Aurkibidea
Melodrama
F.J. Mendiguren
Zerupe
Joxean Sagastizabal
Atera nazazue
Xabier Zorroza
Teresa
Laura Mintegi
Kafetegia
Jokin Ansorena
Hor dago
Eukene Martin
Aitzindaria
Iņaki Ugarteburu
Klara eta ura
Gorka Setien
Aurkibidea
Melodrama
F.J. Mendiguren
Zerupe
Joxean Sagastizabal
Atera nazazue
Xabier Zorroza
Teresa
Laura Mintegi
Kafetegia
Jokin Ansorena
Hor dago
Eukene Martin
Aitzindaria
Iņaki Ugarteburu
Klara eta ura
Gorka Setien
ATERA NAZAZUE
Xabier Zorroza
Hainbat ordu pasatu da honezkero. Inguruko haurrei loaren arnasa nabari zaie, ordenarik gabeko erritmo aldakaitz batean. Nik ez diot uzten loari, ordea, har nazan, ezin... Saku banatan sarturik, oholezko zoruaren gainean gautza, min senditzen dut saihetsean, besaburuan... Berriro saiatu behar dut, alperrik, erosoago senditzen, gorputzaren jarrera aldatuz. Baina ez, ez da gogortasun hau bakarrik loak hartzen uzten ez didana, leku hau da, leku madarikatu, baina hain maitatu hau. Arin hasi naiz irteera honetaz damutzen eta umeak, hor, nire inguruan, lasaitasunean... noizbehinka baten batek erritmu monotonoa hitz nahasi ulergaitz edo eztul batez apurtzen duelarik.
Aire zorroztua zirrikitu guztietatik sartzen da. Goiko solairuan gaude, hemen ohola epelagoa delakoan. Gure azpian, ikuilua, hogei urtetako zikinkeriaz betea. Lastategian gaude, beraz, nahiz eta belar siku pittin bat ere ez den ageri. Hogei une baino gehiago izango dira baserri hau gizakiez betirako hustu zenetik. Nire aitona-amonak urrutiegi zeuden paraje bakarti honetan, bakarrik bizitzeko. Atzeko horma sendoak luzaro iraun du erori gabe, baina azkenean lekua zulo handi bat, utzi dio, leiho erraldoi bat bailitzan, sabaiko atea ere tipi agertzen delarik haren aldean. Beste aldetik, etxe barneko geletara zabaltzen zen atea ageri da itsutua, adreiluz estalirik. Gogoramen gehiegi dakarkit ate horrek orain lo lasai egiteko. Haizea gogor ari da eta haren enbatari soinu sakonaz erantzuten diote zuhaitzetako adarrek, etxetik at, baina hain hurbil... Horma eroriak arbola bat erakusten du haize gogorraren esanera adarrak mugituz. Leiho bateko lorontzian legokeen landare zoratu bat dirudi. Ordu batzuk pasatu dira lo egiteko asmoz etzan ginenetik, baina gero eta erneago nago. Eta ate estali hori, adreiluzko ate absurdo hori, hor...
Nire birraitonak ez omen zuen hitz soberarik egiten, ez omen zen oso hiztuna. Hala kondatzen zidan aitonak, hitz gitxitan kondatu ere, hau ere hitz urrikoa baikenuen. Bizi zireneko malda galdu honetan laguntasun parekaezina zuten zakurra, artzain zakur zuhur gorriska, «Gorri» izenekoa, haro zuzen. Ez omen zuen alperreko ahausirik egiten. Hark zaunka egin ezkero, bazebilen zeredonor inguruetan, usu azeriren bat, edo azkonarra, gehienetan.
