Goseak janak
Goseak janak
2018, poesia
96 orrialde
978-84-17051-20-4
azala: Ainara Lasa Perez
Idurre Eskisabel Larraņaga
1970, Beasain
 
2019, saiakera
 

 

DERROTATUAK

 

 

Neure buru-gorputzei eusteko

epika dosi baten bila

abiatu naiz

literaturaren urrezko orrietara

baina, hara non,

galtzaileen katalogo zabal horretan

ez den nire derrotarik ageri

 

Aitzitik, poesiaren mailuak

kolpe bortitzez izkiriatu ditu

biharamunik gabeko gauak

zoko umelak

burdina uherrak

fabrika hutsen aiurriak

ukabilak

aiztoak

borrak

pistolak

trago luzeak

hauts zuriak

zaldia

txiza, hazia, odola…

Eta putak,

batez ere, putak,

neurri, kolore, testura eta hizkera askotariko okelak,

hira jaurtitzeko zulo,

epeltasun bakan,

falo-ezpata azpiratuen

garaipen simulatuetarako ardatz

 

Derrotatuen katalogoan

badator, baita ere,

autoironiaren luma finez

autoinskribaturik

bulego zuri, sofa bigundu,

astean behingo larrualdi domestiko,

terapia saio edo mendi maratoitik

bizitzaren alde basatira jauzi egiten

ausartu ez direnen angustia

(o, a walk on the wild side)

 

Ez dator, ordea,

edonolako gau eta zoko umelenganako

izu prebentiborik,

toallatxorik, ume parkerik,

hilean hileko oinazerik,

norbere gogoa lehenesteagatiko errurik,

porru-patatarik,

gordeka hartutako antidepresiborik,

manikien neurrietan sartzeko batailarik,

okelak irmotzeko kremarik, pilatesik,

ez dago menopausiarik

 

Inon aurkituko ote dut

epika pixka bat,

dosi txiki bat,

neure buru-gorputzei eusteko lain,

neure derrotak zentzatzeko beste,

atso izatera hurbiltzen ari naizen

andre honek