Aurten ere diferente izanen da
Zenbait egile
Aurten ere diferente izanen da
Zenbait egile
1985, ipuinak
104 orrialde
84-398-3092-0
azala: Joxemi Zumalabe
Aurten ere diferente izanen da
Zenbait egile
1985, ipuinak
104 orrialde
84-398-3092-0
aurkibidea

Aurkibidea

Melodrama
F.J. Mendiguren

Zerupe
Joxean Sagastizabal

Atera nazazue
Xabier Zorroza

Teresa
Laura Mintegi

Kafetegia
Jokin Ansorena

Hor dago
Eukene Martin

Aitzindaria
Iņaki Ugarteburu

Klara eta ura
Gorka Setien

Erosi: 4,04

Aurkibidea

Melodrama
F.J. Mendiguren

Zerupe
Joxean Sagastizabal

Atera nazazue
Xabier Zorroza

Teresa
Laura Mintegi

Kafetegia
Jokin Ansorena

Hor dago
Eukene Martin

Aitzindaria
Iņaki Ugarteburu

Klara eta ura
Gorka Setien

 

 

HOR DAGO

 

Eukene Martin

 

Euskadiko jokalari eta apustulari guztiei.
Ea nork irabazten duen tranparik gabe.

Azkenean.

 

        Udazkeneko ilunabar moreak emeki nagiak ataratzen ditu soro eta baratzen gainean. Eguraldi haizetsuak fabriketako kea garbitu du zeruan, gaztainondoen txori-lakatzak hegaz egiten duen bitartean. Aire soinu urdina baretu eta, bapatean xirimiri eztitsua —Barojarena bezain mudurria— garantzen ari da lantegi eta mendi urrunetatik hurbiltzen den lanbroa.

        Auzoko taberna baserritarrean, gizon, emakume eta haurrek —igandea dela eta— geldotasunaren azkenaldia biziki amatatzean: puro-usaiaren kea edalontzien zehar (batzuk oraindik janostearen kopak, besteak jadanik ardoarekin hasi). Zotz ahantzia ezpain zimurrean. Fieltrozko kurtxoi berdea mahai sendoaren gainean. Tolosako indabak erdiko platerean. Txapelak. Alkondara zuriak, jaka beltzak.

        Eta eskuetan, ernubide majiko eta irrestakorrak: kartak, musetara ari direnean.

        Emeen mahaia argiztatzen du herabeti altxatzen den hilbeteak, leihoa zeharkatzerakoan: trikotatzen ari den atsoa, gazte haurduna, modernoegia dena, erretzen dagoena eta ume pilo bat aldamenean. Kas, txupa-txus, koka-kola eta kafesnean. Ezpain helduenetatik ipuinaren hasiera. Tabernaren deiadar artean ixiltasuna alde honetan.

        Nork ez daki Euskadin musetara jokatzen?

        Jokaldia txandaka doa: «handitara», «txikitara». «pareak» eta «jokua». Baina majia eta interesa inbiteetan daude. Eta apostuan. Aldi bakoitzean harriak deiturikoak postura egin ahal dira. Eta norberak, arerioaren teknika eta nortasuna buru belarri aztertuz gero. (inbitearen barruan gezurra ala egia baitatza) dema hartuko dio ala ez, ikerketen emaitzaren arauera. Inbitea ala «paso», horixe da aukera.

        Guztien gogoak nabari direnean kartak erakusten dira, azkenean. Bitartean, egin eta hartutako demak buru bakoitzean. Eta kontaketa denon artean: host harri, hamarrekoa. Zortzi hamarreko eta kalera.

        Noizean behin, beharbada harrokeriak urrunegira eramanez —edota benetako karta ederrak izanez— bat batean dena jokatzen da. Hor dago eta kitto. Ikusiko da nor irabazle.

        Une honetan lau muslari ari dira mahai inguruan: baserritar aberatsa, enpresa bateko teknikaria, langileren bat eta andre gaztea. Une honetan lau izakera: esperientziaren ziurtasuna, ikasketaren laguntza, eguneroko jo eta kea, eta gizarte madarikatu honetan esku hartzeko premia duena.

        Une honetan lau teknika: harrokeria, zientzia, iraupena'eta zuhurki ikasi behar dena.

        Esku trebeak gora-behera orrazten du sinbolo desiragarria, beste eskuak karta mordoa ebaki arte. Nahasia bukatu eta bakoitzari lau karta dagozkio. Aldi batera begiratuko dute zoria. Isiltasuna (eta badabil tabernan txoria).

