Zulo bat uretan
Zulo bat uretan
2008, nobela
208 orrialde
978-84-92468-01-0
azala: Lander Garro
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—10—

 

Begiak biltzen ditudanero, kolore biziz margoturiko altzairuzko amiamokoak ikusten ditut lurrean pikoka, Maite. Eta eremu arrea, ostertzerainoko lekaro soila. Petrolio gordina ateratzen dute zikoinok lurraren hondotik, baina begiratu batera esan liteke azaleko harri aleak jaten ari direla. Amiamokoak eta lurrezko errepide bat haria daramaten posteen barrenetik, gurpil marka bi dituena, hemendik hara eta handik jakin ezazu nora doana: horra nire etxea, Maite.

        Eta begiak biltzen baditut hiri goibel bat ageri zait, bere itzalak jasotzen batere lanik ez duena. Etxetik ateratzerakoan, atetik irten orduko zerua buruaz jotzen ez baduzu, besoa gorantz luzatu eta atzamar muturrez ukitzeko moduan datorkizu gainera, horrenbeste jaisten da. Eta lurra beti maila berean, ez gora ez behera, arra bete ere mudatu gaberik, nabarra, elkorra, inoiz bete gabeko hustua, auskalo noiztik.

        Horra zer ikusten dudan begiak biltzen ditudanean. Joan eta joan, eta uralita uhinen tankera hartzen duen lurrezko pista bat, noizka trenbidearen bila doana. Bide zuzenez eta zeharkakoz, geometriak marraztutako basamortua inondik ere. Herrien arteko distantziak gaitzak dira hemen aldean. Halakoetan geltoki batera iristen naiz, Patagonia bizitza berria hasteko paradisua zenean jasotako eraikin txikira, hutsik topatuko duzuna egun, aulkiak berak ere norbaitek ebatsita. Edota errepide nagusiarekin lotuko zaitu bestela, gasolindegi batean ausaz. Hornigailua eta aterpe bero bat, eta atarian, iparretik hegora eta hegotik iparrera ruta 3 gau eta egun urratzen duten kamioi luzeak, zakurrak hauen itzaletan. Bizpahiru automobil albo batean, herrien izenak eta kilometroak zuriz idatzitako errepide seinale berde baten aldamenean utziak. Kafetegian sartu eta begiak itxi. Kamioilariak kikarak barra gainean dituztela solasean. Teilatupe bakarra orduetan. Begiak itxi eta opil egin berrien usaina aditu, eta ur beroarena, hau bezalako mate bat prestatzeko gertu. Ni hemen nagoen bitartean, munduak aurrera jarraitzen du beste nonbaiten, pentsatu izan dut urteetan.

        Hala ere, baliteke beste norabait jotzea, eta txarrantxazko hesi batera iristea, eta estantziako langa morroilotua aurkitzea oinei, autoei, pick up-ei bidea oztopatzen. Txiletar peoi bat agertzea inondik ez, zer nahi dudan galdezka, eta hildako azeri bat ikustea alanbretan katigatuta, tiroz hila. Maiz hodeiek ardien itxura izaten dute, eta barre egiten diotela dirudi piztia gatibuari.

        Halako gauzek ebasten didate akordua begiak biltzen ditudanean, Maite. Entzuna izango duzu lehendik ere etorkin guztiok zarratzen ditugula begiak egunero, oroz gain hasieran, etorri berri garela, begiak itxita bizitzeko behar duzuna ematen dizutelako, hobeto ikusten delako aurrean duzuna. Ez da, baina, jendeak pentsatzen duen bezala hemengora ez moldatzeko, hemengora moldatzeko hangoaren beharra dugulako baino. Bakardadeak, badakizu, bakarrik bizitzekoak dira, ez dago loturarik bataren eta bestearen bakardadeen artean.

        Begiak itxi eta azken urteetako hegoaldeko lurralde elkorra bai, baina haurtzaroa ere badatorkit, umetako usainak, hotsak eta koloreak, eta nerabezaroko irudiak haien gaineko azpilduretan. Halakoetan betetzen zaizkit begiak, aspaldiko deien oihartzun lainoekin, ez hainbeste azken urteetakoekin. Zuk, gogoan duzu noizkoa duzun zure bizitzako aurreneko oroimena?

