HAMALAURKUNA
Gizon bat naiz betaurrekoekin
sudurrean eta bihotzean
larrazkena.
( Isaak Babel )
Den dena badoa erran zuen
Heraklitok zorionarekin
gogoratu zen ereti baten,
goibel, bere bihotz-minarekin.
Eta zerua dagoela urdin,
nola latsetako ura garden,
lurra udaberrikari gordin,
itsasoa den bezala lerden,
zuk, laguna, esteka nazazun
zeure besartean indar latzez,
laztan jori eta musu aratzez,
betiko, ene dasta dezazun,
otoitz, nigar, jauzi dut eginen,
neure gorputza osorik emanen.