Jalgi hadi plazara
Jalgi hadi plazara
2007, nobela
228 orrialde
978-84-95511-93-5
azala: Zaldi Eroa
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Recordare

 

Basurtuko hiltegitik atera ginen. Estevezek agurtu gintuen, eguna ez zuelakoan oraino bukatua. Hargatik, hirurok elkartzeko hitza Engelblau ostatuan finkatu genuen, gauerditan. Artean, Carmen eta biok bagenuen mila gauza egiteko, hala nola Axular hotelera joatea eta ahalaz Gorringoren logelaren mirazkatzea, eta Joseba, Carmenen lagun batengana jotzea, maleta irekitzen ahalko zuelakoan. Joseba bank robber bat izan zen laurogeiko hamarkadan eta, abentura kartzelan bukaturik, afera ilegaletarik urrun baldin bazegoen, kofreak zabaltzeko trebetasun naturalak irauten zion. Artxanda gainean eraiki zuen mobil-home batean bizi zen Joseba, emaztea eta hiru haurrekin.

        Ez genuen alabaina amodiorako asti askorik eduki arratsalde hartan. Hizketarako bai ordea. Onera nentorren eta Manex Bergeret izan zitekeenaren hilotzaren aitzinean pairatu nuen trenpu txarra oroitzapen mikatz bilakatzen ari zitzaidan. Halaz, tranbian sartu ginen Arriaga plazako Boulevard kafetegia helburu. Bilboko trena polita zen, berdea eta ardura bisitariz betea, batez ere, ohartu ginen eran, Guggenheim aldera iristean. Jendeak ez zuen maite oinez ibiltzea, herresta pobre baten antzera, nora ez. Orduan, garraio publikoetan gordetzen zuen bere bakartasuna, edozein hiritan eta noiznahi babesa eskergarria zelako.

        Basurtu, San Mames, Sabino Arana, Euskalduna, Abandoibarra, Guggenheim, Uribitarte, Pio Baroja, Abando, Arriaga, Rubera, Atxuri: lineako geltokiek Bilboren historia laburbiltzen zuten, hiriaren hedapena, euskal nazionalismoa, kirola eta literatura, industri-aroa, berrikuntza eta kultura burgesa. Mendi mazela batetik bestera zihoan, aska azpilduz. Carmenek eskua atxikitzen zidan eta burua haren sorbaldan neukan. Tram-a bezain isil genbiltzan. Noiztenka soako bat, samurra, trukatzen genuen. Guggenheimen paretik iragaten, burdinazko armiarma erraldoiaren zangoek mehatxatzen nindutela iruditu zitzaidan. Carmenek ene lotsa eztitu zuen:

        — Lasai, laztana, mamu ikaragarri hori Louise Bourgeois andere xaharraren Ama baizik ez dun.

        — Ama? Amak horren piztia al dira?

        — Batzuetan bai, beraien tentakulu ilezuak haurren, eta sustut alaben bihotzetara aurtikitzen dituztenean.

        Irri egin zuen. Uribitarteko zubi zuriaren maldan turista amerikar zaratatsu multzo bat jaitsi zen. Baziren frantses eta alemaniar batzuk, mutu, serio eta begiak bideo-kamera numerikoetan txertaturik zeramazkiten. Amerikano franko bazetorren Bilbora, ez Iruñeko San Ferminetara bezainbat, baina anitz hala ere. Jendaldearen mugimenduei beha, ohartzen nintzen aise ahanzten nuela ikertzekoa nuen kasua. Betazalak apaldu nituen, Bourgeois anderearen Ama mamua itxuratu nuen eta ez aspaldi, telebistan begietsi Pink Floyden Berlin-eko The Wall kontzertuaz gogoratu nintzen: Sinead O'Connor, gehien gustatzen zitzaidan irlandar abeslaria, KD guztiak erosten eta buklean entzuten nituen, han zegoen Potsdamer Platzen, oinutsik eta kaskoa ilez arrasaturik mother do you think they'll drop the bomb galdezka. Nerbioi ibaia aldamenean neukan, Carmen saihetsean, ikerketa bat bururaino eramateko eta Sinead O' Connorren eskaerak kaskoan iltze. Burdinazko Erridaua lehertu aurrekoak ziren, eiki. Alabaina Burdina eta Erridaua biak desagertuak ziren.

