Jalgi hadi plazara
Jalgi hadi plazara
2007, nobela
228 orrialde
978-84-95511-93-5
azala: Zaldi Eroa
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Lux aeterna

 

Maletaren barnean zeuden paperei begira ginauden, borobilean, Santa Engrazia kaperaren itzalean. Argi xirrixta ahula zetorren kanpotik eta gatibatuen intziriak aditzen genituen. Carmenek idazkiak eskuan hartu zituenean, hatsa bahitu zitzaigun. Etxepareren izena zekartzaten, antzara lumaz izkiriatua. Bigarrenak hiru kopla. Eta laugarrenak ondoko belaunaldiei abisua: "Kasu, kasu, hau irakurtzen duena menderen mendeetarako madarikatua date. Jainkoak ez dio sekula barkatuko. Biz".

        Irri zozoa libratu nuen, bazuelako aspaldi zerukoaren bezainbat lurrekoen partetik ez nuela barkamendurik jaso. Taldekide guztiak oroz bat barkaezinak ginen. Dokumentuen ikerketan aitzina joatea erabaki genuen, Zokil, Gexan Hiriart, Jean d'Amou eta Albert Labruquere bera dardara ziren bitartean.

        Alabaina Bernat Etxepareren koplak ziren. Euskal literaturaren iturrietara itzularazten gintuen Bardeen hegietako elizaren umilak. Erroak ahantzi ziren, hargatik hor, erroak kurruskatzera kondenatuak ginen.

        Haizemin zainetan zebilen, Bilbora lehiaz. Ohikoan hartzen zituen hormonak ezinbesteko zitzaizkion, ahotsa, besteak beste, garrazten zihoakiola. Carmen presatuak ordea, nobela arrosak zein beltzak bi hilabetez kometitzen zituen arren, argitaldariak onartzen ez zizkion berdeak eta urdinak ere noiztenka, egiazki idazlea baitzen, ordenadorearen aitzinetik libratu denbora baliatu zuen, harpeetarik erauziriko bozez hitzak aletzeko:

 

                Gizonaren probetxuko emaztia bethi da

                Barnean sartzen zaiola hazittoa kurri da

                Ezpata zorrotza dauka egundainoko gida

                Eztenak baduelarik sekulakoz segida.

 

                Aluaren goza bidea ez du sekulan galtzen

                Emaztia delarikan karrikan ere saltzen:

                Loditzen doa eztena eta bertan argaltzen

                Odol jorien indarra zaukularik apaltzen.

 

                Emaztia biluz gorri gizonaren azpian

                Etzaten dela ederki, ohearen bakian

                Galdaturen du eztena sabelpeko sakian

                Saka diezaion laster, nigar malko artian.

 

        Uau! egin zuen Carmenek beharra bururatzean. Bazekien Etxepare apezaren ele-sailak zirela, baina hein horretara nehoiz ez zuela imajinatu erran zigun. Ukitua zirudien. Bat-batean, Santa Engrazian isiltasuna nagusitzen zela, larruak ikara nabaritu ziren. Beldurra zen ala emozionea? Zaila zen biak ezberdintzea. Carmenek irakurria egiaztatzeko, orrialdeak ebatsi nizkion ahurretarik eta, bai, hala zen, neska-laguna ez zen engainatu. Ene aldia zen, bihotzaren taupada ozenen arrapaladaz pairatzeko. Haizeminek ostu zizkidan paperak gero, Estevezi pasatu aurretik. Gaurko euskal jendartean jada afrunturik sortuko ez zuten kopla horiek Engelblau bere tabernan kantatuko zituela jakinarazi zigun Haizeminek.

        Albert Labruquere aldiz elez zeken zegoen, itsuskeria bat lurretik ilki bagenu bezala. Beste errekituek buruak apal zetxizkaten. Haientzat Etxepareren ohorea eta garbitasuna zikintzen zuten olerki zati horiek. Euskaldunaren fama ez zen goratuko alainan.