        Nik ez. Lehen, orain dela urte batzuk, banekiela zein zen esango nukeen, baina etxe bihurtu zaizkizun oroimenekin batera eta bestera zabiltzala, egunetarako etxetik kanpo joaten zarenean bezalaxe gertatzen zaizu, beti dago galduta dagoen orrazia, edo galtzerdi bat, edo paper bat, berebiziko oharrekin inondik agertzen ez dena, eta nola ez dakizula, astebetegarrenera lehendik hamaika bider begiratutako tokiren batean azaltzen dena. Hala gertatzen da oroitzapenekin ere, Maite. Zein da aurrenekoa? Zein ondorengoa, lehena, azkena? Hau ez al zen han bizi ginenean gertatu? Zein dago zeinen azpilduran? Nork daki noiz eta non agertuko zaizun hurrengoa?

        Begiak bildu, eta Olavarrian nago, izebaren etxean. Lau bat urte ditut, hara joaten ginen udetan-eta, Buenos Airesko bero sapatik ihesi. Etxe atzean, zelai eder bat zegoen, behor bat zuela beti bertan. Hesiaren bestaldean beste etxalde bat, gurearen aldean apala, zuriz margotua, oholezko hormekin. Teilatua uralita gorrizkoa zuen, hegal aldera doi bat zapuztua, txabola bat ere estaltzen zuena. Neure adineko mutil bat bizi zen bertan. Lo egiten nuen gelatik haren leihoa ikusten nuen, eta oiloak etxe inguruan. Eroa zuen ama. «Burutik egin zaiola esaten dizut!» entzuten nuen ari zirela beheko solairuan. Banekien norengatik ari ziren. Behin baino gehiagotan entzun nuen istorioa, harrezkero omen zebilen horrela. Izeba datorkit, kontatzen: «Senarra urrutira joan zitzaion, lan bila. Denbora pasa eta gizonak hiriaren kanpoaldera jotzen omen zuen, zelaiak hasten ziren tokira. Horren beharra zuen, antza. Mugetaraino iritsi, ordu batzuk eman edertasun hari beha eta, barnera berriz. Behin, hiriak berak nahi baino estuago lotzen zuela ohartuta, bere burua bota zuen etxe handi batetik behera».

        Harrezkero omen dago honela.

        Haurtzaroa itzultzen zait, Maite, zoriontsu izan nintzeneko udak, eta urrun nagoela begitantzen zait, zalantzak sortzen zaizkit, zer egiten dudan hemen, ongi egin ote dudan etortzearekin, zer egiten dudan hemen nirea ez den jendearekin, lau urte hemen bakarrik, lau urte eta oroitzapenen mina gozatu ezinik oraindik.

        Horregatik, begiak ixten ditudanean usainekin egiten dut jolas, betazalak estuegi ez zarratuz gero argiak ninien barnealdean sortzen dituen itzalekin jolas. Begiak ixten ditudanean zaporeak darabiltzat buruan, eta nahikoa da bat, nahikoa da mila gerezi artean berezi bat egokitzea gogoa lanean hasi eta berriro ere haurtzaroan desegiteko. Gero, denbora ematen dut oroitzapenak antolatzen. Arrastoari segika, gogoak gordetzen dituen guztiak ez zirela benaz horrela gertatu ere, ondorioztatzen dut.

        Begiak itxi eta beti ez naiz baina gauza haurtzarora itzultzeko. Orain, konparazio batera, begiak itxi eta mate egin berriaren usaina heltzen zait, oraindik esku artean hartzen ausartzen ez zaren belar berotuarena, eta asko hurbiltzen zatzaizkidanetan, baita zeurea ere. Egur usaina duzu, belar urrintsuena, euriak bustitako enbor azal beroarena. Horrelakoetan, zure adats azpian gordetzeko gutizia sortzen zait, eta musu aldea azalaren kontra, denbora pasatzen uztekoa, geldi, zure usain begetal helduan lo. Egun batez, nahi gabe, atera egin zitzaizun izena, Karlos esan zenuen. Horregatik dakit badagoela norbait zu gogoan zauzkana nirekin zaudenean ere, ni bezala, ni limurtzen nauen usain berberean galtzen dena.

