda oheratu da Anastasi. Ezin ordea lorik egin, jira batera eta tira bestera, mahaspildua du ohea bere gorputz konkorraren eraginpean. Ilargia ote da leihotik datorkidan argi goxoa? Ez horratio, ez da gaur ilargirik. Hara begira dagoela, musika antzeko soinu ezti itsaskorra iristen, zaio argiarekin batean. Ai ene! Eta horra non agertu zaion komoda parean, argiak behin zirkoan ikusi zuen trapezista bezala bete betean hartzen duelarik, emakumezkoa... Behin eta berriz galdetuko dio biharamonean bere buruari nolakoa zen emakume hura, haatik ezin erantzun. Ederra eta goxoa, horra ezpainetara zetorkion bakarra. Ama Birjina bera. Eta nori eta berari hurbildu; berari hurbildu zaio! Hura bai inoiz ordain ezinezko ohorea, bera hautatzea. Hitz egin nahi izan dio baina ezin hotsik sortu, ezin hitzik esan, liluraturik! Ume bat jaioko da, esan dio, aitzindari izango dena, ume horri Paulo jarriko diozue eta sekulorum sekulotan izango dute kristauek present Jainkoaren ondran eta alabantzan.

        Hitzez hitz emango luke berriz ere Anastasik Ama Birjinaren mezua, sekulorum sekulotan esan ote zuen oso ziur ez badago ere. Egun hartatik aurrera badaki Anastasik luza gabe ezagutuko dela Maddalenaitzen Jainkoaren zeinuren bat eta sinesten ez duenak ere sinestuko du mirariaren aintzinean.

        Ezkondu eta astebeteko irtenaldia izan dute Jon eta Mariak ezkontzako sari. A zenbat errezu eta kandela Anastasik eta senarrak Ama Birjinari eskainiak gazteen pausuak gida eta gau eta egun begira ditzan! Haiengandik behar du jalo, haien fruitu behar du izan, haiengandik etorri behar agindua,

        Oharra: Hiru hilabete pasa dira beteko denaren eta datorrenaren itxaropenak sortzen duen barne zirrara batek astinduak.

 

LAUGARREN KOADROA

 

        Auzokoak etxean eta pozaren pozez lehertu beharrean Anastasi. Bere beharrean ari da emagina baserriko gelarik dotoreenean. Ia gau osoa eman du Maria gazteak minetan eta horra non datorren bere sabeleko fruitua. Izerdi patsetan, dituen lasai une laburretan sute aldera doakio pentsamendua. Zertan ari ote han direnak? Hara jo du azkenik, haiei ere jaramon egin behar zaiela eta. Autu-mautua ugari orduan.

        Hor bada, pentsa ezazue ez ote den mirakulua; esan zidan, bai, Ama Birjinak... Entzuleetatik, bat edo bestek harridurarik handiena adierazi nahi luketen begiez begiratzen dio; besteek, berriz, baietz eta baietz baino ez omen dakite esaten bekokia gora eta okotza behera arrazoia baino egia hutsa bera bailitzan Anastasiren ahotik isuria. Horra non ari den jaiotzen hiru hilabetetara: ez da oraino halakorik inon ezagutu, besteok bederatzi behar duguna, berak hiru; hauxe dugu aitzindaria. Paulo jarriko diogu, hitz egin dugu on Justinorekin eta gaur bertan eramango dugu elizara.

        Ez du Anastasik herriko hainbaten irribarre ezkutuaren berri, ezta ahoz aho zebiltzan bertsoen arrastorik ere.

 

                Euriaren ondoren beti da ateri,

                jardun ondoren ere beti da ageri:

                emakumea gendun penaturik eri,

                orain eskerrak behar eman Jainkoari.

                Bada mirakulua etxe hontakoa,

                ez da inoiz ikusi gaur jazotakoa,

                umea jaio zaigu hor dago kakoa,

                jakin nahi nuke zenbat hilabetekoa.

 

        Eskaratzera itzuli da Anastasi, makur eta goibel. Bat eta bestek eskaini arren ez du ogirik nahi, ezta intxaurrik ere: sutondoan jezarri da. Zer da baina? Horra, ez dugu aitzindaririk, ez dugu Paulorik... Eta ia jaioberriaren edo jaiotzera ere iritsi ez denaren heriotzaren aurrean zor diren doluminak erakusteko prest direla, ate zabaletik emagina agertu da eskutan ume ederra dakarrela. Neska. Emakumezkoa. Baina Anastasi! Ez al da poztekoa hain ume ederra ikustea? Bai, bai, hala da.

        Ez da ordea, berak espero zuena. Eta bestalde handi eta hazi samarra dirudi. Badu meritu hiru hilabetetan hain ume ederra sortu izanak. Badu ere zerbaiten susmoa, kalean hau eta beste entzuna eta...

        Oharra: Urteak joan eta herritarren esamesen oihartzuna motelduz joan da. Anastasik berak ere ez du agerkunde berririk aipatzen. Negua. Elurrak gorde ditu mendietako apaingarriak. Hotz. Arin-arinka doa emagina karriketan harlozak ia zapaldu ere egin gabe. Maddalenaitzetik izan du abisua. Erditzen hasia omen da Anastasi.