        Hosto horituak eskutik eskura iragaten genituen, koplak memorizatzeko. Paper higatuaren usaina elizaren hertsi urrinarekin ezkontzen zen. Bakoitzak bertso bat leitzen zuen, berekiko, norberaren intimitatean gozatzearren. Une batez ez genuen hitzik ere trukatu. Bakoitza bere desirak akuilatu gogoetetan lerratzen zen: Carmenekin amodioa eginen nuela pentsatu nuen nik hain azkar, non maitearen burutazioen lainoa zeharkatzean sentimendu berdinaren aztarna sumatu nion niniketan. Haizeminek silikonazko bularrak ferekatzen zituen. Eta Estevez Bilboko Ertzaintzako bere adiskide inspektorearekin ari zen telefonoan, haragizko kezka burbuilatsuetarik urrun. Burrunba hautsi zuen:

        — Zoratzekoa bada Etxepareren kopla gordeak aurkitu ditugulakoan, baina ez dezagula ahantz bi gizon hilak izan direla, ez hiru, testu hauek ezkutuan atxikitzea helburu. Gainera, zutoinari estekan datxizkagun gaiztaginek argitaletxe handi eta mediatiko bati bertsoak saltzeko asmoa zutela badakigu. Maleta ireki eta zurrungaz lo zirauela zirudien literatura baten oinarriak argira ekarri ditugu. Soizue, sinplea da: hiltzaileek jujatuak eta kartzelara behar dute, gaineratikoek bizitzen jarrai dezaten. Baina Nafarroan gaudenez, legez ezin ditugu arrestatu. Horretarako Euskal Erkidegora itzuliko gara. Thomas, Gasteizko laguna, auto batekin Oionera etorriko da Zokil, Gexan Hiriart eta Jean d'Amouren setiatzeko. Apeza eta bere semea, frantsesak direlako, agian libre utziko dira, halaber Zokil gaiztagin elkarte atipiko baten partaide izatea leporatuko zaion arren.

        Estevezek, harritzen gintuen moraltasunez hanpatu predikua bukatu zuenean, paperak maletan kokatu eta zutoinari bizkarrez zeudenak askatu genituen. Eskumuturrak loturik Thunderbirdaren atzealdera bulkatzeko orduan, nahikoa urduri geunden. Gehiegi zen alabaina, Euskal Herrian zegoen gauza, hitz eta gertakari batzuen estaltzeko jaidura amankomun hori: irudi eta ohorea mantentzeko, klandestinatean jarduten genuen. Euskaldunki bizitzeak sekretuan irautea zekarren. Mila tabu zeuden, etxeetan, familietan, herrietan edo alderdi politiko eta kulturaletan. Alta tabuak ukatzen ziren: herrialde aitzinatuaren itxura eman nahi genuen eta zailtasunak genituen nor-nori-nork arauan gure nortasunak konjugatzeko.

        Haritz sendoaren enborrean zizelkatutako zuzulutik idokitzea ez zela erraza konturatzen nintzen nihaur, arras lesbiana nintzela ahoskatzea tokatzen zitzaidan apurretan. Carmenek erneki zagitaz ziztatu ninduen, erran eta errepika nezan normaltasun osoz: jalgihadi bat nintzen ene aldian, aspaldiko euskara bezala. Baina ohartuko nintzen segur aski denborarekin, ohe zinpurtu baten beroan maitearen bularrak ferekatuz aitortzea aiseago zatekeela, egunero lesbiana antzera plazaratzea baino.

        Astotik lastora jauzi egin zuen ene pentsuak.

        Bizkitartean, zoritxarreko Gorringo saien bazka bilakatuko zen.

        Haizeminek zuen gidatzen Thunderbird distiratsua. Basamortua atzean genuen. Carmen netxikan eskutik, eta sentitzen nuen Euskal Herriaren orekaren bermeetarik bat desertua zela. Ez zen mendien berdetasuna, are gutxiago itsasoaren urdin arranguratsua salbagarri, baizik eta basamortuaren urrezko idorra; honek gintuen bizidun pilpiratsu moldatzen. Izpiritua alha zebilkigula, gaiztaginak Thomasen meneko utzi genituen Oiongo herriko etxearen parean. Agur eta eskerrik gabe.

