Mila urte igaro eta, ura bere bidean
Mila urte igaro eta, ura bere bidean
1993, poesia
68 orrialde
84-86766-44-3
azala: James McMullan
Andolin Eguzkitza
1953, Santurtzi
2004, Bilbo
 
2004, poesia
 

 

DONALD JUSTICE-EN ARAUERA

 

                        The Thin Man

                        indulge myself

                        In rich refusals

                        Nothing suffices.

 

                        I hone myself to

                        This edge. Asleep, I

                        Am a horizon.

                                      ( Donald Justice )

                                      «Selected Poems»

 

Maite zaitudalakotz naukazu

beti

zure esperoan,

maite zaitudalakotz

beti

zurekin egotekotan.

 

Autobusetan sartu orduko

eta gidariari txartela ordaindu,

goizean goiz garbitu bitartean

eta neure aurpegia ispiluan ikusi,

hor zauzkat

beti

bizitze honen hodeiertz amotza

zorrozten lagunduko didazulakoan,

lertxoinen ene saldoari

Afrikarantz zuzenduko duzulakoan,

eta hegoaren beroaz xamurtuko zaizulakoan

eneganako bihotza

hor naukazu

beti

zure gorputz eztiaz

gozatzeko esperantzan.

 

Lo egitean eta ibiltzean,

jaiki eta etzatean

zaitudalakotz maite

ezin zaitut begien bistatik kendu,

ezin zaitut bihotzean hil,

ezin zaitut neure oroimenaren landaminetatik iraitzi,

ezin naiteke zurekin ahantz.

 

Hainbeste lore ihar,

hainbeste lizundi hats txarreko,

hainbeste arbuio zoli,

hainbeste destain mazal,

eta halaz ere

hainbeste maitasun.

 

Maite zaitudalakotz

prest naukazu

beti

zuganantz joateko,

maite zaitudalakotz

beti

zure gorputzarengana ekantzeko.