Zulo bat uretan
Zulo bat uretan
2008, nobela
208 orrialde
978-84-92468-01-0
azala: Lander Garro
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—4—

 

Inon bada zuhaitz itxura duen herririk, Larraingain da hori. Arte bikainaren erroak dituela esatea ez da oso okerreko burutazioa ere. Tarroan diren etxeek harpeak balituzte bezala eusten diote patar lehorrari. Elizapean, errekaren bila doan hegi gorriaren sustraiekin korapilatzen dira inoiz ostatu, denda eta auzotarren gezurmendi izan zenaren lehen harriak. Bi huntz zaharren zurtoinen besarkada horma arrailduan.

        — Zer duzu?

        — Ez dakit, hustasun hau.

        Garai batean, ez aspaldi ere, jendea ateratzen zen atariotara, zurezko aulkitxoa eskuan, uda arratsaldeetan mendialdetik zetorkiekeen haize berdeari itxaroteko. Sehaskak hilobi bilakatu aurretik, umeen makakorroak jalgitzen ziren lehertutako begiak diruditen leihoetarik. Idi-behien marruak kortetan. Aurreneko irratien berbaro elektrikoa ere hor dabil, mendialdeko bakardadea uxatzen.

        «Ez hain aspaldi», pentsatu nuen. Maiteri Rochen aginduta bezala, berarekin eta Oscarrekin heldu nintzen Larraingainera apiril hondarreko egun eder batean.

        Goizeko lehen ordu haietan, izenik ezagutzen ez nion muinoan gora, erpineraino igotzea deliberatu nuen, eta hala egin nuen, genuen, urratsa gehiegi behartu gabe, oinetako zolak etxe arteko harrietan katigatu —inoiz errekatik erauzi eta multzoka karrika osatu arte ekarriak— eta eliza beti begi bistan genuela, norberaren arnas hotsa entzuten. Kanpandorrean ezkila falta zen. Urrutixko aurkitu genuen, lurra uki ez zezan bi ohol gotor zituela azpian. Egundo galipotez jantzi gabeko kamiora aterea zuten, hurrengo egunetako batean nora edo nora eramateko gertu. Kokoriko paratu eta eskua pasa nuen brontze epeltzen hasiaren gainetik, letra bakoitza ikasle itsu batek bezala ezagutu nahian. Ez nuen hitzez hitz jaso beharrik izan, ongi gogoan dut nola zioen. Ez datarik, ez irudi nabarmenik, ezta gurutze bat ere. Kanpai barrena inguratzen duten bi zerrenden artean, biribil txikiz eta erronboz apainduta, latinezko esaldi bakarra, erraz itzuli nuena: Joannes Etchart me fecit.

        Lahar artetik iraganean katigaturiko marmarioak heldu zitzaizkidan. Mintzo haiek behinola, bakoitzak bere maneran emango zion izena kanpai hari, izango zuen deituraren bat, garaiaren arabera auskalo zein, San Isidro, Belaundi, La Dunduna, asma ezazu, dagoeneko inork jaso ez badu seguru asko betirako galduko dena. Muino, haitz arte, borda, magal, ezponda haienak bezala, urtegiarekin batera itoko diren eleak guztiak. Pena lainoak lotu ninduen. Nigatik, nahiena bertan utzi izan balute, urkatu baten gisan, haritzezko habetik zintzilik harro, mihi muturra agerian. Hartara, urak herria osorik estaltzen duenean, helduko da eguna zeinetan norbaitek, urtegi ertzera arrainetara gerturatua, edo aita zaharrari pasiera egitera laguntzera edota zakurra ateratzera joana, kanpai hotsak entzun dituela esaka itzuliko den etxera.

        Eta berandu gabe, hor izango da jarduna:

        — Gerra datorrela da hori!

        — Istripu gaitzen bat inguruan!

        — Atera gabe utzi zen norbait da, han dagoela esaten!

        Atera gabe utzi den norbaitengatik zabuka ezkila.

        — Ez ezazu nekerik hartu, dena eraisteko asmoa dago. Kanpaia ez da egongo non zintzilikatu —gaztigatu zidan Maitek.

