HITZAK
Egon hakio
heure hitzari
fidel!
Ez hau
abandonatuko.
( Rose Ausländer )
Hitzak ditut adreilu bakarrak,
labur eta luzeak,
bihotz handiko eta meharrak,
neure abaroa eraikitzeko beti ere eskura dauzkadan
tresna bakarrak:
Bilbon edo Hamburg-en,
Gasteizen edo Iruñean,
goizaldeko hiruretan itzartzen naizenean
ohean edo
hutsesten zaitudan guztietan.
Trenez eta automobilez,
neguminez eta udabetean,
iparraizea datorrenean
hotzez,
edo hegoaizeak
beroz
zoratzen didanean gorputza.
Hitzak ditut adreilu bakarrak.
Horma sendoak egiteko
harritzarrak bezalakoak baitira,
lurrikaretan eta haizezurrunbiloetan,
gorrotoaren denboran eta
barre eta amodioa egitearenean,
betiereko azken agurreraraino
zure besoen faltan
estalpe xume eta amoltsua
eskaintzen didaten bakarrak.