Aurkibidea
ESPALOIAN DAGO MUNDUAREN XILKOA?
UTZ NAZAZU PAKEAN
Hildakoen artean izendatu ninduten
Aintzinako artzainaren harrotasuna
URA ETA ODOLA BILDU DITUN
Atzo zamalkatu nintzen, desinhibiturik
Nire hatzek hire ile jorien artean
Amildegiko ahoraino hurbildu nindunan
BERE PASIOEN BIKTIMA IZAN ZEN
Munduaz pentsatzen ari nintzen bakarti
HODEI GORRIAK JOTZEN
Aurkibidea
ESPALOIAN DAGO MUNDUAREN XILKOA?
UTZ NAZAZU PAKEAN
Hildakoen artean izendatu ninduten
Aintzinako artzainaren harrotasuna
URA ETA ODOLA BILDU DITUN
Atzo zamalkatu nintzen, desinhibiturik
Nire hatzek hire ile jorien artean
Amildegiko ahoraino hurbildu nindunan
BERE PASIOEN BIKTIMA IZAN ZEN
Munduaz pentsatzen ari nintzen bakarti
HODEI GORRIAK JOTZEN
Hi Jainkosa haiz
I
Hi Jainkosa haiz, andrelaguna,
ni neu Jainkoa naun benetan.
Hor hago, ene ametsetako Olynpo horretan,
zabalik, baretua,
atzerritar bota zikinez
zapaldurik izan nahi ez dunas lautada.
II
Hire bota beltzak
Kale Nagusian erosteko
bost mila pezeta baino gehiago
ordaindu behar izan hituen.
Geroztik neguko jaiegun guztietan
jazten hituen
eta hire oinek
askoz gehiago erakarri ditinate
ene begiradak.
III
Batzutan, Jainkosa, hire begiek
bizitzaren pisua
jasan ezin dinate eta
malkoek bide gorri batetik
alde egin behar.
Zergatik ez nigarrik egin?
Elkarrekin nigar egiterakoan
zorigaitzaren mugak
hautsi ohi ditinagu.
IV
Joan zen egunean plater bat hautsi huen,
lehenengo aldia ez zunan izan, jakina,
baina neuk puskak
bildu behar izan nitinan.
Agian nirea izan zunan kulpa,
auskalo, batek daki.
Aipatuko ninduken ene barregurak
hire jainkozko duintasuna
hunkitu izan zuela
hain geloskor izan ez bahintz.
V
Hire diti eder eta borobilak
ukitzerakoan
ene aintzinako beldurrak
uxatzen ditinat.
Bular horiek dastatzeak
itzaletaraino eramaten nain
eta horrela suntsitzen dinat lehenaldia,
garai ilun eta errukigabea,
nire ametsak zapaltzen zituena.
VI
Andre abeslari beltz hura
erruki huenean
mozkorturik zegoela bahekien.
Emakume eta beltza zela eta
bere azalpean sartu hintzen
arduradun madarikatu hark
kantatzera bortxatu zuenean.
Hondarrean, denok bezala,
txartela itzul zezatela aldarrikatu huen.
VII
Etxera itzultzean
lore bitxi eta ilun baten antzeko
aurkitu hindudan;
hire putzu sakonean hengoen
baina hi heu hintzela, betikoa,
ezagutu hindudan;
horregatik heriotza gainditu ondoren
kolorezko ekaitz batek,
ustekabean harrapatuz,
hire aurpegiera tinkoaren zuritasuna
mihisean jartzen jakin huen.
VIII
Erosi hituen azken galtzek
gogor estutzen dinate
hire ipurdi lilurakorra.
Galtz ilun hauek
hire gorputza estaltzen dinate
eskularruek bezala.
Bero egiten duenean
kentzen ditun,
gure arteko korronte
hertsi eta atsegingarria irekitzeko.
Orduan gure eskuen ondokotasunak
larruaren arnas zerrepelak
sorrerazten ditin.
IX
Telefonoz hirekin mintzatzean
anitz entzun ohi dinat
eta hitz egin gutxi.
Entzungailuak gure aldentasunaz
ohartzen nauenean
nire zintzurra, listurik gabe,
lehortzen dun oro.
Horregatik beti xuxurlak
edo etorkizunari buruzko
elkarrizketa luzea
nahiago izan ninan
hirekin mintzatzeko zuzen zuzenean.
X
Gau hartan erabat argitsu hengoen;
gorria heukan aurpegiera barreagatik
gauak hire begi distiratsuak,
sekula baino txikiagoak,
zurbilarazi ezinez.
Hire gorputzaren dantzak,
aretoaren erdikaldean,
dardara egiten zunan.
Mugitzerakoan, jantzi berdearen
azpiko forma gazte adierazgarriak
igartzen hituen.
Mahaiaren neurrigabeko zamauak
kolore zuria zuan, hain zuzen,
eta Euskal Herri osoa
barre egiteko zorian zegoela
iruditu zitzaidanan gau hartan.
XI
Guztiok behin batean, bederen,
garrasi egin dinagu.
Hik ere, noski. Hamaika aldiz
gure oihu saminduek
hodeiak urratzen ditinate
eta jainkoek ez zigunate inoiz erantzuten.
Horregatik barrurantz
abiatu behar dugula
mistiko guztiek erraten dinate.
Baina gure garrasien oihartzun hutsa
barnean aurkitu ohi dinagu.
Hortaz ohartu hintzelarik
hire duintasuna
aldarrikatu nahiago huen, andrelagunak.
XII
Lainoa basoan zehar zabaltzen ari dun
eta pinudiak ez ditun
hire gorputz biluziaz jabetu.
Itsua diagon natura
hire edertasunaren aurrean,
ilunbetan,
gizalaba lizunak
ez ditinate ezagutzen hariztiek.
Agian eguzkia ateratzeko zorian diagon
ikuskizun miresgarriari
so egin diezaion.
XIII
Auzokoak beren etxeetara joan ditun,
adiskideak elkarrekin geratu,
etsaiak auskalo;
ardoa tabernetan,
gaua eta haizea kanpoan,
txakurrak zaunkaka
eta hi berriz nire ondoan, Jainkosa;
gaueko haizeak gozatzen
zaunkak isilarazten ditinate.