        Elizako ate hutsari bizkar eman eta, eskutik hanka egindako bi haur balira bezalaxe, kale bakarrean behera egin zidaten begiek. Plaza txikiari ia erreparatu gabe hauspoa larritzen hasita heldu nintzen azken etxeetara. Beherago, larraina. Eta zabalgune idortuan behera, eskorta ustelaren gainetik jauzi eginda, haltzak, lertxunak eta makalak, nahas-mahasean. Zurbilago agertu ziren hosto ilunenak, haizeak puzka astinduta. Erreka mutu zetorren. Apoen klikluak uraren xuxurlatzea itotzen zuen.

        Giltzarena egin eta gontzerik gabeko atetik barrena sartu ginen. Zoko usain lehorra. Asteak ziren erretaula Iruñeko Elizbarrutiko Museoaren biltegira eramana zutela. Aukiak-eta, salduta omen zituzten.

        — Antikuarioek, kanporako.

        Aldareraino hurreratu nintzen. Maila biak igo eta aterantz behatu nuen. Erlieberik gabeko itzala zen Maite argi begian. Leiho luzanga zuen aurrean. Txilioa. Hegal astintzea, hegazti zuria alderik alderakoa egiten, gapirio artean gorde zen arte.

        Ura ikusi nuen emeki etortzen, latsetik gora hazi eta inguruetako landareak, ihiak, kanaberak eta izenez ezagutzen ez nituen beste hamaika azpian hartuta, igotzen, oro itotzen. Igerian oinez, kanpora atera nintzen. Sakanetik gainez egin, larraina urpetu, eskorta igaro eta etxeetara iritsita, laster hartuko zuen urtegiak zapaltzen ari nintzen guztia mendean. Asteetako kontua zen. Hilabete batzuk eta akabo dena. Eliza bat urpean, erroak ur ilunetan estekatuak. Urpean kanpandorrea, urpean nabe txikia eta harrizko aldarea, baita gapirio artean gorde den mozolo zuria ere. Urpean, pentsatu nuen, harkaitzekin bat egingo duten horma zaharrok, urpean harriotan zizelkaturiko irudi erromanikoak. Teilatupean, halako lore geometrikoak zituen, piztia izengabeak, Artzikoen aldean sotilak, baina haiek bezala garai bateko izuek edertuak hauek ere. Atea inguratzen, lau figura. Munstro baten ahutzak, gizaki bat ahoratzen. Salamancako katedralean badela astronauta bat etorri zitzaidan, zaharberritze lanetan harginak erantsitako kapritxo lotsagabea, eskafandra, oxigeno, hodi eta guzti. Ongi etorriko litzaiekeela Erdi Aroko patari zaharroi astronauta jantzia eta arnasa hartzeko tutua, mendeetan urpean egon behar badute, pentsatu nuen neure artean.

        — Bazatoz?

        Eguzkia, hari batetik tiratuta, goratzen hasia zen. Bero egingo zuen. Zeruaren gorraila arrunt higatua zen elizan egon ginen ordu laurdenean. Arestian begiek eta gogoak egin legez, eta Maiteren oinek orainago, errekaranzko bidea hartu genuen. Hilerriko atetik sartzean, eskukoa aterako zuen bernan beherako poltsikotik. Deitzen ikusi nuen. Telefonoa sakelaratzen berehala.

        — Iritsi garela esateko zen.

        Kanposantuan ginen.

        Orduantxe agertu zen gizona maldan behera, jertsea eskuan zeramala eta oinak indartsu kentzen lur elkorrari. Sotana falta zuen, gurutzea eskuineko eskuan tertzio karlisten aurrean gurutze santuaren egiteko, eta pistola gerriko uhaletik zintzilik. Baina burua estaltzeko eragatik ezagutu zuen Oscarrek.

        — Bisita dugu.

        Pampan, Olavarrian txapela halaxe zeramatenen irudia etorri zitzaiola aitortuko zidan gero autoan. Hango kapilauaren jitea hartu ziola, boneta horrelaxe ezin kaskar zuriagoan doi sartua. Basamortu hartan, txilar artean urrats harroz geuregana zetorrena apaiza zen dudarik gabe.

        — Ez duzue lantegi ederra —agurtu gintuen.