        Kartarik kantatzen du. «Mus». Besteak beste hainbeste. Deskartea eta berriz hasi. «Ez dago musik» beltzean lehenengo txandaren hastea: «handitara».

        Beste aldean begi guztiak iltzaturik amonarengan. «Tira, amona. Egin ezazu aurrera!».

        ...Egun batean lurralde zoragarri bat zegoen baso berde eta itsas urdinaren erdian. Hango biztanleak behiak zaintze eta arrainak itsasoari lapurtzetik bizi ziren: baina halaere txiroki lantegiak ipini arte. Ordutik lurraldea grisago bihurtu zen. Ilunago. Baina fabrikak eraiki zirenean, bertan lan eta berehalaxe aberastu ahal zuten.

        Batzuk fabriken jabeak ziren, eta gehienak langileak.

        Sasoi batean pozik lanean ari ziren guztiok. Baina zerbait ulertezina gertatu zen: jabeak handituz zihoazen arauera, langileak txikituz. Honela jabeak erraldoiak bihurtu ziren eta langileak, aitzitik, epotxak. Baina fabrikak bardin mantendu ziren, noski (badakizue objektuak bizigabeak direlarik, ezin hazi ezta gutxitu ere). Horrexegatik, handikeraz batzuk fabriketan sartu ezinik eta txikikeraz besteak erabat txarto konpondurik —pentsa ezazue tresnei heldu ezin, ezta gaiak hartu, askoz ere gutxiago lan egin—, ahulestiak eraso zuen baso berde eta itsas urdinaren erdian zegoen lurralde zoragarri hura...

        «Ederrak daroadaz» baserritarra ari, maxkatzen duen purotik errautsa sabel aipatuaren gainean erortzerakoan. Eta «bost nagusitara» jotzen du. Mahaian gutiziaren sinboloak uzten ditu —eta jokualdi osoa bukatu arte seguraski karta berrorek higitu ez— «ia, nok hartuten deustadaz, e?» barre algaraka erantzuna itxaron gabe beste jokabide ixilen aurrean. Ahogabekeria nabarmena da —musa moztu ez du eta— baina... ea «mus beltza» egin ote duen...

 

        ...erraldoiak lehenengoz hasi ziren: «Zergatik geure lantegietan kabiturik ez? (poteretsuak ziren, zeren garaienak izanik basoko bizia goitik begiratu baitzuten) Hau akabua! Gauzek beraien egileen antza dute eta, fabrikak handiagoak izan beharko dira.... »

        Bi errege eta zaldi bat esku artean. Eta txanka bat gainera. Jokaera ederra! «Ia, nok hartuten nau jolasean?». Hiruroak mordoka dabiltza begi artegatuetan —hiruko eta erregeak gauza bera dira mus-ikuspegian— baina ixiltasuna beste aurpegian. «Aurrera! —langile gixarajo hasarrea azkenean— Nagusia, tripazain honentzat. Baina txikitara joango gara. Eta horixe ikusiko da norentzat».

        ...epotxak erraldoien atzean: «Zergatik ezin lan egin zerean? Zer egin du jabeak? Nondik tamainuaren aldaketa? Nola behar da moldaera?» (Ttipiak zirelarik, ondo aztertzen zituzten azpiko gauzak: ulerkaitzak, ostera, goian zeudenak)....

        Txikitara jolasean, bateko eta bikoak hoberenak. Eta une honetan langileak horretako bat ederra. «Inbido», gogoz ahotsean. Atsedena. «Errebido» entzuten da neskaren aldamenean, berauk kartak dardaraka eusten dituen bitartean.

        Gizonak, zer egin dezake jokuan emakume bat sartzen denean? Egoera arrarua denez —andreak euskal jokuan esku hartzea, zailena—, besteak giroa menperatu ez, eta atzera.

        Baserritar eta teknikariaren barreak: txikiena, betidanik irabazi du emeak.

        — Goazen, amona! Zer gertatzen da hurrengoan?

        ...lurralde zoragarria desesperaturik zegoen. Lantegirik gabe, lanik ez, dirurik ere ez. Han hemenka, umearen negarra, andrearen etsipena, gizonaren koraia. Lapurketak hasiak ziren. Tranpak. Bekaitzak. Gorrotoak. Manifestaldiak. Lantokiak bihurtu behar zirela auza argi bakarra. Guztiok besteon aurka salatzen zuten beharra. Eta guztion artean bilatzen non zegoen falta.