        Jean d'Amou ordea, oilarki asaldatu zitzaidan:

        — Iparraldeko euskararen etorkizuna ilundu duzu maletaren barneko orrialdeen hautsa kilikatzean! Zerrama zikin bat zara Amaia! Ez zintudan horretarako kontratatu, aita atzematen neure laguntzeko baizik! Uste duzu saria erdietsiko duzula? Amets egin dezakegu eta pikutara joaten ahal zara, porru landatzera, antzara ferratzera edo arto bekandatzera, nahi duzunera! Banuen sos alde galanta zuretzat bankuan. Trahitu nauzu, aitak eta biok zugan kristoren konfiantza genuelarik. Euskaldunok trahitzaileak ez ditugula begiko ikasiko duzu berehala...

        — Euskaldunon artean, aldeko aburua ez duena, trahitzaile da. Atxik ezazu zure dirua, ez dut horren premiarik.

        — Espantuak sartuko zaizkizu, bai, ikusiko duzularik nolako indarra dudan euskal gizartean, ene gomendioengatik euskal nagusi guztiek zure lan-eskaerak ezeztatuko dituztenean. Gosez hil beharko duzu...

        — Gosez eta —Carmeni xuxurlatu nuen— elkar maitez, elkar maitez.

        Gexan Hiriarten urratsetarik sartu zen Jean d'Amou Thomasen Ertzaintzako furgoneta txikian. Eskuburdineztatuak ziren. Euskaltzain zaharrak ukabila altxatu eta erakutsi zidan. Haserrearen tua zerion ezpainetarik. Ateak hertsi ziren, klaskaz eta Thomasen autoa desagertu zen. Handik laster Bilboko norabidean ginauden, eta arratsalde apalerako Zabalburu plazako errotondan inguruka genbiltzan, unatuak, errautsez emokatuak eta, geroaz, ez soilik Iparraldeko euskararen geroaz kezkaz amilduak. Handik fite, norbera bere etxean kausitu zen, dutxapean, aspaldi baitzen alabaina uraren isuri hotzak ez zituela larruak laztandu.

        Menturaldi bitxiak eroan gintuela iruditzen zitzaigun: jarraipen logikorik gabeko abentura zen, euskaltzain kurkuilatu batzuen gibeletik hasieran, gero maleta batez arrabian, azkenik literaturaren historiaren egileek gordetako Mosen Bernaten lau koplaren jabe ginela. Altxorra guretuz, egiaren muinera hurbildu arren, bizitzak gure aldian lanjerean jarri genituen. Baina gure bizitzek funtsean ez zuten munta handirik, munduak galtzen ahal gintuen, negar alferrik gabe. Amodioak eta bata-bestearenganako elkartasun axolatsuak gintuzten hazten, ondokoen erramerranetarik urruntzen. Inkesta honek irakatsi lezioetarik bat zen.

        Ez araiz mandoarena.

        Carmenek eta biok larrua jo genuen, sakonki eta harroegia agertu nahi ez nukeen arren, asma nezakeen atseginik erraldoiena dastatuz. Gorputzak bildu ziren, eskuak desbideratu, begiak hertsi eta hatsak laburtu. Maite nuen Carmen. Ez zen aspertzen nirekin, eta horrek menturaz aspaldiko partez sosegatzen ninduen. Jendeak nardatzeko ohitura larria neukan, hainbat non aste apurrez baztertzen ninduten. Zainak desbideratzen zitzaizkidan orduan, debalde galdezka. Nihaur nintzen alabaina neure etsaietan lehena. Carmenekin ez zen hala, alderantziz: ezin aseak ginen, zorionik handiena bilatzen genuen, aditza harilkatzen, etengabeko solasaldiak hiltzeraino iraungo bailuan, amodioaren hiltzeraino behintzat.

