Gepardo japoniarrak
Gepardo japoniarrak
2022, poesia
88 orrialde
978-84-17051-91-4
Azaleko irudia: Guillermo de Foucault
Lizar Begoņa
1996, Sopela
 
 

ANEMONA IZAN

 

 

Ur azpiko akustika ekartzen didazu: mirespen basatiaz, lekuz kanpoko lotsaz. Itsas-landare baten antzera mugitzen zara, substratuari helduta bezala. Eta zure begi horren bitartez irudika dezaket piztiaren bat territorio honetako perimetroan.

      Esadan, zuen erresumako lurraldeen artean ba al dago Greenland edota Groenlandia deitutako parajerik? Ze, zera:

 

            hau ez da New York

            hau ez da Melbourne

            izan nahi luke

            New York eta Melbourne

            baina ez da

 

      eta nukleo akuatikoren batean imajinatzen zaitut, Estatu Batuetako edo Australiako endosferan. Janis Joplinen eskuineko bihotzean, tentakuluak itsaso gazietan urperaturik dituzula. Edo akuario kliniko batean bost-hamar zentimetroko arrainen eta portzelanazko maskorren ahotan.

      Hazi zaizu faringea, eta esofagoa, eta zulo bat, izan ez duen guztia behar duena (baina bila inoiz ez doana). Hor zaude: isil eta leun, munduko itxarongela berde batean bezala, zain, zain, zain. Ezeren esperoan, inflexiorik gabeko lerro zuzen ederretan, fim de festa luze-ozeanikoan. Irudikatzen zaitut, baina beti urrunaldian.

      Ze, hori da nahi zenuena: anemona izan.