        «Zergatik ez dugu lehen aztertu geure mudantza? Jainkoaren eskuetan, nola utzi dugu lana? Gure ezbeharra gizontzarren alfertasunean datza? Zertan ari dira bitartean, nola ez da egon oharra? Hainbat urtetan diru erreza irabazten ari gara eta inor ez konturatu gerokoa amaituz zihoala. Mementuz behar izan duguna, horixe izan da gure beharra. Oraintxe denetarikoa dugu baina hurrengorako etorkizun zahartua. Gozotasunaren prezioa garesti ordaindua, alajaina!».

        Galdera hauek eta beste halako batzuk barruratzen zituzten, bakoitzak besteari errua beti botatuz baina norberaren burua ikuturik ez, jakina. Eta honela neurtzen hasi ziren indarrak...

        «Orain pareak! Nork ditu bikote ederrak?» Hemen ez da sartzen gezurrik. Benetan kantatu behar da zerea. « Bai» guztiok esan dute. Baina ez dakite zer ote besteen baietzaren atzean: binaka, hiruka edo eta bikoitzak, zenbakien arauera. Zenbaki goikoak baliogarrienak. Txikienak, beti lez, txarrenak. «Ea, noren hoberenak?».

        ...diganteak nagusiak ziren, besteak, ordez, morroiak. Baina nanoak askoz ere gehiago lehenengoak baino: zenbakitaz bikoiztu edo hirukoiztu zituzten...

        «Ia, nok jotzen dau pareetan?» dihardu baserritarrak, esku urduritsuak marruskatzen dituen bezala.

        Teknikaria, bere bi zaldi egokitu nahian, egoera aztertzen bere baitan: «Beno, nik neuk musa hasiera moztu dut. Nagusitara baserritarrak jo egin duenez gero, bi errege edo ere eramango ote? Langileak txikitara inbitea eginik, beharbada bi bateko izana ahalko luke (halaere hori ez da gauza handirik, baxuak direlako). Baina neskak errebidoa egin baitu, nahiz eta zenbaki txikiak, hiru berdin edukiko? Nork jakin? Andreekin hobe fidaturik ez. Baina neskak hirurkunak izatekotan, jo izango banu inbidoa hartuko lidake...»

        — Aizu, txo! Zeure kontaketa ez dozu ondino bukatu? Bildurra edo? Tira, ba! Zu hasteko zara eta!

        — Paso

        — Jesus, mille bider! Hainbat itxoin horretarako? «Hor dago» botako zeunkelan gengozan. Ba neu pasoan ere noa.

        Eta pare guztiak honela. Jokuaren azkeneraino ezin dajakin nork irabaziko dituen.

        — Eta zer gehiago, amona? Zer gertatu zen lurralde urrikalgarri haretan?

        — Lasai, mutiko. Bagaude berriz geure ipuinetan. Baina emaidazu, mesedez, artile-matazari buelta, bestela ezin izango puntuaren jarraipena.

        ...lehen ikusi dugunez, burruka zegoen hasia. Baina nagusi eta txikien gainetik zerbait txundigarria. Baso erdian bizi zen andra harrigarria. «Ederra» zuen izena, «Ederra» zoragarria. Begi berdeak zituen, atzazal luze gorriak, bere gorputza gordetzen zetazko jantzi arina, eta sorbaldetatik ile ugari eta fina. Ai, hura bai zen polita! Polita nahiz bildurgarria. Beste baten zuen antza: oihaneko animalia.

        — Noren antza zuen, amona? Nork zeukan dena berdina?

        — Ez duzue oraindik asmatu? Ez dakizue egia? Neskatila horren liraina, zen lehoi baten irudia.

        — O! Ez da izango! Eta zer...?

        Jokua daukanak puntuztapen zehatza izan behar du: 31 hobea. 32 bigarrena. Eta gero salto handia. 40, 39, 38tatik 33tara kontaketa. (Hau, gizajo azkena izango da eta).

        Heltzen ez direnak, txanda honetatik kanpora.

        — Bota egiozue zeuen kanta!

        — Jokua, bai!

        (Pareetan gertatzen den bezala, bai duzun ala ez gezurrik gabe lehenengoz azalpena. Baina horren atzean zenbakien zalantza).

