Aurkibidea
Aurkibidea
EGURALDI GIZONA
A. E.-ri
Ipar haizeak mendebaldeko ukitua hartuko du
eta nire bularraren kontra lehertuko da.
Barrualdean izotza izango da nagusi betazaletan,
kontuz ibili errepideetan eta gogoratu
kateak izoztuta dauzkadala nire eztarrian.
Arratsalde parterako aldaketa nabaria izango da
eta dilatazioa agerikoa zure biriketan.
Pneumoniak hego haizea harrotuko du
Gaztelako sikatean.
Meteosat-en sekuentziak agertu bezala,
antizikloiaren isobara guztiak
jaurtikiko dira nire jugularrerantz.
Euria egiteko arrisku nabarmena
izango da tinpanoetan,
-24 gradu arterietan.
Ilargia beluago agertuko da leihoetan,
sindromeak jota, etsita.
Zure kardiopatiak ez du zerikusirik
artizar goiztiarrarekin.
Bihar ekaitza dakar. Gure bizitzan bezala.
Ekaitz honek dena ilunduko du hemorragian
eta nire begiek ez dituzte zureak ikusiko.
Marea gora arrats-beherako zazpietan izango da,
ez gara ordu horretan berriz geratuko.
Kostaldean itsaskirria izango da,
kaio guztiak itota agertuko dira bihar zure izaretan.
Bi metroko malkoak altxaraziko dizkit zure heriotzak.