Aurkibidea
AMAIERA
INTENTZIORIK GABEKO KIMUAK
I
Agripa (estatuak ere hiltzen dira)
II
III
CYPERUS ROTUNDUS
HIRUGARREN PAISAIA
HASIERA
Aurkibidea
AMAIERA
INTENTZIORIK GABEKO KIMUAK
I
Agripa (estatuak ere hiltzen dira)
II
III
CYPERUS ROTUNDUS
HIRUGARREN PAISAIA
HASIERA
BONSAIEN URA
Txineratik frantsesera ekarri zuen Marguerite Yourcenarrek zera: “Gouverner un grand empire est la męme chose que faire frire un petit poisson”. Gauza bera direla inperio handi bat gobernatzea eta arrain txiki bat frijitzea, gauza bera liburu bat idaztea eta barazki gisatua kozinatzea.
Norbere tamaina baino txikiagoak diren habitat batzuetan, gorputzak perimetroaz beste hazten dira. Masek gainezka egiten dute, oinak, oin biak, laurak ahazturik osatzen zaie forma era basatian. Eta kontzientzia zehatzik gabe eratzen dira talkek sortutako kurbadurak, hezur-konkorrak, ubeldurak, ebakidurak, orbainak. Erantzun ezinezko mundu-estimuluak, bizio segidak, negar eta barreak. Arreta kanporantz esporatzen da.
Habitateko azalera barruan hazten diren gorputzak ere badaude. Kontu eta arreta handiz itxuratzen zaie masa, oin singularraren edo oin pluralaren gainean. Gorpuzdunak bere baitan jartzen ditu begiak, bere baitan luzatuaz uzkurtzen da haztekoa zen bolumena ere. Eta perimetro itxi murritzean zimurtzen da, sortzen zaizkio tolestura kiribilak. Barrurantz ematen ditu esporak, barrurantz atentzioa.
Sasia hedatzen da, inperio ertain-itzelak zaintzen diren legez, izokina frijitzen den eran, hitz hautatuak tamaina txikiko testuetan bezala.
Bonsaia murrizten da, inperio ertain-itzelak zaintzen diren legez, barazki gisatua kozinatzen den eran, hitz hautatuak tamaina txikiko testuetan bezala.