 

BOSGARREN KOADROA

 

        Auzoak sukaldean. Bada zer esan eta nor jorratu. Baditu urteak Anastasik eta harrigarria da harako egoera. Emagina gelan dago bere zereginetan. Isil-isilik daude baserri osoa eta inguruak, sukalde jendetsua izan ezik. Anastasiren arnas hotsak baino ez dira aditzen. Senarra? Batek jakin. Basoan omen da. Sukaldekoek kandela jarri diote bazter batean dagoen sanpaskuali eta lorak ama birjina guztiz garbiaren irudi koloretsuari. Hiru atso daude mahai gainean dagoen irudi horren inguruan ia buruz ikasiak dituzten letania koplak erritmo biziz errepikatzen. Beste bat sutean zerbaitez betea dagoen lapiko handia sutan jarri eta hura zaintzen. Enparauak, isilik, aulki banatan, zai.

        Paulo ote da? Berandu dator benetan! Badira, ordea, halakoak liburu sainduetan; adinekoa izanagatik nahikoa liteke fedea... eta osasuna. Datorrela datorrena! Paulo izan behar, nor besterik?

        Zakurra zaunka. Inguruko isiltasuna urratu du. Behiak ere baurrez orain. Emaginarekin laguntza lanetan diharduen atsoa dator sukaldera. Deitu zazue on Justino, deitu zazue lehenbailehen. Hiltzen ari zaigu gaixoa. Kanpoan denborapasako jolasean ari zen mutiko koxkorra bidali dute. Arm motiko, arm!

        Oharra: Jo eta jo kanpaia. Batzuk begirunez, beste batzuk ohitura legez, besteak berriz jakin-minez, ez da herrian elizara hurbildu ez den kristaurik. Platika ederra prestatu du on Justinok Anastasiren hileta honetarako. Gero lurra eman eliza osteko hilerrian eta buelta denak etxera.

 

SEIGARREN KOADROA

 

        Interview.

        Emakume ona zen, zintzoa, fededuna. Ez da egun erraz halakorik aurkitzen. Badakit zer galdetu nahi didazuen baina ezin nik horri erantzunik eman. Gotzai jaunak esan beharko. Ni ez naiz nor halakoa miraria den ala ez esateko; egia esan, bost axola niri, kontutan hartu behar dena zera da: haren fedea! Gutxik dute Anastasik zuen fede sendoa, Jainkoarenganako grina, ontasun eta zintzotasun nahia. Hori da, ez besterik, nik ikusten dudana haren kontakizunetan. Hobe bera bezalakoak baleude ugari! (On Justino erretorea).

        Etxekoandre zintzoa benetan, edonoiz eta edozeinekin konplitzekoa. Ez dut berarekin ondo konpondu ez denik ezagutu. Hau eta beste dio jendeak baina ezin da halakorik sinetsi, ez zidan behin ere sosik eman, nik ere badakit batzuetan behintzat mesedeak egiten edo egitekoak borondate hutsez burutzen. Zer uste bada? Bere istoriak, ama birjina eta kontu horiek,... beno, ez zaio guzti horri inportantziarik eman behar. Parkatzen ere jakin behar da, eta kasurik ez egiten behin baino gehiagotan. Ezin nik hartaz besterik esan, emakume zintzoa zela, horixe. (Mateo tratalaria).

        Gurekin beti portatu da ongi. Hori bai, ezin zitzaion kontrarik egin, eliza kontutan eta halakotan behintzat, baina ez ginen inoiz haserretzera iritsi horregatik. Gure umea jaio zenean, orduan bai, oso berekoi eta bortiz aritu zen; laster itzuli zen, ordea, bere onera, bere betiko izakerara esan nahi nuke. Horixe, zer besterik? (Maria, Anastasiren erreina).

        (Senarrak ez du ezer esan nahi izan. Errespeta dezagun bada).

        Emakume fina bai, bazen, baina bere setak galdu zuen. Bazituen obsesioak garai batean edo bestean, eta haiei eutsi behar. Ama birjina zela, honako edo harako santua zela,... Beti zerabilen zerbait. Ez zen bada Ama birjina bera ikusi zuela esatera iritsi! Hitz egin omen zion. Tira, tira, halakorik horraitio! Azkenerako ez zuen besterik buruan, baina ez zen emakume txorua. Batzuetan halaxe gertatzen dira gauzak. Jainkoak berak hala nahi omen ditu eta. (Auzoko emakume bat).

        Nahikoa lan eman zidan atso zaharrak. Tira, beste halakorik nahi ez nik! Burutik erabat nahastua zegoen, baina deabrua bera baino gaiztoagoa nintzen asmakizun eta fantasiak alde batera utzi eta munduko gauzei egiteko jaramon esaten nionean. A ze espantu emakumearena Ama birjinaren kontu hura berak asmatua zela botatzen nionean. Azken juizioa zetorrela zirudien haren keinu-meinu, aitaren eta errezoak ikusi eta entzunda. Azkenean horra nola joan den. Ez, ez hilik eta ez bizirik, ez zeukan inolako umerik; zilborra bai galanta hainbeste morokil janda. Gero senarrak esan zidanez txerri jana izan zuten bezperan eta hor zerk eraman zuen mundu honetatik. Batzuk badute horren susmoa. Gehienak ama eta ume biak galdu zirelakoan daude. Zertan ibili ezer esaten? Gauzak hala dira eta! (Emagin anderea).