Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
KOHERENTZIA
Ezkerreko eskuko atzamar luzetik
odola darit
Borborka
Gorri eta bero
Indartsu doa
Gozamena zait
jarioa…
aringarria
erraietako laiotzetan
ubeltzen hasitako
odol gehiegizkoak isurtzen lagatzea
Baina ametsetik esnatu naiz
eta maindire zurietan
ez da odol arrastorik,
ezta lotarako erabiltzen dudan
tixerta margulduan ere…
aldiz, minduta dut
ezker eskuko atzamar luzea,
txindurrituta...
ohartu naizenez
postura behartuan izan dudalako,
buruarekin almohadaren kontra zapalduta
Beraz, enpirikoki,
odol jarioa eragotzia izateak,
odol eskasiak,
sortu dit mina…
kontraesanaren goia jo du inkontzienteak:
gehiegia irakurri du gabezian
Orain, jaiki
eta kontsentsu prekario samarrean
—edo, zehatzago, botere borroka krudelean?—
errealitate izendatzen dugun
kontakizun horretara abiatuko naiz,
ezker zein eskuineko atzamar luzeak
odola zainak sorbaldak begiak
hankak bihotza umetokia
gibela behazuna
nirekin nigan ni
Orain, egunero bezala,
neure buruaren kontaketari
koherentzia ematera abiatuko naiz
ahalegin sisifikoan,
inkontzientea bidelagun,
ezinbestean,
ezinean beste