3
Hala dugu usadioa hartua, lau urte edo izango dira honezkero astearte goizero Roch-en elkartzen garela. Arratsaldez ematen ditu eskolak Estebanek, eta niri ere egoki datorkit ez ohiko elkarrizketaren bat edo ez badut. Kafearena ez da aitzakia besterik geure artean bilduta, egunkariak ukondopean ditugula, honetaz eta hartaz aritzeko. Ez da kikaretakoa, noski, batzen gaituena. Kafea barik hitza dela behar duguna jabetzen da bat, entzutea eta mintzatzea, arian kode propioa gatzatzen joatea, dakiguna besteari poltsikoan uztea eta, hala, sartu garenean baino gehixeagorekin ateratzea hor barrena hobeto ibiltzeko. Eta aitortzen lanik ematen ez didana: konpainiaren gozoa. Bakardadearen kontrako antidoto eraginkortzat dut, nik gutxienez, Rocheko ostera.
Ordukoan berandu iritsi nintzen. Hamarrak eta hogei paseak ziren etxerako nituen zereginak bete eta ostatuko ate berdeari bultzatu nionerako. Denboraz ez nenbilen ongiegi ere, kuku bat eginda, zer moduz habil, berririk bai, eta beharrik gabeko desenkusa moduko batez hurrengo astearterako hitzordua ziurtatzeko asmoz sartua nintzen. Ez nuen askorik behar izan Esteban joana zela ohartzeko. Baiezko keinua egin zidaten barratik, lepoa albo baterantz, «oraintxe atera duk» gehitzeko ondoren.
Erredakziora heldu eta batera egiteko nituenak nerabiltzan buruan, eta egia esan, kafea lagunik gabe hartzeko aparteko gogorik ez nuen. Atera bidean nintzen xist-xist entzunda atzera mahaietara begiratu nuenean. Burdina margotuzko zutabearen ondoan, bekoz beko eseritako bikote batean, Maite ezagutu nuen.
Asteak, hilabeteak, urteak ikusteke emanda ere, azalpen handirik gabe denboraren zanga urrats luzez igarota, bertan duzun horietakoa duzu Maite. Josebarekin bizi zenean sarri egoten ginen elkarrekin, zinemara joateko egiten genuen hitzordua; asteburu eta oporretan, bideetara irteten genuen laurok, ezagutzeko zegoen hura guztia geureago egiteko. Bereiztea erabaki zutenean, ez ziren biak bakarrik izan banandu zirenak. Laida jaio zenean ezinezkoa zitzaiola hurbiltzea eta mezulariaren bidez bidali zuen umearentzako arropa. Harrezkero aurrez aurre egon gabeak ginen. Zortziren bat urte izango ziren. Ezagun batzuek tarteko, Bartzelonara joana zela banekien. Entzuna nuen itzulia zela.
Bi musu emateko jaiki zen. Aspaldian aditu gabeko usainak laztandu zidan masaila.
Imanol, lagun zahar bat. Oscar, lagun berri bat aurkeztu gintuen.
Estebanena azaldu nien, han egiten dudala kera ahal dudanetan lantokira bidean asteartero («egunkarian segitzen dut, bai»). Zer zebiltzan beraiek.
Maite izan zen soina pixka bat atzerantz behartuta oinak aulki pareraino igo zituena. Botak erakutsi nahi zizkidan.
Espaloi harrotuetan kablea sartzen, hoditeria konpontzen, zuhaitz tantaiak eraisten, inausketan, ezagutzen nuenagatik, ez nuen geografia egokirik topatzen ahal Maite oinetako haiekin inon kokatzeko.
Ezin asmaturik zabiltza?
Aitortu egin behar izan nuen. Aztarrenik ere ez.
Urtegiko hilerriak husten hasiko gara.
Sudurra zimurtu nuen, ezpain ertza harrotu batere disimulurik gabe. Entzun eta ulertu nahi ez duenaren keinu itsusi horietako bat, halako bekozko adeitsua.