        Gau hartan, Haizeminen Engelblau zerratua zen. Abudiopen opor eguna zen. Hitza finkatu genuen, seiehun eta laurogeita hamar presoen argazkiak zerrendan agertzen ziren Parte Zaharreko ostatu abertzale batean. Musika gogorra aditzen zen eta lagunek garagardoak manatu zituzten. Gin-kas zelakoa salbu ez nuen gehiago alkoholik edaten. Hobe zen ene urdailarentzat, bistakoa zenez. Carmenen papoan kuzkur nengoen, Haizeminen aitzinean. Iparraldeko ahaire ederrenak tekno soinuz apaindurik eskaintzen zituena arras bestelakotua zen: garbitua, usain oneztatua, eta hormonaz hanturik, ahotsa emetzen zihoakion berriro. Hilotzak talde metalikoaren erritmo zakarrengatik Estevez parean erdi lo zegoela, arratsaldean Santa Engraziako elizan harrapatu Bernat Etxepareren hiru koplak buruz ikasi zituela azaldu zigun, eta kantatzeari eman zen. Ukituak ginen bihotzaren barne-barnetik. Malko xirripa bat ikusi nuen Carmenen mateletan lerratzen. Estevez bermatu zen, miraria bailitzan.

        Haizeminek zerraikan:

 

                Aluaren goza bidea ez du sekulan galtzen

                Emaztia delarikan karrikan ere saltzen:

                Loditzen doa eztena eta bertan argaltzen

                Odol jorien indarra zaukularik apaltzen.

 

                Emaztia biluz gorri gizonaren azpian

                Etzaten dela ederki, ohearen bakian

                Galdaturen du eztena sabelpeko sakian

                Saka diezaion laster, nigar malko artian.

 

        Maleta madarikatuan hiru orrialde baizik ez genituen aurkitu. Altxor bat zen ordea. Ez genekien zer egin horrekin. Eztabaidan hasi ginen, bakoitzak bere ideia zeukala. Hondarrean Bilboko Zurgai literatura aldizkariko Haizeminen lagunei oparitzea erabaki genuen. Literatura izparringi gutxi zen Euskal Herrian gaurkoan. Nik kopia bat zainduko nuen Maiatz-ekoentzat. Halaz Euskal Herri osoko irakurleen eskuetara helduko ziren Mosen Bernaten bertso ezkutuak. Zerbait zen hala ere: mendeak ziren jada, jende multzo bekaitz batek, euskaldun guztientzat, eta hauen izenean, zer irakur eta zer pentsa zezaketen deliberatzen zuela. Edozein gaitan berdin zen: ereduak moldatzen ziren asanbleaz asanblea, bilkuraz bilkura, eta ereduetarik kanpo ez zegoen ihesik. Moldatzen ez zena trahitzailea zen eta pozik oraindik bizirik izateaz, nahiz eta ez zuen gehiago euskaldun zintzo, suhar eta plantakoen otalakoetako belarrik klikatzen ahal. Hausnar txarrean bazebilen, arerio eta aldi berean kide. Egoera eskizofrenikoa zen. Tregoa zen hondarrean urkatutako memoriaren ikararazteko balizko zera bakarra.

        Laugarren garagardotik landa Haizeminek, Gasteiz eta Erriberan barna genbiltzanean, gutunontzian sartu zioten publizitate koloretsu bat erakutsi zigun:

        — Ez gara hemen errotuko araiz. Ukan dut gonbit bat: gaur, hamarretan, Kafe Antzokian gaitzeko kontzertua bada.

        — Bahaia?

        — Zuberotar abeslariak gurekin daude. Eta ez nor nahi.

        — Nor dira?

        — Kurios zara Amaia ezta?

        — Noski, Tomes gris hartan egon naizen urteetan hainbat eta hainbat gurutzatu ditut. Edozein tenoretan. Batez ere neguko ilunpeak Zuberoa gatibatzen zuenean, ostatu zokoetan metatzen ziren argi zirrintaraino zinturrak larrutuz eta sudurrak tinkatuz elegia zaharrak dildilarazteko!

        — Egitarauari so egiozu eta ohartuko zara gaualdi super ona iragarria zaigula.

        Ordaindu eta atera ginen saldoan.

