Aurkibidea
Melodrama
F.J. Mendiguren
Zerupe
Joxean Sagastizabal
Atera nazazue
Xabier Zorroza
Teresa
Laura Mintegi
Kafetegia
Jokin Ansorena
Hor dago
Eukene Martin
Aitzindaria
Iņaki Ugarteburu
Klara eta ura
Gorka Setien
Aurkibidea
Melodrama
F.J. Mendiguren
Zerupe
Joxean Sagastizabal
Atera nazazue
Xabier Zorroza
Teresa
Laura Mintegi
Kafetegia
Jokin Ansorena
Hor dago
Eukene Martin
Aitzindaria
Iņaki Ugarteburu
Klara eta ura
Gorka Setien
KAFETEGIA
Jokin Ansorena
Euriak Donostiako kafetegi eta tabernak gainezka betetzen zituen, estalpe bila abiatutako saldoarekin, iraileko arrats goibelean. Hormak pitzatuta, bonbilak gastatuta, eta sabaiak igartutako pintura-zipriztinak eskegita zeuzkan kafetegi ospel xamar batean Jonek kafesnea zurrukatzen zuen, tarteka bustitzen zuen «croissant» batek lagunduta.
Maria eta Isabelek joko berari ekiten zioten te eta pasta mingortu batzuekin. Aski kuskuseatu zuten, kafetegiaren iluntasunaz, katilugarbigailuaren kalitate eskasaz katiluen ertzak ezin zikinago aurkeztu baitzizkieten barraren atzeko gixonaren gortasun tematiaz- behian eta berriz egin behar izan zioten kafe eta besteen eskaria, galiziar kamareraren ileen horitasun pinttoaz tintatzeke utzitako orban ilunek salatzen zuten, komunetako kirats nardagarriaz, altabozei zerien hilo-musikaleko programaketaren setakeriaz eta aldameneko atsoek, tarketa-marteka, erortzen uzten zituzten hots gordinetaz. Isabel-ek «Palmitas» bat ekarri zuen ezpainetara, txiskerua zorroan bilatzen zuen bitartean; Jon eta Mariak «Fortuna» bana piztu zuten, Isabelen eskaintza ukatuta.
Bai tabako xelebreak erretzen dituzula, neska!bota zion Mariak.
Baliteke. Txokolate zaporea omen du.
Nola «omen»? Zuk ez al duzu sentitzen?
Egia esan, nik tabakoari ez diot apenas gustorik hartzen. Jendeak txokolatezko paperetan bilduta dagoela dio.
Etzazu txorradarik esan!
Idoiak hala esan zidan osatu zuen Isabelek gai hura gehiegi interesatuko ez bailitzaion. Mariari Idoiaren izena entzutean bekokiko zimurrak estutu zitzaizkion. Ez zuten, argiro, elkarrenganako afektu handirik. Aurreko ikastaroaren amaieraldean ospatutako «gogo-jardun»etan erlijioko irakasleak, psikologari kaxkarren destrebetasunez, prestaturiko talde dinamikak beren elkarrenganako sentipenak lurpetik zebiltzala adierazteko okasioa eman zien. Ez zuten, alabaina, arrazoietan miatu, Mariak ezagutzen zituela uste bazuen ere. Azken batean, Imanol omen zen gorabehera haien motibua, klaseko neska asko bere lilurapean eroriak zeudela eta. Maria eta Idoia, besteak beste. Honetan, parte hartzea ez zen garrantzitsuena, kirolari zenbaitek esan behar izaten duen bezala, irabaztea baizik.
Galiziar kamarera atsedenalditxo batean ile urdinenpean gaztaroko pianoaldi eta maitasun komeriak memoriatik argitaratzen zituzten atsoei bere alabaren berri ari zitzaien kontatzen. Hitz jarioaren entonazioan egonezinen baten aztarrenak somatzen zitzaizkion aisa, emakume dotore haien aurrean arlotexka gertatuko baitzen bere hizketaren jatorrizko azentua. Ez bide zuen oraindik latitude berrietakoa zeharo bereganatu.
Ilea ukitzen zuen noizean behin, aurreko «aristokratetatik» ikasi zuen legez.
