Mila urte igaro eta, ura bere bidean
Mila urte igaro eta, ura bere bidean
1993, poesia
68 orrialde
84-86766-44-3
azala: James McMullan
Andolin Eguzkitza
1953, Santurtzi
2004, Bilbo
 
2004, poesia
 

 

GROENLANDIA

 

                                The best lack all conviction, while the worst

                                Are full of passionate intensity.

                                                                            ( W.B. Yeats )

 

«Horra hor Groenlandia» iragarri zuen

ahots-gorailuaz

Chicago-ra ninderaman airekoaren kapitainak:

eskimoen desertu zuri, eremu emankor,

ehizan ibiliriko hainbeste

bihotzen suspergarri.

 

Groenlandia eskerga

gizakiaren ametsen kokaleku.

Zure ondoan, ostera, Islandia sotila,

goroldioz berde,

elurrez zuri, sumendiz bero,

biak amodioz

leun eta zoliak.

 

Zuok izan baitzineten

Eskandinabiako jende kementsuen ihesleku,

sageetako gizaurenen erretiragune,

zuhaitzik gabe, malkor, zabalak.

Zuok baitzarete

europar zaharron askatasunguren

lore hilgaitzaren lur gorria.

 

Zeren odola isuriz baitoa.

Zeren arimak usteltzen dituzten.

Zeren hil gura baitizkigute esperantza zuriak,

itsasagerretako

haize eta belar bigunak,

oihanetako eguterak.