        Artekaletik, Somera eta Correosen gaindi, Areatzako zubian kausitu ginen zanpa-zanpa. Carmen eta biok mutu ginauden, behialako amodioarekiko eromenak irauten bailuan. Estevez eta Haizemin bara-bara ari ziren, aldizka Kafe Antzokiko emanaldia eta arratsa kartzelan iraganen zuten hiru biligarroak aipagai:

        — Merezi dute. Uste zuketen sosa egitea. Euskal kulturaren merkatu globala itotzea zuten asmo Bernat Etxepareren olerkiak argitaratuz. Antolaketa zehatza zuten. Hargatik, ez dut ulertzen zergatik Jean d'Amouk Amaia Ezpeldoi deitu duen. Aitaren urratsetan askiko zuen urtzea eta kito.

        — Gorringorekin desafioan zebilen ene irudiko D'Amou, eta ez zuen agertzeko xederik. Horretarako detektibe adiskideaz baliatu zen. Agian, gure laguntzarik ukan ez balu, Amaia orain Gorringoren ordez hilotz zatekeen, eta penatuak ginatezkeen —erantsi zuen Haizeminek.

        — Beraien deseina bururaino eraman zezaketen mundu ororen isilik.

        — Huts bat egin dute. Gaiztagin abilenek ardura huts bat egiten dute. Krima kasik beti da perfektua. Ez beti.

        Irri algara emekoiak Bilboko gaua inarrosi zuen. Haizeminena zen.

        Kafe Antzokiaren karrikan bazebilen jendea. Iparraldean euskara ikasi zuten Bilboko euskaldun berri guztien rendevua zen zuberotar kantariekilakoa. Brand new euskaldun horietan aleman, ingeles, afrikar eta espainol jatorrizkoak baziren, eta denak biltzen baldin baziren ortzadar koloretsua osatzen ahal zela irudikatu nuen, euskararen onerako. Baina zer nintzen ni euskararen onaz aritzeko? Erraten zidaten aski, gaizki baino gaizkiago mintzatzen nintzela, ene Amikuzeko euskara petrala iparraldekoegia zela, eta horrela ez zela etorkizunerako autobideetan bidesaririk ordaintzen ahal. Egia zen gurea ahultzen eta galtzen zihoala, baina bizirik ginaudeno bederen, gurekin ere egitekoa zen, euskara bere osotasunean noizbait ahoskatzeko detsea egiaztatzekotan. Bestela, Carmen gerritik netxikan, bestela errepikatzen nuen banda armatuan edo hainbat elkartetan egiten zen bezala, bazterketaz bazterketa, kanporaketaz kanporaketa, finkatuko zen euskal jendartearen hizkuntza murritza. Mintzairarekiko hertsitasunaren ondorioak ageri ziren jadanik euskal literaturan, idazleek, denek ulertzeko gisan, sintaxia gero eta light-agoak orrialdeetaratzen zituztela. Bazterketek eta kanporaketek umetzen gintuzten.

        — Bizitza normala eta hizkuntza erraza.

        — Zer derasan?

        Carmenen ahotsa nuen entzun. Monologo antzuan aztoratzen nindoala, moztu ninduen:

        — Zer derasan?

        — Ez dinat bizitza normala eta hizkuntza errazaz beste ametsik.

        — Hik?

        — Bai, nik —ihardetsi nion fermuki.

        — Hik? Baina? Lesbiana haiz eta Iparraldekoa! Sekula ez dun amets hori beteko!

        — Uste dun ez naitekeela salba?

        — Su zelestiarren estiretara kondenatua haiz hi ere. Salbatua izan nahi dun benetan?

        — Ez. Benetan ez.

        Musu bat trukatu genuen. Herrokan sartu ginen Kafe Antzokian. Ikusgarria hasi berria zela erran zigun, Estevezek ezagutzen zuen junki aurpegiko lagun kankail batek. Kantariak estradaren pean zeuden, eta ez nintzen gutxi harritu Johaine Barkos, Maddi Oihenart, Mixel Arotze eta Joanes Xubururekin batera, Tzapelo handia, Lohidoi mitikoa eta Loustalot ezin isildua susmatu nituelarik. Hirurak hilak ziren bulta hartan, hala irakurri nuen behintzat Le Miroir de La Soule hamabostekarian. Betazalak apaldu nituen, besondoa zimikatu nuen, baina agerrindeak berean zirauen eta Ifernuaren sakonetik erauziriko errealitatea baino ez zela onartzekoa nuen: non zegoen nire Tiresias maitea? Bizien eta hilen batasuna ospatzeko tenorea zen Kafe Antzokiko taula gainean. Bihotza nostalgiaz hantu zitzaidan. Soa laino neukan, eurizu, Carmen, Estevez eta Haizemini tematsuki beha nengoela: adiskideak murmurikatu eta istant hura nehoiz buka ez zedin desiratzen nuen.

