Jalgi hadi plazara
Jalgi hadi plazara
2007, nobela
228 orrialde
978-84-95511-93-5
azala: Zaldi Eroa
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Confutatis

 

Ogitartekoak klikatu genituen. Gin-kas edan genuen. Ostatuko hormak inarrosten zituen musika teknoa aditzen zen. Gizonak tinkoki dantzan ari ziren. Emazteak elkarri pottka. Gu aldiz etsituak ginen. Akituak. Galduak. Hatsa trenka hurren geneukan. Soa, murruan dilingatu Marlene Dietrichen poster handian nerabilen, Berlingo izarrak salbatuko ninduela ustez. Baina ez nuen burutzerik ere egiteko indarrik. Carmen beha zegokidan eta bere behako hutsalari ahalik eztikien erantzuten nion. Denbora hezurtzen zelakoaz baliatu zen Estevez Pierre d'Oihenart euskaltzainaren autopsia lasterraren berri emateko:

        — Bortizkeria aztarnarik ez daukan arren, gizona bortizki hil da. Izuak eraman du ziztako batean. Miren Altamirak egin dituen analisi toxikologikoen arabera gizona pozoitua izan da. Jateko zitaldua irentsi eta handik zenbait ordu labur barne beste mundurako trena hartu du.

        — Non jan du? —Carmen lokumatik atera zen.

        — Artxanda gaineko tabernan afaldu du, dirudienez. Hala erran dit behintzat zerbitzariak.

        — Bakarrik zen? —kasko zokoan neure galdearen oihartzuna bitxi zitzaidan. Belhitu bide nintzen.

        Estevezek arraposki hitza harilkatu zuen:

        — Hasieran ez omen zen bakarrik. Gizon lodikote baten konpainian baizik. Ostatu berean, mahai bat urrunago, zerbitzariari ezezagun zitzaion norbait bazen.

        — Kalapita ozentsurik izan zena hauen guztien artean?

        — Ez, une batez, zerbitzariak kontatzen duenez, Pierre d'Oihenart, gure biktima komunetara zuzendu zen. Orduan...

        — Orduan zer? —berantetsitu nintzen, Iparraldeko adiskide batek erran lezakeen moduan.

        — Orduan, ez dakit, menturaz ezezagunetarik bat altxatu zen eta Pierre d'Oihenart zoritxarrekoaren basora artsenikoa bota zuen.

        — Artsenikoa?

        — Hala diote ikerketa toxikologikoek.

        Engelblauko argiak itzali ziren. Haizemin taula gainean zegoen. Teknikariak play-back soinua abiarazi zuen. Mirakulua egiaztatu zen berriz, abeslariaren boz sakonak harpeak hantzen zizkigula. Ikusleen zainetan gutizia isuri zen, biderka: maitea nun zira zoragarria gorpuztu zenean, negarra begi hegian neukan. Ondotik Santa Graziko hartzaren istorioa eta Itorrotzeko hilketaren hogeita hamahiru koplak harilkatu zituen. Haizeminek, izerditan eta betazalak apal, Iparraldeko kanta zaharrak blues lantzinanteak bailiran, eskaintzen zituen eta emanaldia bukatu zuen Bereterretxen Kantorea haserre menperatuaz xuxurlatuz eta itsasoa laño dago Carmen bere lagun hurkoari oparitu zion. Ezkargiz hornitutako mahaietan zeuden jendeek nasaiki txalotu zuten, gizon sortu eta emazte hilen zen artista erraldoiaren ekitaldia.

        Sotoaren magalean ongi sentitzen nintzela erran nion Carmeni. Musu luze bat eman zidan. Behar nuen, nahi nuen, lehia nuen Carmen. Haizeminek buru keinu batez aldagelara gonbidatu ninduen. Ostatua txikia zenez, ez zegoen hemen Arriaga antzokian bezalako etengabeko kuluarrik artisten intimitatearen bihotzera heltzeko. Artistaren ipurdi borobil perfektua segitzen nuen eta zimizta baten abiaduran, Haizemin desiratzen itxuratu nintzen. Fantasma bat zen. Ez nekien zehatz zer zen norbaiten arinkiro desiratzea, une hartan grabetasun dorpez funtsean desiratzen nuen bakarra Carmen baitzen. Halatan, Haizeminen urratsetarik trabukatzen nuen ilunpean, itsumandoka.