        Aita hil zenean, baina, zoriontasuna joan egin zen, Maite, katua aizarora bezala. Ordura arte zoriontsuak ginen bizitzak ez zigulako harririk ekarri, aita bere zapatekin, uhalekin, maletekin lagata oporretan Buenos Airesko lamadatik urruti Olavarriara joaten ginelako, baina batez ere ez zelako etxeko inor hil. Hori da ordukoaz uste dudana, ongi dakidan arren ez dela orduan benetan sentitzen nuena, baina hori du denborak, zur gainean paper latza pasatzea da. Orain dena da leun, gozo, adeitsuagoa.

        Aitarenak ate bat ireki zuen, eta atalase hartarik sartu zitzaizkigun inon diren piztia eta ozeano hondoetako munstro guztiak lur eman orduko. Atelier txikian zituen makinak merke eman ostean etxea bera saldu behar ote zen pentsatu genuen, metro eta plano, tasatzaileak bertaratu zitzaizkigun, altzariak hormaren kontra jartzen hasi ginen, mantak eta izarak zituztela gainean, ustez geure iragana ere babesteko, baina azkenean ateratzea lortu genuen. Arrebak eta biok ikasten jarraitu ahal izan genuen. Amak negar asko egiten zuen garai hartan. Esaten da emakumeek errazago daramatela alarguntasuna. Gureak gaizki zeraman oso senarra ez aurkitzea etxean sartzen zenean, behar zuen, nola petraltzen zen ikusteko bazen ere. Biak zuria eta beltza bezain igualak izanagatik, mira zion gure amak aitari, eta zer galdu zuen ohartu baino lehen, gabeziak panparen zabalera hartua zion, mendien abarorik gabe ehunka hektareatan. Bakardadeak gogor lotu zuen. Ahalegintzen zen guk ez ikusten lanetik bueltan erortzen zenean gelan sartu eta atea giltzatuta, zotinka hasten zenean. Badakizu, haize firrintak baino aiseago entzuten dira malkoak ate azpiko zirrikituetatik.

        Zoriontasuna galtzeak piztu beharra esan nahi duela ikasi nuen. Amaren lan berriak eta guk auzoan harremanak estutzeak Olavarria iraganera kondenatzea ekarri zuen. Aitaren aldeko osaba-izebekin genuen tratua hozten joan zen, seguru asko inork nahi gabe, eta aita hil zenez geroztik ez dut uste hirutan ere itzuli ginenik. Nerabezaroa atzean gelditu zen haurtzaroarekin batera zabaldiko estalpe haietako batean zokoratuta. Bi maleta elkarren gainean, ailorbe eta esne mikaztuaren lurrinetan bilduak.

        Itzarririk zaude? Egon, utz iezadazu ongi tapa zaitzadan, hoztu gabe, ohartu orduko dugu hemen egunsentia. Bildu begiak, egin lo, Maite. Institutuan Giselarekin ateratzen hasi nintzen. Ilusio eta jolas haien azpilduren artean gorde nuen aitarena, neure buruari erakutsi nahian maitasuna heriotzari beti gailentzen zaiolakoa. Inoiz ez zidan esan begi tristeak nituenik, eta pozten naiz. Bi urte egin genituen elkarrekin.