        Nork etzanen zuen denbora geldiarazteko formula?

        Bizkitartean, Maddi Oihenartek Goizian goizik jeiki nündüzün kantorea eskaintzen zigula, gelako isiltasun sakratua basoen kliskako arinek baino ez zuten hausten. Betazalak apal ari zen beltzez apainduriko abeslaria, mendeak zuela pasatu eztei tragikoetako hilketa, bezperan gertatua bailitzan: nik banizün maitetto bat mündü ororen isilik, mündü ororen isilik eta Jinko Jaunari ageririk... Oraindik ere zuberotarraren entzuteak emozioz betetzen ninduen. Oroitzen nintzen, Carmeni belarrira nioenez, Atarratzeko eliza hotzean, arbelezko hegats ilunen lurralde zilarrean negua zela, Maddi Oihenarten hautemateak zenbateraino zoratzen ninduen, Niko Etxarten rock erritmoekin Basauriko plazan dantzatzeak bezainbat. Bilbon, konturatu berriro nintzen zintzurra tinkatu zitzaiola egünian lür hotzian eta gaüaz bi... besuen artian auhenkatzen zuela.

        Lapsus tempo bat zen, opari bat.

        Maddi Oihenartek belusezko ahotsa zeukan Tzapelori utzi zion lekua. Lili arraroz eginik eta erdia pozüatürik perpaus musikalak oraino udalatzen zidan kasko zokoa: Pierre d'Oihenart eta Manex Bergeret euskaltzainak artsenikoz pozüaturik zendu zirela frogatu zuten Altamira medikuaren ikerketa toxikologikoek. Halaber, leitua nuen nonbait, Joana Labrit, Nafarroako azken erregina, semearen ezkontzara joan zenean Paris aldera, lili boketa pozüatüa usaintzean hil zela, hil zutela, hobe erranik. Basahaire mineralak hazkurri, burutazioak zirurika zebilkizkidan. Carmeni hurbildu nintzaion. Emaztearen berotasuna gustatzen zitzaidan, horrela azaldurik, doi bat salbai egiten baldin bazuen ere.

        Tzapeloren ondotik Lohidoi landatu zen argi iturriaren azpian, Etxahun Barkoxeko minberategiaren berset dolorüsak harilkatzeko. Espektro Hirukotearen ekitaldia bereziki dastatzen nuen. Haizemin trenputxartzear zegoen. Etxahunen pare, gu ere denak josafateko sohüetan juntatuko ginen, baina gure sohüak ez ziren haraindietan irudikatu zeruetakoak, larruzko laztan eremuak, gorputz eztien harrizko espazioak, taigabeko elkarrizketen ordokiak eta norbera serioski hartzeko garrantzitsua zen bakartasun estimatuaren lautadak baino.

        Oihanbeltzetako belardietan alhan segituko genuen!

        Johaine Barkosek trankalaka Bereterretxen Kantorearen hogeita hamabi koplak eman zituen, Joanes Xuburuk bigarren boza eskaintzen ziola. Oraindik suhar ziren ekialdeko abeslariek korua moldatzen ziotela, Haizemin taulara igo zen eta Santa Engrazia elizan argira ekarri Mosen Bernaten koplak intzirikatu zituen. Herriarentzat, inongo zartagailu, hilketa edo mendeetako debeku moralek lortu ez zuten libertate sentimendu bat hegaldatu zen, negarrarekin errimela urtzen zihoakion Haizeminen ezpainetarik.

        Estevez Haizeminez maitemintzen ari zela iruditzen zitzaidan.

        Bilbon nintzen, maitearekin, Maulen bezala adiskideekin orenak labur zirela murdukatzen.