        Ezta aldaretik ihes egindako irudia balitz ere, buru gainean zuen udaberriko eguzki garaia, eta mazela txikitik ozen, aurpegirik ikusi ezin zitzaion ahotsa. Maitek esku ahurra bekain parean jarri zuenean ohartu zen etorri berria. Barkamena eskatu, eta bidezidorrean behera, sarrerako burdinazko ateari bultza eginda sartu zen hilerrian. Orduan ikusi ahal izan genuen ongi. Ez zuen, ez, Olavarriako kapilauaren antzik, esango zuen gero Oscarrek, baina ezagun zuen zer zen. Txapelaz gain, bazegoen ezin adieraz zitekeen zerbait garbi salatzen zuena. Gorpuzkera handiko, hirurogeita hamarren bat urte zituen, baina sasoiko zegoen, herren eta guzti.

        Esku guri bat ikusi nuen luzatuta, Maite gerturatzen. Txitxar hotsa lipar batez mututzen. Belar iharraren karraska oinpean.

        — Artzapezpikutzatik nator.

        Zuria zuen eskua, neurea bezain beraxka, baina sendo eusten zizuna.

        — Maite Andueza, arduraduna —aurkeztu nuen.

        Oscar ostean. Neu azken.

        — Hogeiren bat egongo dira —esan zuen gizonak ingurura begiratuta.

        Han-hemen zeuden barreiatuak hilarriak belar ihartuen artean, ordena jakinik gabe. Gehienak artez; zaharrenetako batzuk soilik erdi eroriak, lur hondoratua inguruan. Lurraren kolorea hartutako plastikozko lore batzuk hormaren kontra.

        — Ez dakizu seguru? —Maitek.

        — Ez dut lan hori hartu. Badut aurreragoko zereginik. Hildako hauek, gainera, ahaztuta daude.

        Urteak ziren azken herritarrari lur eman ziotela, hori bazekien Maitek. Aurreko astean erretorearen bila joana zen. Agoitzen aurkitu zuen. Ongi gogoan duela hondarrekoa zein izan zen esan zion, Larraingaingoa bederen. Aitari lur eman eta hilabetera joan zen azken biztanlea herritik, Iruñera. Erretorearekin emaniko bazkalosteari esker aurrean zuen gizon harroak baino gehiago zekien Maitek zapaltzen ari ziren lurraz. Biak elizgizonak izanagatik hark ez zuela Artzapezpikutzako herrenarekin zerikusirik pentsatu zuen. Lagunduko ziola kaxak autoan sartzen, hala eskaini zion bere burua Agoizko eliza atarian agurtu zuenean.

        «Autoan», halaxe esan zion.

        «Kamioi txiki bat da».

        «Berdin dio».

        Isiltasuna erabatekoa zen. Herrenak hobiei so jarraitu zuen.

        Longida eta Artzibarko erretoretza izan duela kargua eta lana ongi betetzen ahalegindu dela. «Beti», markatu zuen. Hala esan zion Maiteri, beti egin omen du osteraren bat, elizaren ondareak bere lekuan zeuden jakite aldera batez ere, hain egon da zabaldua azkenaldian egunkarietan-eta baselizetako lapurreten kontu hori. Hilerrira, berriz, urtean bitan baino ez da sartu ohi, dena ongi dagoen jakiteko. Urteak omen dira ez duela inor ikusi. Urteak dira inork ez duela lorerik uzten hilobi gainetan.

        Maitek ez zuen herriko erretorearekin egon zela esateko asmorik Artzapezpikutzako gizon handiari.

        — Hildako hauek ahaztuta daude —errepikatu zuen honek.

        Nola aterako zituzten ikustera joana zela esan zuen. Orpoaz ahalegindu nintzen lurra harrotzen.

        — Alferrik ari zara. Euririk egin ezean...

        Maitek isilik segitzen zuen, gizon handiaren eta bion arteko elkarrizketari ezaxolati, hilarrietatik izenak bildu eta jaiotza eta heriotza datekin batera koaderno txiki batera pasatzen.

        — Eta, zenbaterako duzue? —galdetu zidan azkenik.

        — Zenbaterako, Maite?

        Maitek, kokoriko, hatz mamiak lauzen gainetik pasatzeari utzi gabe erantzun zuen:

        — Ez dakit.

        — Saiatu beharko duzue ederki. Laboraririk gabe, goldeak ez badu laztantzen, lurra harri bihurtzen da.