        Guztiok jokua dute. Aurrera, ea zer pasa!

        ...Ederra basoko gailurrean bizi zen. Beti etzanik, guztien jabea, erregina eta ondoenik. Txakurzalea batez ere izanarren, edozein txakur moeta berdin zitzaion. Baina bat ez beste bere hegalean behar. Neska miragarriak animaliari xerak egite eta zaintzeari ematen zion bitartean, txakur berrorrek nahi zuena egiten zuen. Hortaz animalia honen atzaparretan zegoen basoko bizi osoa.

        Erraldoi eta epotxek zera ohartarazi zutelarik, beraien antzerako txakurra hazten zuten, zeren horietako pizti batzuk gizontzarren alde zein besteak kakanarruen alde izanez, interes ezberdinak defendatu ahal izango bailituzke.

        Ederra betidanik zen. Baina txakurra, gaixotu edo zahartu, askotan hil, baita noizean behin ihes egiten zuelako, desagertzen zen. Eta orduan erraldoiek ala nanoek hazitako bestea prest zegoen Ederraren premia ordezteko.

        Sasoi batean izugarrizko guda gertatu zen hango biztanleen artean. Horietako asko hil zirela esaten omen da. Odol ugaria isuri zen itsasoan nahiz lehorrean, eta etengabeko hegazkinek zeharkatu zuten zeru gorria. Orduantxe ikara zerion baso berde eta itsas urdinaren erdian zegoen lurraldeari. Eta, azkenean irabazi zutenek, aspaldidanik egon zen txakurrik gaiztoena derrigortu zioten Ederrari.

        Urte askotatik bizi izan zen basapizti ikaragarri hura. Berau hil arte fabriketako langileek hainbat zoritxar pairatu behar zuten: eta handik laburtzen hasi ziren.

        Besteak, ordez, monstruo horren laguntza zutelako, neurrigabeki erraldoitu ziren, diganteak bihurtu arte. Eta madarikatu hori azkenean hil zenean beraren txakurkumeek ordeztu zuten. Hauek bai zirela denbora dohakabeak!

        — Eta zer gertatu zen gero? Ea, amona, ezin dugu espero.

        Gero, gero... pentsa ezazue izan ziren garrasiak, oihuak, protestak... Ederraren alboan zeuden txakurrak arinegi zahartu eta desagertu... Ez zegoen jasan egiteko modurik. Batzuk bete guda desiratzen ari ginen gauzak konpontzearren. Baina hainbat burruka eta ahaleginetaz zerbait lortu zen: azken txakurrek ihes egin ondoren hurrengoa jartzeko guztien aukera egitea jarri zen arautzat. Eta halako batean, txakur arruntaren bat, kaletik dabilen baten bat gehiengoek —ezaziek— hautatu zuten. Eta «kaleko txakur» hori Ederraren hurrengo laguna izatera heldu zen.

        — Zorionez! Eta nolakoa zen kaleko txakur hori?

        — Ixil eta entzun!

        Honela eta guztiz ere bazegoen hondamena egina, batzuk monstruoki handitu eta besteak bezainbeste txikituak. Eta balio ez zuen lantegi pilok. Orduantxe, zer egin? Kaleko txakur gixarajoa derrigorrez konpondu behar.

        — Beno, baina ona zen txakur hori ala ez?

        Guztiok kexatzen ziren. Batzuk: « Lehendik genekien. Askoz ere hobeto bizi izan ginen lehen». Besteek:

        «Baina ez zen hau gure txakurra? Non dago prometidu zigun hainbat gauza...?

        — Eta jokura zer? Ez da inor ausartzen jotzera, ala?

        — Lasai, txo! Oinekin arin doana, buruarekin motel.

        Buru bana, buelta eta buelta.

        Teknikariak musa ebagi badu, joku ona izango ote. Baserritarrak, berau sendo dagoela nabari erazi nahi izan du, baina... Langile eta neskatila gezurtiak direla argiena (Nola demontre txikitara jo eta gero jokua bai? Bi bateko izan balute jokua osatu ezin izango zuketen. Beraien txikia ez da bezainbeste. Pareak kantatu dituzte Baina oso baxuak ezin). Baten batek 31 desiragarriak izango ditu? Deskarte asko hasieran izanez gero, daitekeen, posibilitate handiago izan baita. Hainbanapena izatekotan kartariak, nahiz honen eskumaldean dagoenak, irabazi.