Azken egunetan ohiz baino areago artegatzen zitzaien gauez Gorri eta ganbaran arratoiren bat ote zebilela eta, hara igoarazten zuten goizera arte. Baina ganbaratik ere bazeraman hirulau gau isildu ezinik, aurreko egunetan baino bizikiago, agian. Halako gau batean, nire birraitona Simonek, lo zetzan ohetik nahiko argiro entzun zuen hots ezezagun bat ikuilu edo lastategi aldetik. Berriz hertsi zituen begiak, baserri batean hain ohizkoak gertatzen ziren zaratetariko bat zelakoan. Luze baino lehen, ikuiluan eta zakurrarengan sumatzen zen urduritasunak nahasi egin zuen. Gogo askorik gabe, zutitu eta lastategira zeraman aterantz abiatu zen isilka. Berriz zarata... eta hura ezin zitekeen katu bat izan. Atea zabaltzera ausartu zenean, hurbilago senditu zuen zerbait han barruan mugituko balitzelako zarata ahula. Larderiako gizakiak ziren baso zoko hauetakoak, ez ziren, ez, erraz beldurtzekoak, baina ikara burmuinetaraino irristatzen zitzaienean, inork baino bortitzago sofritzen zuten izuaren horzkada. Atzeratu zen berehala agurea eta eskuak ate ondora, hormara, luzatu zitzaizkion, zintzilik zegoen erromatar balantza ukitzeraino. Atea zabaltzen hasia zen eta Simonek ez zuen milimetro erdirik mugitu bere gorputza. Atea zabaltzen hasi zenetik orduak pasatu zirela iruditu zitzaion. Itzal bat agertzen hasi zen atearen bestaldetik, azkenean. Dardara hotz batek korritu zuen Simonen gorputz osoa. Neurtezinezko une txiki batean eskuetan burdina harrapatu eta ahots basati bat eztarritik jaurtikitzen zuen une berean, multzo ilun haren kontra zapaldu zuen tresna, kontzentraturiko tentsio guztia besoetatik botatzen zuela. Sortu zen iskanbila hark erakarrita, berehala agertu ziren andrea eta seme nagusiena. Argia piztu zutenerako konturatu ziren lurrean odoletan zetzana Ezkerrena auzuneko Manuel zela, bakarrik bizi zen gizarajo zoro hura. Ahalegin guztiak egin arren, ez zen berriz senera etorri gaixo hura. Simonen negarra ezin zuen inork agortu, inolaz ere ez baitzuen nahi inori kalterik egiterik, are gutiago halako errugabea hiltzerik. Herriko jendearen beldurrez, hilotza nonbait lurperatzea erabaki zuten, inor ezeren jakitun izan baino lehen. Goizeko lehen argia ageri orduko, behiak buztartu eta errekaldeko troka batera eraman zuten zerraldoa han lurperatzeko asmotan. Suaren koloreko iratze artetik agurearen atxurkada triste eta neurtuak entzun zitezkeen. Lurperatu zuen, bai sakon egin ere, argiak harrapatu baino lehen. Errekastoaren alde batera, lizar mardulak ziren Manuelen hilobiko gurutze, eguzkiak gorriskatu gaztainadiko hostoak, lore ilun, latsaren murmurio amaigabea, erosta kanta eta hontzaren azken ulua hilezkila.
Egun hura etzuten erraz ahantziko.... betiko josiko
Ez dakit zenbat denbora pasatu den, ordu pilo bat iruditzen zait eta egiten duen hotzaz ere, izerdiz bustia igartzen dut burua. Ezin lasaiturik, bueltaka nabil ohantze gogor honetan. Ordu txarrez bururatu zitzaidan hona etortzea. Asteburu luze bat genuela eta ikastolako umeak beraiekin hiru egun pasatzera joateko eskatu zidaten. Pozik onartu nien eskaintza eta hona etortzea proposatu. Hamahiru haurrekin etorri naiz goizeon. Autobusak bidegurutzeraino ekarri gaitu eta handik honainoko bidea oinez egin behar izan dugu, sorbaldan motxila zamatsuak genekartzala. Ordu bete aldapaz gora egin ondoren heldu gara, nahiko nekaturik denok. Berehala hasi gara bazkaria prestatzen eta hemen igaro beharreko egunen plana eztabaidatzen, giro zaratatsu eta alai batez. Arratsaldean haurrak ez dira une batez geldi egon; batzuk mendian gora egin dute, baina denak ibili dira haratonat, haien hamaika urtetako bizinahiak, zaldi gazteak bailira, sosegatu ezinik. Lotarako lekua aukeratu ondoren, horretarako hautatu zitekeen bakarra, egia esan, denok etzan gara eta hizketan hasi, kontu kontari. Minutu batzuen buruan gutxi izan dira oraindik berriketan jarraiki direnak eta banaka banaka denek eman diote amore logureari. Hemen ditut orain guztiak, lo nire inguruan, nire burutasunetatik hain urruti....
Gure Simonen familiari kostatu zitzaion Manuel gizagaixoaren heriotze deitoragarria burutik aldentzea. Laster zabaldu zen herrian desagertu egin zelakoa, inork ez zekiela nora egin zuen. Inor etzen gehiegi harritu, dena den, ez baitzebilen burutik lar argi, jendeak zioenez.
Urte bat pasatu zen, urte bat justu justuan, hain zuzen... Eta hots hura... berriz zarata lastategian. Simonek etzekien urteurrena gau hartan betetzen zenik. Altxatu egin zen, zer ote zen jakiteko asmoz. Haizea izan bide zen, ate edo leihoren bat zabaldu zuena. Atera, sabaiko ate hartara, hurbildu baino lehen, oinak lurrean josi zitzaizkion eta hotzikara bat bizkar hezurretik irten. Une batean burua arras nahasi zitzaion. Zarata hura, berriz kranka hura... Eta haizea gogor zuhaitzen kontra. Hainbestekoa zen Simonen izura urte bat lehenagoko gertakariaz gogoratzean, ezen haizearen alaraua ere gizaki batena iruditu zitzaion. Bai, behin eta berriro errepikatzen zuen haizearen ziztuak: «Atera naizzzueee, atera naizueeee...!
Gelara abiatu zen berriz, beldurrak erdi hilik., baina oraindik ate haren bestaldetik haizearen durdurioa belarrietan itsasten zitzaion.