        Hurrengo geltokia: Arriaga.

        Presatu ginen Kafetegira. Mahai bat aukeratu genuen zoko batean, trankilago izateko. Arratsaldeko seiak ziren. Paseoan zebiltzan bilbotarrez mukuru zen ostatu panpoxa: karkara zoharrak altxatzen ziren, haur negarrak, gizon ahots lodiak eta kafe makinen xirri-xarra etengabeak, pssiiiit kruuuux ya esta mesa 15. Carmen manatzera joan zen. Bakarrik suertatu nintzenean paltoko sakelan purtzilikatua neraman Manex Bergeret gaizoa izan zitekeenaren eskuz izkiriatu papertxoa jalgi nuen: idazkera urguilutsua zuen euskaltzainak, eta hasieran ez nion ezer ulertzen. Eskerrak grafologia kurtso bat jarraitu nuela zenbait urte Miarritzeko UEUn, Edurne Gonzalez irakaslearekin. Ondorioz, astiro-astiro hizkien mamia dastatzea lortu nuen:

 

                Zuringo eta Gorringo

                Arraultzearen esklabo

                Nork hil nauen da jakingo

                Zuria delarik salbo.

 

                Santa Engraziren giltza

                Nahi dugu harrapatu,

                Gu zaharturik gabiltza

                Baina behar dugu batu.

 

        Ouais d'accord.

        Ez zitzaidan besterik azaldu. Eta berriz inkesta honen lelo burugabea bihurtzen zihoan Santa Engrazian dago giltza izkiriatua zen. Carmen itzuli zenean kafeak eta delicatessen zenbait eskuetan, arras harrotua nintzen. Uste nuen urrats handi bat egin nuela: hiltegiko gorputza Manex Bergeret zen eta hiltzailea, zuria salbo baldin bazegoen, Gorringo baizik ez zatekeen. Musu bat eman zidan, kukuska, alegia deus ez.

        — Miren Altamira deituko dinagu. Han duena Manex Bergeret baita. Familiarik gabeko apez horri agian euskararen familiak ohore eginen zion.

        — Zer ari haiz? Bihozberatzen? Bazekin ongi alta euskararen familiak ohoreak merke dituela, ezta?

        — Bababai... Iunfa eta larderia, biak sobera, euskararen familiakide izateko.

        Carmenek Miren Altamiraren telefono zenbakia marraztu zuen bere mugikorrean. Hilotza Manex Bergeret zela onetsi zuen. Altamira medikuak gainera, xehetasun garantzitsu bat eman zigun:

        — Gizonak Amaiaren argazkian duen turrunpiloa edo kalitxari buruz, azterketa sakonduz, konturatu naiz, duela zenbait urte itsuskeria horren kentzeko operazio bat egin zuela. Zena baita orain!

        — Seinale txarra, bizirik geratzen diren hirurentzat.

        — Jakinean atxikiko zaituztet, zuzenka edo Estevezen bidez.

        Carmenek eskukoan zeukan bozgorailuari esker Mirenekiko solasaldia aditu nuen. Hirurentzat ez, baizik eta bientzat, Gexan Hiriart osagarrian begimendu genuelako goizean berean, Doña Casildako baratzean, Gorringo bortitzarekin tratu egiten saiatzen. Gure etorrerak eta zakur alimale hark trabatu zukeen merkatua. Ederki funtzionatzen zuen egitura bateko harea pikorrak ginen. Kremaz hanpaturiko pastela ahoratu eta erran nuen:

        — Manex Bergereten kopla bederen, ez dun enigma bat.