        — Gaitz dago jokualdi hau, kontxo!

        ...indarrek azaletik parekatuak omen dirudite. Baina zer egin? Nola jokatu?

        — Eta zer egin zuten, amona, lantegi-arazoa konpontzeko?

        — Ez dakit, maitea. Oraindik dihardute...

        — Nola oraindik? Historia hau ez da gertau lehen, ala?

        — Baina gaurregun jarraitzen dute.

        — Eta... ?

        — Txiki asko gosez hil, beste batzuk are txikiagoak izan, hainbat erraldoi txikitzen hasi zen eta oso jende gutxik —nahiz eta gaizki— lantegi desegokietan jarraitzen ahal zuela, bakarrik dakit.

        — Baina jarrai ezazu! Ezin duzu honela bukatu. Zer gertatuko ote da?

        — Zeuek zer egingo zenukete?

        — Oso erreza! Nik neuk oso fabrika handiak eraikiko nituzke erraldoiak sartu ahal izateko, eta tresna ñimiñoak, epotxen araueraz.

        — Hori hobea, jakina. Baina ez da bezain soila arazoa. Ez dago horrenbesterako diru.

        — Ba, orduan, txikientzat egokiak diren lantegiak egingo nituzke.

        — Eta handiak?

        — Kanpoan.

        — Ez lukete onartuko.

        — Eta zer? Onar dezaten! Digante guztiak bota edo eta nanoak bihurtu. Eta behar balitz, ezazi batzuk handien zeregina egingo lukete.

        — Txe, txe, kokolo! Beraiek hasiko lirateke berriz nagusitzen. Horrez gainera mementu honetan ez zaie txikiei nagusiak izatea komeni. Badakite konponketa zaila dela baina ez dakite nola egin. Epotxek lana eta ziurtasuna exijitzen dute, beste erantzunkizunik gabe.

        — Neuk daukat ideia! Ederra, jabe bakarra izango litzateke. Lantegi guztiak berarenak.

        — Burruka sortuko litzateke. Honela eta guztiz, Ederrak eta beraren txakurrak bakar bakarrik ahal izango lituzkete fabrikak egokitu?

        — Galdera bat, amona. Ez zegoen lurralde horretan jakintsurik?

        — Gutxi. Baina egon daude. Erdikoak ziren. Lantegiak, non lan egiten baitzuten, ondo eta aurrera doaz. Arazo garratza beste fabriketan dago.

        — Jope! Ba, zergatik ez zuten ikasten jakintsu haiengandik? Beraiek jakingo dute non dagoen koxka.

        — Hauengan irtenbidea posible izango ote litzateke. Eta bienbitartean besteak nola bizi? Nondik jan?

        Eta alboko lurraldeek ezin diete laguntzarik eman?

        — Inguruko lurraldeak txarto daude ere, maitea.

        Nahiz eta beharbada...

        — Ezetz! Konponbidea begien bistan dago. Nire ustez problema ez dago lantegietan, biztanleengan baizik. Nagusiek erregimena egin beharko lukete kakanarruek gehiago jan ahal izateko. Eta guztiok jakintsuengandik ikas dezaten.

        — Beno, eta une honetan zertan daude?

        — Une honetan bakoitzak bere baza jokatu nahi du. Ikusten denez ez dute nahi elkartu hilzorian badaude ere. Erraldoi, epotxa, jakintsu, baita zuzenki parte ez baina egoeraz mindurik daudenek, bakarka nahiago dute jokatu, eta besteak hor konpon. Guztiok joku gogorrean. Dena apostatuko dute. Eta joku guztietan bezala, irabazle bat bakarra. Besteak galtzaileak.

        — Nork irabaziko du, amona?

        — Ez dakit, laztana. Hor dago.

        Beste mahaian, aurpegi teinkatuak, gorroto-begiradak, esku goizaleak, ezpain gorriak eta nahiak. Tabernako deiadarrak bukatuak dira (telebista, umeen negarra, andreen zurrumurrua, edalontzi-kilimiliklika, ipuina, zalaparta).

        Eta guztion asmoa, mahaian.

        Zer? Nork? Noiz?

        Bortizki eztarri baten kanta: «Hor dago»

        Zarata. Jokakideengana pausoak. Aldarriak. Zoriaren altxorra esku artegatuetan. Esperantzak. Poztasuna.

        Eta gero zapuzketa garratza.

        Mahai azpian, ardi-txakur bat lotan datza.