Ba ez dugu oraindik erabaki zein eskolatara bidaliko dugun. Senarrak nazionaletara baina nik Jesuitinetara nahiko nuke; noski, hezkuntza hobea jasoko du, matematika eta fisika gehiago ikasi... eta nik nire alabarentzat beti onena nahi eskuarekin keinu bat egin zuen fraseari sententzia kuestionaezinaren kutsua erantsiz bezala. Eskola nazionalak? Desastrea, desastrea... Azkenean monjetara bidaliko dugula uste dut, je, je, nire senarra ez baita oso matxista, je, je...
Betiko amaiera bera: kamarerak beste mahairen batera serbitzera joan behar eta donostiar atsoek elkarri ama kezkati harenganako iseka keinu bat adierazten zioten, papar zimurtuak pixka bat puztuz.
Emakume muxugorridun harekiko diferentziak mantentzeagatik, hitz egitean ahotik xistua eta lerde-zipriztina jariatzen zuela asmatzeko gauza ziren. Haien barreak! Ahal zuten orduko, senarra nolakoa zitekeen imajinatzeari ekiten zioten; normalki hau dibertitzeagatik egiten zuten kamioizale lodi, bigote eta patilaluzedun bat zela deduzitzen zuten; eta, gainera, ziurrenik, putazale amorratua izango zen, galiziar malkar bati zegokionez. Azkenean, beren senarren duintasun eta bertuteetaz berriketan jarraitzen zuten, telebistako zein-nahi programak alde egiteko aitzakia ematen zien arte.
Jonek Isabelen paketetik «Palmitas» bat hartu eta sudurpetik pasa zuen horizontalki txokolate usaina harrapatu nahirik. Aurpegia uzkurtuz, goitik behera begiratu zuen behatzekin bueltak ematen zizkion bitartean. Aurrean zomorro arraro bat zeukala zirudien, hainbestekoa zen bere begien sakontasuna. Astiro eta formal, paketera bihurtu zen, estasi labur hartatik esnatuz.
Zigarro honek txokolate gustua badu, nire aitona CNTkoa da.
Ba nirea FAIkoa huen, hi erantsi zion Isabelek Loiolan, gerran, primera linean ibili omen zen, pistola eta guzti.
Zure ama PNVkoa da, ordea Mariak Isabeli.
Eta zurea ere bai erantzun zion haserrea azalak hartu ezinik.
Ez du kuotarik ordaintzen; beraz, ez da. Batzuetan bakarrik joaten da batzokira makailu kazuelak prestatzera, baina ez dago afiliatuta. Imanolen amak engainatzen du hara joateko.
A ze sorgina!
Nor?Mariak
Imanolen ama, noski. Imanol bera ere...
Maria isildu egin zen bapatean. Isabel eta Jon, hankasartzeren batez jabetuta, gaia aldatzen saiatu ziren. Jonek lagun bat partidu maoista batean sartu berri zela aipatu zuen, baina ez zioten apenas jaramonik egin. Isabeli hurrengo egunean Donostian urik ez zela izango eta ordurako bururatu zitzaion; honek ere ez zuen girorik suspertu. «Fortuna» eta «Palmitas» bana berpiztu zuten eta ahal zuten tokira begira inora ez, apika jardun minutu batzuetan, hitzik egin gabe. Ordubete zeramaten. Kontua eskatu eta kamarerak txartela zekarkien bitartean, Jonek euskaltegi batean matrikula egin zuela esan zien:
Zein euskaltegitan?
«Arrano» euskaltegian. Alde zaharrean dago, «Ruperto» tabernaren ondoan, ez al duzu ezagutzen?
Nire ahizpa han aritu zen eta ez gustoraegi ihardetsi zuen Isabelek.
Segun ze irakasle tokatzen zaizun!
Galiziarrak Evangelina omen zuen izena txartela utzi zien. Ez zitzaien garestia iruditu. Jonek bere aitonaren trintxera eta neskek aterkia eskuratuz, kalera jo zuten. Euria ari zuen oraindik ere. Taberna eta kafetegiek jendez gainezka zirauten. Peatoi batzuk, kotxeek putzuetatik iragaitean eragindako zipriztinek bustita, garraisi egin zuten, zertarako jakin gabe. Jendea ahal zuen bezala babesten zen aterpeetan. Maria, Isabel eta Jon alderdi zaharreruntz bideratu ziren. Txakur batek lotsagabe egiten zuen kaka kale erdian. Jabeari grazia egiten zion, nonbait, koadro bati bezala begiratzen baitzion. Dena normala zen.