        Garaiaren seme-alaba gara, ordea. Dena ez zen musu artean gozatzen, laztan eta txera gozoak ez ziren nahikoak aita zenaren irratitik zaunka atera zen diskurtso hark ekarriko zuen uhara eztitzeko. Unibertsitarioak eta langileak baziren gehien mugitu zirenak, olatuak berehalakoan harrapatu zituen bigarren hezkuntzako institutuak ere. Geure artean biltzen hasi ginen, eta Gisela begi hezurra baino maiteago nuen arren, ez nuen maiteminduta bizi nahi, libre behar nuen iraultza peronistan gogo eta bihotz aritzeko. «Inor ere ez maiteegi nigatik sufritzeko», lotsatu egiten nau oroitze hutsak, baina hala genuen orduan zabaldua lagunen artean.

        Berehala izan genuen frogatzeko aukera. Goiz batean, Osvaldo betirako ezkutatu zen. Mihi gaiztoei aurrez entzunda genuen bezalaxe gertatu bide zen: matrikularik gabeko Ford Falcon berde ilun bat agertu zen auzoan. Gurpilek intziri egin omen zuten galipot berotan. Ate hots presatua. Bortizki zabaltzen den kofrea. Bertara igotzeko agindu zioten. Larunbat goiza zen eta Buenos Aires argazkietan hartzeko modukoa zegoen. Auzoan denek ikusi bazuten ere metraileta laburrak zituzten hiru gizonek behartuta Osvaldo Fossalto automobilean sartzen, inork ez zuen ezer ikusi.

        «Osvaldo eraman dute», ahopeka.

        «Nor?», atzerantz begira, itzalari.

        «Osvaldo... Luciano Fossaltoren semea...».

        Horrela ziren gauzak orduan potota-rekin.

        «Ez badu ezer egin itzuliko dute...».

        Kontua da ez zela, ez zutela inoiz itzuli, Maite. Osvaldo kea behelainopean bezala ezkutatu zen. Ia hogeita hamar urte daramatza agertu gabe. Fossalto aitak, Lucianok, egunero jartzen omen du oraindik plater bat gehiago mahaian.

        «Ez badu ezer egin agertuko da».

        Bi deabruen teoria nagusitu zen baina; alegia, militarra gaizki ari zela, baina joan zutena ere ez zela aingerua. Mugitzen hasi ginen, geneukan adin motzerako gehiegi ikasi genuen. Osvaldo ez zen bakarra. Eta nik, Maite, ikusi egin nuen. Nik Osvaldo ikusi egin nuen, bizirik.

        Bera desagertu eta laburrera eraman ninduten ni ere, esanda bezalakoxe auto haietako batean. Poz bakarra, Gisela gabe izatea. Club Atlético deitzen zen atxiloketa gunea, Lezama parketik bertan, badakizu, Sabatoren Heroiez eta hilobiez hasten den tokian, Cochabamba eta Colon pasealekuen artean. Gero, Bocan barrena Avellaneda, Quilmes eta La Platara doan autopista eraiki zuten gainean. Hotz egiten zuen neguan, gogortuta gelditzeko hotza, eta hezetasuna berriz, edozer usteltzekoa. Hormetatik behera zetorren estoldetako ura kaletik. Argirik ez lanparena ez zena. Hantxe ikusi nuen Osvaldo.

        Ilunabarra zela atera dut kontua, zaindarien afari usainagatik. Sudur mizpirak zabaldu. Begiak bildu eta usaindu.

        «Oscar, hi haiz?», galdetu zidan ahots batek ziegako atepetik. «Hi haiz? Ongi hago?».

        Beldurrak akabatzen nengoen, ez nuen erantzuteko adorerik batu. Gainera, han ez nintzen Oscar, D-048 baizik. Denok ginen letra eta zenbakien konbinazioa Club Atléticon. Baina ezagutu nuen ezagutu nuenez, banekien Osvaldo zela, banekien zaindariek C-123 hots egiten zioten ahots hura Osvaldo Fossaltorena zela.

