Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
MOZORROAK
Izaten dira
nigan infernuak zartatzen diren gauak,
goizalbak, zehatzago
Lumarik gabeko
txorikume hilak
jausten dira zerutik zaparradan,
begiak galtzen dituzte lurra jotzean,
tripak barreiatzen zaizkie porlanean,
edo, aterki gabe noanez,
nire aurpegi biluzian
Ume bat ateratzen zait bidera
begiak birika
eta ahoa hegal,
ume eder bat,
babesgabe
Bularrean hartu
eta ihesean abiatzen naiz
zaparradatik,
txorikume hiletatik,
galdutako begietatik,
barreiatutako tripetatik...
Ohartzerako,
umeak galtzen du epela,
galtzen aho-begiak,
muki ustel ubela dario larrumintzetik
eta voilā!
suge ezko eta hotza daramat bularrean,
amorruaren boterea erraldoitutako ahutzetan,
minaren grina aiztotutako haginetan,
eta zaust!
hozkada bakarrez erauzten diot burua sugeari
edo, batek daki, umeari,
eta odolak berotzen dizkit
ahosabaia,
mingaina,
eztarria
Orduan, esnatu egiten naiz
bihotza punpa zoroan,
larrumintza izerdiari emana,
ohea zero eremu bat
Jakina, noizbait iristen da goiza,
jaiki egiten naiz,
txiza egiten dut,
arretaz dutxatzen naiz,
elkarrekin bat datozen
bularretako eta kuleroak janzten saiatzen naiz,
ondo lisatutako blusa,
fruta bat jaten dut gosaritan,
alaba muxu leunez esnatzen dut,
zekaleak eta esnea (bioak) ematen katilu moņoņoan,
eta zuzen-zuzen
oreka aratzean neutralizatzen naiz
Gertatzen zait, ordea,
lankideekin tropelean hartzen dudan kafe horrek
odolaren lurrina pizten didala ahosabaian,
edo lumarik gabeko txorikumeen tripa pinportak
aurkitzen ditudala masail barruetan,
bazkalosteko hortz garbiketa bizkorrean
Eta kilika sentitzen dut,
eguneroko oreka aratz eta motelaren mozorropean
infernuen parte izatearen plazera