Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
EDURNEZURIREN AMARENAK
1
Sorbaldetan behera amiltzen zaio alabari
ile adatsa,
luzeegi darama
helduetara jolasten garen
gurasoon begietarako
Ez da praktikoa,
igerilekuan asko kostatzen da lehortzea,
eta pulmonien beldur atabikoa
hauspotzen digu
Afaltzean zopatan sartzen zaizkio puntak,
porru-patatetan, espagetien tomatetan…
zerrikeria bat…
korapiloak egiten zaizkio
gutxienez, bat, ezkutaketan ibiltzen direnean,
gutxienez, bi, harrapaketan jolasten badira,
ilaje luze hori ekosistema perfektua da zorrientzat
Baina ile adats zoragarria du alabak,
gaztaina urrekara, leuna, xamurra,
denborak ez ezik bizitzak higatu gabea
Eta ile adats zoragarri hori
irmo eta harro defendatzen du
nire mozketa asmo praktiko
zein intelektualki estetikoen aurka
artifiziorik ezaren pankartaren jabe,
amorruz eta negarrez,
niri aspalditxo galdu zitzaidan
gaztetasunaren berezko edertasun lotsagabearen promesa
aurpegira listuka jaurtitzen didala
2
Xuxurlaka azaldu zidan Psikologia
ikasten hasi berri zen
lagun zaharrago batek
Edurnezuriren amaordea ama zela jatorrian
Beste ipuin asko bezala
leundu egin zutela Grimm anaiek
Ahoz ahoko oinordekotza ilustratu gabean jasotakoa
krudelegia zitzaiela
zuritasunera bezatutako burges sorberri haiei
Errebelazio doinuz agertu zidan jatorrian
ama zela alaba hiltzeko agintzen zuena
haren gaztetasuna eta edertasuna
ezin eramanda,
inbidiak janda,
jelosiak erotuta
Lagunak azpimarratu zuen mito bat zela,
esperientzia unibertsal baten irudikapena
Aho zabalik geratu nintzen,
liluratu egin ninduten lagunaren hitz landuek,
sekretu iniziatikoaren tankerak
Aho zabalik baina sinesgogor
Ama, ama baitzen,
nirea eta gainerako espeziekide guztiena
Ama: norberarenarekin nahasten zen gorputz bat,
bake izeneko zoriona ematen zuen bihotz bat,
ongiagatik zigorra ankerki astintzen zuen buru bat
Ama: erabat alaba eta semeei emaniko
gorputz bat,
bihotz bat,
buru bat
Ama: alaba eta semeak besterik ez zen
hirutasun santu bat
Urte asko joan dira ordutik
Gauzak gertatu zaizkit,
gauzak egin ditut,
bizi egin naiz
Eta erditu,
alaba batean
Liluratuta laztantzen dut alabaren
azal orbain eta arrasto gabea,
liluraz begiratzen ditut haren begi-nini beltz,
ezpain gorri,
gihar irmo higatu bakoak
Guztia da promesa eta etorkizun
gorputz txiki horretan
Alabak
aurpegia pikorrez beteta dudala marrazten nau,
ipurdi handia dudala esaten dit,
zimurrak zergatik ditudan galdetzen…
Sintzeritatearekin nahastuta
krudelkeria zantzuak agertzen hasi dira
buru txiki horretan
Egia da,
urte asko joan dira
eta alaba batean erditu naiz…
Horregatik,
orain goitik behera sinesten dut
jatorrian Edurnezuriren amaordea ama zela:
ni bezalako,
eta nire ama bezalako,
andre bat,
hirutasun santuetatik urrun
alaba eta semeez besteko pertsona bat,
nahi adina ezin,
bertute bezainbat akats
Are, batzuetan, Edurnezuriren ama naiz
3
Egia esan,
egunak gorputz baino gorpuago
errenditu izan nauen horietako batzuetan,
denaren eta ez denaren
ordu txikietan,
ohea salda amniotikorik gabeko zero eremu,
ankerkerian bilatu dut atsedena,
eta erraietako dastamen papilak
aurretiazko gozamenetan blaitzen zaizkidala
irudikatu izan dut
nola laster kontatuko diodan alabari
Olentzerorena gezurra dela,
gerra eta sarraskiak munduaren
beste aldeko ertzetan ez ezik
gure etxeetan ere gertatzen direla,
jendeok argitik bezainbat dugula ilunetik
eta, batez ere,
ni neu
hezur-mamizko baino gehiago
harri-kartoizko andre huts bat naizela,
nire ama bezala,
hirutasun santuetatik urrun
alaba eta semeez besteko pertsona bat,
nahi adina ezin,
bertute bezainbat akats,
batzuetan, zakur amorratuaren pareko
gose zital batek jana
Plazerez imajinatu izan dut
alabaren baitako alaba xaloaren hilketa
Horixe du mendekuak
Horixe, ezinean beste ezinbestean
Edurnezuriren ama izateak
4
Goizean,
argia hastean,
kokotseko bizarrak
pintzaz erauztera nindoala
begitarte maskaldu bat
ikusi dut komuneko ispiluan,
inurri suizida bat kausitu dut
balkoiko geranio meharraren ontzian,
bezperan eskegitako arropak batzen ari nintzela
Bulegoan
otzan makurtu naiz
jasotako aginduen larderiara,
eta zaunkaz
eman ditut niri dagozkidanak
Hipermerkatuan
behar ez ditudan gauza mordoz
eta damu izango ditudan zenbaitez
bete dut gurdia
Aldirietako buxaduran
txorikume bat lehertu zait parabrisan
Salda amniotikorik gabeko
zero eremu iritsi naiz etxera,
porrot,
neu osorik
derrota
Alaba eseri zait ondoan
besotxo biez besarkatu nau,
musu eman dit,
“bai polita zarela” esan belarrira,
irribarrea du ezpainetan,
tristura putzu bat,
engainu zirkin bat,
ninietan
Alabaren begiradan
galdu egin da niganako miresmen erabateko bezain laņoa…
are, araztasuna galdu da,
errukia ernatu,
barkaberatasuna
Ikusi egin du
alabak
Olentzerorena gezurra dela,
eta, batez ere,
ni neu
hezur-mamizko baino gehiago
harri-kartoizko andre huts bat
Ikusi egin du,
neuk errebelatu aurretik,
mendekuari mendeku hartuz
Besarkatuta
arnasa berean hartu dugu atseden,
hats berean aztoratu gara,
noizbait,
ama eta biok bezala