        — Bere hiltzailea izendatzen din argiki.

        — Errazegia ezta?

        Bai aiseegia zen. Mesfidatzekoa zen. Agian pista hutsala. Menturaz egia. Azken proposamena adostu genuen, kafearen isuri beroak sabaiak eta zintzurrak samurtzen zizkigula. Carmenen niniketan landatu nituen nereak, ameslari. Bat-batean, bizitza osorako haren aldean egotea baizik ez nuen desiratzen. Bilbon bizitzea? Zergatik ez, gure hiririk hiriena zen eta hiria izanez, bizitza baldintzatzen baldin bazuen ere, bizitza bere zabaltasun bakartian balizkotzen zuen. Parisko XIII auzoko urteak iradoki zitzaizkidan eta nostalgia uhin batek gainditu ninduen: gauez ibiltzen ginen txinatar kartierrean barna, lanetik Mandarin Massena jatetxeraino, han Asiako jakiz asetzeko, sakea burrustan zetorrela ordu batetik aurrera. Mauleratzean, txinatar giroa falta zitzaidan, hiri erraldoietako estresa eta anonimatoa. Zuberoako herri gris eta euritsuan, Li Bai irakurtzen nuen, iraganaren puska zenbaitez arras desjabetua ez izateko. Bilbon, Carmenekin, hiritartasuna berraurkitzen nuen.

        Baina ez nintzen soilik turismorako Bilbon.

        Erdiko Inperioko dragoi koloretsuek hazitako gogoetetan nenbilela Carmenek Josebari deitu zion: Artxanda gaineko mobil-homean, Josebaren andere ijituak hartu zuen telefonoa.

        — Uneon es dago.

        — Noiz ikusten ahalko dugu?

        — Es que es dakit.

        — Bihar etxean izango da?

        — Es dakit, es dit ser esan. Badakisu hamen inguruban polisi kotxe asko da. Gorpus bat harrapatu dabe. Gison sahar batena.

        — Banator bertan.

        — Carmen, mesedes es, peligrosoa da, polisi asko dau.

        Neska-lagunak solasaldiaren bilduma eskaini zidan. Planak aldatu genituen: lehenik derrigorrez Artxandara eta gero Gorringoren Lopez de Haro etorbideko Axular hotelera. Huxtuan bukatu genuen arratsaldeko askaria eta jada Arriaga plazaren hegian ginen taxiaren aiduru. Antzokian, Hamlet emanen zen gau hartan berean. Afixak haizetan dilindan zeuden eta saltegietan jadanik jendeak herrokan. Carmenen ezpainetan, ebanjelioko ebaslearen antzera, musua pausatu nuen:

        — Ene bizitzako erregina...

        — Hi ere hala haiz.

        — Hala zer?

        — Lesbiana. Errepika ezan: lesbiana naiz.

        — Eheeeem... Eta hala ez banaiz?

        — Zalantzaz hago ala? Aukera ez dun gehiago izan ala ez izan, izan eta ez izan baino! Erran ezan behingoz!

        — Hara: ...ni ere ...nüzü.

        — Berrogei urte izan eta ez izanaren onartzeko eta aditz-laguntzailea bederen zuberotarrez murmuratzeko.

        — Denbora denboraz hazten dun.

        — Ene sofistarik kuttunena...

        Riberatik zetorren auto zuriari keinuka ari zen.