Berak hartu zidan aurrea:
Ezin utziko ditugu han, ez?
Ez zuen, bistan da, irribarre eder hura galdu. Oihalezko txaplata zeraman paparrean josia, zuria letra urdinekin. Ramos Arzu, irakurri nuen. Entzunez soilik ezagutzen nuen enpresa zen. Atzamarraz erakutsi zidan ikusia nuena.
Orain hemen nabil. Hau sortu zen, eta ez nuen atzera egin, ezagutzen nauzu...
Orduan jabetu nintzen, banuen aditzera zer erabaki zuten gobernuan. Azpikontratatuta ari ziren, ez zen edozein peoiri utziko zioten lana. Entzuna nuen gorpuak ateratzen zerbait zekien baten bila aritu zirela, peritua ez, baina bai antropologo forentse bat, ahal bazen bederen. Eskarmentudun norbait taldearen buru, kritika gehiago ekarriko lituzketen erdipurdiko lanak saihesteko batez ere. Hala argitaratu zuten, oker ez banago, buletinean. Ez nuen inoiz Maiterengan pentsatu.
Eta pentsatu behar nukeen. Maite beti arduratu izan baitute honelako ametsek. Ez hilek, ahal izan duenetan bizidunentzat guztiz hilda ez dauden hilek batez ere. Zaragozan ikasia, Busoten zen Lasa eta Zabalaren gorpuak lur zuritan atera zituztenean. Alacanteko hilerriko autopsia gelaz hitz egin zigula dut gogoan («txabola zikin bat Miguel Hernandezen hobitik ez urrun»). Baina batez ere hezurren ondoan agertutako bendez, hezur belztuez, azkazal erauziez. Egundo ez esateko «ez dut pentsatu nahi zer pasa zuten», denoi larritasunaren ateak erakutsita bera isiltzeko baizik. Hotza izaten ikasi zuen. Hori, guk esaten genuen:
Zer egingo ote zizkieten.
Orduko hartan nik belaunaldiaren proiekzioa egin nuela dut gogoan, iraganeko une batean hartutako erabakiaren garrantziaz aritu nintzela:
Geu izan gintezkeen.
Maitek nahiago zuen lanbidearen zimurrez hitz egin.
Bartzelonara, elizpeetan aurkitutako hilobiak aztertzera joan zen merkatariak, laborariak, jopuak eta andre-gizon martzalak, urteak egin zituen Erdi Aroko gorpuzkinen gatibu. Eta oraingoak, pentsatu nuen, «zer du ernagarritik oraingoak, Maite?». Itoizko urtegiak hartuko dituen herri hustuetara iritsi eta norberarenak ez diren hildakoen hezurrak atera, identifikatu, metalezko kutxa txikietan sartu, etiketa jarri eta uraren mailatik gora Nagoren eraikitako hilerri berrian sartzeak, esadazu, zer du?
Hilobietatik atera beharreko gorpuez bazegoen eleberri bat, gogoratu nuen, gero filma ere egin zena («ekarriko dizut», esan nion). Gerra amaitu eta denboralera, italiar jeneral bat eta kapilau militarra Albaniara itzultzen dira garaitutako armadako hilen hezurrak jasotzeko aginduarekin. Liburua itogarria egiten da, dena da lokatz, eguraldi muzin eta historiaren amaraunean galdutako gizonen nekea.
Ikusia duzu Armada hileko jenerala? galdetu nion.
Ez dut uste. Zertaz da?
Ekarriko dizut. Bestela, liburua badut. Kadare, ezagutzen?
Aspaldi nuen ikusia, ostiral iluntzeetan zine-forumera joaten nintzen garaian. Neuk ere ez dut dena gogoan, flash batzuk osatzen dute filmaz dudan oroimen lausoa. Hori bai, Mastroianni aise datorkit, mustatxa estuz, jeneralarena egiten. Eta Piccoli ostean, jeepean igota, eremu hotz, arrotz hartan, lekaroa etxe bilakatua, errepide lupeztuetan noraezean.
