1
City hoteleko gelan Hans Langsdorff-ek bi gutun idatzi zituen: bata, emazte Ruthi eta alaba Ingridi; bestea, Agintaritza Gorenari: «Ohorearen arrastorik duen kapitain batentzat etorkizuna ez liteke ontziaren bestelakoa izan». Ordu batzuk lehenago, hilabeteetan manupean izan zituen gizon guztiak agurtu zituen. Bi azalak ohe ondoko mahai gainean utzi eta kanporantz behatu zuen: udako gaua Buenos Aires altzoan kulunka. Azkenaldian sarritan bezala, Rügengo labarrek hartu zioten gogoa, Baltiko gainean zintzilik. Gala-uniformeko botoi urrekarak doitu zituen. Armairua zabaldu, oihala esku artean hartu, zurezko atea zarratu eta, Alemaniako banderan bilduta, ohe gainean etzan zen. Sabaiko hezetasun orbanean korazatu baten aginte zubiaren itzala ikusi zuen, eta masta bat ostean, baga artean hondora zihoazenak. Hasperen egin zuen.
Tiro hotsak aldameneko geletako bezeroak iratzarri zituen.