        Taxiratu ginen eta Carmenek Artxanda erran zuen, deliberatuki. Areatzako kaitik, udaletxeko zubiaren ezkerraldetik, Volantin zelaian Mugika y Butroi kalearen izkinan abandonatu gintuen txoferrak. Kotxeko irratian bésame bésame mucho abestia ozen zen. Eskutik genbiltzan, mutu, musikak sosegatzen bagintu bezala. Artxandako funikularraren abiapuntua ikusi eta Eusko Trenean urtu ginen, txartel merke bana erosirik. Bagoi gorrailetan aiduru ginaudela, murruan zintzilikatu argitasun orrialdea begiztatu nuen: funikularra 1915ean eraiki zen, zazpiehun eta hiru hogeita bederatzi metroko luzerarekin, berrehun eta hamahiru metroko desnibelarentzat. Hiru minutuz Artxandan ginen. Zenbakietan gustu izpirik ez neukan arren, maite nuen haien zerrendatzea urguilu pixka batekin, mundua segurtatzen eta neurtzen zidatelako, arrazoitzen oroz bat.

        Carmenen atzetik Josebaren mobil-homearen ondora lehiatu nintzen. Egia zen tokia poliziaz setiatua zela, ez preseski banku-ohoin ohiaren egoitza, baizik eta eremua. Funikularraren geldiunetik hurbileko zikinontzi baten maldan kausitu omen zen gorputza. Polizi taldean Estevez ezagutu eta heiatu nuen urrunetik. Carmen eta biok ezagutu gintuelarik, gure gana jin zen lasterka. Ezbeharraren lekua mugatzen zuten hari zuri-gorrietan geldotu zen.

        — Maiteak, deituko zintuztedan. Nola jakin duzue?

        — Joseba adiskidearen emaztearengandik —oihukatu zuen Carmenek.

        Artean, bizkar zakuan neramazkien Iparraldeko lau euskaltzain desagertuen argazkiak atera nituen. Por si acaso. Manex Bergereten destinu latza zein izan zen bagenekien orain. Gizon hil hau gureetarik baldin bazen, noren aldi zatekeen bihar? Estevezek gune gerizatura lerrarazi gintuen. Kukuskari, anbulantziara jo genuen eta han, hilotzaren gainean pausatua zen mihise lokaztuaren izkina altxatu zuen:

        — Zein da?

        — Pierre d'Oihenart, ene ustez. Begira fraide iledi nahas eta zurbail hori. Eta ezkerreko matela erdibitzen dion orbain iluna. Dudarik ez da: Pierre d'Oihenart da.

        — Nondik du orbain hori?

        Pierre d'Oihenart 1959 eta 1961 bitartean Aljeriako gerlan ibili zen, doi-doia apeztu berrian. Soldaduen omoniera zen, baina behin Biskrako kasernan, omen, fellaga baten hiltzerainoko torturatzea salatu zuen eta armadako buruzagiek biharamunean berean frontera igorri zuten, mendekuz. Zelartate batean larriki kolpatua izan zen eta horregatik zeukan mafioso airea ematen zion piko xelebrea aurpegian. D'Oihenarten historia zatika bihikatzen niola, ikasle prestuaren pare adi zegokidan Carmen. Estevezek anbulantziaren atea banbatu zuen eta gaurkoan, ohikoa bilakatzen ari zitzaigun paper puska bat purtzilikatu zidan ahurrean, nehork ez ikusteko gisan:

        — Autopsia eginen diogu. Ahalik lasterren. Hiru ordu dauzkagu. Sarri Engelblaun, bilduma eginen dizuet.

        — Ongi da Estevez. Axular hotelera goaz.

        Ez nuen sekula inkestarik eraman Ertzaintzako inspektore baten laguntzarekin. Bitxi zitzaidan. Ez nuen, ene herkideen antzera, polizia, euskaldun jatorrikoa izanagatik, biziki gustuko. Akort eta apart erraten zuen aita zenak. Hala zen. Baina Bilbon, Estevez Carmenen adiskideetarik zen eta hesi mentalak erortzen zihoazkidan. Poliziak ere jendeak ziren, ez gaztaroan orroaz karriketan genioen zakurrak. Pentsamendu hau neuretzat urrats erraldoia zen, tregoak, Bilbok eta Carmenenganako maiteminak eraginikoa beharbada. Ez nuen horrelakorik edonon eta edonorekin aldarrikatuko. Normalean kasu egitea komeni zen, zer eta nola erraten ziren gauzak. Azkenean isilik bukatzen genuen, eta isiltasuna euskaldunaren bigarren larrua zen, etsaien eta txakurren aurka oihuka pasatzen ez genituen uneetan behintzat.