Zeren bila azken beltzean iraganean, euren orainarena ez-eta?
Lortuko nion, San Francisco plazako liburutegian galdetuko nuen, Laida neraman hurrengoan.
Afixena aipatu nien. Ea ikusi dituzten.
Ezetz.
Rochetik irten orduko ohartuko nintzen: urtegiko obrak salatzen zituzten kartelak kenduta zeuden. Udalak agintzen die garbiketa brigadakoei, saiatzeko gogotik eguna argitzerako, zaintzeko hiriaren ondarea. Jartzen ikusi nituelako dakit, ezin bestela orduan arrastorik atera. Argazki eta guzti, Italiako Alpeetan, Vajont-en 1963ko urrian gertatua salatzen zuten: mendia, pitzatuta, urtegi gainera labaindu zen. Lurrak uraren tokia hartu zuenean, ehun milioi metro kubo mugitu zituen. Ehun metroko olatua sortu zen haranean. Zutik zein lurrari atxikita zegoen oro eraman zuen aurretik Big Wave hark: arbolak, haitzak, errepideak, etxeak. Eta ia bi mila lagun.
Konparazioak ironiarako ematen zuen. Erredakzioan entzuten nituen:
«Agoitzen bizi den lagun batek surf taula erosi du. Zarautzen hastekoa da ikastaroa egiten».
Eta biok bakarrik ari zarete?
Artean hasi gabeak zirela azaldu zidan, egun batzuk bazeramatzatela, baina ikusten, aztertzen nola obratu behar zuten, makinekin-eta albait arinen baina gorpuak hondatu gabe ateratzeko. Beste hiru lagun zituztela Agoizko ostatu batean zeudenak apopilo eta handik igotzen zirenak egunero. «Portugesak», gehitu zuen.
Poz aurpegia jarriko nuen.
Jende ona, Bairrada ingurukoak behar dute.
Astea lanean eman eta ikasleak balira bezala astebururo etxera itzultzen diren europar beharginak Itoitzen. Ikusia nintzen. Mendebalderantz abiatzen diren furgoneta zuriz betetzen dira ostiraletan errepideak. Gasolindegietako kafetegietan biltzen dira bideari ekin aurretik, elkarren antzeko dozena erdi ibilgailu parkingean. Nekeak lokartutako jendea atzeko aulkietan.
Etorri nahi baduzu, erreportajeren bat edo...
Oscarrek ahoa ireki gabe segitzen zuen gure jarduna. Ez nion deus sumatu, eta hala pasako zen nigatik Maite eta bion arteko hura nolabait zabaldu nahian, lan hartan zer moduz zebilen galdetu nion arte. «Gustura», esan zuen, berez Buenos Aireskoa izanagatik, metropoliak uxatuta eta hegoak tentatuta, Patagoniako kostaldean aritu izan zela, Caleta Olivian, Las Herasen, petroliogintzan beti. Enpresa desnazionalizatu eta espainolei saldu zitzaienetik behinolako pizgarriak apaldu eta babesak desagertuta, gauzak erabat okertu zirela, eta bera ez zela han geldituko erabakita, honako bidea hartu zuela.
Sustraietako batek tira egin, eta hona esan zuen. Aitona nuen hemengoa, Iriarte.
Lau urte zeramatzan eta denerik egina zen: tabernari Madrilen, edari banatzaile Iruñean, baita biltegi bateko zaintzaile ere, eta azkenaldian, igeltsero Txantrean.
Ateratzen dena, badakizu...
Telefono zenbakiak trukatu genizkion elkarri, egon behar genuela. Gertuko egiten saiatu nintzen, familia nuela urrun haietan aitortu nion. Ea ezagutzen nuen alderdi hura, ezetz nik, hegoaldean bizi direla, egunen batean joango naizela, baina orain ez dudala erraza.
Alaba txikia da oraindik.
