Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
TXORIAK
Etxera itzuleran doa autoan,
nekatuta, ilunpean isilik
Irratia marmarrean, bere kabuz
Eta halako batean, Mikel Laboa sortu da,
Txoria txori kantari
Ilargia hari bat da
atzera doazen zuhaitz adar artean
Entzun du hasperen txiki bat,
arnasestu bat,
eta, azkenean, negarra
Atzera begiratu
eta han dago alaba,
malkotan,
zotinka
Kantua oso tristea dela
esan du totelka,
pena handia ematen duela
txoriari alde egiten utzi dion umeak (sic)
asko maite zuela txoria
oso triste egongo dela orain
joaten utzita
Alaba kontsolatu nahian
hitzetan ondutako
azalpenak isuri ditu arrapaladan:
umeak egiaz maite zuelako utzi diola txoriari joaten,
bestela, kaiolan,
hegoak moztuta,
libertaterik gabe,
ez litzatekeela inoiz
umeak maite zuen txori hura izango
Orain, aldiz,
nahi duenean, bere borondatez,
etorriko zaiola txoria bisitan,
jolastuko direla elkarrekin,
eta, finean,
gehiago maiteko dutela elkar
Alboko jarlekutik
azalpen berak jaurti dizkio alabari gizonak,
antsia beraz
Alaba lasaitu da,
hitzak ulertu ditu
Irratia marmarrera itzuli da, bere kabuz
Kardantxilo bat hilotz da
errepide bazterreko sasitzan
Ilargia hari single bat,
atzera doazen zuhaitz adar artean