Aurkibidea
ESPALOIAN DAGO MUNDUAREN XILKOA?
UTZ NAZAZU PAKEAN
Hildakoen artean izendatu ninduten
Aintzinako artzainaren harrotasuna
URA ETA ODOLA BILDU DITUN
Atzo zamalkatu nintzen, desinhibiturik
Nire hatzek hire ile jorien artean
Amildegiko ahoraino hurbildu nindunan
BERE PASIOEN BIKTIMA IZAN ZEN
Munduaz pentsatzen ari nintzen bakarti
HODEI GORRIAK JOTZEN
Aurkibidea
ESPALOIAN DAGO MUNDUAREN XILKOA?
UTZ NAZAZU PAKEAN
Hildakoen artean izendatu ninduten
Aintzinako artzainaren harrotasuna
URA ETA ODOLA BILDU DITUN
Atzo zamalkatu nintzen, desinhibiturik
Nire hatzek hire ile jorien artean
Amildegiko ahoraino hurbildu nindunan
BERE PASIOEN BIKTIMA IZAN ZEN
Munduaz pentsatzen ari nintzen bakarti
HODEI GORRIAK JOTZEN
Sinestea da kontua, amigo
Amaiera hori ez nuen espero,
egiatan, sinestea da kontua, amigo;
miseriaz inguraturik gaude eta
bonba da irtenbide bakarra,
diotenez, bonba leher bedi...
Baina ez zaitez haserre
kondatzen badizut
nire bizitzari buruzko zerbait,
pertsonalago,
hitzen prozesio trakets eta zorritsu hau
debotuki itxarotea dela eta.
Atzo jaio nintzen, nolabait errateko,
ez zait gustatzen publikoki kontatzea
betetzen ari naizen urteak,
dezentziaz;
ez zaizkit gustatzen
ez sumatzea ez kentzea,
bakarrik atsegin ditut asmatzea
egunero jalo naizela
eta bizi izan naizela ezabatzea
edo eta bizi izan ditudan gauzak;
ez dut oroitu nahi nonbait
niri inork ez errateko
zerbait biziturik izan denik,
edo ikusirik, igarririk, maitaturik.
Gaur eta egunero jaio
eta bizi nahi dudalako.
Mutiko bat nintzen
orain hogei urte eta oraintxe ere
jarraitzen dut izaten, amigo,
sinestea bait da kontua;
hemen ez dago joku antzutarako lekurik,
malko eta ardura ezgauzetarako aukerarik;
hori dena pisu haundiegikoa bait da,
burdinezko eta kakazko zama,
zera, ezin da edozeinengan
salbazioa itxaron;
hau gerra da,
eta nolako gerra badakizu,
zuk eta biok
elkar ulertzen dugu
geure iratzeak nola gorritzen diren
bait dakigu.
Engainatzen ari natzaizu, agian, baina,
faborez, utz nazazu,
arazo itsusi hau
gustora akituko dugulako;
ez begiratu adi-adi
eta entzun bakarrik
hitzek nola soinu egiten duten,
adigalkor eta fidakor.
Nire konfesioaren ordua da:
baloi urdin eta gorria ote zen
txikitan nik maite nuena?
Isuri zen esnea edo edan nuen?
Ez naiz oroitzen,
oroitzeko gogorik ere ez dut;
bai, mutiko talde bat zen
eta harriak airean,
eta ni suertatu nintzen, noski,
zauriturik izterrean.
Ondoren badakit korridore ilun bat
izan zela, bakardadean bizitzen ikasi nuela
bele kirtenez inguraturik,
nire buruaz sinesten ikasi nuelarik,
sinestea bait zen kontua, amigo;
eta aurkitu nituen erahiltzeko
ene benetako armak, zinez;
Jainkoa ez nuen hil behar,
zorionez, eskuetan urtu zitzaidalako,
pentsatuz, sinpleki, guzti hori
haur kondaira solemne bat zela,
noizean behin poesiaz kargaturik,
zergatik ez, baina hondarrean
irrigarri, krudel eta kiratsua.
Orain ni ere kondaira berriak
sortu nahian nago,
solemnerik ez,
baina bai luzaro irauteko modukoak,
edo bonba lehertu arte, bederen;
zer erran nahi dudan badakizu,
zuk eta biok
herri honen benetako arnasak
somatzen ditugulako,
eguzki eta euri berrien indarrez
bizirik;
hemengo iratzeak ere
nola hiltzen diren
ezaguna bait dugu jadanik;
gaueko zirgitaldiak,
larruaren premia, bai, amigo,
baina herri honetan ere
sinestea da kontua.