Rochen elkarrekin egon eta aste eta erdira igoarazi nuen etxera Oscar, geure kaleko botikara heldua zen arratsalde batean. Biok zain geundela egin genuen topo. Orduan kontatu zidan aitonaren istorioa, eta orduantxe hasi nintzen tematzen Oskar Escherrekin baino Langsdorffekin eta Rügengo labarrekin. Kontatu zidana egia bazen, zer zuten Rügengo labarrek militar bentzutuaren gogoan habia egin eta honen azken gogoeta hartzeko? Zer zuten haitzok Langsdorff ez ezik Oskar Escher bera era horretan sorgintzeko?
Gau hartan bertan, Oscar agurtu, Laida lotaratu eta sukaldea batuta, aztarrika aritu nintzen sarean. Ordura arte hutsaren hurrengoa nekien Rügenez. Ez nintzen gai Europako mapan kokatzeko, ez nekien irla bat zela, are gutxiago Alemaniako handiena zela edota Baltikoan zegoela.
Idazteak ez du jakitea esan nahi.
«Rügen, labarren deia» idatzi nuen artxibo ireki berrian. Gerora ohartu nintzen Jack Londonen oihanaren oihartzunaz. Ez nekien ikerketa hark zer ekarriko zuen, ezta zerez beteko nuen ere, baina titulu txukuna zitekeen. Ez zitzaidan zaila egin Friedrichengana heltzea.
Kleraitzak Rügen-en, 1818an margotu zuen Caspar David Friedrich-ek, Caroline Bommer-ekin ezkondu eta gutxira. Senar-emazteek Greifswald, Wolgast eta Stralasund-era barrena egin zuten eztei bidaia. Rügenen margolariaren anaia Christian eta honen emaztea bildu zitzaizkien bertan. Hori bera da, hain zuzen, mihiseak jasotzen duen unea.
Koadroan ageri direnak ostera, Friedrich bera, Caroline eta Christian dira, antza. Zein den zein bi gizonetan, ez da aise asmatzen. Gizonetako bat, janzkerarik modernoz hirukotearen erdian dagoena, txisteraz-eta, labar aurrean makurtuta dago, lore edo belar batzuk bildu nahian. Ezkerrean, indar berezia lortzen du hari keinuka ageri den emakumeak. Soineko gorriz margotua, zuhaitz etzan baten ipurdi gainean eserita ageri da. Eskuineko gizonezkoa, berriz, beso biak antxumatuta, itsasoari begira dago. Bikoteari kasurik egin gabe erakusten zaigu, pentsakor.
Adaburu ilunek goitik, harkaitz zuriek albo bietatik eta itzalpean den zoru arretuak behetik itsasoaren zabala inguratzen, zedarritzen, biltzen duen zirkulua osatzen dute. Ostertza berez dagokiona baino gorago ageri da, ez da ia zerurik. Hala, u itxurako egitura horren barnean, Baltikoa horma bat balitz bezala erakusten zaio ikusleari, haitzezko edalontzi batek gordetzen duen itsaso ikusgarria. Koadro erdian, malkoak lako orban txiki bi, luzexkak eta zuriak: itsasontzien belak.
«Mihiseak bete-betean jasotzen du kritikoek larritasun erromantikoa deitu izan gogo duten hori» idatzi nuen. «Novalis, Schelling eta Hölderlin-en teoriekin zordun, badirudi Friedrichek hori dioela lan honekin, gauza guztien azalaren azpian badagoela zeren beldur izan, alegia, ikusmira lasaiak tragedia gorde dezakeela; ustezko zoriontasunak nahigabea; bizitzak, heriotza. Muturren uztarketa hauen bitartez lortzen du arteak perfekzioa. Koadroa Sammlung Reinhart museoan dago egun ikusgai, Winterthur-en, Suitzan».
Ilunduta zegoen Oscarrek alde egin zuenerako. Zerbeza laten lika geratu zen sukaldeko mahaian. Ahaleginak egin arren aldean pausatzen zaigun kerua. Estik esango zidan:
Hurrengoan esaiozu balkoian erretzeko.