        Mirail handiaren aitzinean jarri zen. Mokanes bat eman zidan kopetan zerion izerdiaren lehortzeko. Lana samurkiro konplitu nuela aitortzekoa nuen. Berezilaria ez nintzenagatik pintzelez pintzel, makillajea kendu nion. Gorputza trinkoki mantentzen zion zetazko arropa beltza bizkarrean deslotzen lagundu nuen. Gizon ohi soinalde leunduaren ukimenak ikara hazi zidan eta, bular silikonatuak airean inguratu zitzaidalarik, behialako desiraren zimizta latzak zapartarazi ninduen. Irriz ari zen, eraginaz ziur:

        — Ederrak ezta?

        — Bai —ahoskatu nuen soilik, zintzurra korapilatua.

        — Abudiop, nire amantearen altxorrak dira.

        — ...

        — Eta zu Carmenekin, ongi?

        — Maite dut...

        — ...Eta maite zaitu. Orduan, behaztoporik ez.

        Mehatxua zena? Balizko bihar edo etziko infidelitate aukera guztiez aurretik hobendun sentitu nintzen. Alta bada, ez zen bakarrik ene errua, hogei urte iraun baldin bazuen gure arteko hormatze permiarrak?

        Larru distiratsuz apaintzen ari zela, murmuratu zuen:

        — Carmen nire adiskiderik kuttunena da. Carmen gabe, ez dakit gaurkoan bizirik nengokeenez ere. Kasu egiozu eta maita ezazu zure baitako ume ukatua delako.

        — Ez gara gehiago sekula elkarrengandik aldenduko.

        — Nahiago dut hori —artekatu zuen sosegatua—. Goazen lagunen mahaira eta edan dezagun arraiki. Ordu biak aldera Bilboko bihi-merkatu zaharraren egoitza arraberrituetan, aparkalekuaren azpian, Florena Blancok datxikan soto andaluzera joango gara.

        — Eta bihar, goizean goizik Gasteizera.

        — Gasteizera?

        — Ez dizu Carmenek ezer aipatu.

        — Ez, irrikitan nago.

        Ostatuko ezkaratzera itzuli nintzenean, emozioaren mugetan nenbilen. Ninikak heze nituen. Carmenen ondo-ondoan ttottotu nintzen. Emaztearen berotasuna sumendiaren ahotik jazar litekeen labaren antzera hedatu zen neure baitan, azken trabak erauzten zituela.

        — Ez haut nehoiz kitatuko.

        — Zer dela eta, debaldeko promesa hori?

        — Maite haut.

        — Bazekinat. Haizeminen ebanjelioa jasan dun hik, ezta?

        — Ebanjelioa eta aldagelako komunionea.

        Estevez edanaren bortxaz sutan zegoen. Haizemin gure artean zapalatu zen eta aitzinean zeukan basoa ezpainetara eraman zuen, eri ttittila airean. Farra gogoa neukan. Musikak bazterrak atzaparkatzen zituela, Estevezen mugikorrak jo zuen.

        — Miren Altamira da. Baaai?

        — Zerbait aurkitu dut Manex Bergereten zainetan.

        Estevezek bozgorailua martxarazi zuen. Miren Altamira mediku legistaren ahotsa denek entzun genuen, musika gogorraren zantzuetan itorik adi egon behar baldin bagenuen ere.

        — Bergereten hilotzari azterketa toxikologikoa egin diot, eta asma zer atzeman diodan.

        — Artsenikoa.

        — Justuki. Ohartu naiz halaber gizonak ogitarteko bat irentsi zuela hil aurreko uneetan. Bitxi da. Bi hilotz dauzkagu. Beraz, serial killer baten atzetik zabiltzate.

        — Serial killer bat?

        — Bai, bizirik dirauten beste biak lanjerean daude. Harrapa itzazue berandu baino lehen. Bestela, laster Iparraldeko Euskaltzaindiaren ordezkaritza suntsitua izanen da. Pena liteke Euskaltzaindiarentzat.

        — Pena?

        Arraformulatzeko jaidura txarrak gainditu ninduen. Nondik pena? Jadanik Iparraldekorik gabe antolatzen eta arautzen zen euskara. Haien presentzia testimoniala baino ez zen. Ohorezkoa. Nostalgiko batzuen erresuma. Iparraldeko idazleak, adibidez, den-mendrena Herria astekariko eredutik eskapatzen saiatzen zirenean, establixment linguistikoa durduzatzen zen, nora doaz galdezka, ez da posible, euskara garbia frantsesten digute, ohartu gabe beraien lerroetan euskararen gaztelartzea onartzen zutela, baimendu gabe bistan dena, baina hizkuntzaren destinua zen ezta? Iparraldeko euskaltzainak euskara garbi idealizatuaren zaindariak ziren, barnean eta kanpoan. Pena? Nondik pena? Lelotzen ari nintzen.