        Artxandatik funikularrez jaistean hipotesi bat aireratzen genuen: Manex Bergeret eta Pierre d'Oihenarten hiltzailea Gorringo ote zen? Bergeret euskaltzainak ez zuen biolentzia seinalerik. Miren Altamirak bere heriotza adinak zekarren ahultasunari egotzi zion. Pierre d'Oihenartek ere ez zekarren bortizkeria hatzik. Noren alde ziren hilketa horiek, hilketak baldin baziren. Edo noren aurka? Bitartean non zebilen Gexan Hiriart, afera honen guztiaren ardatz ekidinezina?

        Piztu berri nuen sakelako telefonoak jo zuen. Banekien orain, Jean d'Amou zela, inork ez baitzidan bestela deitzen:

        — Santa Engrazian dago atzeman duzuen maletaren giltza.

        — Badakigu, pirta-pirtaka biltzen ditugun paper puskek bidea zedarritzen digute.

        — Santa Grazin izan naiz —aitortu zuen linearen haraindian Jean d'Amouk—, eta lau orduz eliza osoa mirazkatu eta ez dut ezer kausitu.

        — Zer da maletaren barnean?

        Galdea zuzen egin nion. Zuzenegi. Bistakoa zenez, ez zekien zer zegoen maletaren barruan. Nonbaitik ere. Errazegi zatekeen. Dokumentu garrantzitsuak ziren ordea, bi gizon jada hilik suertatzeko. Albert Labruquere eta Gexan Hiriart falta ziren. Lanjerean zirela argi zen. Lehen baino lehen lokalizatzekoak genituen. Iparraldeko Euskaltzaindiaren ordezkaritza agudo berrituko zen, lau apez hauen herioa jakin orduko: bazen jende ttottoak hartzeko, urgazle orgatara bat bederen. Apezak gehienak, bai eta euskararen sustatze elkarteetan lanean, suharki, hala baitzen, ari ziren laiko batzuk. Mugaz honaindian, bertako euskaltzainen kopuruaren emendatzeko, aurreikusten ahal zen, aitzakiak aitzakia, Iparraldeko ordezkaritzak banaka huts utzitako ttottoak Hegoaldeko euskararen zerbitzari distiratsuz betetzea. Iparraldea kulturalki ezabatzea funtsean, Euskal Herritartasun globalean gune arrotz horren integratzea baizik ez zitekeela idatziko zuten gero ekimenaren sustatzaile gordeek. Hausnar txarrean nerraikan eta nioen ene gogoarekin, bizitza higatzen zen euskararen zerbitzuan, ekintza ilunetan, etsaiek hertsatzen eta euskaldunek berek estimatzen ez zituzten xendetan. Alabaina errepikatzen nion goraki aldion Carmeni, noizbait saria erdiestekoa zen.

        — Euskararen zerbitzuan daudenak oro ez ditun baitezpada boterez ezin aseak, jende zintzoak ere baditun.

        — Baiki, baina euskararen borroka eremua botere alorra ere badun.

        — Dena dela Iparraldean, euskararena anekdotikoa dun.

        — Anekdotikoa? Baionako karriketan agian, edo Maulekoetan, edo Garazikoetan merkatu eguna ez denean, ordea Iparraldeko zein Hegoaldeko diru-laguntza publiko-pribatuen kopurua aipatzen baldin badinagu ez dun hain anekdotikoa!

        — Bego horretan.