Bigarren urtemugan, Simonek gogotan zuen zein egunetan bizi zen, oso ondo eginda baitzituen, isilean, kontuak: egun hartan betetzen ziren bi urte. Goiz oheratu ziren eta Mariak iseka egiten zien Simonen beldurrei, beste edozertarako baino gehiago, senarra lasaitzeko asmotan. Hamabi hamabietan hots apal batzuk entzun zituztenean, arnasa hartzeari utzi zioten senar emazteek. Ez ziren segundu asko iragan berriz entzun zituzten arte. Maria, beldurra uxatu nahian, ohetik salto batez jaitsi zen eta hotsa zetorren alderantza abiatu. Senarra hurbiletik jarraiki zitzaion. Mariak nahiko argi entzun ahal izan zituen bere senarrak azaldutako ahotsak: «Atera naizzueeee, atera naizuee....! Ezin zitekeen esan haize handiegirik zebilenik ere, baina ahots haik nondik ote zetozen? Ez ziren ausartu galdera hari erantzuten, ez ziren ausartu pausu bat gehiago ematera ere.
Hurrengoan ez zuten urte osorik itxaron behar izan. Nahiko izan ziren bederatzi egun, edo bederatzi gau, berriro haize oihukaria entzuteko, udazkeneko haize madarikatua. Ez zuten ohetik altxatu beharrik ere izan, hartaz jabetzeko. Aiene berdinak ziren, zalantzarik gabe.
Erabakiren bat hartu beharra zegoen eta gure birraitona-amonek, Manuel zenaren gorpua, edo hartaz geratzen zena, ehortzi zuten lekutik ateratzea erabaki zuten eta nahiko erraz aurki zezaten lekuren batean uztea: eraman zezatela baketara! Asmo horretaz joan ziren gurdiaz goizaldera baino lehenago. Atxurtu zuten, sakon atxurtu ere, baina ezin izan zuten inolako arrastorik topatu; inguru guztia miatu zuten, Baina alperrik.
Han zirauten, zume eta lizarrak haien ametz eta gaztainondo berriro horiskatuek, han, hosto etsi eroriak, betiko ubidean zerraion errekak bere aire monotonoari... Sasi multzo temati bat zen han berri bakarra. Baina lurrak irentsi egin zuen, antza, muinetaraino, han ezkutaturiko gorpua, lorratzik utzi gabe.
Zer zen gertatzen zena? Ez al zuten bizitza osoan bakerik eridenen?
Besterik ezean, sabairako ate madarikatua adreiluz betiko estaltzea erabaki zuten. Auzoetarako estarta eta gurdibideak kamio berri asfaltatuak bilakatzen direnean, gaueko mamarro eta piztitzarrez husten diren bezala, lastategirako atea estaliz gero hilen mamuak alde egingo zutelakoan, horma hartako zulo beltza betirako zuritu zuten. Orain agertzen denez utzi zuten.
Baina gau honetan... alperrik ditut lo gelditzeko ahaleginak. Ez ditut begiak hertsi nahi, berriro zabaltzen ditudanean, ezer agertuko zaidan beldurrez. Iluntasun hau gainera... eta haizea. Haizeak ez du une batez etsi nahi, alarau nardagarri horretan. Txistuka dihardu hor, kanpoko makalen errama artean. Ez ditut haurrak esnatu nahi, beldur naizela esanez. Zer nolako irakaslea ote duten galdetuko dute, bestela, arrazoiz. Eguna argituko balitz noizbait...! Baina, zer ordu ote da, hemen dut erlojua... bostak jota. Ziur, lehenengo argiak nire beldurra uxatuko duela. Hala ere, hain urruti dator egunsentia! Nire birraitonaren ondorengo bati ere ez zaio inoiz, nik dakidanez, ezer arrarorik gertatu, agian hildako hark aurkituko zuen garrasika bilatzen zuen bakea. Zer arraio!, istorio guzti haik beraien irudimenean baino ez ziren gertatuko, hain errudun sendituko ziren. Gainera, hainbat urte pasatu da ordutik...
Badirudi argiago dagoela kanpoan, ala ametsetakoa ote da heltzen ari zaidan argitasuna? Ezin da egunaren argia izan, hain bortitza. Ez, amets gaizto bat baino ez da. Berriz datorkit bizipen mingots eta ikaragarri hau, une berau bizi izan dudanaren bizipena. Esna eta lo aldiaren arteko ametsak bide ditut hauk. Hormaren zulo beltzak deituko nau, eraman narama, ez dut amore eman nahi, baina indarge nago. Esna nadin hainbat lehen, hobe nuke esnatzea, honelako ametsetan erortzekotan.
Eskua nekez luza dezaket. Lur hezea, buztin saborea dastatzen, usaintzen ari naiz. Horma ukitzen dut, lurrezko horma bustia. Ezin esnatu, burua argi dudala iruditzen zaidan arren. Nahi gabe, loak, argitasun ilun horrek, harrapatu nau, epeltasun itogarri batez... ez dago loa bezalakorik... epela gozatzeko.... hezetasuna argitzeko... buztin beroa... itotzeko... loa dastatzeko... lurrean... lurra usaintzeko... lotan...