        Carmenek ene burutazioak apurtu zituen:

        — Bai, pena liteke egiazki. Haizeminek eta biok non ikasiko genuen orain darabilgun hizkuntza hau, Iparraldeko baserrietan izan ez balitz?

        — Eta Iparraldeko hirietan ez?

        — Baiona salbu, hiririk ez dago Iparraldean.

        — Eta mugaz haraindiko hiri euskaradun bakar gisa aurkezten den Miarritze? Seinale elebidunak ditizten, ikastola berria eraiki zitenan aspaldian eta Mediatekan sail oso bat badun euskararentzat. Eta gure erako hirugarren sexukoentzat ortzadar koloreko ostatu elebidunak baditun. Non aurkitzen da horrelakorik? Donapaleun beharbada...

        — Ageri dun ez ditunala hire erro amikuztarrak ukatuko!

        Amikuztarra nintzen eiki. Gustatzen zitzaidan Biduze ibaiak urratzen zuen lurralde umil hura. Umila eta euskara desagertzen zihoakion heinean, isila. Anta pentsatu eta alta marmazikatu nuen:

        — Alta... Serial killer bat?

        — Bai, hori eta bera, erantsi zuen Estevezek. Sospetxatzen duguna Gasteizera joan omen da arratsalde honetan, seietan. Ez al da Pierre d'Oihenarten gutxi gorabeherako hil ordua, Miren?

        — Bai, zazpiak aldera zendu da.

        — Gorringo atzeman behar dugu, bale ke bale.

        — Eskerrak Miren.

        Estevezek telefonoa eho zuen. Gogoetari eman zen. Lili Rusch tematsuaren pare, Miren egundaino lanean zebilela zioen, egunez eta gauez, lanaren pasioneak hiltegian iltzatua:

        — Florena Blancoren sotora gonbidatzen ahalko nuen.

        — A bai, hori egiten ahalko zenuen...

        — Baina beti zerbait ahanzten dut.

        — Hori ere bai —burlatu zitzaion Carmen, eta Haizeminengana bihurtuz, gehitu zuen—: Gasteizeratzeko zure Thunderbird 666 prestatzen ahal diguzu?

        — Prestatzen? Badakizu ez dudala inori neure kotxea prestatzen. Gidatuko zaituztet. Nik ere opor premia daukat. Ostatuaren kudeantza Elvis ene bigarren arduradunaren esku utziko dut. Goazen Flamenkora!

        — Flamenko Florena Blancoren taberna-sotoa dun. Goizeko hiruretarik hara bere ikusgarria eskaintzen din, seme-alabekin.

        Xehetasunak biderkatu zizkidan Carmenek.

        Oinez joatea erabaki genuen. Nahikoa edanak ginen, baina koadrila alegera bestan zen gau hartan: bi hilotz bagenituen besoetan, maleta bat, kopla zuzenez beltzatu paper puska zenbait eta bi Iparraldeko euskaltzain karrikan nora ezean, arriskuan beharbada. Eta nik, noiztenka bezain ardura, urrutizkinaren puntan Jean d'Amou, mintzatu baina Izturitzeko harpeetan ikusi ahal izan ez nuena. Parte zaharretik atera ginen, trinkili-trankala, Estevez aitzinean, Haizemin gidari panpox, Carmen eta biok eskutik. Bilboko hiria freskatzen zuen hego aire euritsuak larruak eta bihotzak lasaitzen zizkigun. Jendeen artetik sigi-sagatzen saiatzen ginen, barkatu handik eta barkatu hemendik. Gurutzatzen genituen bizidunak beraien aferetan zeuden, buru-belarri, eta ez ziguten kasu handirik egiten. Erriberako zubia zeharkatu eta laster San Frantzisko kalean gora Nerbioiaren ezpondaz aldatu ginen.

        Haizemin ezin isildua zen. Eskaizko galtzak ipurdi mazelak deigarri moldatzen zizkion eta haren iledi horailak uda mineko ogi landa uhintsu bat zirudien.

        — Ijitoen auzoa zen hau, hurbileko altzairugintzako lantegien keek Bilbo beltzatzen eta zikintzen zutelarik.

        — Duela hogei urteko istorioa!

        — Hala da Amaia —oniritzi zuen Haizeminek—. 1983ko uholdearen ondotik iluntasun hura arras desagertu da. Baina karrika hauetarik pasatzean eta murruei beha egotean, nabaritzen dira jagoitik jende xeheen auhenak... So egizue ireki dute sex-shop bat, begira izena euskaraz dauka, Txortaka. Hara beraz euskararen desiraz amiltzeko aukera bat!

        — Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailaren euskararen normalizaziorako planak aurrera ari diren seinale...

        Trenbidearen gainetik, Zabalburu plazara iritsi ginen. Errotonda erraldoiaren ingurua egin genuen. Carmenek ahurra tinkatu zidan, min egiteraino:

        — Lau ordu gastatu nitinan Zabalburu plazan behin, hire aiduru.

        — Eta ez nindunan etorri?

        — Ez. Ez huen deitu. Negarrez sartu nindunan Barrenkalera, beldurtua baino gehiago etsitua, ez nuelako ulertzen. Deitzen ahalko huen!

        — Oroitzen naun. Ordutik hara hormatu zunan gure harremana. Banekinan emaztekoia hintzela eta ez nindunan prest horretarako.

        — Lotsatia haizelako.

        — Zer erranen zuten adiskideek, ene ustezko adiskideek, denbora joan ahala ohartu naizelarik ez nuela adiskiderik eta elkar maita genezakeela naturaltasun osoz, denbora hau guztia galdu gabe. Beranduegi zunan gero oihalaren berriz josteko.

        — Ez hintzen Penelope izateko jaio, argiki... Amaia, bus geltoki horren azpiko gizon zahar hori nonbait ikusi dudala iruditzen zaidan!

        Txapela buruan zeukan. Izua barreiatzen zitzaion gorputzeko zain urdin orotarik. Kopeta apaltzen zuen. Bakarrik zebilen. Bus aterpetik hamazazpi metrotan, taldea banatzea erabaki genuen, gizona sorpresaz hertsatzeko. Haizemin eta Estevezek ezkerretik setiatuko zuten eta guk eskuinetik.

        — Gau on Gexan Hiriart —erran nuen, laurak adineko durduzatuaren aitzinean ginela, blokean.

        — Nor zarete?

        — Salbatu nahi zaitugu. Serial killer bat daukazu atzetik.

        — Zer da hori? Serial killer bat?

        — Non da Albert Labruquere, iragan ostegunean Bilbora Euskaltzaindiaren Onomastika bilkurara zurekin etorri dena?

        — Ez dakit. Ez dakit non diren ene lagunak. Galdua naiz. Autoa non utzi dugun ere ez dakit. Ahantzia dut.

        — Alzheimerrak joa ez zara... —huxtukatu nuen, baina pozik nengoen Iparraldeko lau euskaltzainetarik bat bederen bizirik harrapatzeaz.

        Haizemin eta Estevezek Gexan Hiriart fermuki atxikitzen zuten gerritik. Ez zuen ihes biderik. Kukumixa malguaren antzera mugitzen zen. Bazuen indarra alajainkoa! Paltotik heldu nintzaion:

        — Non da Albert Labruquere?

        — Ez dakit.

        — Faltsukerietan ari zara. Mintza zaitez arren: gizona lanjerean da. Badakizu araiz Pierre d'Oihenart eta Manex Bergeret hilak atzeman direla, artsenikoz pozoituak.

        — Ez dakit.

        Malkotan urtu zen. Hipakoek Gexan Hiriarten karkaza zatarra inarrosten zuten. Ezin gelditua zirudien. Jabaldu zenean, hitza bastatu zuen:

        — Gasteizera abiatu da, arratsaldean.

        — Gorringorekin?

        — Ez dakit. Gorringo urde zikin horrekin? Etorri gara gure hilabeteroko bilkuralat eta bazkaritan ari ginen ostatuan tranpa egin zigun. Badu bi hamarkada orain Piarres Lafittek, azken hatsa eman zuenean, artoski zain genezan maleta bat eman zigula, Santa Engrazian dago giltza erranez.

        — Zer dago maletaren barnean?

        — Ez dakit.

        — Ez dakizula? Gezurra diozu beste behin. Eta Piarres Lafittek nondik eskuratua zuen?

        — Ez duzue ulertuko, gazte zozolak zaretelakoan, baina Lafitteri Lhandek eman zion, eta Lhanderi Intxauspe kalonjeak, eta Intxauspe kalonjeari...

        — Okey. Aski da.