        Lehoitegia deitzen genuen ziega komunean sartu ninduten batean ikusi ahal izan nuen. Oinetakoak baino ez, begiak itsu bilakatu zizkidan bendaren zirrikitutik, bera zen, bereak ziren gerturatzen ikusi nituen zapata zartatuak, ezagutzen nituen. Eskuetatik heldu zidan hitz egiten hasi orduko, esku hotz batzuk barruan neraman piztia gozatu nahian. Hamazazpi urte baino ez nituen. Lasai egoteko esan zidan, aterako ginela handik. Bizirik aterako ginela. Dardara batean, erori egin nintzen, aztunpa bezala negarrez hasi nintzen lehoitegian geundenon guztion aurrean, Maite, nahiago nuela hil. Orduan bera izan zen amildu zena, barkatzeko erregutu zidana, barkatzeko nire izena eman izanagatik. Ez nion neuk ere banuela zer ezkutatu aitortu, nik ere Giselarena eman nuela elektrizitatea barrabiletatik gora, zainen sarean barrena giltzurrunetan lehertzen imajinatzearekin bakarrik. Ez baininduten ukitu ere egin, Maite. Izua bera nahikoa izan zen mihiari herdoila kendu eta hizketan hasteko, nekien guztia ibaika esateko. Gure adineko neska batek jaup egin zuen izkina batetik. Pixa usaina jasanezina egiten zen, ez esateko horrelakorik, ez jarduteko horrela, mesedez. Gizakiak ginela, piztia bihurtu nahi gintuzten gizakiak. Haurdun zegoen eta bi egun omen ziren ez zuela sabelean kolperik sumatzen.

        Hura izan zen Osvaldo ikusi nuen azken aldia.

        Itaunketa gelan behin baino gehiagotan gogoraraziko zidaten Osvaldo bera izan zela salatu ninduena. Bisita neukala jakinarazi zidatenean azkena, atxilotuok Otelo deitzen genion sarjentu handiak.

        — Zorteko haiz, gazte.

        Osaba Frans zen, polizian zituen lagunez baliatuta Club Atléticon automobilen ate handitik barik ondokotik, oinezkoentzakotik sartzea lortu zuena. Azulejuz apaindutako gela batera igo ninduten, iritsi eta batera zenbakia, D-048 eman zidaten bertara. Kristalezko ateak zituen, eta egurrezko mahai zabal bat. Mahaian, idazmakina bat, Argentinako bandera, eta hauek zaintzen bulegari lana egiten zuen txakur argal bat, tipula baino luzeagoa, eskuak tekla gainean beti. Ez genituen hamar minutu baino gehiago egin. Elkarrizketa ez zen samurra ere. Ama ongi zegoela azaldu zidan, ea zergatik ahalegindu nintzen gauzak hainbeste zailtzen, «bizitzea errazagoa denean». Ia ezer esan gabe jaitsarazi ninduten, torturatuen oihuak ez entzuteko jartzen zuten musikak betetzen zuen gela. Ostera ere zulora eskaileretan behera nindoala jabetu nintzen bizirik aterako nintzela.

        — Hire lagunek, D-048, bazakitek zeinen lapikotxiki haizen? Ez dik lotsarik ematen?

        Itxi begiak, Maite, itxi ongi, ez zaitez atera loaren besoetatik, segi ezazu begietan argirik sartzen utzi gabe. Hangoa nola amaitu zen, badakizu. Pasa da, hemen nago, orain hemen naukazu laztan nazazun, eman diezadazun orduan Osvaldoren esku urduriek, inork eman ez zidan beroa. Ez dakit kontatu dizudanetik zer entzun duzun, noiz eraman zaituen loak eta bakarrizketan aritu naizen, edo begiak bilduta, plantak egiten egon zaren, izuaren barrenera ni eskaileretan behera bezala jaisten.

        Urteak dira ez diodala hau inori kontatu, nori baina, nori ez badut izan. Ez zen Osvaldo izan gehiago ikusi ez nuen bakarra, Maite. Haurdun zegoen neska lehoitegian egon eta bi egun geroago eraman zuten ibaiko arrainen buztanak ikustera. Giselaz dudan azken irudia, berriz, institutuan da. Banderaren eguna zen. Patio zabalean agur egiten dit, ikaskideak ditugula inguruan, liburuak besapean dituela eskua ezpainetara eramanda agurtzen nau, berak ez daki, neuk ere ez nekien, betirako.