        «Eskuetan babak atera arte ibilia haizelako esango duk hori», pentsatu nuen neure artean, urgunari begirik kentzeke.

        Zerua lainotzen hasia zegoen mendebaldetik, baina ez zegoen euritarako. Goiko hodeiak laster baino lehen xaretuko ziren. Egun askotxo zen ez zuela tantarik egiten. Orpo ukaldiak ez zion koska txiki bat baino egin zoruari. Hildakoak porlanetan bezain seguru egon dira urteotan.

        — Nahi? —eskaini zion Oscarrek tabakotik gizon handiari.

        — Ez, estimatua dago. Eta makinarik, erabiliko duzue?

        Baietz, handi-aurkiak egiteko behintzat. Gero eskuz. Pala. Jorraia. Atzamarrak. Eskuila. Pintzela. Zapia.

        — Ez behintzat inor urratu.

        — Zu hemen egongo zara?

        Begi-belarri zuen.

        — Azaleratzen dituzunean, gustatuko litzaidake. Eta ez banago, ez atera kutxak hilerritik. Lurra da bedeinkatua dena, ez lukete apaizen baten agurrik gabe urrundu behar hemendik.

        Zigarroa piztu eta Maiteri so egin zion Oscarrek. Gizon handiak ikusteko moduko narda imintzioa egin zuen, idazteari utzi gabe beti.

        — Zenbatu dituzu?

        — Hogeita lau.

        — Esan dizuedana.

        Ez bazuen freskatzen ez zen lantegi atsegina izango. Lur zokor irauliek ez zuten ustel usaina arinduko.

        — Hartuko dut beta liburuetan begiratzeko. Erretorearekin ere hitz egin beharko da.

        — Hitz egin dut —Maitek.

        — Ez da komeni inor ahaztea. Egon daiteke harririk gabeko norbait.

        Koadernoa itxi eta gure artera bildu zen Maite.

        — Imajinatzen duzue? —jarraitu zuen gizonak—. Gorpu bat urpean... ez nioke neure buruari barkatuko.

        — Dena den, ez da inor osorik egongo ezta? —galdetu zion Maitek.

        Burlaizez erantzun zion. Ongi zekien nola:

        — Santu ustelgaitzen bat esan nahi duzu?

        — Ez, zinkezko katabuten bat esan nahi dut. Ez dakit, kanpoan hil eta bidaian ongi mantentzeko kutxa giltzatuan ehortzitakoren bat. Airerik gabe, ez zen aurrenekoa izango.

        — Zaude lasai —umore gaiztotuz segitu zuen—. Hemengo laborariek ez dute halako atorra erosteko adina sosik izan. Lurrak salduta orain ez badira aberastu behintzat...

        Errepidetik norbaitek bozina jo zuen. Geure automobilaren atzean Audi ilun bat ari zen maniobra egiten, adineko gizon bat zuela barruan.

        — Segituko nuke, baina berandutu egin zait. Jakinaren gainean edukiko nauzue ezta? Noiz edo...

        Bi pauso eman zituen. Zapatei erantsitako lurra kentzen ahalegindu zen. Errepideko gizonak hurreratzeko keinua egin zion eskua leihatilatik aterata.

        — Galdetu behar nizula-eta, zer zara, argentinarra?

        Erantzunaren zain gelditzeke, gizonak urrats zaluz ekin zion malkarrari. Maldan gora, jertsea eskuan, ez gordetzekoa zitzaion herrena, albo batera uzten zuen eskuin oina erortzen. Zerbait erantzutera zihoala, gizonak giltzerdi egin eta aurrea hartu zion:

        — A, eta zigarrokinak hilerritik kanpora botako bazenitu...

        Oscarren begiak gizon handiagan pausatzen.

        — ...eskertuko nizuke.

        Autoa aldendu zenean, eguzkiak gogoz jotzen zuen. Erreka izkinako zuhaitzen hostotzan, zirkinik ere ez. «Trumoiak joko balu sikiera», pentsatu nuen. Itzuli egin ziren apoen klikluak.

        Ez berak ez nik aurrez hala nahi izanda, baina urrundu orduko konturatu nintzen urgun paparzabal hura erreportajean sartu zitzaidala.