        Moztu nuen hozki aitatik seme izpiritualerako ohiko familia transmisioa baten lekukotasuna zekarren Gexan Hiriartek biribilkatzen zuen haria. Iparraldean, euskararen transmisio eredu ideala zen hori, aita kanonikotik seme platonikora. Hausnarrean nenbilen. Hausnar tzarrean. Bizkitartean, oharkabean, Gexan Hiriart estuki lotzen genuela, Flamenko ostatuaren atarian ginen. Neonezko argiek gaua urratzen zutela, euskaltzainaren begitarte afruntatuaz konturatu ginen. Gibelera egin zuen:

        — Nora naramazue? Moralak kondenatzen dituen toki likitsetan ez naiz sartzen...

        — Hemendik at, gurekin ibiliko zara.

        — Libre naiz ez?

        — Bai, bistan dena libre zarela, ura edan eta pozoia irensteko.

        — Jakin ezazu —artekatu nuen Haizemin eta Carmen isiltzen zirela— zure semeak kontratatu nauela bizirik harrapa zaitzadan. Maletaz interesatua dirudi, Gorringok bezainbat.

        — Jean d'Amou, ene seme pistolet hura? Irakasle alfer bat baizik ez da. Ez da kapable izan apezteko ere!!!

        — Apez dinastia ederra osatuko zenuten.

        — Trufa zaitez. Zu al zara Amaia Ezpeldoi?

        — Bai, Amaia Ezpeldoi naiz. Hara nire adiskideak: Estevez, Haizemin eta Carmen.

        Trankilago ematen zuen. Apez naturak iheslariari gaina hartua zion zirudienez, gogoz kontra Flamenko sotoan sartzean errepikatzen zuelako zuek bekatorosak kofesatuko zaituztet nahi duzuenean. Gexan Hiriart bulkatu eta mahai batean jarrarazi genuen. Taula gainean Florena Blanco dantzan ari zen, egurrezko zola zapata aztal punttadunez ikaratzen zela. Saihetsean, alaba zeukan abeslari eta esku zartari, atzealdean aldiz, ilunpean kasik, seme bat gitarrarekin. Gitarraren soken sotiltasuna miresten nuen artean, Haizeminek gin-kas manatu zuen denentzat, salbu beretzat, eta ardo bat Gexan Hiriart xifrituarentzat. Florena Blancoren ahotsa biriken hondotik, zintzurrean gora buruko meandreetaraino garatzen zen, hats hartzeko unea, gitarrak eta neurrian ernatzen ziren txalotxoek betetzen zutela.

 

                Cuando sufres cuando lloras

                Para nada para nadaaaa.

 

        Florena Blancoren kanta sakonak gatibatu ninduen. Ezagutzen ez nituen Andaluziako bazter idorrak itxuratu nituen, Granada eta Sevilla, errautsez emokatu olibatze eremuak eta Mediterraneo itsasoaren urdintasun argitsua. Bilboko Errekaldeberri auzoaren minetik, ezitxuratu nintzen, hizkuntza aldatu nuen eta mundutikako mendeak zeharkatu nituen. Gin-kas godaleta ezpainen freskagarri netxikan.

        Haizemin mintzatu zen, ene ibilaldi mentalaren zorabioa erraustuz:

        — Zaudete hemen, banoa autoaren bila. Ondo-ondoan bizi naiz. Gexan Hiriarti kasu egiozue arren.

        — Bai, artoski zainduko dugu. Ihesik ez du, heriotzarekiko hitzordua baizik!

        — Ez duzue eskubiderik, ez duzue eskubiderik...

        Gexan Hiriart oihuka ari zen, debaldetan ordea, ostatuko arramantzak eta tauladako ekitaldi hunkigarriaren doinuek orro basatiak itotzen zizkietelako. Carmen euskaltzain adinduari belarrira ari zitzaion bara-bara. Estevezek elea iruten zuen mahai batean zegoen neska gazte lirain batekin.

        Neska gazteak bat-batean gure taldearen erdira punpa egin zuen, pistola txikia erakutsiz:

        — Lagunduko zaituztet! Zuekin nator! Estevezek guztia azaldu dit.

        — Nor zara?

        — Berdin du nor naizen, izengoitia baizik ez daukat —ihardetsi zidan—. Hamar urte itzalean iragan ditut gaiztagin elkarte famatu bateko kide izateaz akusaturik. Tresnatxo hau atxiki dut hamarkada heroiko haiek ez arras ahanzteko.

        — Nik ere pistola bat badut —erantsi zuen Estevezek—, baina ez arrazoi berdinengatik. Hortxe dago.

        Bi pistola bagenituen ondorioz, biak gin-kas baso hustuz mukurutu mahaiaren agerian. Biek historia ezberdina zuten. Irriz lehertu ginen, bonbaz lehertzea baino hobe zela komentzituak.

        Eskergarria zen tregoa.