        Emazte zentzuduna zen Carmen. Arazo diplomatikorik ez zuen nahi gure artean eta egiaz, gaiaz axolarik ez genuen. Elea murritz, izpiritua alegera, udaletxe aitzinetik pasatu ginen, zubia zeharkatu eta presaka bezala, Lauaxeta plaza borobiletik eskubira hartu genuen. Oharkabean kasik Axular hotelaren sarreran ginauden. Harrera bulegoan zegoen neska gaztearen lasaitasuna hautsi genuen:

        — Zein da Gorringo jaunaren ganbara zenbakia?

        — Zaude, begiratuko dut. Hara, berrogeita zortzia. Baina ez dago.

        — Nola ez dagoela?

        — Giltzak seietan bueltatu dizkit. Joan da.

        — Joan da? Eta esan dizu nora joan den?

        — Gasteizko Dato kaleko hotel bateko gela erreserbarazi dit.

        — Gasteizera jo du orduan?

        — Dirudienez.

        Beranduegi iritsi ginen. Txoria habiatik hegaldatu zen. Agian arrautza kuxkuak geratzen ziren oraino Gorringoren ohean. Ganbara ikuskatu nahi genuela jakinarazi genion neskatxari:

        — Ezin da.

        — Ezin da?

        — Garbiketa egin dugu eta jada bezero bat badago.

        — Bezero bat?

        — Ez dizuet nor den esaten ahal. Hori sekretu profesionala da. Menturaz interesik ez du.

        — Interesik ez du?

        Neska gaztearen eta neure arteko solasaldiaren bukaeran, etsipenaz gain, dialogoaren doinuagatik, Eyes Wide Shut filmearen muinean nengoela ziruditan. Mekanikoki, zainetan, kidearen hondar errana galdera moldean arraformulatzen nuen, ez nintzelarik alta, ez Tom Cruise, ez eta Nicole Kidman. Behako tristeaz troxatu nuen Carmen. Hura ere, bizkaitar neguko zeru bat bezain ilun zegoen.

        — Zer eginen dinagu?

        — Engelblaura goazen. Hobe dinagu afera likits hau gaurkoz bertan lagatzea eta biharkoa planifikatzea. Segur aski Gasteizera joan beharko dinagu. Baduna kotxerik?

        — Nik ez, baina Haizeminek bai.

        — Ez dinat batere ezagutzen Gasteiz.

        — Gasteiz, Euskal Herriko hiribururik politena dun.

        — Bilbotar batek aitorturik.

        Irribarre artean atera zitzaidan ondorioztapena. Jadanik ohikoak bihurtzen ari zitzaizkidan Areatzako zubia eta Arriaga plaza zeharkatu genituen, eskuz esku, gauak gauari. Itzalpez itzalpe bazebiltzan arima erratuz emokatzen ziren karrikak, egun argiz ikusten ez ziren bizidunak beraien harpeetarik ausartzen zirelako, eguzkia ezkutatu arau: punki taldeak muturretakoa zeramaten zakurrekin, hippi jantzi loretsuz apaindu bikoteak, gizonak gizonekin, emazteak emazteekin, eta bakarretan, turistak izan zitezkeen hargatik, gizonak emazteekin. Hizkuntzak kordelatzen ziren, urratsak moteltzen, gorputzak plegatzen, oihuak eta algarak toteltzen edo oihartzen, soak ezkeltzen. Kasko Zaharrareko izen eta zenbaki gabeko karrika batean zegoen Engelblaun ginen engoitik.

        Sotoko atea bulkatzean, mahai batean zeuden Haizemin eta Estevez begiztatu genituen. Musuka agurtu gintuzten urrunetik. Haizeminek guztiek hain maite genuen edaria manatu zuen:

        — Lau gin-kas... neuronak askatzeko!

        — Eta bi ogitarteko!

        Carmenen garrasiak goseak hilak ginela oroitarazi zidan. Egun osoa baraurik aletua genuen. Plazer arruntak sakrifikatu genituen baina, bi hilotz gurutzatzeaz salbu, ez genuen ondikotz ezer erdietsi.